Poesiako eta ikus-entzunezko lanek ere izango dute Lauaxeta saria »

Lauaxeta sariak aurten berritasunak izango ditu. Ohorezko Lauaxeta sariaz gain, poesiako eta ikus-entzunezko sariak ere emango dituzte. Hala iragarri dute Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Miren Dobaran euskara sustatzeko zuzendariak.Lauaxeta Oh…

Herri alarguna, egiatik egina »

Ez da argazkirik jasotzerik, ezta lekukoen testigantzarik ere; baina ez da hori arrazoi nahikoa 1912ko enbata oroimenetik ezabatzeko; ez, behintzat, Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako herritarrenetik.

1912ko abuztuaren 12a zen. Ohi bezala, Bizkaiko kostaldeko arrantzaleak itsasora joanak ziren, familia eta lagunak atzean utzita. Baina ez zen gainerako egunak bezalakoa izan abuztuaren 12 hura, ez arrantzaleentzat, ez haien familientzat. Gauarekin batera, XX. mendeko hondamendirik handiena ailegatu zen arrantzale bizkaitarrak zeuden tokira. Hala, 1912ko enbata esaten zaion horrek 142 arrantzale eroan zituen: horien artean, 116 bermeotar, 16 lekeitiar, 7 elantxobetar eta 3 ondarroar.

Galernaren istorio ezezaguna

Ehun urte igaro dira geroztik. Nahikoak ez, herritarrek tamaina hartako zoritxarra ahaztu ahal izateko. Egun horretan herria “alargun” geratu zela dio Jabi Elortegi zinema zuzendari bermeotarrak. Emazteak alargun, emaztegaiak ezkontzeko atarian, haurrak umezurtz… Hala deskribatzen du Elortegik Bermeon, Elantxoben, Lekeition eta Ondarroan zorigaitz haren ondorioz bizi izan zutena. Baina bermeotarrak dio hainbat herritarrek ez dutela egoera haren berri. Hori dela eta, ezbeharraren 100. urteurrena aprobetxatuz, itsasoan bizia galdu zutenen eta portuetan zain geratu zirenen istorioa kontatzera ausartu da zinema zuzendaria.

Ordubete iraungo duen dokumental baten bitartez kontatuko du abuztuaren 12 hartan gertatutakoa, 1912ko enbataren hurrengo egunetan egunkarietan agertutako albisteekin eta lekukoen testigantzekin, zenbait historialariren berbekin, inoiz itsasoan zorigaitzen bat sufritu dutenekin eta abarrekin sortuko du Elortegik filma. Garai hartako argazkirik ez du inondik aurkitu zinema zuzendariak: “Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ezta Frantzian ere”. Filmoteka askotan bilatu duen arren irudirik ez dagoela esan du: “Alfontso XIII.a erregea Bermeora etorri zeneko argazkia besterik ez”. Hortaz, argazkien faltan, istorioa berritzeari ekingo dio Elortegik Pausoka komunikazio enpresarekin batera. Horretarako, aktoreek ere izango dute euren rola filmean. Gertaerak berritzea posible izan dadin, Zokoako (Lapurdi) Brokoa txalupa erabiliko dute. Izan ere, Elortegik azaldu duenez, 1912koen “ia-ia berdina da”.

Hartara, egun hartan itsasoan nola ibili ziren, nola arrantzatu zuten, gaua heltzearekin batera nola galernak arrantzaleak harrapatu zituen eta abar kontatzen saiatuko da bermeotarra. Ez da lan erraza izango; izan ere, aktoreak ezin daitezke itsaso txarrarekin uretaratu, eta, beraz, ezin daiteke grabatu. Horregatik, olatuak egitea posible izango den igerileku bat lortzen saiatuko da zinema zuzendaria. Euri efektua ere egin beharko dute egun hartako gertaerak eraikitzeko, baita haizagailuak erabili ere.

