Albisteak

Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren erdi-erdian paraturik. Alde guztietara begiratu, eta uraren eta zeruaren urdintasuna besterik ez da ageri. Eta, ozeano zabal horren erdigunean, itsasontzi bat. Ingurumenaren edertasuna eta bortizkeria, aurrez aurre. Gizakiaren esfortzua, hobetzeko nahia eta talde lana erreminta bakartzat hartuta, aurrera doaz ontzia eta tripulazioa. Balio horiek agerian geratuko dira, beste urtebetez, Bilbon egiten ari diren Sail In Festival jaialdian. Atzo abiatu zen, eta, domekara bitartean, hainbat film, hizketaldi, erakusketa eta eskola magistral izango dira, besteak beste, hiriburuko hainbat gunetan.

Era horretako IV. jaialdia da aurtengoa. Gai jakin bat ez duela azaldu du haren zuzendari Urtzi Sagarribaik. "Denetarik dago: ez dago bideratuta gai bakar batera. Lehiaketa eta estropada asko ikusi ahalko ditugu". Nahita izan ez bada ere, aldarrikapenerako jaialdia prestatu dute.

Emakumeek ohi baino askoz leku handiagoa hartu dute Sail In Festival jaialdian; itsasoan nora-ezean ari diren errefuxiatuen egoera gordinaz mintzatuko dira, eta aztergai izango dituzte plastikoek itsasoetan sortzen dituzten arazo eta kalteak. "Interesgarri deritzogu era horretako gaiei heltzeari, bela bidezko nabigazioa beste era batera ikus dadin. Gure jarduera aberaskumeekin lotu ohi da. Honek lagun dezake ikusarazten beste ikuspuntu bat duela".

Hiriko hainbat gunek hartuko dituzte dagoeneko Bilbon finkatuta dagoen ekitaldiko jarduerak. BBK aretoak Sail In Films filmen emanaldiak hartuko ditu. Abentura, lehiaketa eta hezkuntza ardatz dituzten filmak, film laburrak eta dokumentalak ikusi ahalko dira han. Aurten hainbat estreinaldi izango dituzte, gainera.

Protagonistekin hizketan

Filmotako protagonistetako asko aretora bertara joango dira. Ikus-entzuleek euren ahotik entzun ahalko dituzte haiek bizitako esperientziak. Sail In Talks atala prestatu dute horretarako. Halako proiektuak zelan prestatu eta garatzen diren bertatik bertara jakiteko aukera paregabea.

Alor horretan, berritasunak izango dituzte aurten. Haurrentzako jarduera hezitzaile bat antolatu dute. Lau ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat propio prestatutako saio berezi batean, belaren jarduerak eskaintzen dituen balioak ezagutaraziko dizkiete, eta elkarrekin landuko dituzte.

Elkartasun balioak dira, bereziki, txikienekin landuko dituztenak. Barcelona World Race lehiaketan ari diren Ana Corvella eta Gerard Martin nabigatzaileek Vicente Ferrerren fundazioko neskatxa batzuk ezagutu zituzten munduari bira ematen ari zirela. Entzumen arazoak zituzten neskok. Lasterketa bukatu zutenean, fundaziora jo zuten, eta audifonoak eraman zizkieten. Nabigatzaileak eurak presente izango dira Bilbon. "Kontatuko dute zer nolako harremana egin zuten haiekin Indian, eta nola lasterketa bukatzean lortu zuten diruarekin hara itzuli ziren talde hari laguntzera".

Emakumeen esperientzia

Gaurko beste saio batean, itsasontziz munduari bira eman dioten emakumeen lekukotasunak hartuko dituzte. Zehatzago, Tracy Edwards ingelesak bere esperientzia kontatuko du. 1990ean egin zuen Whitbread Round the World Yacht Race. 27 urte zituela, ontzian beste 11 nabigatzaile hartu —denak ziren emakumeak—, eta 32.000 miliako bidaian barrena murgildu ziren. Burmuina muskuluak baino garrantzitsuagoa dela sinetsita dago Edwards bera. Maiden itsasontziarekin historia egin zuten emakumeok. Lasterketako etapetako bi irabazi zituzten, eta bere klasekoen artean bigarren sailkatu ziren.

Era horretako probetan emakumeen presentzia areagotzeko lanean ari dira hainbat lasterketaren antolatzaileak. "Nabigatzaile gisa oso onak direla ikusten da; baina zailtasun gehiago aurkitzen dute mundu horretara iristeko. Esperientzia handia behar da halako probak egiteko. Aukerarik ez baduzu hor egoteko, ez daukazu esperientziarik. Beraz, espiral bat da: esperientziarik ez duzunez, ez zatoz, eta, ez zatozenez, ezin duzu esperientziarik hartu".

Gaurkotasun handia duten krisi humanitarioak ere ez dituzte utzi gura izan alde batera. Mediterraneoan noraezean dauden errefuxiatuei leku egingo diete igandean. Itsasoaren eta nabigazioaren zale gisa, jaialdia ezin zen geratu arazo horren aurrean ezer egin gabe. "Gu itsasoan ari gara, bai. Baina han jendea itotzen ari da". Egoera horren aurrean, pertsona horiei laguntzen ari diren gonbidatu batzuk izango dituzte. Guillermo Cañardo mediku eta nabigatzailea eta Oscar Camps Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria ariko dira han. Saio horretan ateratzen duten dirua GKE horri emango diote.

Bestalde, plastikoaren erabilerak itsasoan dituen ondorioak azalaraziko ditu Across the Salty Peaks filmak. "Plastikozko oso partikula txikiak dira, baina itsasoa horiez beteta dago. Hori zabaldu behar dugu jendeak ikusteko plastikoa gero eta gutxiago erabili behar dela. Ibaien bidez itsasora joaten dira, eta hori oso arazo larria da".

