Informatika arloko lan baldintzak salatzeko foroa »

BILBO. Bizkaian informazio eta komunikazio enpresetan lan egiten duten ordezkari sindikalek Adeteik sortu dute, informatikaren arloko langileen baldintzak “gero eta okerragoak” direla salatzeko. Adierazi dutenez, sektoreko langileek “prekarietatea eta…

Turtzioz ere, biomasa planta baten proiektuan sartuta »

Turtziozen, biomasa planta bat eraikitzeko proiektua abiatu dute. Bertako alkate Jose Manuel Coteronek adierazi duenez, bi urteren buruan martxan izatea espero dute.

Tramiteak aurreratuta daude, gainera. Izan ere, planta hori martxan jartzeko prest dagoen enpresa bat aurkitu du udalak. “Enpresa serioa” dela esan bai, baina izenik ez du aurreratu nahi izan alkateak.

Gordon auzoan

Non kokatuko duten ere pentsatuta daukate. Hain zuzen, Gordon auzoko baso inguru bateko eremu zabal batean eraikiko dute azpiegitura, “herri gunetik urrun”. Bertan planta bera eta zabortegi bat jartzeko asmoa iragarri dute, egurra erreta sortutako hondakinak uzteko.

Proiektuak aurrera egin dezan, baina, hiri antolamendurako plan orokorra moldatu behar dute Turtziozen, lursailari industriarako erabilera eman ahal izateko, hain zuzen ere. Udala plan hori moldatzeko lanean ari dela jakinarazi dute, eta bidenabar aldaketa hori jasotzeko asmoa dutela iragarri dute.

Eraikuntza lanei ekin aurretik, baina, planta horrek ingurumenean izan dezakeen eraginari buruzko azterketa ere egin behar dute. Udalak, dena den, tramite horiek guztiak bi urtean amaitzea aurreikusi du.

Ekonomia suspertzeko

Turtziozko Udalak planta horren bitartez herriko ekonomia suspertu nahi du. Hain zuzen ere, egitasmoak aurrera egiten badu, hamalau eta hamasei lanpostu finko bitarte sortuko liratekeela azaldu du alkateak. Izan ere, proiektuaren alde gogora ekarri nahi izan du, bertako eta eskualdeko ekonomiak premiazko konponbideak behar dituela.

Eskualdeko baliabideak aprobetxatu beharrekoak direla uste du Turtziozko Udalak. Horren harira, herrian baso eremu handiak daudela aintzakotzat hartuta —30 kilometro koadroko azaleran 537 pertsona bizi dira—, arbolen hondakinak energia elektrikoa sortzeko erabiltzearen aldeko apustua egin dute. Baliteke, gainera, denbora gutxian Enkarterrin biomasa planta berri bi eraikitzea. Izan ere, Turtziozkoaz gain, Zallako Aranguren papertegia erosi gura duten enpresek antzeko asmoa azaldu dute.

Animalien ordenantzaz, informazio batzar bat »

ELORRIO. Elorrioko Udalak animalien inguruko ordenantza berri bat egingo duela iragarri ondoren, Bildu koalizioak informazio batzar bat egingo du Arriola kultur aretoan, martitzenean, 19:30ean, eta parte hartzera “animatu” ditu Elorrioko herritarrak, …

Zerbitzu gehiago aurten mankomunitateak »

TXORIERRI. Txorierriko Mankomunitateak, iaz baino aurrekontu handiagoa izanik, iragarri du zerbitzu gehiago bere gain hartzeko aukera izango duela. Sondika, Lezama, Zamudio, Derio, Larrabetzu eta Loiu hartzen ditu erakunde horrek, eta 6,46 milioi euro…

Gaueko guardiako farmazia bi kentzea onartu du Eusko Jaurlaritzak »

Arratialdean eta Meatzaldean ez daukate gauetan guardiako farmaziarik zabalik. Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak urtarrilera arte zabalik egoten ziren 18 botiketatik zortzi ixteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, baina hark eskaera horietako bi baino ez ditu onartu.

Elena Artetxe Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko gobernu batzordeko kidearen esanetan, eurek “berrantolaketa bat” planteatu zuten. Urtea hasi zenetik, Arratiako erabiltzaileentzat Basaurin dago botika finkoa —gainera, Zornotzan ere badago gauez guardiako farmazia bat—, eta Meatzaldekoentzat, Sestaon dago gauetan farmazia finkoa.