“Istorioa bizi zuenik ez dagoenez, nahi izan dut beste urte batzuetan antzeko gertaeraren batean izan denak kontatzea”, dio Bermeoko zuzendariak. “Emozionalki arreta handiagoa eskuratu nahi dut”. Horregatik gura du gaur egun itsasoan galdutako batek kontatzea itsasoan zer sentitzen den. Izan ere, Elortegiren ustetan, “ehun urte igaro diren arren, garai hartan uretara erortzea zein gaur egun erortzea gauza bera da”.

Dokumental bat den heinean, egiaren bitartez kontatuko dute istorioa Elortegik zuzendutako filmean; “egiatik egindakoa eta emozionalki gogorra” izango da. Itsasora joatea zer zen azalduko dute hor, baina baita emakumearen rola zein zen ere: herrian nola geratzen ziren senarraren edo bikotekidearen zain, haien pentsamenduak zeintzuk ziren, nola aurrera ateratzen zituzten seme-alabak eta etxea…

Itsasora joatea bizitzeko eratzat jotzen du Elortegik, eta, horregatik, bizitzeko modu hori aukeratzen duten arrantzale guztiei omenaldia egiteko aprobetxatuko du filma. Elortegi zinema zuzendaria da, baina haren aita eta aitona arrantzaleak izandakoak dira. Horregatik, emozionalki, 1912ko enbataren dokumentalak biziki lotzen du Elortegi.

Trailerra aurkeztu dute

Dokumentalaren trailerra grabatzen aritu dira azkenaldian Elortegi eta harekin lanean dabiltzanak, eta, orain, egindako lana erakusteko garaia iritsi zaie. Hain zuzen ere, Galerne: The unknown storm (Enbata: ekaitz ezezaguna) izenburupean aurkeztu dute Canneseko jaialdian (Frantzia). Bitartean, gidoia egiteari eta dokumentazio lanari heldu diote. Grabaketa lanekin, berriz, maiatzean hasteko asmoa dute, abuztuan dokumentala estreinatu ahal izateko.

Bermeotarrak esan du herritarren parte hartzea garrantzitsua izango dela dokumentazio lan horietan jarduten duten bitartean. Horregatik, inork galernaren inguruko informaziorik izango balu —filmen bat, dokumentazioa, egunkariren bat, argazkiren bat…—, asko eskertuko luke Elortegik.

Telebistan, zinemaldian, jaialdiren batean edo beste edonon aurkezten dutela ere, dokumentala beste leku batzuetara ere eraman nahi du Elortegik. Denengana ailegatu gura du. Ahalik eta oihartzun handiena lortzea du helburu: Titanic itsasontziaren istorioak sortutako jakin-min eta oihartzun bera, alegia.

Zelaak “sakon” aztertuko ditu ikastetxeen izen aldaketak »

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “sakon” aztertuko ditu Basauriko Lope de Vega eta Velazquez ikastetxeek izenak aldatzeko aurkeztu dituzten arrazoiak. Izenak aldatzeko erabakia “hezkuntza irizpide” bati jarraiki edo “nortasunarekin edo hezkuntzaren eraginkortasunarekin eta balioarekin zerikusirik ez duen beste arrazoiren bategatik” hartu den aztertzea da Isabel Zelaa buru duen sailaren helburua.

Polemika sortu dute Basauriko bi ikastetxe horietako eskola kontseiluek aho batez harturiko erabakiek. Lope de Vega Bizkotxalde deitzea nahi dute, eta Velazquez, berriz, Soloarte. Eusko Legebiltzarrera iritsi da zenbait herritarren ezinegona UPD alderdiaren ahotik. Gorka Maneiro legebiltzarkidearen ustez, eskola kontseilu bietako proposamenak “zentzugabekeria” dira eta helburua “espainiar izate hutsagatik pentsaera ilustratuaren aztarna oro ezabatzea” da.