Argazki ikusgarriekin osatuko dute jaialdia: Sail In Photos sailarekin, hain zuzen. Hiriko hainbat gune erakusketon agerleku bilakatu dira.

Omenaldia aitzindari bati

Mike Birch izango da aurten Sail In Film jaialdiko protagonista nagusia. Hari egingo diote omenaldia. Lehenengo Ronaren Itsasbidearen irabazlea izan zen, 1978an. Bela nabigazioaren legendatzat dute. Horrez gain, aitzindaria izan zen gaur egun ontzi horiekin egiten diren lehiaketa guztietan erabiltzen diren krosko anitzeko belaontziak erabiltzen. "1970eko hamarkadan iraultza hasi zuen krosko anitzeko ontziekin. Garai hartan konturatu zen belaren munduan askoz azkarrago ibiltzeko aukera emango zutela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hari omenaldia egitea. Eta espresuki etorriko da Kanadatik Bilbora".

Sail In Festival belan interesa duen jendearentzat egina dago. "Baina ez horientzat bakarrik: abenturazko istorioak gustatzen zaizkienei eta naturan ibiltzea gustuko dutenei zabaldu nahi dizkiegu gure emanaldiak. Istorioak kontatzen saiatzen gara. Asmoa ez da estropada bat zelakoa den kontatzea. Horren atzean nolako istorioa dagoen erakusten dugu gurean". Dena itsasoaren eskutik, eta hura babestuz.

Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Erradiazio elektromagnetiko handiegia du Plentziak. Hori ondorioztatu du uhin elektromagnetikoetako aditu Raul de la Rosak egindako ikerketak. Europako Batzordeak gomendatutako neurriak nabarmen gainditzen ditu hainbat gunetan, eta hori aldatzeko asmoa duela iragarri du udalak; erradiazioak gutxitzeko neurriak hartuko dituela.

Herriaren erdiguneak du kutsadura handiena, azterketaren arabera. Etxebizitza batzuetan, Europako Batzordeak gomendatutako neurriak 30 aldiz gainditzen ditu. Zenbait kale eta parke publikotan, gomendatutakoa baino sei aldiz erradiazio handiagoa neurtu da.

Andra Mari kaleko 17. zenbakiaren ingurukoa da egoera okerrena. Telefoniako antena-konplexua dago han, eta, hain zuzen, horrek kezkatuta eskatu zioten hainbat herritarrek udalari gaiari heltzeko. Plentziako Udalak horrexegatik egin du azterketa.

De la Rosak grafikoki marraztu du herriaren egoera, mapa elektromagnetiko bat eginda. Egoera larrienak gorriz margotu ditu —0,1 mikrovatio/cm2 baino gehiago dutenak—; beste neurri kezkagarriak, horiz. Hala nabarmendu ditu Europako Batzordeak 2011n onartu zuen 1815 ebazpenean ezarritako mugak gainditu dituzten neurketak. Plentziako Udalak bere egin zuen Europako gomendioen ebazpena, iazko maiatzean. Erradiazioen muga 0,1 mikrovatio/cm2-an jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, eta epe ertainera 0,01 mikrovatio/cm2-ra gutxitzea.

Bizkaian ezartzen den Espainiako araudia, ordea, oso urruti dago Europako Batzordeak egindako gomendioetatik. Uhin elektromagnetikoen muga Europak gomendatutakoa baino 4.500 aldiz gorago ezarria du Espainiak. "Horrek ez du osasuna babestea bermatzen", dio De la Rosak.

Legez onartutako maila

Plentzian egindako neurketetan jasotako erradiazio mailak ez ditu gainditzen Espainiako araudian jasotako neurriak. Baina osasunari eta bizi kalitateari erreparatu nahi bazaio Europaren gomendioak oinarri hartu behar direla ohartarazi du adituak.

Bide horri jarraitu nahi dio Plentziako Udalak ere. Eta, behin azterketaren emaitzak jasota, neurriak hartuko dituela azaldu du. Lehenik eta behin, Andra Mari kaleko antena-konplexuaren egoerari jarraipen zorrotza egingo dio, arau hausterik ba ote den egiaztatzeko. Bestetik, osasuna bermatuko duen ordenantza berezi baterako proposamena aurkeztuko du, aurki.

Elkartasun gurpilari biraka

Elkartasun gurpilari biraka

Eider Mugartegi

Iparraldeko Done Jakue bidea egiten duten erromesek bidaide berezia aurkituko dute uda honetan: traktore gurpil handi bat. Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz, Irun (Gipuzkoa) eta Santiago (Galizia) lotzea helburu duen proiektua jarri du abian lagun talde batek. Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen Irunen, eta 23rako Santiagora heltzea nahi dute.

Re-vuelcate izena darama proiektuak eta 2016an jaio zen, Asturiasen. Orduan, Fran Linares asturiarrak gidatutako lagun talde batek traktore baten gurpila eraman zuen Sotondriotik Covadongaraino, minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz. Milaka lagunen eta zaldien indarrak batu zituzten gurpilak biraka jarrai zezan, eta 8.000 euro lortu zituzten.

Aurten, erronka handiagoa izatea nahi dute. Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Galizia igaro nahi dituzte Iparraldeko Done Jakue bidean zehar, 800 kilometro gutxi gorabehera gurpilari bueltak emanez. Kalkulatu dutenez, 80.000 buelta eman beharko diote gurpilari, eta hori guztia lortzeko laguntza handia beharko dute.

Iraulita

Etxebarriko Antsotegi hotelekoek hartu dute Euskal Herriko zatiaren antolakuntzaren ardura. "Badakigu bira asko direla, kilometro asko, eta esfortzua are eta handiagoa. Baina aldi berean badakigu bihotzarekin egindako lanek ez dutela sakrifiziorik eskatzen", diote.

