METROKO LANGILEAK HARTU DITU BILBAOK »

Bilboko Metroko langileek protesta egin zuten joan den martitzenean Bizkaiko foru jauregiaren aurrean, Bilbon. Itziar Garamendi Garraio diputatuari eskutitz bat helaraztea zuten helburu; batzar bat eskatu gura zioten, beharginen ahotik entzun zitzan m…

Bilduk “botere absolutua” erabiltzea leporatu dio Bilboko udal gobernuari »

Bilboko Bilduren udal taldearentzat, bi hitzetan laburbil daiteke Iñaki Azkunak gidatutako udal gobernuaren jardun politikoa agintaldiko lehenengo sei hilabeteetan: “Botere absolutua”.

Koalizioko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak agerraldia egin zuen atzo goizean, Bizkaiko hiriburuko gobernu berria osatu zenetik urte erdi bete dela, denbora tarte horretan udal politikak izan duen bilakaera aztertzeko. Joan den urteko udan hasitako agintaldian Bilbon egin diren udalbatzen ezaugarri nagusia “arrabola” izan da, Ibaibarriagaren iritziz. Horrez gain, jeltzaleek Espainiako Diputatuen Kongresuan agertzen duten arrazoibidea eta Bilboko Udalean egiten duetna alderatu ditu. “EAJren ordezkariek gehiengo osoaren arriskuez ohartarazi diote Raxoiri behin eta berriz. Gehiengo absolutuaren eta botere absolutuaren marra oso fina dela azpimarratu diote, Bilboko kasua gertutik ezagutzen dutelako”. Gogorarazi du hauteskundeetan Azkunak “18 urtez gorako lau bilbotarretik baten babesa soilik” jaso zuela. Hala, ordezkaritza politikoa banatzeko indarrean dagoen sistema kolokan jarri du Ibaibarriagak, “egungo hauteskunde sistemak” udalbatzan gehiengo osoa “eman” baitzion Azkunari, erroldaren %26,75en babesa jaso arren. Oposizioak aurkezten dituen proposamenak “behin eta berriro zokoratzea” leporatu dio Bilboko alkateari, baita “enmiendator” figura sortzeaz ere.

Hitz horrekin, ezkerreko koalizioko zinegotziak modu ironikoan salatu du udal gobernuak osoko bilkuretan izandako jarrera. Izan ere, oposizioaren proposamenak baztertu beharrean, testuei zuzenketak egin, eta ondoren onartu ditu Azkunaren gobernuak proiektu ugari azken hilabeteetan. “Interes handiko gaiei buruz EAJk duen jarrera estaltzeko” modua izan da, Ibaibarriagaren irudiko.

Mespretxua eta plan ezkutua

Bilduk salatu du udal gobernuak “ageriko mespretxuz” jokatzen duela oposizioarekin. Halaber, Ibaibarriagak adierazi du oraindik ez dakitela zein den Azkunaren gobernuak “agintaldi honetarako daukan plana”. “Lehenengo momentutik, Azkunak bere etxea balitz bezala gobernatu du Bilbo”. Koalizioaren ordezkariaren arabera, alkatetzak hiria kudeatzeko duen moduaren barnean “ez du lekurik Azkunak bezala pentsatzen ez duen inork, ezta bestelako hiri eredua nahi duten eta horren alde aritzen direnek ere”. Urte erdi honetan Bilbon jazotako hiru gertakari dira, haren ustez, udal gobernuaren jarrera horren isla nagusiak.

Alde batetik, Errekaldeko Kukutza gaztetxea hustearen inguruan irailean alkateak izandako jokaera dago. “Bertan, Azkunak bultzatutako bortizkeriaren indarra gailendu zitzaion arrazoiaren indarrari; instituzioek baztertuta daukaten auzo baten ilusioari, hain zuzen”. Bestetik, Basurtun irekiko zen meskitari baimena ukatzea aipatu du Ibaibarriagak. “Ordenari buruzko iritziaz baliatuta eta PPren babesarekin, Azkunak iragarri zuen berarena bezalako sinismen erlijiosoa ez duenak eskubide gutxiago izango zituela. Meskita baimenik gabe gelditu zen, non eta eliza katolikoz beterik dagoen hiri honetan”. Azkenik, alkateak igandean ireki zuten dendei emandako babesa kritikatu du: “Ez du galdu aukerarik euren irabaziak soilik lehenesten dituztenak babesteko”.

