Udalari San Tomas azoka kudeatzeko eskatu diote »

BILBO. Bilduk San Tomas eguneko azoka zuzenean berak kudeatzeko eskatu dio Bilboko Udalari. Orain arte, BBK-k antolatzen zuen. Koalizioaren udal taldeak salatu duenez, aurrezki kutxako gizarte ekintzaren saila arduratzen da salpostuak adjudikatzeaz, e…

Euskara sustatzeko, 4,4 milioi banatuko dira 2012an »

Bizkaiko lurralde historikoan euskararen normalizazioa lortzeko datorren urtean egingo diren proiektuak diruz laguntzeko, 4,4 milioi euroko diru sorta onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Diru laguntzak jasotzeko eskubidea izango duten erakunde eta eragileak lau multzotan banatu dituzte. Talderik handiena, bai behintzat egokitu zaion diru sortari dagokionez, udalek, udal erakunde autonomoek, mankomunitateek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek osatzen dute. Azken horiek 1,725 milioi euro izango dituzte eskura. Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte diru laguntzak: irakurketa euskaraz sustatzea helburu duten programak, etorkinen hizkuntza gaitasunerako programak eta euskarazko materialak sustatzeko ekimenak —batez ere haur eta gazteentzat direnak—. Erakunde publikoei dagokienez, guztira, 1,825 milioi jasoko dituzte.

Euskara hutsezko argitalpenen edizioan diharduten enpresek eta norbanakoek 90.000 euro izango dituzte euren artean banatzeko; arlo horretan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeek, berriz, 350.000 euro. Enpresa mundua euskalduntzeko 280.000 euroko diru sorta izango da; lan munduan euskararen erabilera zabaltzea izango da finantzatuko diren proiektuen xedea.

Azken diru kopurua —150.000 euro— informazio eta komunikazio teknologietan euskararen presentzia indartzeko proiektuek jasoko dute. Baliabide informatikoen azpiegitura ahalik eta osatuena lortu nahi da jarduera horiekin. Eskaera guztiak egiteko epea urtarrilaren 2an hasi eta urtarrilaren 30ean bukatuko da.

Maderas de Lekeitio, Bizkaiko egur sektorearen krisiaren isla »

Maderas de Lekeitio enpresak lana erregulatzeko txostena aurkeztu du, eta hilaren bukaeran jarduera gelditzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, enpresako 21 beharginek lanik gabe hasi beharko dute urtea. Garai batean, aitzitik, 140 langile ere izan zituen lantokiak. Enpresa hori itxita, sakonagoa bilakatu da Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zurgintzaren sektorearen krisia. Hala, azken hamarkadetan bi eskualde horietako ekonomiaren motor garrantzitsuenetako bat izandako jardueraren gainbehera bete-betean egiaztatu da.

Maderas de Lekeitioko langile batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakarrak, LABek, adierazi du Bizkaiko egur sektorean moldaketa “sakona” egin beharko litzatekeela. Sindikatuaren iritziz, “aspalditik” hartuta egon beharko lukete neurri horiek. “Azken garai honetan ikusten ari ginen sektoreko hainbat enpresa ixten ari zirela, saltzea gero eta zailagoa zela, lana erregulatzeko txostenak nonahi genituela, ez zela erraza egurra lortzea gure eguneroko jardunak jarrai zezan”. LABen ustez, deskribatutako egoeraren “errua” ez da langileena: “Ikusi besterik ez dago egur enpresen Bizkaiko hitzarmena ez dela berritu 2003tik”.