Badira lau urte minbiziak Antsotegikoen etxeko atea jo zuela. Hori dela eta, nahitaezkoa iruditu zaie gaixotasun horri "eguneroko borrokagaz aurre egin eta horrelako egitasmoekin menperatzen laguntzea".

Asturiasko mendizale batzuen bitartez izan dute proiektuaren berri; "aitaren laguna zen mendizale famatu baten bitartez". Aita, Emilio Hernando, Martin Zabaletarekin Everestera igo zen lehen euskal espedizio hartako mendizaleetako bat izan zen, euskal alpinismoari ekarpen handia egin dion gizona. Horrela, Euskal Herriko zatia lotzeko laguntza eske joan zitzaienean, eta proposamenaren helburua jakinda, ezin izan zutela ezetzik esan nabarmendu dute. "Denon artean lortuko dugulako".

Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen, 20:00etan, Irunen, eta, uztailaren 23an Santiagora heldu arte, gau eta egun etenik barik, biraka mantentzeko erronka dute. Euskal Herriko tartea bost egunean zeharkatu nahi dute: uztailaren 6an jarriko dute gurpila biraka, eta Ontonen (Kantabria) utziko dute uztailaren 10ean, 15:00etan.

Gurpila ez dute biraka eramango; irauli egingo dute, eta buelta bakoitzeko euro bat lortzea da asmoa. "Horregatik guztiagatik, jendearen parte hartzea eskatzen dugu. Gurpilari tiraka, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa zabalduz lagundu daiteke, mezua mundu guztiari helaraziz", azaldu du Antsotegiko Julen Hernandok. "Denon laguntza behar dugu; ez guk soilik, egunerokoan gaixotasun horren aurka borrokan ari diren heroi horiek batez ere".

Nahi duenak kontu korronte bat edukiko du borondatea emateko. Horrez gain, itsulapikoak jarriko dituzte hainbat txokotan. Lortzen duten diruaren zati bat Oviedoko elkarte batentzat izango da, eta beste bat, Euskal Herriko elkarteentzat.

Gurpilari birak emateko jendea lortzen ere hasi dira. Kirol taldeetara jo dute lehendabizi: "24 ordu jarraian izango dira, eta txanda gogorrenak lotzen hasi gara, baina gure asmoa egitasmoa ahalik eta parte hartzaileena izatea da".

Gurpilak orduko 2 kilometroko abiaduran joan behar du; haren erritmoa neurtuta daukate. Ordutegi denak ere zehaztuak dituzte, non egingo diren aldaketak... Beraz, mendiko tarteak kirolarien esku utziko dituzte, eta, gero, herri inguruetan dauden tarteak egiteko, elkarteengana jo eta parte hartzeko aukera emango diete. Horrela egingo dute gurpila igaroko den herri guztietan; proiektua herriz herri eta elkartez elkarte azalduko dute: Irun, Hondarribia, Donostia, Zarautz, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bilbo, Portugalete, Pobeña eta Onton.

"Korapilatsuagoa da antolaketa, baina iruditzen zaigu jendeari parte hartzeko aukera ematea askoz erakargarri eta interesgarriagoa dela. Jendeak proiektuagaz bat egitea lortu nahi dugu. Azken finean, guztiok edo askok dugu inguruan bateren bat minbiziak eragin diona".

Parte hartzeko prest agertzen direnen arabera banatuko dituzte tarteak. Pertsona batek besteari pasatuko dio gurpila, horrek beste bati eta hark hurrengoari... elkartasun katea sortuz. Azpimarratu dute garrantzitsuena gurpilak erritmo berbera, aldaketarik gabea mantentzea dela, epeak bete ahal izateko. "Horretarako, gurpilagaz batera beti joango da arduradun bat, edozein momentutan lagundu ahal izateko. "Antolakuntza handia da. Horregatik, gure asmoa Antsotegi oinarrizko kanpamentu bihurtzea da. Pertsona batzuk han geratuko dira lotan, eta garraioa ere prest edukiko dugu bakoitza behar den lekura eramateko".

Euskal Herriko zatia asteburuan egokitzea aldeko dela uste dute: "Jendeak aukera gehiago izango du parte hartzeko".

“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Adierazpen askatasuna gain behera doala argi du Alfredo Remirezek (Amurrio, 1980). Gero eta leku estuagoa ikusten dio amurrioarrak —azken urteetan Bilbon bizi da—, eta ez du uste epe laburrera egoerak hobera egingo duenik. Neurri eta lege murriztaileak beren helburua lortzen ari direla iruditzen zaio: autozentsura.

2015eko maiatzean atxilotu zintuen Guardia Zibilak, Bilbon, etxetik atera zinenean. Zergatik atxilotu zintuzten?

Sare sozialetan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea leporatzen didate.

Eta zergatik uste duzu atxilotu zintuztela?

Nik uste dut benetako arrazoia beste bat dela: halako garbiketa eta razzia bat egiten ari direla ezkertiarra den eta sare sozialetan aritzen den jendearen aurka. Eta tokatzen zelako: justu, bi egun lehenago izan zen Gasteizko herri harresia; oihartzun mediatiko eta sozial oso handia izan zuen, eta uste dut minduta zeudela. Bestalde, gure atxiloketak astearte batean izan ziren, eta igandean hauteskundeak ziren. Orduan, beren propaganda izatea tokatu zitzaigun.

Armiarma operazioa deitu zutenaren hirugarren sarekadan atxilotu zintuzten, txio batzuk oinarri hartuta. Zein txio motak eraman zaituzte auzitara?

Hasieran akusaziorako zituzten txio batzuk oraingo fasean kendu egin dituzte. Haiek egiten dutena da zure txioak begiratu eta zure ideologia markatu dezaketenak hartu; nire kasuan, presoen eskubideen aldekoak, senideen aldekoak, etxe kaleratzeen kontrakoak, Poliziaren inguruko bromak, eta besteren bat. Gero, aurrerago, epaiketari begira dena zorroztu denean, zazpi edo zortzi txio geratu zaizkit.