Gogora ekarri du, gainera, Arratiako bizilagunek anbulatoriora joateko Zornotzara edo Galdakaora joan behar dutela. “Berdin-berdin mugitu behar dute”, esan du. Meatzaldean beste horrenbeste gertatzen dela azaldu du. Hain zuzen, larrialdietako kontsulta bat egiteko Sestaora jo behar dute.

Artetxek iragarri du lanean jarraitzeko asmoa dutela gauetako guardiak egingo dituzten farmaziak hamarrera arte gutxitzeko. Berak botika bat du Markina-Xemeinen. “Hamar botika finko izatea da gure azken helburua”, adierazi du, finkoak izanik, “zerbitzuan hobekuntzak” egiten direlako.

Farmazia finkoen onurak

Sendagaien hornikuntzari dagokionez, adierazi du hobeto antolatzeko aukera ematen duela sistema horrek, farmazia txiki batek zailtasunak izan ditzakeelako. Farmazialarien elkargoaren iritziz, modu bat ere bada erabiltzaileek beti argi izan dezaten guardiako farmazia non dagoen, zalantzarik izan gabe. “Gure azken helburua zerbitzu ona ematea eta denetara iristea da”, esan du Artetxek.

Gainera, azaldu du eguneroko errealitateari erreparatuta egin dutela gauez guardian dagoen botika kopurua murrizteko eskaera. Hain zuzen, Arratialdean, adibidez, “hiru asteko datuak eskuan hartuta, epe horretan guztian 23:00etatik aurrera hiru zerbitzu besterik ez” zuten egin. “Beraz, dauzkagun zerbitzuak errealitateko beharrizanak baino zabalagoak dira sarri”.

Gauez zabalik egongo ziren botiken kopuruak jaisteko asmoaren berri zabaldu zenean, Bizkaiko hainbat herrik protesta egin zuten; tartean ziren Bermeo, Zornotza eta Lekeitio. Izan ere, kontuan izanik larrialdietako zerbitzua 24 orduz dagoela zabalik herriotako anbulatorioetan, ez zitzaien bidezko iruditzen guardiako botikarik ez egotea herrian.

Moldaketak zerbitzuetan

Edozelan ere, Artetxek deritzo informazioa ez zela behar bezala zabaldu. Hain zuzen, jakinarazi du zerbitzuan moldaketa batzuk prestatzekoak zirela murrizketa horiek egiteko. “Errefortzu batzuk jartzen ahaleginduko ginateke. Adibidez, 23:00etara arte egongo lirateke zabalik herri horietako farmaziak”, adierazi du. Izan ere, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak emandako datuen arabera, “denbora tarte horretan joaten da jende gehien farmaziara”.

Bestalde, gogorarazi beharrekoa iruditu zaio zehaztea guardiako farmaziak larrialdietako zerbitzuetarako baino ez direla erabili behar. “Sarri, edozergatik etortzen zaizkigu gauez. Ezin dezakezu 06:00etan txirrina jo belarrietako tapoi batzuk erosteko”, adierazi du. Kexu agertu da: “Ezin dezakegu pentsatu etxe azpian bertan 24 orduz zabalik egongo den botika, harategia edo dena delakoa izango dugunik”.

Urtearen bukaeran, beraz, berriz ere eskaera egingo diote Eusko Jaurlaritzari, botika kopurua murrizteko. Baliteke orain arteko farmazien eremuak berriz aztertzea, besteak beste. Dena den, azaldu du oraingoz ez dutela ezer zehaztu.

“Noren alde lan egin behar dudan ikusten dut balkoitik begiratzean” »

Muino txiki batean dago Sondikako udaletxea. Eraikineko balkoitik herri osoa begi bistan du Iñaki Carro alkateak, baina, batez ere, noren alde lan egin behar duen ikusten duela azpimarratu du; herriaren eta herritarren alde, alegia. Alkatetzan aritu baino lehen, ez zuen inoiz bere burua kargu horretan imajinatu, eta proposatu ziotenean kosta egin zitzaion erabakia hartzea. Dagoeneko hirugarren agintaldian buru-belarri sartuta dago jadanik Carro.

Aireportuari esker entzun izan du jende askok herriaren izena, eta azpiegitura hori izan zen hain zuzen, 50eko hamarkadan herria guztiz itxuraldatu zuena. Carroren arabera, eliza, eskola, azken finean erdialde osoa, eraitsi zen pistak eraikitzeko, eta beraz, Sondika berri bat altxatu behar izan zen. “Garai hartan, nekazari eremuak nagusi baziren ere, gaur egun nortasun hori ia galduta dago;pare bat auzok besterik ez dute mantentzen”.

