“Herri modernoa izan gura dugu, baina gure nortasuna galdu barik” »

Begiratu batean Lemoizko iragana eta etorkizuna ikusteko aukera du Unai Andraka alkateak Lemoizko udaletxeko balkoitik. Alde batean, X. mendeko eliza ikusten du alkateak, iraganeko gertakizunen lekuko isila. Bestean, berriz, 3 eta 12 urte bitarteko ik…

Tresna elektronikoak jasotzeko gune zuria jarri dute Artzentalesen »

Artzentalesko herritarrek dagoeneko ez dute Zallako gune zurira joan behar aparatu elektriko eta elektroniko txikiak birziklatzera eramateko. Izan ere, Enkarterrialde Landa Garapenerako elkarteak herrian bertan jarri du gune zuri bat. Hil guztietako a…

Sufrimenduari izena jarri guran »

Manuel Hidalgo Salas Capitán Hidalgo ezizenez ezagun egin zen Guardia Zibilaren ikasketaburuaren heriotzaren berria iritsi da Ondarroara. Joan den urtarrilaren 13an hil zen. Haren agindupean zeudenak bortizki erabiltzen zituela salatu izan da askotan. Hori dela eta, joan den asteburuan Capitan Hidalgoren eskutik ondarroarrek jasandako tratu txarrak biltzeko ahalegina egin du Ondarroako Historiazaleen Elkarteak.

Garraxika Errepresioaren Ondarroako Biktimen Ahotsa elkarteak jakinarazi duenaren arabera, 1968tik 1978ra bitartean Gernika-Lumoko koartelean izan zen Capitan Hidalgo, komandante lanetan. Bitarte horretan egindako “merituengatik”, teniente koronel izendatu zuen Espainiako Gobernuak.

Bere karguan egon zen urteetan, Ondarroan eta baita Bizkaiko beste herrietan ere, ezagun egin zen hark zuzenean edo haren ardurapean zeuden guardia zibilek egindako tortura eta tratu txarrak direla-eta.

Herriko artxiboa osatuz

Ondarroako Historiazaleen Elkartea duela 11 urte sortu zen, herriko ondarea babestu eta herriko eta herritarren historia jasotzeko asmoarekin. Bitarte horretan, urtekaria eta hainbat dibulgazio lan argitaratu ditu, eta herriko historian oinarritutako jardunaldiak ere antolatzen ditu.

Horrekin batera, 11 urte hauetan egindako lanarekin herriko artxiboa osatzen ari da elkartea. Artxibo horretan herritarrek sortutako material guztia biltzen dute. Capitan Hidalgoren heriotzak lan horretan jarraitzera animatu ditu elkartekoak. Jaso nahi dituzten testigantza horiekin Historiazaleen Elkarteak argitaratua duen Euskal Historiaren bildumako Gernikako seme-alabak liburuan jasotakoa osatu nahi dute.

Jasotako informazioa Ondarroako errepresioaren mapa osatzeko erabili gura dute. Mapa horren lehenengo atala argitaratutako liburuan atxilotu eta torturatutako ondarroarren zerrendarekin kaleratu dute. “Hasitako lan hori osatu nahi dugu; atxilotu bakoitzak sufritu zituen tortura eta tratu txarrak gehituz. Horrela, Euskal Herriaren memoria osatzen joango gara”, diote elkarteko arduradunek.

Esperientziak biltzeko, zuzenean elkarteak Ondarroako ikastola kalean duen lokalera joateko deia egin dute, eta bertara joan ezin duenarentzat kontaktuan jartzeko telefonoa (685-75 73 84) eta helbide elektronikoa (ohzaleak@hotmail.com) jarri dituzte eskuragarri. Ondarroatik kanpoko jendeak ere gai honekin lotura duen zerbait gehitzeko izanez gero, aurretik aipatutako bide berak erabiltzeko deia egin dute, eta beldur barik kontaktuan jartzera animatu.

Izen-abizenen bila

Gernika-Lumoko Udala, bere aldetik, 1937ko apirilaren 27ko bonbardaketaren biktimen zerrenda osatu guran dabil. Gertatutakoa ez ezik, nortzuek sufritu zuten ezagutzeko asmoz, biktimen izen-abizenak bildu nahi dituzte 75. urteurrena betetzen denean. Gernika Gogoratuz eta Gernikazarra elkarteak ibiliko dira zeregin horretan. Gaur egun, ez dago zehaztasunik bonbardaketa hark eragindako biktima kopuruaren inguruan. Zerrenda osatu ahal izateko, hildakoen eta zaurituta suertatu zirenen etxekoen, ezagunen eta lagunen laguntza eskatu dute.

