Bizkaia

“Asiako liztorrek erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko”

Kortezubin Vespa velutina edo Asiako liztorra deritzona aurkitu ostean —liztor hiltzaile gisa ere ezaguna—, alarmak piztu dira berriz ere. Xabier Larrinaga (Kortezubi, 1959) erlezaina da, eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteko kidea. Liztor horri beldurrik ez diola dio, eta trikimailu batzuk azaldu ditu hura harrapatzeko.

Asiako liztor bat aurkitu dute Bizkaian. Bakarra, oraingoz, ezta?

Bai, Kortezubin aurkitu dute. Eguraldi ona egin zuen egunetan agertu zen. Geroztik, eguraldi oso txarra egin du, eta horrela ez dira ateratzen.

Beldur zarete?

Beldurrik ez dago. Kontuz ibili behar dugu. Aztertu egin beharko dugu egoera. Izan ere, sartu egin da Bizkaian, baina ez dakigu zer- nolako bilakaera izango duen.

Frantzian ere arazo bera daukate, eta haiekin harremanetan gaude. Hango esperientziaren berri ematen digute. Esaten dute eremu batzuetan gogor samar jotzen ari direla. Pinudien inguruetan, ordea, Landetako departamenduan, ez du jotzen. Gauza asko daude liztorraren alde; baita kontra ere. Esaterako, hau, Urdaibai, leku ona izango da intsektu horrek aurrera egin dezan. Izan ere, berton oso antzekoa den beste bat daukagu: Vespa crabro. Espezie horretako asko daude hemen.

Asiako liztorrari dagokionez, aztertu egin beharko da inguruan zein txori intsektujale dauden, haren harrapariak zeintzuk diren, Vespa crabro-rekin zer-nolako harremana daukan... Izan ere, batak habia bat jartzen badu leku batean, besteak ez du jarriko handik hurbil.

Zelan iritsi da Bizkaira?

Ezin daiteke jakin. Lehenengo, erreginak iristen dira. Beraz, orain aurkitzen diren guztiak erreginak dira. Horietako batzuk ernalduta iristen dira, eta beste batzuk, ez. Harrapatzen ditugunean, ez dakigu ernalduta egon diren ala ez. Orain harrapatzen ditugunek balioa daukate: ernalduta baldin badaude, habia bat gutxiago egongo dela esan nahi du.

Tranpak ere jartzen dituzue.

Bai. Zenbat eta tranpa gehiago jarri, eta zenbat eta leku bereziagoetan, hobe. Bide horretatik egiten zaio aurre liztor horri.

Zer-nolako tranpak dira, eta non jartzen dituzue?

Erletokietan jartzen ditugu. Helburua da liztorrak tranpetan jaustea erleengana doazenean. Nahaste bat egiten dugu tranpak osatzeko: garagardo beltza, baso bete ardo zuri eta koilaratxo bete ahabia zuku. Gozoa eta garratza den likido bat lortzen dugu horrela; izan ere, gozoa soilik balitz, erleak ere joango lirateke, eta hori ez zaigu komeni. Kontua izan behar da ahabia zuku gehiegi ez botatzeko; gainerakoan, erleak ere hara joango dira.

Likido hori edanda, zer gertatzen zaie?

Ito egiten dira. Plastikozko botila bat samatik moztu, tapoia kendu, eta samatik gorantz ebakitako zati hori behera begira jartzen da. Liztorrak, barrura sartu bai, baina irteera ezin du aurkitu, eta hor itotzen da.

Zer-nolako ezaugarriak ditu Asiako liztorrak?

Hiru zentimetro inguru ditu; Vespa crabro baino pixka bat txikiagoa da. Koloreak dira desberdinak. Vespa velutina-k beltzak ditu toraxa eta buru alde gehiena. Bertokoak marroia duena besteak beltza dauka.