Bilbotik oso hurbil dago Sondika, eta, Carroren hitzetan, hiriburuarekin ondo komunikatuta dago, gainera. “Trena eta autobusa ditugu bertara joateko, baita inguruko hainbat herritara ailegatzeko ere, Mungiara edo Larrabetzura, esaterako”. Hain zuzen, hori da, alkatearen iritziz, gaur egun inguru horrek dituen desabantailetako bat: kanpotik bizitzera joandako jende askok Bilbon egiten du eguneroko bizitza. “Gertutasun horren eraginez, Sondikak ematen dituen aukera asko ez dituzte antzematen azken urtetan bertora etorri direnek”.

Hala ere, Sondika ez dago hilik, ekintza kultural ugari antolatzen baitira, horietako asko kultur etxean. Eraikin hori da hain zuzen, Carrok bere agintaldian martxan jarri duen proiekturik garrantzitsuenetako bat. “2008an inauguratu genuen, eta bi ludoteka eta auditorium handi bat daude bertan”. Horrela, hiru urte inguru darama udalak astebururo zinema eskaintzen, eta maiztasun urriagoarekin, baina baita umeentzako zein helduentzako antzerkia ere. “Hasieran, ez zen herritar askorik hurbiltzen, halako ekimenetara herritik kanpora joateko ohitura baitzuen jendeak, orain nabaritu dugu gero eta jendetsuagoak direla antolatutako ekintzak”.

Beste ekimen asko herriko elkarteek antolatzen dituzte. Hainbat direla aipatu du Carrok: kirol arlokoak, dantza taldea, bi abesbatza, euskara elkartea… Jaien antolaketa ere, euren esku dagoela dio; udalaren laguntza jasotzen dute, inauteriak zein sanjuanetako ospakizunak egiteko.

Kultur etxeaz gain, azpiegiturei dagokienez, azken urteetan skate pistak ere eraiki dituzte Sondikan, gazteen eskaerei kasu eginez. “Futbol zelaian ere egin ditugu konponketak, belar artifiziala jarri dugu”.

Dena dela, Carrok azpimarratu du eskola publikoa handitu izana dela agintera iritsi zenetik eskuratutako lorpen handiena. “Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua izan arren, udalak laga zizkion lurrak, eta gu ibili ginen bitartekari lanetan”. Gainera, eskolako patioa estaltzeko egitura udalak berak eraiki zuen. “Alkate gisa, proiektu horrek eman zidan poztasun handiena”.

Ekonomiak baldintzatuta

Agintaldi honetarako asmoa haur eskola eraikitzea da: “Proiektua onartuta dago, eta orain lehiaketa prestatzen gabiltza. Espero dugu bi urteko epean amaituta egongo dela”. Horrela, 0-1 urte arteko umeentzako gelez gain, eskolaz kanpoko ordutegian erabiltzeko txokoa, zein adin guztietako umeentzat jolasak izango dituen jolastokia, egongo dira Sondikan.

Dena den, azpiegiturei dagokienez, ez dute lan erraldoirik gauzatuko. Iazko hauteskunde kanpainan, egoera ekonomiko larriaz jakitun, “proposamen errealistak” bota zituztela dio, hirugarren adinekoentzako ariketa egiteko makinak ezartzeko ideia, kasu. Aurreikusitakoak egingarri direla uste du. “Gauza txiki horiek apurka-apurka jarriko ditugu martxan”. Inbertsio handiak egiteko, ordea, Bizkaiko beste hainbat udal bezala, ezindurik daudela azaldu du: “Diru sarrerak jaitsi egin dira, nabarmen”. Baina gaineratu du orain ere jasotzen ari direla krisia heldu baino lehen egindako lanaren fruituak.

Herritarren kezka nagusien artean, krisiak eragindako langabezia, edo etxebizitzaren arazoa alde batera utzita, Sondikan automobilen erabileraren ondorioz sortutako tirabirak badirela aipatu du alkateak. “Aparkalekuak badaude, baina oso erosoak gara: etxe edo taberna aurrean utzi nahi izaten dugu ibilgailua”.

Era horretako edo bestelako kezkak sondikarrengandik zuzenean jasotzeko arazorik ez duela dio alkateak. Berriro dio, oso hurbil sentitzen ditu denak. “Noren alde lan egin behar dudan ikusten dut balkotik begiratzean”. Izan ere, herri txikien xarma hori badu Sondikak, eta elkar ezagutzen dute herritar gehienek.

