Iragana gogoan, historia osatu gura du Gernika Batzordeak »

Urteurren borobila dute Gernikan eta, han bezala, 1937an frankisten aginduz bonbardaketak pairatu zituzten beste hainbat herritan. Hainbat eta hainbat herritar hil, eta beste asko zaurituta edo bizi osorako markatuta utzi zituztenetik, 75 urte beteko dira. Euskal Herrian esangura berezia duen beste urteurren bat ere izango da 2012an: 1512an, Gaztelak konkistatu egin zuen Nafarroako erreinua, ordura arte independentea. Datorren urtean, beraz, konkista horren bosgarren mendeurrena beteko da. Gernika Batzordeak, bonbardaketaren batzorde ikertzaileak, ahalegina abiatu du “bi urteurren borobil” horiek eta “Euskal Herriaren ziklo berri hau” lotzeko.

Bide horri ekiteko, batzar baterako deialdia egin dute biharko, 10:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean. Herri erakundeak, ikertzaileak, kultur taldeak, idazleak, bertsolariak, dantzariak eta ekarpenak egiteko prest dagoen edonor dago gonbidatuta.

Urteurren ez elitista

Sabin Ibazeta batzordeko kideak azaldu duenez, urteurren borobil horrek “ez elitista, herrikoia eta parte hartzailea” izan behar du. Biharko batzarrean, datorren urteko ekitaldien oinarri izango diren hiru ardatzak azalduko dizkie Gernika Batzordeak parte hartzaileei.

“Historia, memoria eta transmisioa” da lehenengo ardatza. “Zer izan den Euskal Herria eta zer izan zen Gernika” izango dute hizpide, eta baita “zelan transmititu hori guztia belaunaldi gazteei” ere, Ibazetak azaldu duenez. “Euskal Herrian historian izan diren gertakari garrantzitsuenak” ere gogora ekarriko dituzte —eurei dagokienez, Gernikako bonbardaketa—.

Bigarren ardatza “eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena” izango da. “Eskubide batzuk —banakoenak eta kolektiboak— bermatu gabe” daudela deritzo Gernika Batzordeak, “ETAren iragarpenaren ondoren etorkizunera begira bide berri batzuk” zabaldu arren. Hori dela eta, “horiek defendatzeko aldarrikapena” egin gura dute, hala nola “erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena”.

Euskal Herriaren etorkizunarekin lotuta dago hirugarren ardatza: “Zelan ikusten dugun, zelan sortu Euskal Herri berri bat”, azaldu du Ibazetak. Ardatz hori bi alorretan lantzeko asmoa iragarri du. Batetik, “sistemaren apurketak eraman gaituen krisia eta herri askorentzat etorkizun oso iluna dakarrena”. Hala, egoera horri buelta zelan eman aztertuko dute. Bestetik, Gernika Batzordeak badaki eurena ez dela izan bonbardatu duten herri bakarra, eta, horregatik, gogora ekarri nahi dituzte gaur egun oraindik horrelako sarraskiak jasaten ari diren herriak. Batzuen eta besteen arteko “harremanak sendotzeko beste sistema bat” gura dute.

Biharko batzarrera doazenekin “ideia horien inguruan pentsatzen hastea” dute helburu. Urtarrilean, berriz, zehazten hasi gura lukete urteurreneko apirileko ekitaldien egitaraua.

Euskalduna handitzeko lanak martxan onean doaz »

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Euskalduna jauregia eraberritu eta handitzeko obrak ikuskatu ditu asteon. Bilbaoren ustez, lanak “martxa onean” ari dira. Inaugurazioa 2012ko irailerako izatea espero dute, baina apirilean kongresuak egiten ha…

“Bertokoentzat ere zaila izan da egia zein den jakitea” »

Gernika Batzordeko kide legez, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiak prestatzen ari da Sabin Ibazeta (Ondarroa, 1962). Bonbardaketei buruzko egia osoa zabaldu al da, 75 urte igaro eta gero?Ez. Egia mingarria izaten da, eta urteetan eg…

Edateko urak tratatzeko Garaizarko linea berria inauguratu dute »

Edateko uren tratamendurako Garaizarko estazioan lohien linea berria inauguratu dute asteon, Iurretan. Estazio horri esker, edateko ura iristen da Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarrera.