Bizi-ohiturak antzekoak dira: erreginak arrautzak jarri, eta arrautzetatik larba bihurtzen direnean, larbei haragia ematen diete jateko. Horregatik hiltzen dituzte erleak, eta beste intsektu batzuk eta okela bera ere hartzen dituzte. Larbetatik atera eta liztor bihurtzen direnean, karbohidratoak hartzen dituzte: nektarra loreetatik, edo freskagarriak taberna inguruetan.

Zein arrisku ekartzen dute?

Gizakiarentzat ez da horrenbestekoa. Zaila da pertsona bati ziztatzea. Haginka ez dute egiten. Defendatzeko, eztena erabiltzen dute. Dena den, erle batek ziztatzea baino hobe da Vespa crabro batek ziztatzea. Minberagoa izan arren, albo ondorio gutxiago dauzka. Vespa crabro-k ziztatuz gero, onena izotza jartzea da. Ez dut izan Vespa velutina-ren ziztaden berririk, baina pentsatzen dut berdin izango dela.

Dena den, ez zaie beldurrik izan behar. Intsektu horiek eraso egiteko, zerbait berezia gertatu behar du; burua sartu behar duzu liztortokian. Oso mantsoak dira.

Eta erleentzat arriskutsuak dira?

Erleentzat, bai. Izan ere, ernalduta dauden erreginak kanpora ateratzen hasiko dira, kumealdiak ateratzen hasiko dira, eta, irailetik aurrera, indarra hartzen hasiko dira. Liztor mandoak eta erreginak aterako dira, datorren urterako prest uzteko euren sekuentzia genetikoa. Garai horretan, haragi asko behar dute: erletokietara joaten dira, eta handik igarotzen diren erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko.

Vespa crabro-k beste hainbeste egiten du. Hala ere, velutina-k jartzen duen liztor kopurua askoz handiagoa da; beraz, elikatu beharreko larba kopurua ere askoz handiagoa da.

Zer egingo da gurean ez gelditzeko?

Iritsi berritan aurkitu dugunez espezie hori, protokolo bat ezarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi motatako lanak ezarri dituzte: liztorrak etxeetan, zubietan eta antzekoetan sartzen direnean, suhiltzaileak joango dira. Crabro espeziekoak badira, hartu eta beste leku batera eramango dituzte, bertoko espezie hori zaindu egin behar delako. Velutina baldin bada, hil egingo dute.

Zuhaitzetan agertzen badira, haiengana iristeko aukerarik baldin badago, mekanikoki kenduko dira. Ezinezkoa bada, lau eskopetarekin lau tiro botako zaizkio, denak batera, jarraian desagerrarazteko. Frantzian erabili dute hori, eta oso ondo dabil.

Enba sindikatuak prozedura hori salatu du.

Liztorrak pinu edo arboletan daudenean eta mekanikoki haiengana iristea ezinezkoa denean soilik erabiliko da. Gainerakoan, zelan kenduko dira? Esan dezatela. Bestalde, kasu horren inguruan egindako bilerara ez ziren agertu. Ezin da kasua aztertzen duen mahaira ez etorri, proposamen onik ez egin, eta gero atzetik egurra eman.

Zer egin behar du Vespa velutina bat aurkitzen duenak?

Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriari edo suhiltzaileei deitu behar zaie. Eraikinen batean bada, suhiltzaileek ekingo dute. Basoan bada, Base Gorriak jardungo du.Koordinatuta daude.

Zelan dago zuen sektorea Bizkaian?

Krisiak guztioi kalte egiten digu. Labelaren barruan gaudenok, gutxi gorabehera, antzean jarraitzen dugu saltzen. Eztia, batez ere, eguraldi txarra dagoenean saltzen da.

Eta zeintzuk dira eztiaren onurak?

Ezti motaren arabera, onura batzuk edo beste batzuk. Eztia karbohidratoa da ia erabat. Sakarosa gutxi duenez —gainerakoan, fruktosa eta glukosa da—, gorputzak azkar asimilatzen du. Oso azkar kontsumitzen da, eta balio energetiko handia dauka. Gaixotasunen aurka duen erabilerarengatik baino gehiago, balio energetikoagatik emango nioke nik balio handiagoa. Antibiotiko naturala badauka, baina oso gutxi.