Hortaz, Bildurentzat “argi gelditu da” zein den Azkunak proposatzen duen hiri eredua: “Eskumakoa, autoritarioa eta parte hartzeari itxia”. Ibaibarriagak esan duenez, Bilduk “aurre egingo dio” hiri eredu horri, “beste Bilbo bat lehenesten duten” eragileekin batera lan eginez.

Rap musika, umorea eta grafitiak, elkarbizitza lantzeko »

Derioko, Larrabetzuko, Lezamako, Loiuko, Sondikako eta Zamudioko udalek Nola egin aurre gatazkei? egitasmoa abian jarri dute, Txorierriko mankomunitatearen bitartez. Helburua da 12 eta 18 urte arteko gazteak elkarbizitzaren alorrean heztea. Horretarak…

Petronorrek erdira jaitsi du produkzioa »

MUSKIZ. Petronor findegiak ia erdira murriztu du produkzioa urtarrilean, krisiak eraginda. Enpresak berak iragarri du orain arte egunean ekoizten zituen 220.000 upeletatik 100.000 ekoizteari utziko diola. Petronorrek ez du jakinarazi neurri horrek lan…

Lur Maiteak salatu duenez, emaitza erabakita eskatu da lindanoari buruzko ikerketa »

Lur Maitearen salaketari jarraikiz herriaren defendatzaileak AENAri eta Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerei erantzuteko, bi erakunde horiek erabaki dute beste ikerketa bat egitea Loiuko aireportuko pista baten buruan dagoen lindano biltegiaren egoer…

“Metal batzuen kontzentrazioa handia da gune batzuetan” »

Ingurumena aztertzeko erabiltzen du kimika Ainara Gredilla kide den EHUko ikerketa taldeak. Credillok itsasadarreko sedimentuen eta uretako metal astunen kontzentrazioa aztertu du aurkeztu berri duen doktore tesian. Gainera, berrikuntza ugari ere ekarri du Credillok; izan ere, metodo tradizionalez gain, “berdeagoak” ere erabili ditu, kimiometrian oinarrituak.

Zein izan da, zehazki, zure ikerketaren helburua?

2008 eta 2011 bitartean Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko metalen kutsadura aztertu dut, bai uretan eta bai sedimentuetan. Nire tesiaren zuzendari Silvia Fernandezek egindako lanaren jarraipena izan da, hark antzeko ikerketa bat egin baitzuen 2005etik 2008ra. Tesiaren funtsa berbera izan da biontzat: metal astunen kontzentrazioa aztertu dugu, baina aplikazio ezberdinak erabili ditugu helburu hori lortzeko. Asmoa izan da kutsadura metalikoaren bilakaera neurtzea espazioan eta denboran; horretarako, hiru hilabetean behin hainbat lagin hartu ditugu itsasadarreko zortzi puntutan, hiru urtez; guztira 32 lagin, bai ibaiadar txikietan —Gobelan, Galindon, Cadaguan eta Asuan—, eta bai jario nagusian jasoak —Zazpikaleetan, Zorrotzan, Udondon eta Arriluzen—.

Horretarako, metodo aitzindari bat erabili duzu.

Egia esan, sedimentuen kasuan, bi metodo erabili behar izan ditut: bai tradizionala, bai alternatiboa. Lagin bakoitza betiko teknikarekin aztertu dugu —hau da, erauzketa erabiliz—, zehazteko zein den sedimentu horietako metal astunen kontzentrazioa. Dena den, teknika espestroskopikoak ere erabili ditut, izpi infragorriak eta X izpiak erabiliz. Bi metodo horien bidez jasotakoa bildu dut gero: metodo tradizionalekin zehazturiko metal astunen kontzentrazioa eta izpiek jasotako informazioa. Biak konparatuz, eta kimiometria aplikatuz, eredu matematiko batzuk zehaztu ditut, formula antzeko batzuk. Hamalau metalen kontzentrazioa aztertu dut, eta beste horrenbeste ekuazio osatu ditut, beraz.

Zertarako balioko dute formula horiek?

Lortutako eredu matematiko horiei esker, hurrengo laginketetan ez da beharrezkoa izango betiko metodoak erabiltzea hartutako sedimentuen metal kontzentrazioa jakiteko; izpien bidez jasotako informazioa aztertu, eta ekuazio matematiko horiek aplikatzea nahikoa izango da. Etorkizuneko ikerketetan baliagarria izango da itsasadarrean garatu dugun metodo berri hori.

Zein dira ohiko metodoen desabantailak?