Tratamendurako estazioak izan bazuen ur linea bat segundoko 200 litroko ahalmena duena, baina orain arte ez zeukan sistemarik ura edateko moduko bihurtzean sortutako lohiak behar bezala tratatzeko. 2.240.850 euroko inbertsioa egin dute azpiegitura hori eraikitzeko.

Jakinarazi dutenez, sistema berri horri esker, Ibaizabal ibaiak babes handiagoa izango du ingurumenari dagokionez. Izan ere, linea berri horrekin, solidoz osatutako emarien isurketak saihestu egingo dira, kontsumorako urak tratatzeko prozesutik sortutakoak, hain zuzen.

Egindako lanak

Egindako lanei dagokienez, putzu bat egin dute, han biltzeko dekantagailu deritzen instalazioen purgak edo hondakinak. Purga horiek garraiatu egiten dute tratamenduen estazioan sortutako lohi gehiena. Iragazkiak garbitzeko uren putzuaren ondoan dago lurpean sartutako biltegi hori; 200 metro kubo hartzeko ahalmena du bakoitzak .

Hondoan bereizitako lohia bi ponparen bitartez eramaten da dekantagailuen purgaketen putzura. Putzu horrek uren tratamendurako beste estazio batzuetako lohiak ere jasoko ditu.

Purgen putzu horretan bildutako lohi guztia gainazalera joaten da, hormigoi armatuz egindako instalazio batera. Han, lohiak hondoan pilatzen dira, eta biltegi batera eramaten dituzte, deshidratazio lanak egiten dituen eraikinaren azpiko tanpoien biltegira, hain zuzen.

Prentsatu eta lehortutako lohi horiek zabortegiren batera edo Galindoko araztegira eraman, eta han erraustu egingo dituzte. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik azaldu dutenez, horrela, aurrerantzean ez dira Ibaizabalera isuriko.

“Egiteko asko geratzen zaigu herritarrak eroso bizitzeko” »

Momentuan, herriko panoramika ikusteko balkoirik gabe dago Ziortza-Bolibarko udaletxea, konpontzen ari dira-eta eraikina. Hori dela eta, horri begira egoten da Jose Salvador Azpiazu, alkatea, bere bulegoa dagoen behin-behineko udaletxetik. Izan ere, 2…

Europa Cinemas sarean sartuko dira Bizkaiko lau herritako kultur aretoak »

Europa Cinemas sarearekin bat egin dute Bizkaiko lau udalek kudeatutako aretoek, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta ekoizle euskaldunen Ibaia eta Epe elkarteek osatzen duten Zineuskadiren laguntzarekin.

Leioa, Barakaldo, Elorrio eta Zornotzako udalek kudeatzen dituzten kultur aretoetako ordezkariek sinaturiko akordioa 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan ofizialki, eta, ondorioz, Europako filmen eskaintza handituko da udalerri horietako areto publikoetan. Elorrioko Arriola kultur aretoa, Zornotza aretoa, Kultur Leioa eta Barakaldo antzokia izango dira, beraz, proiektuan sartuko diren kultur etxeak.

Gipuzkoako beste lau udalerritan kudeaketa publikoa duten aretoak ere —Tolosa, Arrasate, Ordizia eta Andoaingoak— sartu dira Europako aretoen sarean, eta bakoitzari 18.000 euroko diru laguntza emango die Europa Cinemas-ek.

Joan den irailean aurkeztutako Zineuskadi elkartearen helburuak lortzeko lehenengo urratsa da zortzi udalak Europa Cinemasen sartu izana. Izan ere, Zineuskadik epe laburrera zehaztutako xede nagusiak dira “udal eta hurbiltasun zinema aretoen sare bat sortzea eta Europako Media programaren kudeaketa bultzatzea euskal zinemaren sormena laguntzeko”.