GUFEren menpeko zentroetako murrizketak salatu dituzte »

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen murrizketak salatu dituzte sindikatuek. GUFEk, hain zuzen, babesa eta zerbitzua ematen die Bizkaian beharrizan gehien dutenei, eta, besteak beste, hirugarren adinekoen egoitzetan, tutoretza duten umeen etxebizitzetan eta minusbaliotasuna duten pertsonen egoitzetan lan egiten du. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen arabera, GUFEk nabarmen murriztu ditu alor horietan langileen ordezkapenak. Hain zuzen, gogora ekarri dute egindako lehenengo murrizketa %25ekoa izan zela. 2012rako Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua aintzat hartuz gero, kopuru hori %34ra arte areagotuko dela salatu dute.

Hori dela eta, langile bat gaixotuz gero edo oporrak hartuz gero sortzen diren gabeziak neurri handi batean ez direla betetzen salatu dute sindikatuek. “Horren ondorioz, behargin faltagatik, zerbitzu publikoa bete gabe geratzen da”, esan dute.

“Oso deigarria da”, salaketa egin duten lau sindikatuen arabera, “eguneroko langile kopurua GUFEk berak gutxiengoak ezarri behar dituenean —grebetan, esaterako— jartzen dituenak baino txikiagoa dela”. Horren aurrean, falta diren beharginak ordezkatzeko langilerik ez dutela kontratatzen adierazi dute.

Kaltetua, erabiltzailea

Langile falta horren ondorio nagusiak erabiltzaileek eurek pairatzen dituztela ekarri dute gogora. Hain zuzen, murrizketa horiek sortzen dituzten egoera batzuk plazaratu dituzte, besteak beste, adineko pertsonak ezin dutxatu izatea, umeei eskola orduetatik kanpoko jarduerarik bermatu ezin izatea, urritasunen bat duten umeei irteerak eta txangoak egiteko aukerarik eman ezin izatea eta instalazioak behar bezala garbitu ezin izatea.

Gogora ekarri dute ordezkapenak behar bezala ez egiteak “lan karga” dakarkiela lankideei. Horrez gain, salatu dute aldundiko agintariek euren pribilegioak ez dituztela kentzen eta murrizketek, gainera, enplegua galarazten dutela.

Supersur aurreikusi baino gutxiago erabiltzen da »

BILBO. Bilboko hegoaldeko saihesbideak Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi baino erabiltzaile gutxiago dituela jakinarazi du Bilduk. Hain zuzen, gutxi gorabehera, egunean 11.515 ibilgailuk erabili dute errepidea, eta 23.700 espero zirela ekarri du gogo…

“Enduro lehiaketa garrantzitsua izango da ostalaritza sustatzeko” »

Bizitasun handiko herria ikusten du Iker Belaustegi Munitibarko alkateak udaletxeko balkoitik begiratzen duen bakoitzean. Hiru eskualde lotzen ditu Munitibarrek, eta horrek zalantzarik gabe herria ezagun egiten lagundu eta, aldi berean, bizitasun hand…

Bilduk mugikortasun irizpideak berrikusteko eskatu dio aldundiari »

Arratia, Busturialdea, Uribe Butroe, Lea-Artibai eta Durangaldean Bilduk dituen hautetsiek azken urteen mugikortasunean erabili dituen irizpideak aldatzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. “Egoera sozioekonomikoa latza da, eta gure eskualdeetan mugikortasunean zein errepideetako segurtasunean hutsune handiak daude. Orain urte batzuk erabaki ziren hainbat inbertsioren gainean planteamendu berriak egitea nahi genuke”, ohartarazi diote.

Duela urtebete onartu zen Bizkaiko Errepideen Plan Sektoriala. Koalizioak gogorarazi du orduan baino egoera ekonomiko “okerragoa” daukagula. Hala, aurreikusitako guztia betetzeko gaitasunaren inguruan “zalantza” agertzeaz gain, “ezinbestekotzat jo izan dituzten bestelako azpiegiturek” —Bilbo hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak— “porrot” egin dutela salatu dute.