Bestalde, zauriak ixteko ere oso ona da. Badakit ospitaleren batean erabiltzen dutela. Desinfektatzaile gisa ere baliagarria da: azukre asko daukanez, hor ezin daiteke bakteriorik sortu.

Badago sekreturik erleak pozik edukitzeko?

Inoiz ez ditut ezagutu erleak pozik; horixe da arazoa [barreak]. Etxeko ganadua bezalakoak dira. Sektorea eta erleak maitatu egin behar dituzu. Esango nuke erlezain gehienok nahiko ekologistak garela. Kontuan hartu behar da hortik bizi garela.

“Gastuen kultura batetik kostuen kultura batera jo behar dugu”

Sabino Arana plaza eta bertako Andra Mari eliza ditu parez pare Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, herriko udaletxeko balkoitik begiratuta. Balkoitik bertatik, gainera, krisi ekonomiko larri baten dagoen herri bat ere ikusten du, eta egoera horrek sortzen duen egonezina ere nabari du. Hala ere, herri bizia da Bermeo Bidegurenentzat, eta gustuko du herritarrek aukeren inguruan nola erantzuten duten.

Lau urtez oposizioan egon ostean —EAko zinegotzi zen—, joan den ekainean hartu zuen Bidegurenek EAJk utzitako lekua. Aurpegitik irribarrea aldendu gabe gogoratu du garai hura; izan ere, "pozik eta gogotsu" hartu zuen alkate kargua. Geroztik, herritar modura ezagutu ez dituenak ezagutzeko aukera izan du, eta hori "oso gauza polita" dela dio. Bildu Bermeoko Udalean sartu zenean, "komunikazio arazoekin eta arazo ekonomikoekin" topo egin zuen. Geroztik, arazo horiei erantzuna ematen saiatu direla dio Bidegurenek. Hortaz, azaldu duenez, Bilduko kideek osatutako udal gobernuak lehenengo urtean ez du tarterik izan ideia eta asmo berriei heltzeko, baina uste du hurrengo urteetan izango dutela horretarako astirik.

Bermeoko Udalak dituen erronkei buruz galdetzean, "guztia egiten jakin" behar dela erantzun du alkateak. "Oreka bat bilatu beharra dago; hasteko, egoeraren arabera, lehentasunak ezarri behar ditugu". Guztiek hausnarketa sakon bat egin behar dutela uste du; hala, "jakin behar da zerbitzurik onena emateko kosturik murritzena nola lor daitekeen". Gainera, gauzak egiteko erak ere berebiziko garrantzia duela iruditzen zaio. Horren harira, administrazio tradizionalaren kontzeptuarekin jarraitu gabe, orain arteko kudeaketa ereduari buelta eman behar diotela aitortu du: "Eredu parte hartzaile bat, langileen beste motibazio eredu batzuk...".

Begi bistako arazo bat aldatzeko premia ikusten du Bidegurenek; herria sozio-ekonomikoki indartu beharra, alegia. Horretarako, kalitatez bizitzeko bidea zein den jakin beharko du herritarrak, alkatearen ustetan. Horren bila dabiltzala aitortu du Bidegurenek; "bai merkataritza arloan eta turismo arloan, bai kontserba industriari dagokionez". Arrantzari oso lotuta egon baita Bermeo. Baina gaur egunean itsasoa nola dagoen ikusita, herriak beste norabide bat hartu behar duela uste du. "Gainontzeko merkataritza zentroek erakutsi ezin dezaketena erakusteko gaitasuna" izan behar du Bermeok, alkatearen ustetan.