Euskalduna jauregiak 359.320 euroko superabitagaz amaitu du 2011 »

Bilboko Euskalduna jauregiak 359.320 euroko superabitarekin amaitu zuen 2011. urtea, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Urtea “zaila” izan arren datu “on” horiek lortu dituela azaldu du, gainera, aldundiak. Hain zuzen, gogora ekarri dute…

Irtenbidea noiz helduko zain, lanean »

Urtarrilaren 14an, ateak itxi zituen Durangoko Erralde hiltegiak. Agindua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman zuen, eraikinak gabezia teknikoak zituela argudiatuta. Horrez gain, abereen hilketa lerroan ere egitura akatsak konpondu beharko lituzke Erraldek, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Hiltegia kudeatzen duen elkarteak, EHNE sindikatuak eta Osasun Saileko ordezkariek bilera egin zuten urtarrilaren 18an. Horren ostean, Erraldeko presidente Mikel Ansotegik konpromisoa hartu zuen hiltegia “aste gutxiren bueltan” irekitzea ekarriko lukeen erreforma plana aurkezteko. Asteon —martitzenean— Jaurlaritzako Nekazaritza Sailarekin batzartu ostean, baikor agertu dira Erraldeko ordezkariak etorkizun hurbilera begira. Hiltegiak, baina, itxita jarraitzen du.

Auzia konpondu bitartean, euren abereak hiltzera Erraldera joaten ziren abeltzainak euren aziendak aurrera eramateko behin behineko konponbideak bilatzen dabiltza. Jose Agirregomezkorta Markina-Xemeingo abeltzaina da, eta argi definitu du aurrerantzean bizi beharko duten egoera: “Kilometro mordoa egin beharko dugu”. Abereak hiltegira eramateko denbora tarte askoz handiagoa hartu beharko dutela salatu du. Oraingoz, Oñatiko hiltegira joateko gomendioa eman diete abeltzainei Erraldeko zuzendaritzatik, Durangoko zentroaren lan eredu berbera jarraitzen baitu. Agirregomezkortak azaltzen duenez, irtenbide horrek desabantaila nabarmenak ditu. “Durangora joan-etorria ordu erdian egiten dut; bestera ordu bi ditut, gutxienez”.

Borondate kontua

Erralde berriro zabaltzeari dagokionez, Agirregomezkortak ez du arazo teknikoak konpontzea lehentasun gisa aipatzen; negoziazioetan benetako nahia erakustea da, haren ustez, hiltegia irekitzeko gakoa. “Hemen dena da zaila, baina dena da posible. Dena borondateen araberakoa da. Hemen kontua ez da egoera ona dela edo ez dela. Borondate ona badago, zabaldu daiteke, baina orain arte bezala jarraitzen badute, ez dakit nik”.

Eusko Jaurlaritzak Erralderen auzian izan duen jarreran kontraesana ikusten du abeltzainak. “Gobernuak egokitze lanak egiteko irtenbide bat eman du, baina Osasun Saila izan da hiltegia itxi duena. Bi jarrerak ez datoz bat. Ez daukate argi egin nahi dutena”. Jaurlaritzari sektorean “batere interesik” ez izatea leporatu dio. Krisialdi ekonomikoak arlo guztietan eragindako kaltea onartzen du, baina nabarmendu du alderik makurrena tokatu zaiela nekazari eta abeltzainei. “Sektore guztiak daude gaizki, baina gurea okerren dabilena da. Aurretik ere txarto genbiltzan, baina orain okerrago”. Egoerak ez du “inondik inora” gazteak abeltzain izan daitezen errazten, gainera.

Erralde ixtearen faktura, produktoreez gain kontsumitzaileek ere “ordainduko” dutela adierazi du. “Guk ez dugu gehiago kobratuko, kobratu beharko genukeen arren, baina harakinak okela kanpotik ekartzeagatik ordaindu egin beharko du”. Horrek produktuaren salneurriak gora egitea ekarriko duela uste du. Ohartarazi duenez “okelaren kalitatea jaitsiko da” aberea hiltzera urrunago eramatearen ondorioz.

Berrizen hiltegi berria egiteko proiektuaz ere mintzatu da. “Orain dela bi urte bukatuta egon beharreko azpiegitura da. Aurreko Jaurlaritzak traba asko ipini zituen”. Botere politikoak lehen sektorean interesik ez duela errepikatu du, azkeneko hausnarketa bat plazaratuz: “Behin edo behin euren hutsegiteaz konturatuko dira, baina berandu denean”.