Tramite “hutsa”

Orain arte, ikastetxe baten izena aldatzeko prozesuak ez du era horretako polemikarik sortu, eta erraz egiten zen bidea. Ikastetxeko eskola kontseiluak bertan erabakitako izen berriaren proposamena Hezkuntza Sailari bideratzen zion, eta horrek oniritzia ematen zion zuzenean. “Ikastetxeen erabakia, orain arte, ez da atzera bota. Normalean, tramite hutsa izan da hori Hezkuntza Sailean”, jakinarazi du Hezkuntza Saileko prentsa arduradun Gorka Azkorbebeitia.

Ikastetxe baten proposamena atzera botatzeko arrazoi bakar bat egon izan dela ekarri du gogora: “Herri berean ezin daitezke egon izen bera duten bi ikastetxe. Hori izan da arrazoi bakarra”. Eta Basauriko bi ikastetxeen kasuetan horrelakorik ez dela gertatzen ohartarazi du.

Ezezkorik ez, orain arte

Hala ere, esan du orain artean ez dela gertatu Basaurikoen pareko kasurik: “Izen aldaketak ez dira era honetakoak izan; gazteleratik euskarara aldatu dira, edo toponimo baten ordez, beste bat jartzen zuten. Orain artean, baina, ez dute kultura munduko izen bat kendu eta toponimo bat jartzeko proposamena egin”. Hezkuntza Sailak, dena den, ez dio inoiz ezezkoa eman izen aldaketa bati.

Bi ikastetxeok ez dute ulertzen Basaurin gertatzen ari dena. “Hezkuntza ordezkaritzakoek bere garaian esan ziguten eskola kontseiluak aho batez onartu behar zuela proposamena eta gero udalak osoko bilkuran onartu behar zuela. Guk haiek agindutako prozedurari jarraitu diogu”, esan du izena ezkutuan gorde nahi izan duen Lope de Vega ikastetxeko irakasle batek.

Toponimoak aukeratu dituzte bi ikastetxeek izen berrietarako. Lope de Vegaren kasuan, Bizkotxalde proposatu dute. “Bizkotxoalden gaudelako”, arrazoitu du bertako irakasleak. “Eskola kontseiluaren proposamena toponimoak erabiltzea zen, besterik gabe. Azken finean, izen toponimoak aseptikoak direla uste dugu, beraz, ez diote inori minik emango. Pertsonaia publiko baten izena proposatuz gero —nahiz eta pertsona hori herrikoa bertakoa izan— batzuei ez gustatzea gerta zitekeela pentsatu genuen. Toponimia erabilita, ostera, inori minik ez ziola emango uste genuen”, azaldu du.

Gogora ekarri du, gainera, ikastetxeak bi eraikin dituela: batetik, Haur Hezkuntzarako izango den eraikin berria egingo dute, eta, bestetik, eraikin nagusia Bizkotxoalden dagoena da. “Eraikin hau berria da; izan ere, Lope de Vega zena eraitsi egin zuten”, adierazi du irakasleak, izena aldatzeko proposamenaren arrazoia azalduz.

Velazquez ikastetxearen kasuari buruz mintzatu zen Zelaa, bestalde, Eusko Legebiltzarrean. Ikastetxe horretan lau izen desberdin fusionatzen direla ekarri zuen gogora: Bidebieta, Cervantes, Velazquez eta San Fausto. Hezkuntza gune berri bat eratu denez, “beste izen bat merezi du, zalantzarik gabe”, esan zuen. Izan ere, Velazquezen dauden ikasle eta irakasle erdiak bertakoak dira, eta beste erdiak, Bidebieta institututik joandakoak. Fusio horren ondorioz aldatu nahi diote izena.

Udalaren babesa

Basauriko Udalak oniritzia eman die eskola kontseiluetako proposamenei. EAJren eta Bilduren babesa jaso dute ikastetxeetako erabakiok. PSE-EE eta PP alderdiak, aldiz, proposamenaren kontra agertu dira. Ikastetxe publikoek orain arte zuten izena aldatzerik nahi ez duten biztanle batzuk ere badaude. Orain arteko izenei eusteko eta aldaketarik ez egoteko sinadurak biltzeko prozesua abiatu dute herritar horiek.