"Guztia egiten jakin behar" den arren, badira zenbait erronka Bermeoko Udalean. Besteak beste, herriak kulturan eta gizarte arloan eskaintza berriak sortu beharko lituzkeela uste du alkateak. Bestetik, "herri erakargarria sortu" nahi du Bermeoko Udalak. Horretarako, Bidegurenek argi du herrian bertan bizi direnei bizi-kalitatea eskaini behar zaiela. Erronka horri lotuta, aitortu du herrian garbitasuna hobetzea dela udalaren lehentasunetariko bat; "sentsibilizazio kanpaina bitartez, garbitasun sistemak aldatuz...". Arlo horretan zeregin asko dago, Bermeoko alkatearen ustez; betiere, helburu berarekin: "Herrian bizi garenok gustura egotea eta bizi-kalitatea izatea".

Udalaren baitako lan eredua aldatzea ere gura du. Azken batean, herritarren parte hartzea bultzatzea da haren asmoa. "Gauza interesgarriak eskain ditzaketen herritar ugari daude Bermeon", dio seguru. Eta Bideguren ziur dago horien iritziekin posible dela herri hobea eraikitzea. Baina argi du informazioa beharrezkoa dela gizarte parte hartzaile eta eraikitzaile hori lortzeko; hori dela eta, "ahalik eta gardenen eta era errazenean" informazioa helarazten saiatzen ari direla dio.

Hainbat proiektu

Erronka eta helburu ugari ditu Bermeoko Udalak, eta horiek lortzeko beste hainbat proiektu. Herria sozioekonomikoki indartzeko, esaterako, plangintza bat du, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

Bermeoko merkatariek gaur egun duten egoerak ere kezkatzen du Bideguren. Horregatik, haiekin batera, diagnostiko batean buru-belarri dabiltza. Alkatearen ustez, turismo sozio-kulturala eskain dezake Bermeok: "Itsas ondarearekin batera, herria bisitatzen dutenei gure kultura itsasotik etorritakoa dela eta horrek gugan izan duen eragina, arrantzaren garapena" eta beste hainbat gauza erakutsi behar zaizkiela uste du. "Kanpotik datozenei gure izate eta ohiturak erakustarazi behar dizkiegu".

Gaineratu du kontserbagileekin ere lanean dihardutela, Eusko Jaurlaritzaren Compite programaren bitartez: "Euskal Herriko kontserba industria nagusietarikoa daukagu Bermeon, eta horien arteko elkarlana lantzen gabiltza".

Alkateak ezinbestekotzat du elkarlana bultzatuz bestelako kudeaketa bat eratzea. "Gastuen kultura batetik kostuen kultura batera jo behar dugu, aurrekontuak gastatuz", dio. Helburuak betetzea da gakoa, eta "horiek betetzeko kostu gutxiago egiteko aukera izanez gero, hobe". Aurrekontuaren %80 gastatzea ez du gauza txartzat ikusten, "gauza ona" izan daiteke-eta, norbere helburua lortzen bada.

Roscubas anaiek ikusle bat ekarri dute parkera

Vicente eta Fernando Roscubas anai bikiek sortutako El espectador (Ikuslea) da Meatzaldea Goikoan berriki finkatutako artelanetako bat. Eskulturak altzairuzko oinarria dauka, eta haren norabidea ikustean dudak sortu zaizkie. Vicentek azaldu du horren ...

Barkuz joan ziren ‘gerrako umeak’

Maiatzaren 5eko arratsaldean izugarrizko jendetza bildu zen Santurtziko kaian. Umeak ziren gehienak, baina horiekin batera familiakoak eta ingurukoak agurtzera zetozen. Lehendabizikoek transatlantiko luze eta haundi bat zuten zain, Habana deiturikoa, hurrengo orduetan itsasoratzeko, Frantzia aldera joateko. Hainbat hilabete lehenago hasitako espedizioak, umeak gerratik kanpora eramateko helburua zutenak, azkartu eta indartu egin ziren 1937ko maiatzaren hasieran.

Horretarako, bi faktore izan ziren akuilu eraginkorrak. Bata, Europa aldean —Frantzian eta Britainia Handian, bereziki— sindikatu ezkertiarrek zein giza elkarteek azaldutako sustengua. Bestea, ezbairik gabe, frankistak egiten ari ziren erasoaldi zakarrek eragindako izua. Gernikako bonbardaketak argi eta garbi adierazi zuen haien suntsipen ahalmena ez zela mugatzen helburu militarretara; biztanleria osoa zela haien ankerkeriaren helburu zuzena.