Normalean erabiltzen ditugun analisi teknikak garestiagoak dira, eta elementu arriskutsuak erabili behar izaten dira; azidoak, adibidez. Izan ere, metodo tradizionalak aplikatzeko erauzketa egin behar da, hau da, sedimentuan dagoen eduki metalikoa egoera likidora pasatu, azken substantzia hori analizatu ahal izateko. Orain, izpien bidezko metodoei esker lortutako eredu matematikoen bidez, laginak jaso eta hamalau metal astunen kontzentrazioa jakin ahalko dugu zuzenean. Horrela, ez da azidorik erabili beharko, hondakin gutxiago sortuko ditugu, eta, gainera, laginak bere propietateei eutsiko die, beste analisi batzuetan erabili ahal izateko.

Itsasadarreko ura aztertzeko ere prozedura bera erabili duzu?

Ez, ikerkuntza eredu berri horiek sedimentuetarako bakarrik garatu ditugu, uraren kasuan matrize konplikatuagoa beharko litzatekeelako. Nire tesian, uraren kutsadura metalikoa ere aztertu dut, baina betiko metodoekin. Sedimentuekin egin dugun moduan, zortzi eremutan jaso ditugu laginak hiru hilabetean behin, itsasgoran eta itsasbeheran, sakonera handietan eta gainazalean.

Itsasadarra gero eta garbiago dagoela diote…

Nire ikerketa taldeak aztertzen eman dituen sei urteetan, kutsadura organikoa alde batera utzirik, ondorioztatu dugu gero eta txikiagoa dela metal astunenen kontzentrazioa. Hala ere, gune jakin batzuetan, metal batzuen kontzentrazioa berez izan behar lukeen baino handiagoa da. Inguruko geologia dela eta, uretan aluminio, kobre eta manganeso asko dago, eta sedimentuetan aluminio, magnesio eta burdina nahikotxo. Sedimentuak aztertuta, berezko balioetatik gora daude eremu batzuetan kadmioa, beruna eta zinka.

Eta zein izan daiteke gehiegizko kontzentrazio horien jatorria?

Historian, industria jarduera handia egon da Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren inguruan, eta nabariak dira jarduera horren ondorioak, sedimentuetan batez ere. Errepidetik ere ailega daitezke metal astunak uretara, euriaren eraginez; eta beste erreka txikiago batzuetatik ere bai.

Horrez gain, eremu batzuetan uretako metalen kontzentrazioa igo egin dela sumatu dugu. Hipotesi bat besterik ez da, baina uste dugu sedimentuen eta uraren arteko mugimendu biogeokimikoen eraginez izan daitekeela; inguruko baldintzen arabera, batetik bestera igaro daitezke metalak.

Zein ondorio izan ditzakete?

Bizidunek metatu egiten dituzte metal astunak, ez dituzte kanporatzen. Itsasadarreko organismoek, beraz, uraren bitartez substantzia horiek jaso, eta ehunetan pilatzen dituzte. Normalean, gaur egun ez ditugu itsasadarreko ostrak jaten, baina, halako animalia kutsatuak janez gero, gizakiarengan ere metatu daitezke metal horiek.

Euskaraz eta ingelesez kaleratu duzu tesia…

Tesiaren bi bertsio egin ditut: bata ingelesez, eta bestea ingelesez eta euskaraz. Gaur egun, zientzian dena argitaratzen da ingelesez, lana errazteko. Baina betidanik euskaraz ikasi dut, eta ahal zen neurrian gure hizkuntzan idatzi nahi nuen. Unibertsitatearen laguntza izan dut horretarako. Atal batzuk euskaraz idatzi ditut, eta horren itzulpena unibertsitateak berak finantzatu dit, baita aurkezpena euskaraz eta ingelesez egin ahal izateko interprete bat ere. Eskertzekoa da; izan ere, ingelesez eta gaztelaniaz egin ohi dira tesiak.

Jarraipenik izango al du zure lanak?

Orain doktoretza osteko beka bat lortu dugu ikerkuntzan espezializatzeko, eta, horri esker, ikertzen jarraitu ahalko dut. Gure asmoa da eratu ditugun eredu matematikoen sendotasuna aztertzea. Beste toki batzuetako sedimentuak hartu, eta lortutako formulak aplikatuko ditugu lagin horietan, kontzentrazio metalikoak zehazteko aplikagarritasuna frogatzeko. Printzipioz, Nerbioi- Ibaizabal itsasadarraren antzeko propietateak dituzten eremuetarako balio beharko lukete gure ereduek. Hori frogatzea izango da hurrengo pausoa: Portugalen, Frantzian, Brasilen, Mexikon, Espainian eta beste toki batzuetan hartutako laginak aztertuko ditugu.