Pinu publikoak, “usteltzen”

Horrez gain, sindikatuak salatu du “aldundiak eta hainbat udalek kudeatzen duten” pinuen egurra “erdi usteltzen” dagoela Bizkaiko basoetan; hau da, pinudien jabe diren erakunde publikoek ez dutela merkaturatu saltzeko moduan dagoen egurra. LABek emandako datuen arabera, pinu publikoek 30.000 hektarea betetzen dituzte Bizkaian, eta beste 70.000 hektarea inguru jabe pribatuen eskuetan daude. Pinuek emandako egurra merkatuan egongo balitz, sektorea “arnasberritu” egingo litzateke, sindikatuaren irudiko. Egoera horren inguruko galdera bat ere plazaratu du sindikatuak: “Zergatik ez dira hasi egur horren zertarakoaz eta kudeaketaz hausnartzen?” Erakundeei “gezurtiak” izatea leporatu die sindikatuak. “Neurri zuzentzaileak har ditzakete, baina ez dituzte hartzen”. Egoera horren atzetik “arrazoi ilunak” ikusten ditu LABek. Salatu egin dute egoera: “Enpresaren jabeak bankuekin hipotekatuta dagoen 22 hektareako lursaila dauka lan egiteko, baita makineria ere, eta Maderas de Lekeitio itxi egingo dute”.

Gogoetaren beharra

LABeko kide Jon Iñaki Alkortak egurraren sektorean “hausnarketa orokor bat” egin beharra nabarmendu du. “Hausnarketa serio bat egingo balitz, eragile sozial, politiko eta sindikal guztiek parte hartuta, plantea genezakeen sektoreak zer behar duen, pinuak bota ditzakegun, eta zer-nolako kostuekin”. Beraz, zalantzan jarri du pinudiek gaur egunean betetzen duten funtzioa. “Basogintza bera berritzeko politikei buruz ere ez da hitz egiten. Zertarako behar ditugu 100.000 hektarea pinu?”.

Ekonomia hazten ari zenean sektorea moldatzeko bideen inguruko gogoeta egin behar izan zutela onartu du. Bestalde, Marokora egurra esportatzen hastea konponbide bat izan daiteke, Alkortaren iritziz. Prezioak behera egin arren, egurrak merkatuan egon beharko luke, haren ustez, kontrako erabakiak “espekulazioa” elikatzen duelako. Aurrera begira, gogoeta egiteko eskatu du, Bizkaian “zer basogintza mota behar den” zehazteko. “Erantzukizun publikoak ere hor daude”.

Bizikletak alokatzeko doako zerbitzua jarri dute »

OROZKO. Doako bizikleta alokairua jarri dute martxan Orozkon. Eguenetik domekara egongo dira eskura, 10:00etatik 14:00etara. Zapatuz, 17:00etatik 19:00etara ere bai. Museoan daude eskuragarri, eta erabiltzeko badaezpada bost euroko fidantza ordaindu b…

Ur Partzuergoarekin duen ituna luzatu du aldundiak »

BILBO. 2008an sinatutako lankidetza hitzarmena luzatu dute Foru Aldundiak eta Ur Partzuergoak, 2016ra bitarte. Hala, urtero 55 milioi euro emango dizkio foru administrazioak. Diputazioaren esanetan, hitzarmen honek Bizkai osorako “ur partzuergo bakarr…

Basogintza jarduera egokiak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu dute »

Bizkaiko 3.000 baso jabe inguruk osatzen dute Bizkaiko Basogintza Elkartea, eta Basogintzako jarduera egokien liburuxka plazaratu berri dute. Koadernoaren xede nagusia basoen kudeaketa iraunkor eta hobea sustatzea da. Euskaraz zein gaztelaniaz argitar…

Mankomunitateak kondoi makinak jarriko ditu »

ARRATIA. Arratiako Mankomunitateak kondoi makinak jarriko ditu bailarako hainbat herritan, batez ere gazteak dabiltzan guneetan. Iñaki Olabarri mankomunitateko kudeatzailearen esanetan, “prebentzioak izan behar du GIB birusaren eta sexu transmisio bidezko gaixotasunen aurkako borrokan helburu nagusia”. Azkenaldian gora egin du kutsatutakoen zenbatekoak.

