Natalia Salazar Orbe
Ez emakume, ez gizon. Binomio zurrun horretatik harago, bien arteko nahasketa eta rolen eta identitateen konbinazio bat dira muxeak. Hirugarren generoa, alegia. Pertsona horietako baten irudia baliatu du aurten Zinegoak jaialdiak bere 14. aldia iragartzeko. Zenbait kulturatan, bost genero ere bereizten dituzte. Eta, Europako zenbait herrialdetan, herritarrak genero neutroko gisa identifikatzea onartu dute. Hala ekarri du gogora Pau Guillen jaialdiko zuzendariak: "Onar dezagun generoei edo genero adierazpenei buruz mintzatzea, denbora luzez izan garenetik harago".
Asko garatu da jaialdia hamalau urtean. Garapen hori gizartearen pare egin dutela deritzo zuzendariak: "Inguruan daukagun errealitatera egokituz goaz". Sexu aniztasuna ardatz hartuta, astelehenean abiatuko da jaialdia, eta 101 jarduera hartuko ditu, filmak, dokumentalak eta bestelako ekitaldiak barne.
Gai nagusia hori izango ez badute ere, Ugandan (Afrika) antolatzen duten Queer Kampala IFF jaialdiak protagonismo handia hartuko du. Hari emango diote ohorezko sarietako bat. Afrikan antolatzen den era horretako ekinaldi bakarra da. Gaur egun, Ugandan legez kanpokoa da homosexuala izatea, eta heriotza zigorra ere ezarri nahi dute. "Zinea alde batera utzi gabe, militantzia eta sentsibilizazio elementu handia du. Herrialde horietan halako jaialdi bat egitea mugarria da".
Sari horren bidez, lan hori babestu eta ikusarazi nahi du Zinegoak jaialdiak. Eta bilbotarrei eta bestelako euskal herritarrei kontatu zer gertatzen ari den beste herrialde batzuetan. "Baita kulturaren alorretik askok zer-nolako lana egiten duten errealitate hori ikusarazteko ere. Kultur jarduera bat baino gehiago da: militantzia kutsu izugarria du, bizitza bera ere arriskuan jartzen baitute antolatzaileek eta egileek".
Hassam Kamoga jaialdiko zuzendariak hartuko du saria Bilbon. Era horretako jaialdi bat Ugandan egiteak zer dakarren azalduko du. Eta haren lan bat ere emango dute: Outed: the painful reality. Zuzendariaren azken lan horrek Alex Kigoziren bizitza kontatzen du. Ugandako egunkariek homosexuala zela lau haizeetara zabaldu ondoren, hainbat arazori egin behar izan zion aurre. "Ugandan gertatzen ari zena erakusten du filmak. Benetan gertatutakoak jaso ditu".
Zine militantea
Beste ohorezko saria Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrari emango diote. Hark ere "zine konplexuagoa eta militantea du". O ornitologo haren azken lana emango dute jaialdian. "Egin dituen bost filmetan, sexu orientazioarekin eta identitatearekin lotutako gaiak landu ditu, estereotipoetatik harago. Pertsonak euren kontraesanetan erortzen utzita egin ditu lanok, eta arriskatuta". Rodrigues bera izango da emanaldian.
Bi astera luzatu dute aurten jaialdia, eta dokumentalei garrantzia berezia eman diete; bereziki, lehenengo astean. Sariak banatzeko orduan ere nabarituko da garrantzi hori: epaimahai berezia izango dute.
Afrikako errealitateak markatuta egongo da lehen astea. Bigarren astean, ordea, fikzioak lekua hartzen duenean, jaialdiak bere esentzia berreskuratuko du: sexu aniztasuna landuko du, modu globalagoan.
Film edo dokumental kuttunenen bat aukeratzeko orduan, zalantzak sortzen zaizkio Guilleni. "Zaila da". Eta herritarrek katalogoari erreparatzea proposatu du. "Ez da gauza bera zine konplexuagoa gustuko izan dezakeen norbaiti lan bat gomendatzea —O ornitologo, kasurako— edo une atsegin bat igaro, film bat gozatu edo drama batekin negar egin nahi duen bati gomendioa egitea. Biak ala biak dira lan onak, baina, bistakoa denez, ez daude eginda ikus-entzule berarentzat".
Dena den, badu zirrara berezia eragin dion lanik. Besteak beste, Les vies de Therese. Therese Clerk ikono feministaren bizitza kontatzen du. Bizitzaren azkenera iristen ari den unea kontatzen du lan horrek; hiltzeko unea. "40 urtera arte, era bateko bizimodua zuen. Bat-batean, bizitza erabat aldatu zitzaion, eta feminismoaren defendatzaile sutsu bilakatu zen". Hala ere, kontakizuna ez dute egin erreferentzia ikonikoari erreparatuta. Alderantziz: bere egunerokotasunetik eratu dute pertsonaia. "Minean, sentimentaltasunean eta antzekoetan erori gabe filmatuta dago. Egoera horretan, Clerken seme-alabak zelan elkartzen diren ikusten da. Jende askorentzako ikono bat den pertsona horri buruz zelan mintzatzen diren ikusten da. Edozein seme-alaba ama bati buruz mintzatuko litzatekeenaren antzera ari dira. Pertsona bere horretan ulertarazten laguntzen du; alegia, pertsona gisa, ez ikono gisa".
Heriotzari buruz jardutean filma gogorra izan daitekeela aitortu du Guillenek. "Hala ere, oso modu ederrean egiten du. Katalogoan filmak azaltzeko jarri ditugun esaldietan honako hau jarri diogu honi: 'Irribarre bat irudikatuko zaizu aurpegian, eta malkoak agertuko dira zure begietan'".
Antzerkia eta Begiradak
Antzerkiak ere tartea izango du proiekzio horien guztien artean. Magda de Santo argentinarraren Inundación taularatuko dute, Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzia: "Antzezlan lesbofeminista da. Zer esan nahi du horrek? Ez dago espresuki sormen lesbiko gisa identifikatuta egonik osagai feminista ere baduen antzerkirik". Bada, horixe bera eramango dute La Fundicion aretora martxoaren 3an eta 4an.
Film laburrak Begirada zikloan bilduko dituzte aurten ere. Lau atal izango ditu: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindurekin batera antolatuta, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzkoa; emakumeek zuzendutako lanena; eta genero identitate eta adierazpenari buruzkoa.
Martxoaren 5era arte iraungo du jaialdiak, eta helburu argia du: "Apurka gizartean zenbait gauza barneratuz joan daitezen nahi dugu. Sexu aniztasunari buruz askorik ez dakiten ikusleentzat pentsatuta daude zenbait film. Eskoletan urte askoan eman diguten sexu hezkuntza ugalketara mugatuta egon da. Gaur egun, zenbait aldaera sartu dituzte. Hasi dira azaltzen zer den orientazioa, identitatea... Eta, apurka, gizartea barneratuz doa. Gure lanak asko ezagutzen ez dituzten horiei zein arlo honetan militanteak direnei jarri nahi diegu arreta".
Duela hamalau urte baino ezagutza handiagoa dago. Ezagutza hori zabaldu ahala, kultur eragileek ere horretara egokitu beharko lukete. "Eta, apurka, gauza gero eta konplexuagoak landu beharko genituzke, errealitatean ere hala dira eta. Eta ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatu". Horretarako aukera zabaltzear da.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.zinegoak.com