Epaiketara zazpi edo zortzi txiogatik zoaz?

Bai. Eta horien artean bi alde bereiziko nituzke: presoei ongietorria emateko txioak, batetik. Pablo Gorostiaga eta Xabier Alegriari ongietorria eman nien kondena osoa bete ostean kartzelatik atera zirenean. Haiek esaten dute hori terrorismoa goraipatzea dela, baina nire ikuspuntua bestelakoa da, zeren nik uste dut etxera bueltatzen den preso bakoitza gatazka konpontzeko pauso bat dela. Kontakizunaren bi aldeak dira horiek: nor pozten den norbait etortzeagatik eta nortzuk ez.

Mozal legea dago atzean?

Nire kasuan, ez. Gurea izan zen mozal legea indarrean jarri aurretik adierazpen askatasunaren aurka zabaldu zen azken auzia.

Astelehenean izango duzu epaiketa. Zein eskaera egin dizute?

Bi urteko espetxe zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa.

Zergatik hamasei urteko inhabilitazioa?

Gauza bitxiak gertatzen dira herri honetan: bortxatzaile bat, Pablo Abasolo, adibidez, indultatu egin dute, eta suhiltzaile izateko aukera du orain; eta niri, txio batzuk idazteagatik, hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate. Nire kasuan, gainera, eragin handia izan dezake lanean. Klinika laguntzailea naiz, eta uste dut zigorra jarriz gero ezingo nukeela horretan lan egin. Edozein kargu edo lan publikotarako hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate txio batzuk idazteagatik. Niri itzela iruditzen zait.

Txiolaria zara, eta emari handia duzu. Inoiz pentsatu izan duzu egoera honetan egon zintezkeela?

Horrela egongo nintzenik ez nuen inoiz pentsatuko. Egia da lehen operazioa izan zenean gure artean bromak egiten genituela: 'Zer, ez zaigu tokatu...'. Gero, egia da, gero eta operazio gehiago egon, zirkulua txikiagotzen ikusten duzula. Are gehiago, nahiko jarraitzaile nituela ikustean. Badakit beren jomuga izan naitekeela daukadan oihartzunagatik. Ia 6.000 jarraitzaile ditudala uste dut.

Zure izenari ezkutuan eusten zenion...

Beti aritu naiz nahiko era anonimoan, beti pentsatu dudalako garrantzitsua mezua dela eta ez nork bidaltzen duen mezua. Gainera, azkenean, @erreharria ez naiz ni; alter ego moduko bat da. Behin lagun batek esan zidan: "Harrapatu zintuztenean bazirudien Spiderman Peter Parker bihurtu zela"; halako sentsazio bat izan zen. Ni hor nenbilen nire gauzekin, eta ez nion garrantzirik ematen zein oihartzun zeukan. Harrapatu nindutenean ikusi nuen zenbat jende nuen atzetik eta zenbat jendek kasu egiten zidan. Badirudi haiek argi zutela, eta ez zitzaiela gustatzen.

Adierazpen askatasunaren muga dago auziaren erdian?

Nik ironia erabiltzen dut, baina haien marra gero eta estuagoa da. Lehengo egunean galdetzen zidaten: zein muga jarri behar zaizkio adierazpen askatasunari Twitterren? Ba, ez dakit, baina gaur egun jartzen dizkigutenak oso estuak dira. Lehengoan irakurri nuen Facebooken gertatutako gauza bat: bideo bat jarri zuten non agertzen baitzen polizia bat beste pertsona baten atzetik korrika. Nahiko barregarria omen zen; ihes egiten ari omen zen mutila, eta polizia, nahiko lodi, ezin haren atzetik joan... Ba, bideo hori partekatu duen jendeari isunak jartzen ari dira, eta 'iruzkin barregarriak' egin dituen jendeari ere bai. Izugarria da noraino iristen ari den. Beste adibide bat: bazegoen ume bat minbizia zuena, orain hil dena, eta toreroa izan nahi zuena. Ume hori tauromakiaren inguruan propaganda egiteko erabili zuten. Eta jendea oso komentario txarrak, mingarriak, idazten hasi zen. Nik ez nuke sekula halakorik jarriko, eta, gainera, egun horretan bertan idatzi nuen: "Gaur da eguna non antitaurinoek nazka gehiago ematen didaten taurinoek baino". Baina hori gauza bat da, eta beste bat hori idatzi zuen pertsonaren etxera joan eta atxilotuta eramatea. Baina nora goaz?

Zu ere atxilotuta eraman zintuen Guardia Zibilak Salvera, ordu gutxira askatu zintuzten arren.

Etxera gutun bat bidaltzearekin nahikoa zuten; deklaratzera joateko zitazioa bidal zezaketen. Baina azpijoko guztia egin zuten: gu harrapatu, komisariara eraman, eta justu Teleberri-rako askatu, telebista guztietan ateratzeko. Eta, hori guztia, paper bat emateko. Etxean eman ahal ziguten. Propaganda hutsa izan zen.

Adierazpen askatasunaren inguruan gertatzen ari denaren jakitun da jendea?

Nik uste dut ezetz. Andeka Jurado, Kaiet Prieto, Cesar Estamberry, Arkaitz Terron... Jende pila bat dago. Atxilotu eta gero aurpegia eman dutenen berri dugu, baina askoz jende gehiago dago pasatzen ari dena komisariatik eta epaiketetatik isilean, lana galtzeko beldurragatik, familia arazoengatik edo beste mila arrazoirengatik. Gero eta gehiago gertatzen ari da, eta jakin ere ez dakigu. Eta horretan zerikusi handia du mozal legeak. Egunero jartzen dituzte isunak. Egunero. Eta konturatu behar dugu noren kontra diren isunak: Euskal Herrian lehen isuna Axier Lopezek jaso du, Argia-ko kazetariak. Ahotsa.info-koak ere, beste komunikazio eredu bat lantzen dutenak, jopuntuan daude. Boro, La Haine-ko mutila ere bai... Beti doaz leku berera; beti ezkerretara. Eta, gainera, zentzurik gabe. Carrero Blancoren iloba ere atera zen jendaurrean esaten ez zitzaizkiola horrenbesterako iruditzen Carrerori buruzko txisteak.