Gorbeialdek onartu egin du Arratia-Nerbioi ekonomikoki garatzeko plana »

Landa garapenerako Gorbeialde elkarteak onartu berri du Arratia-Nerbioi eskualdearen garapen ekonomikoa sustatzeko plana. Lehen sektorea indartzea helburu duten hamazortzi neurri biltzen ditu 2012an abiaraziko den egitasmo horrek. Gorbeialdeko kudeat…

Arrazakeriarik Gabeko Eskola saria eman diote Barakaldoko Zuhatzuri »

Arrazakeriarik Gabeko Eskola saria jaso zuen joan den ostiralean Barakaldoko Zuhatzu ikastetxeak. “Desberdinen arteko elkarbizitzaren alde egindako lanak” saria izan duela deritzo Barakaldoko Udalak, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Lan horri esk…

Hamabost urte Bilboko uhinetan »

Euskarak Bilboko hedabideetan zuen presentzia eskasa gainditzeko asmoz sortu zen Bilbo Hiria irratia. Aurtengoa urtemuga berezia da hedabidearentzat, hamabost urte bete baititu. Denbora horretan guztian, hiriburuko eta inguruko euskal entzuleei uhinet…

“Gauden zulotik ateratzen nahikoa behar izango dugu” »

“Sorpresa”. Urduñako alkate izatearen albistea hala laburtzen du Karlos Arranz bilbotarrak (Bilbo, 1981). Leioa, Bilbo, Sondika eta Orozko herriak izan ditu bizitoki, baina Urduñak geratu du haren joan-etorria; edo, abiarazi. Turistentzat atseden hartzeko herria bada ere, Arranzentzat guztiz kontrakoa da; “beste leku batera joan behar dut erlaxatzera”.

Foru plazako iturri barruan hasi zuen alkate ibilbidea: “Lau urte daramatzat herrian, eta nire bataioa izan zen, Bilduk alkatetza gehiengo osoz lortu zuela ospatzeko”.Udalari eta herriari denbora emateak seme-alabekin egoteko astia kentzen dio: “Duela gutxi izan naiz aita bigarrenez; dena pilatzen ari da”.

Esaera zaharrak dioen gisan, herri txikia infernu handia dela pentsatzen du. Ez, ordea, herritarrengandik, langileak egon arren liberatu bakarra denez erabakitzeko zama guztia harengan geratzen delako baizik.

Udala ekonomikoki “egoera latzean” eta estrukturalki “antolatu gabe” aurkitu du. Izan ere, dioenez, aurreko gobernu taldeak sei milioi euroko zorra utzi die herentzian. Haatik, salaketa publikoa egin baino gehiago, herritarrei egoera jakinarazi dietela dio. “Arazoa estrukturala da; ontzia nora zihoan duela hamar urte ere ikusten zen, baina aurreko gobernuek ezkutatu egin dute”. Arranzen ustez, gardentasuna ezinbestekoa da; “akatsak ez dira ezkutatu behar, identifikatu, kaleratu eta konponbidea bilatu baizik”.

Aitortu duenez, udaletxea lantoki bihurtu arte ez da jakiten kudeatzea zer den. Eguneroko beharrak erakusten du lana zer den eta nola egin behar den.

Lehen urtea barne antolamendua definitzen eta plan estrategikoa egiten pasa du: “Gauzak antolatu, barneko baliabide ekonomikoak finkatu eta plangintza zehaztea da gure erronka”. Errealista izan behar dela dio. Eta ez zaiola gustatzen aurrez herriari ideia finko bat proiektatzea, ikuspuntu eta bide berriak baztertzen baititu horrela jokatzeak.

Epe labur eta luzerako helburuak plan estrategiko batean txertatu ditu: “Gauzak norabide batekin egin behar dira. Zer gertatuko den auskalo! Udalera iritsi garen garai hau oso gogorra da”.

“Zelako Urduña behar du herriak?” galdera herritarrekin landu beharrekoa da, haren iritziz. Horregatik, hainbat batzorde osatu dituzte. Horien artean daude berdintasun eta jai batzordea, zeini Otxomaio festak antolatzeko dirua eta botere osoa eman dioten. Hala ere, ez du uste jaietan parrandarako aukera askorik izango duenik: “Orain beste era batera gozatu behar ditut”.