Errepide ardatzei dagokienez, hautetsioi iruditzen zaie aukeraketa “irizpide politikoak” aintzat hartuta egin dela. Diotenez, udan eraikitzen hasiko diren errepideek ez dituzte inguru horietako arazoak konponduko. Gerediaga-Elorrio errepideak “ingurumen eragin izugarria” izango du, Bilduren iritziz, eta, ez dute argi “N-636 errepidearen zirkulazio bolumena jaitsiko denik”. Autzaganeko errepidearen kasuan, tunela egitea gaitzetsi dute, eta errepidea trenbidearen paretik egiteko eskatu. Bermeoko saihesbideak, azkenik, ez du herriak duen zirkulazio arazoa konponduko, Bilduren ustetan.

Gainera, kanpoan utzi diren inguruek segurtasun eta zirkulazio arazoekin jarraituko dutela nabarmendu dute. “Herriguneak zeharkatzen dituzten errepide arriskutsuak edo zirkulazio astun asko hartzen dituzten berrikusi eta konpondu behar dira”. Hautetsiok euren eskualdeek duten garraio publiko hobearen beharraz ohartarazi dute; batez ere, tren zerbitzu hobearen premia azpimarratu dute.

Koalizioaren iritziz, foru aldundiak “herrien lekuan jartzen” jakin behar du. “Guztion artean garatu eta adostu behar dugu Bizkaiko mugikortasun politika”.

Foru Aldundiak “irizpide teknikoen arabera” hautatu ditu egingo diren errepideak »

Itziar Garamendi Bizkaiko Diputazioko Herri Lan eta Garraio diputatuak aurreikusitako errepide ardatzetako batzuk zergatik atzeratu dituzten azaldu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, Herri Lan eta Garraio Batzordean egindako agerraldian. “Krisi ekonomikoak etenik ez duelako eta aurrerantzean zer gertatuko den ez dakigulako, hartu behar izan dugu halako erabakia”, jakinarazi die batzarkideei. Hiru proiekturekin uda honetan bertan hastea eta beste hirurak gerorako hustea, ez dela auzazko erabakia izan ohartarazi du ahaldunak: “Irizpide teknikoak erabili ditugu lehentasunak ezartzeko orduan”.

Garamendiren esanetan, hainbat kontu hartu dituzte kontuan. Lehenik, errepide horrek zerbitzu emango dion herritar kopuruari erreparatu diote. Bigarrenik, eskualdeak duen jarduera ekonomikoa zenbatekoa izan da irizpidea. Inguru horretako errepideen pertsona zein zama zirkulazioa ere aintzakotzat hartu dute. Hala, horiei denei erreparatuta, diputazioak ondorioztatu du “premia gehienekoak” direla Gerediaga (Abadiño) eta Elorrio arteko errepidea, Zornotza eta Muxika Autzaganeko tunelaren bidez lotuko dituena eta Bermeoko saihesbidea.

Oposizioa ez dago ados. PSE-EEk, kasurako, irizpide politikoa erabili dutela egotzi dio Garamendiri. Hala, Ermuko saihesbidearen lanak atzeratzeko “arrazoi bakarra herriko alkatea alderdi sozialistakoa” izatea dela leporatu dio Paulino Colmenero bozeramaile sozialistak. Diputatuak barik, talde jeltzaleko bozeramaile Nerea Ahedok erantzun dio salaketa horri: “Halako irizpidea jarraitu izan balitz, beste errepide ardatz batzuk ere ez lirateke egingo. Nork du, ba, agintea Gernika-Lumon edo Bermeon?”. Ahedoren esanetan, Colmenero “Ermuko saihesbideaz baino ez da kezkatzen, herriko alkatetza dutelako”. Haren irudiko, Bizkaiko gainontzeko errepideei sozialistek “ez diete kasurik egiten”.

PPren bozeramaile Jesus Isasik gogor kritikatu du, beste behin, erabakia. Haren esanetan, errepide ardatzek ekonomia sustatuko dute. “Eraikiko ez badira, ez dugu ekonomia berriz piztuko, eta lehengo krisi egoera berberean jarraituko dugu”, agertu du kexua. Gainera, aurreikusita zegoena ez betetzea, “seriotasun falta larria” dela iruditzen zaio Isasiri: “Herrialdeko Errepide Plan Orokorra alderdi politiko guztien [aurreko legegintzaldiaren bukaeran] adostasunarekin onartu zen, denak batera egiteko konpromisoa hartu zuelako aldundiak”. Gainera, aurtengo aurrekontuen eztabaidan plana bere horretan gordeko zela esan zietela leporatu dio Garamendiri; “hain zuzen ere, errepideen erdia ez dela egingo jakinarazi baino hiru aste lehenago baino ez”. Diputatuak ukatu egin du akordioa hautsi dela: “Erritmoak aldatu ditugu, besterik ez”.