Eta beste kontu bat ere badago tartean: Espainiako ezkerra. Cesar Estamberry bada akusatua, adierazpen askatasuna aldarrikatu behar da; [Guillermo] Zapata bada, ez dago horren txarto Irene Villari buruzko txisteak egitea. Nik ez dut Irene Villaren inguruko txisterik egin. Eta ez dut esan judu guztiak hautsontzi batean sartzen direnik. Baina tartean dago euskalduna izatea. Euskalduna, edo katalana, orain. Hor dago muga oso garrantzitsua: "Zerbait egingo zuten...".

Faltan sumatzen duzu hausnarketa sakonagoa?

Ez. Hipokrisia besterik ez da. Betiko hipokrisia. Euskaldunen kontra beti balio izan du denak. Espainiako ezkerrak gainditu gabe duen zerbait da, eta, agian, orain konturatzen dira batzuetan, beraiei tokatzen zaienean. Lehengo egunean idatzi nuen: "Euskal Herriko guraso guztiek ez dute esaten tortura existitzen dela, baina guztiak beldurtzen dira bere semea denean eramaten dutena". Eta jende askok esaten du: "Denok dugu adierazpen askatasuna, baina kontuz zer esaten duzun"; hori izugarria da. Niri guardia zibil batek botatzen dit kristorena Twiterretik, eta nik erantzuten badut, ni ibili behar naiz kontuz zeren badakit legeak bera babestuko duela, eta gu, ez.

Euskal Herrian kontzienteago dira herritarrak?

Bai eta ez. Euskal Herrian denetariko esperientzia dugu. Gogoratu Egin, gogoratu Egunkaria... Egunkaria-ren kasua euskaldun askorentzako mugarria izan zela uste dut; auzi horrekin euskaldun guztien kontra egin zutela sentitu zuen askok. Eta Martxelo Otamendi torturatu zutela denek sinetsi zuten. Baina, oraindik, adibidez Txeroki bada torturak salatzen dituena, ez du jende guztiak sinesten. Eta badago beste egia bat jendeak ez duena ikusi nahi. Niri, adibidez, esaten didate: "Agian gehiegi hitz egin duzu...". Baina nola gehiegi hitz egin? Zer da gehiegi esatea? Edo, adibidez, banoa manifestazio batera, grabatzen dut polizia batek pertsona bati egindako erasoa, eta delitu bakarra gurea da, grabatzeagatik! Hori da mozal legea, eta hori da haren intentzioa: inpunitatea izatea. Eta gakoa da: adierazpen askatasuna izan baduzu, haiek nahi dutena esaten duzun bitartean. Bestela, badakizu zer dagoen.

Barneratuta dago gizartean zer den adierazpen askatasuna?

Ez dugu barneratua, zeren guztioi gustatzen zaigu esatea nahi duguna, baina ez dugu gustuko besteek esaten dutena entzun edo irakurtzea. Baina badago diferentzia bat: batek idazten duena ez badut gustuko edo idazten duenak min egiten badit, nik blokeo egitearekin nahikoa dudala; blokeatzen dut eta kito. Baina haiek ez badute gustuko, ez dute blokeatzen; etortzen dira zure etxera zure bila eta atxilotuta eramaten zaituzte.

Zure aurkako operazioan hogei bat lagun atxilotu zituzten arren, bakarrik epaituko zaituzte.

Bai. Haiek ere hasi dira ikasten. Bakoitzari sumario bat zabaldu ziguten; horrela, ez elkartzeko. Gure aurkako operazioan 25 auzipetu gintuzten, eta Armiarma operazioetan, guztira, ehun paseak, agian berrehundik gertu. Gure operaziokoen artean, bat Bartzelonakoa da, bestea Granadakoa, bestea euskalduna... sumarioetan banaka banatzen bagaituzte, eskaera desberdinak egin eta abar, oso zaila da indarrak batzea. Eta problemak, bakarrik bazaude, askoz handiagoak dira; taldean beti konpontzen dira hobeto, eramangarriagoak dira. Hori haiek badakite.

Bi urteko espetxe-zigor eskaera duzu. Kartzelara sartzeko benetako arriskua ikusten duzu?

Bai, bai. Argi daukadana da errudun aterako naizela. Sartuko naizen ate beretik aterako naiz astelehenean, baina ez naiz garbi aterako. Ate beretik sartu zen Billy el Niño torturatzailea. Ehunka tortura kasu zituen, pila bat lekukotza... eta garbi atera zen. Ni ez naiz garbi aterako. Espainiako Auzitegi Nazionalera doazen euskaldun guztiak errudun ateratzen dira. Beste gauza bat da nola ohitzen garen errepresiora. Ni ez banaiz espetxera sartzen baina ordaindu behar badut 5.000 euroko isuna, libratu naizela pentsatuko dugu? Hori esaten diogu geure buruari: "Hori zortea @erreharriarena!". Hori ez da libratzea! Hori da adierazpen askatasuna zigortzea, moztea. Kartzelara ez joatearekin konformatzen gara, egin dudan delitu bakarra Interneten idaztea izanik.

Egoerari buelta ematen hasiko zaiola uste duzu, edo ez zara oso baikor alde horretatik?