Bizkaiak ez du igoko errentaren gaineko zerga »

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igoko, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarri duenez. Hain zuzen, baieztatu du ez dutela ezarriko Mariano Raxoik iragarritako neurri fiskal hori. Iragarri duenez, Batz…

Bi mende dituen baserri bat okupatu dute Uriosten »

ORTUELLA. Bost gaztek baserri bat okupatu zuten joan den zapatuan, Ortuellan, Urioste auzoan. Jabeek salaketa jarri dute; haserre daude, eta azaldu dute etxeak bi mendeko lotura duela familiagaz. Baserria okupatu duten gazteek 82 urteko familia burua …

Pipermina, kipula errea, olibak eta gazta hanburgerrari »

Egoera ekonomikoak eta lehiatu beharrak bultzatuta, sektore batzuetako eta besteetako profesionalek euren produktuak besteetatik bereizteko ahalegina egin beharra dute garaiotan, eta Bizkaiko merkatarien Bizkaidendak elkarteak eta Bizkaiko harakinen Okelbiz elkarteak produktu berri bi aurkeztu berri dituzte: saltxitxak eta hanburger mota bi. Osagai eta gehigarri erabat naturalak dituzte, eta osasungarriagoak dira, Alberto Izarzugaza Okelbiz elkarteko presidenteak azaldu duenez.

Azti-Tecnalia fundazioa aditua da elikadura ikerkuntzan, eta harekin elkarlanean garatu dituzte produktuok. Aztiko adituek egin dituzte ikerketak, eta dastatze bidez aukeratu dituzte elkarrekin Bizkaiko kontsumitzaileari zein gusta dakiekeen gehien. “Gure ingururako zaporerik aproposena iruditu zaiguna aukeratu dugu”, azaldu du Victor Martinez de Soriak, harakinen elkarteko irakasleak.

Gatz eta koipe gutxiago

Txahal eta txerri okelaz egindako jakiak dira hirurak, baina, osagai naturalak izateaz gain, ohi baino gatz eta koipe gutxiago daukate. Gatzik gabeko jakiaren zaporeari bizigarria emateko elementu naturalak bilatu dituzte, ordea. Hain zuzen, hanburgerrei dagokienez, batak oliba berde eta beltzak, piper gorria eta kipula errea dauzka, Martinez de Soriak zehaztu duenez. Bigarrenari, bestalde, Idiazabalgo gazta eta pipermina gehitu dizkiote.

Lauzpabost dastatze egin zituzten horretarako, “begiak itxita”, Izarzugazaren arabera. Hala ere, osagaiak zeintzuk diren esan ordez, euren nahia bezeroek produktuok dastatu eta zer iruditzen zaien esatea da, Okelbizeko presidentearen esanetan. Horretarako, martitzenean komunikabideen aurrean egin zuten aurkezpen ekitalditxoaz gain, datorren asteko eguaztenean, hilak 18, jendaurrean beste aurkezpen bat egingo dute —Aztiko aditu eta guzti— , Mungian San Antontxu eguneko azoka nagusia izango dutela aprobetxatuta; produktu berriak dastatzeko aukera izango da han ere.

Nutrizio aldetik, hobeak

Nutrizio aldetik ere, gainera, hobekuntza nabarmena izango dela jakinarazi dute. Izan ere, Okelbiz elkarteak emandako datuen arabera, ohiko hanburger batek 100 gramo bakoitzeko 253 kilokaloria ditu, 20 gramo koipe, 17 gramo proteina eta 129 miligramo sodio. Hanburger berriek zazpi gramo koipe daukate, 16,50 eta 19 gramo arteko proteina eta 116 eta 223 miligramo arteko sodio.

Gero eta diru gutxiago dagoela eta herritarren erosahalmena gero eta txikiagoa dela entzutean, “kexatu eta negar egin beharrean”, harago egin nahi izan zuten. “Zerbait berria eta hobea egin behar genuela pentsatu genuen”. Hala azaldu du Izarzugazak. Proiektuagaz bi urte daramate. Jaurlaritzak SPRIren bitartez emandako diru laguntza bati esker osatu dute Aztiren ikerketa, eta, orain, Bizkaiko harategietan erosteko aukera izango da.

Udazkenean irekiko dute erresoluzio handiko zentroa »

GERNIKA-LUMO. Osasun Sailak 2012ko azken hiruhilekoan zabaldu gura du Gernika-Lumoko erresoluzio handiko zentroa. Arduradunek iragarri dute lanak amaituta daudela eta barruko ekipamendua baino ez dela falta. Bermeotik Ondarroarainoko eremua hartuta, 6…