Isasik, gainera, inprobisatzen ibiltzea leporatu dio. Horren adibide jarri du Getxo eta Leioa arteko korridorea: “Ez zegoen planean jasota, ez du aurrekonturik ezarrita, eta bi urte eta erdiz maketa hutsa izango da”.

Bilduko bozeramaile Joseba Gezuragak diputatuari ohartarazi dio finantzaketa arazoak plan osoa berriz egituratzeko aprobetxatu behar izan dela. “Batzar Nagusietara ekarri behar zenuten auzia, denon artean plan berri bat osatzeko, eta ez foru aldundiaren nahien arabera moldatu”.

Zierbena farmazia barik gera daiteke martxotik aurrera »

Zierbenako herritarrak farmazia zerbitzurik gabe gera daitezke datorren martxotik aurrera. Izan ere, gaur egun Bilboko Elizbarrutiarena den lokal batean dago herriko farmazia. Gotzaitegiak, baina, alokairu kontratua bukatutzat eman duela jakinarazi di…

Erabilera adosteko unea »

Azkenean ez da luxuzko hotelik ez antzekorik eraikiko. Getxoko Horacio Etxebarrietaren galeriak —Punta Begoñako galeriak modura ezagunagoak— herritarren erabilerarako zaharberrituko ditu udalak. Imanol Landa alkateak iragarri duenez, “lehen mailako baliabide turistikoa” izango dira aurrerantzean. Modu horretan bukatuko da hainbeste urteko auzia.

Galeriak egoera txarrean daude, oso kaltetuta. Zaharberritze lanak hainbeste luzatu izanak kostuak handitu ditu, eta Barcelo kateari ez zaio errentagarri hotela eraikitzea. Hala, kateak utzitako 1,2 milioiak erabiliko dira, besteak beste, konpontze lanak egiteko. Izan ere, 8,6 milioiko bermea ordainduta zeukan. Gehiena berreskuratu egin du, baina aipaturiko kopuru hori galdu egin du. Bizkaiko Foru Aldundiak beste bi milioi jarriko ditu lanok egiteko. Oposizioak alkatea egin du gatazka horren erantzule.

Adibidez, PPko zinegotzi Marisa Arruek salatu du “garesti” atera zaiela egitasmoa getxoztarrei. “Galeriak lehengoratzeko aprobetxatu ahal izan ditugun bost urte galdu ditugu. Horren ondorioz, erortzeko zorian geratu dira”, ohartarazi du. Penatu egin da, hala ere, herrian egitekoak ziren proiektu pribatu handiena bertan behera geratu delako.

Dena dela, poztasuna agertu du Bilduk, publiko izaten jarraituko dutelako. Horri lotutako aldarrikapen indartsua egon dela gogoratu du Maitane Nekaran zinegotziak, eta koalizioko hautetsiek hala izan dadin erabakiak gertutik jarraituko dituztela iragarri du. PSE-EEko zinegotzi Luis Almansaren esanetan, Landa alkateak hasieratik jakinarazi behar zien hotelaren jabeei galeriak egoera txarrean zeudela: “Horrek eragin du, batez ere, proiektuaren porrota”.

Erantzukizunak erantzukizun, aurten lan txiki batzuk egingo dituztela iragarri du Getxoko Udalak. Argi utzi dute ez dagoela erortzeko arriskurik, baina, zatiren bat edo beste egituratik aska daitekeenez, horrelakorik gertatzea eragotzi nahi dute aurtengo konponketa horiekin. Gerora, zaharberritze sakonagoa egin beharko litzateke, baina ez dago ezer zehatzik finkatuta. “Paper kontu asko egin behar dira zaharberritze zientifikoa egin ahal izateko”, ohartarazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Ia ehun urteko historia

Horacio Etxebarrieta getxoztar dirudunak XX. mende hasieran jasotako etxaldeari eusteko eraiki ziren 1918an. Ricardo Bastida arkitektoak zuzendu zituen lanak. Mendixka ez zela hondartzara eroriko ziurtatzea: hori zen horma berezi honen egitekoa. Inguruari ez zitzaion edertasunik kendu nahi izan, eta Etxebarrietak elementu dotorea eraikitzeko eskatu zuen.

Etxebarrietaren ondorengoek etxegintza enpresa bati saldu zioten etxaldea 1973an, etxeak eraikitzeko. Orduan desagertu zen Etxebarriatarren etxea. Galeriek, ordea, gaur egunera arte irautea lortu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, ondare historiko eta artistiko izendatu zituen.