Ez, zeren lortzen dute beldurra eragitea. Nik ezagutzen ditut ni atxilotu eta hurrengo egunean bere Twitter kontuak ezabatu zituztenak. Asko. Hori da lortzen dutena. Eta jendeak gero eta autozentsura gehiago du. Askotan pentsatzen dut "zein txiste ona honen inguruan!". Baina jarraian esaten duzu: badaezpada ez dut ezer egingo. Eta hau ere ez dut egingo; hau ez dut idatziko... Aurreko batean ere, bideo bat ibili zen sarean ikusten zena guardia zibil batzuk zezenketen aurkako mutil bat jipoitzen. "Otra vez exquisito el trato dado", idatzi nuen, badaezpada. Jarri nuen, eta gero pentsatu nuen: ea orain ere hanka sartzen ari naizen...

Zure babeserako ekitaldi ugari egin dira, #Alfreedo kanpaina asko mugitu da sarean...

Bai. Batetik, Plataforma por la Absolucion de los Encausados en la Operacion Araña lanean ari da. Euskal Herriko jendea eta kanpokoa dago taldean, eta gauza asko egiten ari da. Adibidez, apirilaren 8rako Zorrotzako gaztetxean adierazpen askatasunaren aldeko jardunaldiak antolatu dituzte. Egun guztian egongo dira ekintzak eta gero kontzertuak; horien artean, Def Con Dos. Zerbait gehiago jakin nahi duenak Encausados Araña begiratu dezala.

Eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman didaten guztiei, Alfreedo elkartasun eguna antolatu zutenei... Kanpaina desberdina izan da, apurtxo bat frikia, baina gertatzen ari denarekin oso ondo datorrena. Oihartzun handia izan du, eta atxikimendu piloa jaso ditut. Eskerrak eman nahi dizkiet denei, eta besarkada bat auzipetu guztiei.

Ezberdintasunean hezi

Ezberdintasunean hezi

Natalia Salazar Orbe

Patakon piratari kostatu egiten zaio bizikletan ibiltzea. Hanka bakarra du, bestea zurezkoa baitu. Eta ez da erraza era horretan pedalei eragitea. Anerekin bidegorrian doala, Olaiarekin eta haren aitarekin egiten dute topo. Olaiari ere besteei baino gehiago kostatzen zaio gauza asko ikasi eta barneratzea. Down sindromea du. Baina badaki garrantzitsuena saiatzea dela, eta gainerakoek ulerkor jokatu beharko luketela. Ane damu da, behar baino pazientzia gutxiago izan duelako Patakonekin.

Pertsona desberdinek munduari ematen dioten aberastasuna irudikatzen du BBK-k eta Bizipoza elkarteak abiatu duten proiektu berriak. Down sindromedunek, ijitoek zein minbizia duten umeek bizitzak zein gizarteak berak ezarritako zailtasunengatik bizi duten egunerokoa islatzen duten bost film labur argitaratu dituzte elkarlanean. Baita horiekin lotutako hiru joko ere.

Ixone Zubieta BBK-ko teknikariak azaldu ditu helburu nagusiak: "Ume eta pertsona horiekin lan egiten duten elkarte eta erakundeei lagundu nahi diegu. Euren lana zein den zabaltzea dugu helburu". Bost elkartek parte hartu dute proiektuan: Bizkaiko Aspanovas —minbizia duten umeen gurasoen elkartea—; Gure Señeak —gaixotasun arraroak edota adimen urritasunen bat duten neska-mutilen familiei laguntzeko elkartea—; Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa; Kale Dor Kayiko ijitoen elkartea; eta Gizakien Lurra —politika, arraza, erlijio eta sexu bereizkeriarik gabeko eskubideen aldeko elkartea—.

Herritar ororentzat eskuragarri jarriko dute materiala elkarteotako webguneetan eta Bizipoza.eus eta Bbk.eus-en. Horrez gain, Bizkaiko 280 ikastetxetara ere bidali dute. Ikasgeletan teknologia berrietara egokitutako hezkuntza tresna legez erabiltzea da asmoa.

Hala, finean, ipuina baliatuko dute balioetan hezteko eta premia bereziak dituzten neska-mutikoek gainditu beharreko erronkak ezagutarazteko. Filmak Irria aldizkarian euskaraz argitaratutako haur ipuinetan daude oinarrituta. Irrien Lagunak Klubaren aldizkaria da hori.

Marimotots da beste protagonistetako bat. Ospitalean dago, minbiziarekin. Eta Aspanovas elkarteak osasun etxeetan irria zabaltzeko egiten duen lanari aitortza egiteaz gain, hezur muina ematearen garrantziaz ere ohartarazi nahi du filmak. Ospitaletik ezin aterata dago Marimo, baina zoriontasun leiho bat zabalduko dioten elementuak beharrezko ditu bertan. Horrez gain, Anek Patakon aurkitu du pasaguneetan. Hezur muina eman gura du. Horretarako, nahikoa du odola ematearekin. Zain geratuko da bere hezur muinarekin bateragarria den gaixoren bat agertu arte. Urteak ere pasa daitezke inork berea behar izan arte. Agian inoiz ezin izango du eman; ez, behintzat, berearekin bateragarria denik ez bada azaltzen.

Beste egun batean Israelen etxera joango da Ane, etxeko lanak egitera. Familiako hainbat kide daude bertan. Denak ez dira bizi han, baina sarri elkartzen dira. Israelen ama pozik dago, eskolaren garrantziaz jabetuta. Baita aitona ere. "Nik ez nuen izan ikasteko aukerarik, baina gure ondorengoek jende ikasia izan behar dute", dio.

Zerua teilatu eta zelaia zoru duen ijitoen banderak liluratuta utzi du Ane. "Nik ezer gutxi dakit zuei buruz", aitortzen dio Israeli: "Soilik jende gehienak mesfidantzaz begiratzen dituela ijitoak". Eta hark erantzun: "Hori da ez gaituztelako ezagutzen".