Aipatutako herrietako aretoez gain, Euskal Herriko beste zinema batzuk Europa Cinemas-en integratuta zeuden lehendik: Bilboko Multisak; Donostiako Principe eta Trueba; Gasteizeko Trueba-Guridi; Iruñeko Golem; Miarritzeko Royal; eta Baionako Autre eta Atalante aretoak, hain zuzen ere.

Europako zinema sustatu

Europa Cinemas proiektua 1992. urtean jarri zen martxan, epe luzeko egitasmoa finkatzeko helburuarekin. Hogei urte hauetan, gehienbat Europan ekoitzitako filmak ematen dituzten nazioarteko aretoen sare bat sortzea lortu du proiektuak. 504 hiritan dago presente Europa Cinemas, 867 areto eta 2.112 pantailarekin. Zineuskadiko presidente Veronica Sanchezek hau esan du programaren oinarrien inguruan: “Kalitatezko eskaintzak eskaera sortzen du; beraz, film europarrek badute publikoa. Europako zinema sektorearen eragile guztiek gogor lan egin behar dute ikusleek, film arrakastatsuak ez ezik, programazio askotarikoa ere aurki dezaten aretoetan”.

Ikus-entzunezko industriaren laguntzan lan egiten duen Media programaren babesarekin, Europa Cinemas 32 herrialdetan ari da gaur egun hurrengo helburuak betetzeko asmoz: Europako filmen programazioa eta ikusleen kopurua handitzea —batez ere Europatik kanpo—, gazteei zuzendutako zinema-erakusle europarren ekimenak bultzatzea, film europarren aniztasunaren alde lan egitea, nazio eta Europa mailan zinema aretoen sare bat garatzea elkar aritzeko, eta Europako zinema aretoetan emanaldi digitalak gero eta gehiago izatea sustatzea. Beraz, kontinente zaharreko film sorkuntzak gurean urrats txiki bat egingo du aurrerantz.

HILTEGIAK ZABALIK JARRAITZEA NAHI DUTE »

Ehunka lagunek bat egin zuten joan den domekan, Durangon, Erralde hiltegia ez ixteko manifestazioan. Hain zuzen, bi urteko luzamendua eskatu dute Bizkaian geratzen den hiltegi bakarrarentzat, Berrizko instalazio berriak prest egon bitartean. Ardiek et…

“Down sindromedunen irudia jada ez da etxetik ateratzen ez direnena” »

Urritasun intelektuala dutenei ahalik eta bizitza autonomoena egiten laguntzen diete Down Sindromearen Fundazioan. Resu Casanova (Bilbo, 1968) da fundazioko koordinatzailea. Maiatzaz geroztik Begoñako Ama Birjina kaleko 12-14 atzealdean daukate egoitza.

Ze berritasun eskaintzen dizkizue egoitza berriak?

Bilbon zeuden egoitza biak —bata, nerabeena eta helduena, eta bestea, txikiena— batean bildu ditugu. Helduenean ez zegoen denentzako lekurik. Kontuan hartu behar dira kudeaketarako edo pertsonen arteko komunikaziorako sortzen ziren zailtasunak ere. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun, gainera, txikienen familiek helduagoak ikusteko aukera izatea, zelan moldatzen diren ohartzeko.

Bestalde, espazioa bera ere oso garrantzitsua da. Espazio zabala daukagu. Profesionalen lanaren kalitatean hobekuntzak izan dira horri esker; baita ematen dugun zerbitzuan ere.

Zenbat pertsona joaten dira zuen zentrora?

Astean 240 pertsona inguru ibiltzen dira. Batetik, eskolatzea bukatu duten helduak daude. Lan heziketa programan nahiz heziketa iraunkorrean dabiltza. Heziketa iraunkorrekoak astean behin datoz trebatzen jarraitzeko; lan heziketakoak, berriz, goizero datoz, 09:00etatik 13:30era.