Kudeatzailea, kargutik kanpo

Etorkizuna bermatzen lagundu beharreko erabakiak hartzeaz gain, Erraldeko zuzendaritzak Eneko Egibar hiltegiko kudeatzailea kargutik kendu du asteon.Egibarrek bost urte bete ditu zeregin horretan. Bere esanetan, zuzendaritzak hiltegiak dituen gabezien erantzule egin du. “Hasieratik argi zegoen Erraldek ezin zuela egoera horretan lanik egin. Bi urterako hasi ginen hemen eta azkenean hiltegi berria ere ez da eraiki oraindik”. Ez du Durangoko hiltegia berriz irekiko denik espero. Gainera, negoziazio guztiak “politikoki” egin direla ohartarazi du, bateko zein besteko teknikariak aintzat hartu gabe.

Udaberrian hastekoak dira Gobela ibaiko lanak, Errekaganeko tartean »

Uholdeetako Batzorde Bereziak hartutako erabakiaren arabera, udaberrian hastekoak dira Getxoko Gobela ibaiko lanak, Errekaganeko tartean. Izan ere, Ura ur agentziak tarte horretarako aurkeztutako alternatibetan bigarrena aukeratzea erabaki du batzorde…

Durangon trenbidea lurperatzeko lanak aurten bukatzeko exijitu du EAJk »

“Durangarrei ez zaie azalpenik eman. Ez bakarrik udalari, ez eta herritarrei ere”, salatu du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak (EAJ) herrian trenbidea lurperatzeko Eusko Jaurlaritzak egin beharreko lanen inguruan. “Durangarrok ez dakigu zein izango den lan honen amaiera, noiz bukatuko den, zelan egingo den eta dirurik dagoen edo ez hori burutzeko”, adierazi du.

Juan Antonio Arieta-Arainabeña legebiltzarkide jeltzaleak gogorarazi du Iñaki Arriola Garraio sailburuak 2010eko maiatzean esan zuela lanok 2011ko udan bukatuta egongo zirela. Hala, Arieta-Arainabeñaren esanetan, “data eta aurrekontua aspaldi finkatuta zeuden”. Horiek hala, atzerapena gehiago ez luzatzeko eskatu du. Orain, 2013ra arteko epea jarri dio Eusko Jaurlaritzak bere buruari, baina legebiltzarkidearen esanetan, nahi izanez gero, posible da aurtengo urtea bukatu aurretik lanak burutzea. Beraz, eskaera hori Eusko Legebiltzarrean bertan egin dutela iragarri du.

EAJren BBBko presidente Andoni Ortuzarrek ere babestu egin du salaketa, eta “Bizkaia garraio arloan zigortu” nahi izana egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Ortuzarren esanetan, Bizkaian hainbat garraiobidetan daude arazoak azkenaldian, eta Bilboko Metroa jarri du horren adibide.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du lanak geldirik daudela. Dagoeneko egin beharrekoaren %74 inguru eginda dagoela ohartarazi du, eta lanak moteldu izanaren arrazoiak ere eman ditu: “Proiektuaren dimentsio berriaren eta konplexutasunaren ondorioz, hainbat eta hainbat zailtasun gainditu behar izan dira. Halaber, une honetan jasaten ari garen egoera ekonomikoak herri administrazio guztietan izan du eragina, eta horren ondorioak nabaritu dira obrak amaitzeko epeetan ere”, azaldu du Garraio Sailak.

Aurten lur azpiko geltokiaren lanekin jarraituko dutela iragarri dute, teilatuan batez ere. Horrez gain, Euba-Iurreta zatiko lanekin eta Lebarioko tailerren eta kotxetegien eraikuntzarekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Halaber, aurten burutuko dira Traña-Lebario trenbide zatiko beharrak. Hala, Garraio Sailak datorren urteko udaberri bukaeran edo uda hasieran lur azpiko trenbidearen zerbitzua martxan egotea aurreikusten du.

Lur azpiko trenbidearen lanekin batera, Irigorasek beste salaketa bat ere egin du: “Durangon, azkenaldian arazo tekniko handiak daude trenbideko hesiekin”, gogorarazi du. Izan ere, maiz igaro da trena hesiak goian zeudela.

Metroa, lurpean

Joan den asteartetik, Bilboko Metroaren trenak lurpetik igarotzen dira Getxon, Maidagan ingurutik. Oraingoz, trenbide bakarra dago prest, eta hori erabiliko dute Plentziarako zein Bilborako noranzkoan doazen trenek. Bigarren trenbidea martxo bukaerarako prest egotea aurreikusten du Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Ordura arte, Maidaganeko tunel honetatik trenak motelago igaroko dira. Hala ere, arduradunek adierazi dute ez duela ordutegian eraginik izango. Tunel horri esker, 3.500 metro koadroko gune bat sortuko da, eta eraiki ahal izango da bertan.