Tabuak eta aurreiritziak

Bideoak eta jokoak baliabide erabilgarritzat jo dituzte, umeek alde batera utz ditzaten sortzen diren hainbat tabu eta aurreiritzi. Horrez gain, txikienen artean elkartasun, maitasun eta begirune balioak zabaltzeko ere baliagarriak dira.

Irria aldizkariak komikien bidez ematen zituen mezuak erakargarriago egiteko ideiarekin sortu zen proiektua. "Mezua askoz ere hurbilagoa da marrazki bizidunen formatuan". Emaitza bistakoa da: "Elkarteek eta pertsonek zer-nolako beharrizanak dituzten kontatzen da era erraz-erraz batean. Bitartekari darabiltzate, gainera, umeentzat ezagunak diren pertsonaiak. Horrek are gehiago laguntzen du umeen artean mezua zabaltzen".

Joko errazak

5 eta 8 urte arteko umeentzat dira filmak zein jokoak. Azken horiek "errazak" dira; hiru motatakoak. Haietako batean, ipuinetako irudiak baliatuta, kronologikoki antolatu behar dituzte umeek horiek. Beste batean, irudi bat eta silueta beltzak ematen zaizkie. Eta haurrek identifikatu egin behar dute zein silueta dagokion irudiari. Azkena puzzlea da.

Umeei begira antolatuta dago kanpaina. Hala ere, jakina da familiengan ere eragina izan behar duela, horietan ere izan daitezkeen aurreiritziak aldatzen laguntzeko. "Umeentzako baliabideak dira prestatu ditugunak, baina familia barruan lantzekoak ere badira. Eskolan landu baditzakete, zergatik ez etxean?". Aurkeztutako lanak onak direla sinetsita daude sustatzaileak. "Edozeinek ikusteko modukoak dira. Hala ere, hizkuntza erraz batean egin nahi izan ditugu; bereziki, umeei begira".

Itomenetik ihes egiteko bidexkak urratzen

Itomenetik ihes egiteko bidexkak urratzen

Aitziber Laskibar Lizarribar

Energiarik berdeena kontsumitzen ez dena da". Argi du Iratxe Arriola Eako alkateak. Eta argi du, era berean, eraldatu egin behar dela energiaren inguruan ezarria dagoen sistema guztia. Ez hori bakarrik; seguru dago "bizitzeko eredua" ere aldatu beharko dela. "Trantsizioa" ez du gertu ikusten, baina lehenago edo beranduago egin egin beharko dela dio; ezinbestean egin beharko dela. Bide horretan, "pauso txikiei" begiratzen die, eta horiei heldu die bera buru duen udalak ere. Energia berriztagarrietara jauzi egiteko beharrari buruz hausnarketa egin, herrian bertan autokontsumorako proiektu txiki batzuk martxan jarri, eraginkortasunari begirako neurriak hartu, eta, aurten, energia guztiz berriztagarria merkaturatzen duen kooperatiba batekin kontratatu du herriko argindar guztia: Goienerrekin. "Ez da iraultza", dio alkateak; "baina egin beharreko pauso txikiak dira".

Eakoa ez da energia kontsumitzeko modua eraldatzeko urratsa egin duen udal bakarra. Bai, ordea, lehenetarikoa, eta pauso sendoenak eman dituenetarikoa. Izan ere, nahiz eta Bizkaian herri asko dauden bonbilla zaharrak kontsumoa gutxitzen dutenekin aldatu eta kontsumoa murrizteko beste zenbait neurri hartu dituztenak, kontsumituko duen argindar guztiaren jatorria energia berriztagarria izateko urratsa egin duen lehenetarikoa da Ea. Busturia du aurretik. Eta gehiago etorriko dira: dozena erdi udalek, gutxienez, aurreratuta dauzkate hartarako tramiteak.

Udalei zaila egin zaie, orain arte, energiaren jatorriei erreparatu gabe aritzen diren enpresa elektriko nagusien saretik ihes egitea. Gaur egun ere, kontsumitzaile orok Espainiako Gobernuak araututa dauzkan bost enpresen bidez jaso behar ditu, ezinbestean, zerbitzu asko. Energia sare osoak Red Electrica de Españarenak izan behar duela zehaztua du, eta bost banatzailek soilik garraia dezaketela energia: Hego Euskal Herrirako, Iberdrola jarria du banatzaile gisa.

Garraio eta banaketa hori, beraz, Espainiako Gobernuak araututa dituen enpresa erraldoien bidez egin behar da, ezinbestean. Energia etxeetara iritsi arteko lehen eta azken pausoak, aldiz, liberalizatuta daude: sortzea, eta merkaturatzea edo kontsumoa. Horietan esku har dezakete bestelako enpresa edo kooperatiba txikiagoek. Hau da, berak salduko duen energia sortu dezake nahi duen enpresak, nahi duen bezala —esate baterako, energia berriztagarria soilik—. Hori garraiatu eta banatzeko, Iberdrolaren tutuak erabiliko ditu.

Sistema horren ondorioz, Bizkaiko etxe, enpresa eta instituzio ia guztiek Iberdrolarekin dute kontratu osoa egina, automatikoki. Hori alda daitekeela ohartarazi dute, ordea, energia berriztagarria sortu eta merkaturatzeari begira sortzen ari diren kooperatibek. Bestelako enpresa horietako batera jo, eta eurek bideratzen dute aldaketa. Hori, kontsumitzaile partikularrei dagokienez.

Udalen bidea konplexuagoa da. Kontratuak lizitazio publikora atera behar dituzte instituzioek, legez, eta, oso gai tekniko eta itxia izanik, zaila da hartarako pleguak egitea. Iaz, ordea, urrats handia egin zen bide horretan: udalx100berriztagarri plataforma soziala sortu zen. "Pertsona eta herrientzat seguruak diren energiak" bultzatzeko konpromisoarekin sortu da plataforma. Energia nuklearrari espresuki uko egiten dio, eta energia berriztagarrien alde egiten du, "klima aldaketaren aurka ekin ahal izateko nahitaezko estrategia gisa". Eredu energetikoaren demokratizazioaren eta "oligopolio baten eskuetan dagoen merkatuaren deskontzentrazioaren alde" ere egiten du, besteak beste.