Hori dela medio, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntzako sailburu Juan Graciak bultzatuta, nazioarteko laguntzarekin, kolonien, aterpeen eta etxe familiarren bitartez, umeak aterpetzeko bultzaturiko ekimenak indartu egin ziren 1937ko maiatzaz geroztik. Egitasmo horren arrakasta bi aldetatik etorri zen. Frantziatik zein Britainia Handiatik areagotu egin ziren eskaintzak gerrako umeak jasotzeko. Bizkaitik bertatik, kanpora joateko umeen zerrenda ikaragarri emendatu zen. Izan ere, maiatzeko estraineko espedizio horretarako 10.000 eskabide baino gehiago suertatu ziren. Jakina, guztientzat lekurik ez zegoenez, nolabaiteko aukeraketa egin behar zuten. Alderdiek zuten ustezko indarraren arabera egin zuten bidaiarien hautaketa hori, eta kolonietara joanen bailiran, onuradunen zerrendak egunkarietan azaldu ziren. Horrela, maiatzaren 6ko 06:25ean, oraindik gau iluna zela itsasoratu ziren 2.436 ume. Gehienak—2.273— arestian aipatutako Habana-n; gainontzekoak —163— Goizeko Izarra itsasontzian. Batzuk eta besteak erizainez, medikuz eta maisu-maistraz lagunduta atera ziren, Bordele aldera.

Lagun ere izan zituzten hainbat barku: euskal armadakoak, Bizkaya eta Gipuzkoa; Ciscar, armada errepublikanoarena. Nazioarteko uretara iritsita, armada britaniarrekoek hartu zieten lekukoa. Hori dela eta, Royal Oak ontzi suntsitzaile aitzindaria eta Faulknor zein Firedrake aldeetan zituztelarik, Habana-k eta Goizeko Izarra-k aurrera egin ahal zuten, Cervera itsasontzi frankistari izkin eginez. Saiatu zen azken hori konboia geldierazten, baina Royal Oak-eko kapitainak, "giza laguntza espedizioa" zela argudiatuz, bere indarrak erabili izan barik makurrarazi zuen barku frankista ahaltsua.

Hortik aurrera, Royal Navy-k emandako babes esanguratsu horrekin, zeharkaldia burutu zuten inolako arazorik gabe. Goizeko Izarra-ko haurrak Pauillacen lehorreratu ziren, eta Habana-koak, La Pallicera joan ziren maiatzaren 7ko goizean. Harrera egitearekin batera, txertoak eman eta ilea moztu zieten, baita gosari ederrak eman ere. Geroxeago, Frantzian zehar, Olerongo irlara, Akizera, Perpinya aldera, baita Ipar Euskal Herrira ere, barreiatu zituzten heldu berriak. Espedizio horren atzetik, beste asko etorri ziren, 60 inguru; bereziki, 1937ko maiatza eta ekaina bitartean. Udako koloniak ziruditenak, urte batzuetakoak bilakatuko ziren askorentzat. Gutxiengo batentzat, berriz, SESBera joan zirenentzat, ia-ia bizitza osorako. Hori izan zen frankisten ankerkeriatik alde egitearen truke ordaindutakoa eta seinalea. Nortzuei bestela deitzen zaie gerrako umeak?

Eskualdeetako bertso finalak bihar hasiko dira

Asteburu honetan hasiko dira Bizkaiko eskualdeetako bertsolari txapelketetako finalak. Bihar ekingo diote bertsolariek euren dohainak erakusteari, Barakaldon: 17:30ean, Clara Campoamor kultur etxean bertan erabakiko da zein den aurtengo Enkarterriko txapelduna. Igandean, berriz, Hego-Uribeko bertsolararirik onenak arituko dira, Arrigorriagako Lonbo aretoan, ordu berean.