Eskolan dabiltzan umeei dagokienez —eskolatan beste edozein haur bezala eskolatuta daude, eta laguntzak dituzte—, errefortzu eskolak hartzen dituzte hemen. Astean behin edo birritan etortzen dira.

Pertsona horien eta haien senideen beharrizanetara egokitutako hainbat programa lantzen dituzue. Zer-nolakoak dira programa horiek?

Programak beharrizanak eta pertsona horien eta euren senideen eskaeren arabera sortuz joan dira. Oinarrietako bat pertsona horiei bizitzako garai guztietan laguntza eta babesa ematea da. Jaiotzatik hasi —une horretan, umeari beharrean, familiari ematen zaio babesa—, eta hamabi, hogei eta hirurogei urte dituenean ere laguntza ematea dugu helburu. Pertsona horien autonomia eta independentzia lantzea eta pertsona gisa dituzten eskubideak lortzen laguntzea dugu helburu nagusia.

Programak, beraz, adinaren eta beharrizanen arabera desberdinak dira. Ume eta heldu guztiak ez dira programa beretara joaten. Denetarikoak daude: Haurrentzako arreta goiztiarrerako programak, fisioterapia, logopedia, laguntza psikopedagogikoa ume bakoitzari egokitutako metodoarekin —bakoitzak bere fitxak dauzka—, autonomia pertsonala bultzatzeko programak, lan munduan murgiltzeko programak, bizitza independentea egiteko programa, eta eguneko arreta zentroa ere bai, arrazoi bategatik edo besteagatik lan munduan sartuko ez diren helduentzako…

Eta familiei dagokienez?

Oinarrizkoa da eurei ere laguntzea. Ezin dezakegu ahaztu eurak direla seme-alabekin daudenak eta lan egiten dutenak. Lorpen guztiak eurei esker lortzen dira. Hala ere, babesa eta orientazioa behar dute. Bizitza osoan une desberdinak bizi behar dituzte.

Zein adinetako pertsonak hartzen dituzue?

Gaur egun, txikienak hiru hilabete ditu, eta nagusienak, berriz, 54.

Zeintzuk dira pertsona horien eta euren senideen beharrizan nagusiak?

Oso desberdinak dira, bizitzako une bakoitzaren eta pertsona bakoitzaren arabera. Hasierako urteetan laguntza emozionala behar dute senideek —etorkizunean zure semea edo alaba zelakoa izango den ikusiz joatea—.

Gainerakoan, beste pertsonek dituzten beharrizanak dituzte: irakurtzen eta idazten ikastea, lagunak egitea, jolastea, etxetik ateratzea, lana eta bikotekidea izatea… Azken finean, beharrizanak berdinak dira. Hala ere, laguntza gehiago behar dute, gauza guzti horiek egiteko. Aurreiritzi eta tabu asko ere apurtu behar dituzte.

Gizarteak zelan ikusten ditu, oro har, urritasun intelektuala duten pertsonak?

Oso aldaketa handia gertatu da urteekin. Hala ere, gaur egun oraindik arraroa irizten dio askok pertsona horiek kaletik bakarrik ikusteari, taberna batera lagun artean bakarrik joan eta garagardo bat hartzeari… Lehen baino gutxiago harritzen dira, baina oraindik gertatzen da.

Enpresa munduan ere aldaketa handia gertatu da. Besteen antzera, langileak dira: eskubide berak dituzte, baina baita eginbehar berak ere. Laguntzaile lanak edozein enpresatan egin ditzakete: dendetan, bulegoetan, jatetxeetan…

Gero eta enpresa gehiagok kontratatzen dituzte urritasunen bat duten pertsonak. Zenbatek lortu ohi dute lan merkatuan sartzea?