Lantegiak hilda, kezkak bizirik

Azken urteetan, Urduñako industrialdeko enpresa gehienek porrot egin eta ateak itxi dituzte. “Oso zaila ikusten dugu enpresa handi bat etorri eta 200-300 lanpostu sortzea. Herriko enpresa handiena udala bera eta zaharren egoitza dira, 20 eta 30 langilerekin”. Giltza herritarrengan egon litekeela sinesten du: “Nekazaritza eta abeltzaintza oso garrantzitsuak dira. Ezetz ematen du, baina produktu horiek bigarren sektore bilaka daitezke. Haragia bada jatorrizko produktua, saltxitxak salduko dituen industria edo denda ireki daiteke”.

Argia ikusteko jarrera pasibotik aktibora pasa behar dela garbi du Arranzek. “Norbaitek lana eskaintzeko zain egoten gara, baina edonork lana egiteko zerbait eman dezakeela ahazten zaigu”, erantsi du.

Golf zelaia garestia zela eta, zerbitzua bertan behera utzi du udalak. Ortu ekologikoek, aldiz, aurrera darraite. Izan ere, naturari errespetuz begiratzen dio: “Hirigintzan, gauza berriak egin baino gehiago, dagoena zaindu eta berritu behar da”.

Alabaina, ez du baztertzen inbertsio berriak egitea. Horren adibide da udal jantokia. Aurreratu duenez, Urduñan aktiboki dauden jantoki kolektiboak zerbitzatzeko izango da: nagusien etxea, eskola… Hala ere, proiektu handiena herrian antolakuntza eta oreka bilatzea izango dela azpimarratu du: “Proiektu asko dauzkat buruan, baina ez dira errealak. Zulotik ateratzearekin nahikoa lan dugu”.

Elkarlana gidari

Herriak ala alkateak nork agindu behar duen galdetzean, “agindu” hitza ez zaiola gustatzen dio. Bakoitzak bere zeregina duela iruditzen zaio. “Herritarren iritzia kontuan hartu behar da, baina politikariona da ardura edo erantzukizuna”, gehitu du.

EITBko Vaya Semanita programan ez bezala, herri galdeketak ezin direla etengabe egin esaten du: “Azken erabakia eguneroko gauzetan politikari edo alkatearena da, ez herriarena. Herriak hauteskundeetan erabaki du udalean zein agintari nahi duen eta lau urteetan zein programa garatzea nahi duen”. Udala bideratzeko irizpidea politikari eta herritarrek elkarlanean jardutea da Urduñako alkatearentzat. “Ez bakarrik hauteskundeetan”, dio.

“Irakurle bakoitzak beste interpretazio bat egitea nahiko nuke” »

Jon Ander Urkiagak (Zornotza, 1987) Atea itxi aurretik olerki liburua argitaratu berri du. Nahi duenak Erroteta argitaletxearen bitartez eskura dezake, erroteta.com-era mezu bat bidalita. Gernika-Lumoko gaztetxean eta Zornotzako Urtza tabernan ere, b…

Itsas bizidunen paradisua »

Akuarioei buruz galdetzen denean, Donostiakoa da Euskal Herrian gehien aipatzen eta ezagutzen dena. Baina horrek ez du esan nahi bakarra denik. Gipuzkoako hiriburuak ez ezik, Bizkaian Getxok ere itsas bizidunei egokitutako paradisu bat baitauka. 2004a…

Bilbobusera igo aurretik txartela balioztatu behar da Autonomia kalean »

Asteazkenetik, Bilbobusen erabiltzaileek geralekuan balioztatu behar dute txartela, tranbia ere pasatzen den Autonomia kaleko zatian. Neurri horren bitartez, Bilboko Udalak espero du ilarak eta itxaronaldiak “murriztea”, tranbia ere Autonomiatik ibilt…