Ekainaren 10era bitartean jokatuko dira beste sei eskualdeetako finalak: maiatzaren 11n, Durangaldekoa, Abadiñoko probalekuan (22:00); 12an, Arratiakoa, Zeanuriko frontoian (17:30); 19an, Lea-Artibaikoa, Ondarroako kafe antzokian (17:30); ekainaren 2an, Uribe Kostakoa, Getxoko Villamonte kultur etxean (17:30); 9an, Uribe-Butroekoa, Sondikako kultur etxean (17:30); eta 10ean, Busturialdekoa, Bermeoko kafe antzokian (17:30).

Letra zopa bat aukeratu dute eskualdeko txapelketaren ikur izateko. Hor, honako hitzak nabarmendu dituzte: Bertsoeskola, herria, zabaldu eta plaza. "Lau berba nabarmendu ditugu, gure filosofia eta helburu nagusiak irudikatzen dituztelako", azaldu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari Asier Ibaibarriagak.

Bertso eskolei esker, zaletasuna herrialde osoan zabaldu da, eta Bizkaiko bertsolaritzaren mapa "eten barik aldatuz" doa. Hala adierazi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradun Jokin Castañosek, bederen: "Eskualdeetako txapelketak horren ispilu dira". Bilakaera horretara egokitzeko asmoz, aurreko txapelketetan Bilboaldea gisa izendatzen zen eskualdea Hego Uribe izango da honako honetan.

Zortzi eskualdeetako txapeldunek zuzenean lortuko dute Bizkaiko Txapelketan lehiatzeko aukera. Gainerako bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, 30eko taldea osatu arte. Hala ere, 2010 aurretik finalista izan direnek lehentasuna dute: zuzenean pasatuko lirateke, aurten parte hartu nahiko balute. Ostera, 2010eko finalistak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Finala abenduaren 15ean izango da, baina Bertsozale Elkarteko kideek ez dute oraindik ezagutarazi nahi izan zein tokitan jokatuko den.

Elkarteko kideekin batera, Euskara Sustapenerako foru zuzendari Miren Dobaranek ere parte hartu du aurkezpenean. Azpimarratu du bertsolaritza "produktu erakargarria" dela hizkuntzaren erabilera sustatzeko, bai euskara ikasten dabiltzanen artean, bai gazteen artean. Horrez gain, "bizkaiera transmistitzeko tresna egokia" iruditzen zaio bertsolaritza. Komunikabide digitalek euskara normalizatu eta sustatzeko duten garrantziari ere aipamen egin dio. Haren ustez, bertsolaritzak "egina dauka plaza digitalerako jauzia".

Bertsozaleek aukera izango dute txapelketaren berri izateko, sare sozialen bidez eta sortu berria den webgune baten bitartez. Asteon jarri da martxan www.bizkaikotxapelketa.biz ataria. Hor, txapelketen gaineko informazio eguneratua jasoko da. Horrez gain, Plaza izeneko bloga abiarazi dute, zaleek euren bideo, testu, bertso eta argazkiak jar ditzaten. Twitter, Facebook eta Berriketan.info sare sozialetan ere presentzia izango dute.

XVII. urte garaipentsua

Edota triunfala, Francoren antzera. Apirilaren 21ean Cikautxoren Batzar Nagusia izan zen. Onartu egingo zuten gerentearen kudeaketa plana. Nolakoa da Cikautxon aldi baterako langileen egoera? Zapalkuntza izugarria eta eskubideen ukazioa. Cikautxoko ba...

Meategien loraldiaren eta gainbeheraren artean

Eskultore gaztea da Egoitz Iñurreta gipuzkoarra. 28 urte baino ez ditu, eta bere garaiko ikuspegiarekin lantzen ditu aurreko bi belaunaldietako zizelkariek garatu zituzten kontzeptuak, metodoak zein gurari artistikoak.