Udalei begirako egitasmoa da iaz sortutakoa, "erosketa publiko jasangarri eta arduratsuaren oinarriekin konprometitu daitezela eskatzeko". Hartarako, abokatu eta adituek egindako tresna tekniko-juridikoak eskaintzen ditu; garrantzitsuena, lizitaziorako pleguak. Energia komertzializatzeko aurkeztuko diren enpresek kontratatuko duten energia guztia iturri berriztagarrien bitartez ekoitzia izan behar dela zehazten du, eta klausula sozialak eta elebitasunari dagozkienak ere ezartzen ditu, besteak beste. Oinarri hori erabilita hasi dira udalak energiari dagokion kontratuak aldatzen, eta hala egin du, esate baterako, Eakoak ere.

Gero eta herritar gehiago

Herritarren artean ere, gero eta handiagoa da energia berriztagarrien eskaera, eta gero eta herritar gehiago egiten ari dira enpresa erraldoietatik kooperatiba txikietarako jauzia. 2013. urtean 700 bazkiderentzat komertzializatzen hasi zen Goiener kooperatibak, adibidez, 5.750 bazkide inguru ditu gaur egun —1.850 bat Bizkaian—, eta ia 7.000 kontratu. Gero eta abiada handiagoan hazten ari da, gainera: iazko urtarrilean 116 bazkide berri egin zituen, eta 2017koan, 260. Otsailean, dagoeneko 224 bazkide batu zaizkio; horietako 73, Bizkaian. Euskal Herrian indartsu sartu den Som Energiak, berriz, 319 bazkide ditu Bizkaian, eta 407 kontratu. Halako kooperatiben bidez kontsumitzen den energia guztiak jatorri berriztagarria du, zentral nuklearrak, termikoak eta amaitzen diren materialak ustiatuta sortutakoa baztertuta.

Plaza utzitakoak, hasiberriak eta trebatuak, taldekako txapelketan

Plaza utzitakoak, hasiberriak eta trebatuak, taldekako txapelketan

Natalia Salazar Orbe

Taldekako Bertsolari Txapelketa jarri dute martxan Bizkaian, lehenengoz. Lurraldeko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuarekin abiatu dute. 30 taldek eman dute izena, eta hiru fasetan jokatuko da. Ekainaren 3an egingo dute finala. Ordura arte, plaza aspaldi utzi zuten bertsolariak zein hasiberriak eta eskarmentu handikoak jarriko ditu oholtza gainean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Kristina Mardaras eta Moises Enbeita nor baino nor gehiago ariko dira, aspaldi ez bezala, bertsotan. Etxahun Lekue Bizkaiko bertsolari txapelduna ere ariko da 200 bertsolari elkartuko dituen lehiaketa horretan.

Helburu argiak ditu proiektu berri horrek, Bertsozale Elkarteak azaldu duenez: Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta, era berean, eskualdeak ere aktibatu eta indartzea. Bizkaiko ekosistema osoa eskualdez eskualde eta etenik gabe elikatzeko helburua dauka. Bertsogintzaren oinarriak motibatu, finkatu eta garatu nahi dituzte.

Oinarrietan eragiteko eginahal horretan, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dituzte. Horretarako, gune ludiko bat eskainiko dute. Izan ere, taldekako txapelketa giro informalean eta jai giroan egingo dute. Horixe da asmoa.

Dinamika horri esker, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztuko diete. Horrez gain, arrazoi askotarikoak direla-eta ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik edo nahirik ez daukatenei beste aukera bat eskainiko die.

Bertsolaritzak barne hartzen duen sare osoa indartzeko bidea ere zabalduko du lehiaketak. Bertsozale elkartearen ustez, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile gehiago sortzea bultzatuko du. Sinetsita daude zaleak aktibatzeko bidea ere irekiko duela. Horrek guzti horrek eskualdeen arteko harremana sendotuko du.

Denetariko bertsolariak

Berrehundik gora parte hartzaileen artean denetariko bertsolariak izango dira: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertsoetatik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta inoiz parte hartu ez dutenak. Beraz, gauzatu dute aniztasuna lortzeko zuten helburua.

Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza ariko da saioetan. Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunek osatu behar dute. Izan ere, bertsotan aritzeaz gain —gutxienez hiruk egin behar dute hori—, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile lanak ere egin beharko dituzte.

Talde bakoitzak epaile bat izango du kanporaketa bakoitzean. Hala ere, ikus-entzuleen iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko orduan bertan lehiatuko diren hiru taldeetako epaileen balorazioa eta ikus-entzuleena hartuko dira kontuan. Saio horietako bakoitza bukatzean, hiru taldeetatik aurrera zeinek egiten duen erabakiko dute, denen artean. Bertsolariek landuko dituzten gaiak ere hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.

Hiru fasetan banatuko dute txapelketa: lehenengoa, bigarrena eta finala. Kanporaketa gehienetan hiru talde ariko dira norgehiagokan. Horietatik bakar bat pasatuko da hurrengo fasera. Bigarren fasera hamar talde pasatuko dira.

Lehenengo fasea apirilaren 3ra bitartean jokatuko da. Egun horretan jakingo da zein taldek osatuko duten bigarren fasea. Fase hori apirilaren 24an hasiko da, eta maiatzaren bukaerara arte iraungo du. Finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.

Kanporaketetarako antolatzaileek zenbait ariketa proposatu dituzte, baina taldeek posible dute, hala adostuz gero, beste ariketa batzuk egitea. Bertsolari sorta zabala dakar taldekakoak; aukera ugariz inguratuta bertsolaritzako alor guztiak suspertu nahi dituen txapelketa batean.