Aurrera egin den arren, oraindik kostatu egiten zaie. Hainbat heziketa ikastaro egin dituzten neska-mutilen lan poltsa daukagu eta egia da oraindik lan merkatuan sartzea lortzen dutenen portzentajea txikia dela. Gaur egun 35 pertsona ari dira lanean; oso leku desberdinetan, gainera: Dendetan, museoetan, irratian, aseguru etxeetan… Hainbat lan mota egin ditzakete. Egia da, hala ere, guztiek ezin dituztela lan guztiak egin. Hain zuzen, hizkuntzarekin zailtasunak dituen pertsona bat ezin daiteke bezeroekin harreman zuzenean egon. Horrek ez du esan nahi, hala ere, enpresa barruan ezin duenik beste lan batzuk egin.

Zelan egiten diote aurre guraso batzuek Down sindromea edo antzeko beste urritasun bat dutela jaioz gero seme-alabak?

Hori ere asko aldatu da. Kolpe latza da gurasoentzat urritasunen bat duen semea edo alaba dutela jakitea. Hala ere, egia da urritasun intelektuala izanik euren lorpenak erakusten dituzten pertsonei eurei esker —lanean ari dira, bikotekideekin bizi dira, bakarrik…—, urritasun intelektuala duen ume bat duten senideek beste ikuspuntu bat daukatela. Down sindromea duen pertsona baten irudia jada ez da etxetik ia ateratzen ez denarena edo kalera gurasoen eskutik doanarena, ez. Horrek asko laguntzen die familiei. Beste mentalitate eta kezka batzuekin etorri ohi dira guregana.

Umeekin oso txikitatik hasten zarete lanean. Zer lantzen duzue?

Garapenaren hainbat alde lantzen dira. Garapen programa bat daukate horretarako, eta, besteak beste, alde kognitiboa, motrizitatea, afektibitatea, hizkuntza… lantzen dira. Hasiera batean familiagaz egiten dugu lan. Guztia, jokoen bidez eta gauza errazen bitartez gurasoek jarduera horiek ikus ditzaten. Helburua ez da etxera joan eta ikusitakoa etxean lantzea, jokoen une horiek aprobetxatzea eta euren garapena hobetu ahal izatea baizik. Garapena gainerako umeena bezalakoa izango da; geldoagoa, hala ere. Gehiago kostatuko zaie lau hankatan hastea, ibiltzea… Garapen hori eta gainerako umeena ahalik eta modu berdintsuenean joan dadin laguntzen diegu guk.

Eta posible al da pertsona horiek independente izatea?

Zenbait gauza egiteko laguntza behar izango dutela argi eduki behar da. Argi daukate bizitzan zer nahi duten, sukaldean edota erosketak egiteko ondo molda daitezke… Egia da, hala ere, zenbait gauza egiteko laguntza beharko dutela, diru kopuru handiak maneiatzeko, esaterako. Eta kontziente dira. Hala ere, pertsona guztiak desberdinak dira, eta batak behar duen laguntza besteak ez du beharko agian.

Euren bizitza kalitatea asko hobetuko zen, ezta?

Izugarri, bai. Orain erronka garrantzitsu bat daukagu: pertsona horien bizitza kalitatea zahartzaroan hobetzea. Pertsona horien bizi-itxaropena handiagoa da, baina besteak baino arinago zahartzen dira.

Bilboko Branka agerkariak diseinu berria izango du »

Bilboko Branka komunikazio egitasmoaren webguneak diseinu berria izango du Gabonetatik aurrera. Edukien berrantolaketa egingo dute, zerbitzu eta atal berriak eskaintzeaz gain, baina helburu berberak izango ditu Brankak aurrerantzean ere; “Bilbo mailak…

Stuttgarterako hegaldiak ekainetik aurrera »

LOIU. Lufthansa aire konpainiak hegaldi merkeen zerbitzua jarriko du Bilboko aireportutik Alemaniako Stuttgart hiriko aireportura. Ekainean jarriko dute martxan, eta astero lau hegaldi eskainiko dituzte: astelehenetan, asteazkenetan, ostiraletan eta i…