Azpiegitura izeneko lana du erakusgai Zugaztietako eskultura parkean. Tamaina handiko artelana da, hainbat piezaz osatutakoa. Eraikitze prozesuan, lau milimetroko burdinazko xaflak erabili ditu Iñurretak.

Guillermo Olmok Amezketan duen tailerrean osatu du obra. "Hiru hilabete pasatxo eman ditut lanean". Denera, hemeretzi atalek osatzen dute lana: hamabost pieza soil, eta bi zatitan banatutako bi zutabe. Artistaren sormenetik jaiotako forma eman ahal izateko, parkean bertan soldatu behar izan dituzte piezak. Elorrietak berak zuzendu ditu eskultura osatzeko lanak, langileei piezen kokapen zehatzak zein izan behar zuen azalduz.

Bi une lotuz

Meatzaritzarekin eta ingurunearekin lotura handia dauka eskulturarekin irudikatu nahi duen kontzeptuak. Bi une kronologikoren arteko zubi bat eraikitzen du, Iñurretak azaldu duenez: "Lehenengoa, hemen meatzaritza bere punturik altuenean zegoeneko unea da, meatzaritzaren inguruan azpiegitura asko zegoenekoa. Bigarrena litzateke, etorkizun urrun bat, meatzaritzaren arrastorik izango ez duena".

Eskultura bi une horien tarteko denboran kokatzen da, meatzaritzaren gainbeheraren momentuan, alegia: "Azpiegitura handiak egon ziren, eta, gaur egun, badaude, baina erortzen ari dira. Horregatik haren erortzeko zori hori, tartean dagoelako: erortzen ari da, erori egingo da, baina oraindik ez da erori".

Iñurretaren ustez, inguruan dauden koloreek deigarriago egiten dituzte artelanak. "Kontraste bat sortzen da naturaren eta burdinaren kolorearen artean". Zizelkariak dioenez, Zugaztietaren historiaren eta Meatzaldea Goikoan dauden eskulturen artean "lotura bat dago".

‘Nahiko’ batekin gainditu dute foru politika sozialek

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak legegintzaldiko lehen soziometroa egin du. Aldundiaren gizarte zerbitzuei 5,99ko emaitza jarri diete bizkaitarrek. Lurraldeko errepideek 6,71 atera dute, eta garraio publikoak 7,47 —7,10 Bizkaibusek, 5,95 metroak—. Bizkaiko egoera ekonomikoak 4,97 lortu du. Hala ere, bizkaitarrek ekonomia egoera pertsonalak, batez beste, 5,35 merezi duela uste dute.

Krisia gainditzeko inbertsioak sektore denetan behar direla ohartarazi diote diputazioari

Ezker abertzaleak, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek ez dute begiko Bizkaiko Foru Aldundiak krisi ekonomikoa gainditzeko darabilen politika. "EAJk zorigaiztoko apustuak proposatu ditu Bizkaiarentzat, iparrik gabeko apustuak, zentzurik ez dutenak", salatu dute lau alderdiok. Haien irudiko, sektore guztietan egin beharko lirateke inbertsioak, "garatu eta aberastasuna sortu eta banatzeko".

Ezker abertzaleko Mikel Etxaburuk, Alternatibako Asier Vegak, EAko Arri Zulaikak eta Aralarreko Dani Maeztuk egin dute herrialde historikoko egoeraren interpretazioa. Etxaburuk egin ditu bozeramaile lanak: "Jasaten ari garen krisialdi sistematikoa klaserik behartsuenak jotzen ari da, eta erabateko txirotasunera kondenatzen ditu. Baina, bien bitartean, egoera jasanezin hau luze gabe —eta are gutxiago luzera begira— konpontzen lagunduko ez duten erreformak ezartzen dizkigute erakundeek". Haren esanetan, foru aldundiaren inbertsio politikek "egoera hori larritu baino ez dute egiten".

Lau alderdiok uste dute ekonomia alorreko foru politikak "titulu handikoak baina eduki gutxikoak" direla; alegia, "erakusleihoko politikak baina ibilbide laburrekoak". Gainera, salatu dute politikok sortutako "prekarietatea gero eta gehiago areagotzen" ari dela, gizarte politiketan egiten ari diren "murrizketekin batera".

Proiektu handien apustua

Etxaburuk gogorarazi duenez, "industria ehunaren desegite progresiboari aurre egiteko, ekonomiaren tertziarizazioaren alde egin zen. Alde bakarraren alde egin zen: Guggenheim efektuaren eta turismoaren alde". Hala, esan dute egun "apustu horren ondorioak" agerikoak direla. "Milaka lanpostu zuzen ematen zituzten enpresak zeuden lekuetan, enpresa handiak zeuden eremuetan, egunero milaka langilek soldata irabazi eta familia aurrera ateratzen zuten horietan, egun merkataritza gune handiak daude; lan prekarietatea jaun eta jabe den eta inork soldata duin bat atera ezin duen eremuak, hain zuzen ere", salatu du.

Esan dute lurraldea proiektu erraldoiz bete dutela; aireportua, Iberdrola dorrea eta Bilbao Exhibition Centre aipatu dituzte. "Bilbao Exhibition Centre estrategikotzat jo zuten, baina egun hondorik gabeko zulo bat baino ez da bizkaitarron poltsikorako, etorkizuna auzitan duena, Supersurrekin eta Artxandako tunelekin gertatzen den bezala". Azpiegitura horiek "bizkaitarren zergekin" ordaindu zirela diote, baina "gutxi batzuk" aberastu zirela.

Horrekin batera, diputazioaren "gezurrak" salatu dituzte. "Ohitu egin gara gezur biribil bihurtu diren prentsa titulu handietara. Bestela, nola deskribratu enpresak etengabe ixten ari zirela-eta Enkarterrin Habidite enpresa abian jarri eta ehunka lanpostu sortzeko promesa? Eta arduradun jeltzaleek Urdabaiko Guggenheim horren alde egindako apustua? Nola interpreta dezakegu Guggenheim hori, ez bada ez dagoela dirurik Urdaibaiko garapen sozioekonomikorako?".

Alderdi horiek alternatiba bat aurkeztu nahi diote horri guztiari, gizarte eragileekin adostuta. Horretarako, asmoa iragarri dute harreman dinamika bat sortzeko. Konpromisoak sektoreka hartu dituzte, eta hitzaldi sorta bat antolatu dute horiek azaltzeko: maiatzaren 7an, Zornotzan; 8an, Bilbon; eta 10ean, Gernika-Lumon. 19an, aurkezpen nagusia egingo dute, Casillan, 18:00etan.

Herri ekimeneko euskal hedabideen erronkak

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa daukagula gogorarazi gura dugu euskal hedabideok, "bai euskeraren garapenean daukagun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen barruan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik".

Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, pauso handia eman da euskararen ezagutzearen eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira pausoak hedabide sare indartsurik ezean.

Azken finean, hiztun komunitate guztiek daukate mundua beraien hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko premia, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalagaz batera, ekonomikoa ere ekarri gura dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana heltzen da, eta, horretarako, 600 langile baino gehiago dabiltza beharrean 100dik gora hedabidetan.

Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.

Ezaguna da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zelako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori gehitu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak; gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan -Erran Irratia, Nabarra...

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu gura dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideak sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du, eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horriek honela laburbildu litezke:

—Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbersio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta, bestetik, bertan diharduen langileen lan baldintzak hobetzeko.

—Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroari merezi duen zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar ditugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.

—Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ditugu ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, zelakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, helburuak betetzen doazen neurrian, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea.

Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.

—Elkarlana: Sasoi latzei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera.

Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; kooperatibitatea landu behar dugula, alegia.

—Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeak laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbersioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jentartearekin berarekin.

Aurkeztutako lan hau, bide baten amaiera ez, baizik bide luze baten hasiera dela azpimarratu gura dugu.

Dokumentua sinatzeagaz, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu gura duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin gura dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, sinatutako dokumentua hartarako prestasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Eta erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.