“Down sindromedunen irudia jada ez da etxetik ateratzen ez direnena” »

Urritasun intelektuala dutenei ahalik eta bizitza autonomoena egiten laguntzen diete Down Sindromearen Fundazioan. Resu Casanova (Bilbo, 1968) da fundazioko koordinatzailea. Maiatzaz geroztik Begoñako Ama Birjina kaleko 12-14 atzealdean daukate egoitza.

Ze berritasun eskaintzen dizkizue egoitza berriak?

Bilbon zeuden egoitza biak —bata, nerabeena eta helduena, eta bestea, txikiena— batean bildu ditugu. Helduenean ez zegoen denentzako lekurik. Kontuan hartu behar dira kudeaketarako edo pertsonen arteko komunikaziorako sortzen ziren zailtasunak ere. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun, gainera, txikienen familiek helduagoak ikusteko aukera izatea, zelan moldatzen diren ohartzeko.

Bestalde, espazioa bera ere oso garrantzitsua da. Espazio zabala daukagu. Profesionalen lanaren kalitatean hobekuntzak izan dira horri esker; baita ematen dugun zerbitzuan ere.

Zenbat pertsona joaten dira zuen zentrora?

Astean 240 pertsona inguru ibiltzen dira. Batetik, eskolatzea bukatu duten helduak daude. Lan heziketa programan nahiz heziketa iraunkorrean dabiltza. Heziketa iraunkorrekoak astean behin datoz trebatzen jarraitzeko; lan heziketakoak, berriz, goizero datoz, 09:00etatik 13:30era.

Eskolan dabiltzan umeei dagokienez —eskolatan beste edozein haur bezala eskolatuta daude, eta laguntzak dituzte—, errefortzu eskolak hartzen dituzte hemen. Astean behin edo birritan etortzen dira.

Pertsona horien eta haien senideen beharrizanetara egokitutako hainbat programa lantzen dituzue. Zer-nolakoak dira programa horiek?

Programak beharrizanak eta pertsona horien eta euren senideen eskaeren arabera sortuz joan dira. Oinarrietako bat pertsona horiei bizitzako garai guztietan laguntza eta babesa ematea da. Jaiotzatik hasi —une horretan, umeari beharrean, familiari ematen zaio babesa—, eta hamabi, hogei eta hirurogei urte dituenean ere laguntza ematea dugu helburu. Pertsona horien autonomia eta independentzia lantzea eta pertsona gisa dituzten eskubideak lortzen laguntzea dugu helburu nagusia.

Programak, beraz, adinaren eta beharrizanen arabera desberdinak dira. Ume eta heldu guztiak ez dira programa beretara joaten. Denetarikoak daude: Haurrentzako arreta goiztiarrerako programak, fisioterapia, logopedia, laguntza psikopedagogikoa ume bakoitzari egokitutako metodoarekin —bakoitzak bere fitxak dauzka—, autonomia pertsonala bultzatzeko programak, lan munduan murgiltzeko programak, bizitza independentea egiteko programa, eta eguneko arreta zentroa ere bai, arrazoi bategatik edo besteagatik lan munduan sartuko ez diren helduentzako…

Eta familiei dagokienez?

Oinarrizkoa da eurei ere laguntzea. Ezin dezakegu ahaztu eurak direla seme-alabekin daudenak eta lan egiten dutenak. Lorpen guztiak eurei esker lortzen dira. Hala ere, babesa eta orientazioa behar dute. Bizitza osoan une desberdinak bizi behar dituzte.

Zein adinetako pertsonak hartzen dituzue?

Gaur egun, txikienak hiru hilabete ditu, eta nagusienak, berriz, 54.

Zeintzuk dira pertsona horien eta euren senideen beharrizan nagusiak?

Oso desberdinak dira, bizitzako une bakoitzaren eta pertsona bakoitzaren arabera. Hasierako urteetan laguntza emozionala behar dute senideek —etorkizunean zure semea edo alaba zelakoa izango den ikusiz joatea—.

Gainerakoan, beste pertsonek dituzten beharrizanak dituzte: irakurtzen eta idazten ikastea, lagunak egitea, jolastea, etxetik ateratzea, lana eta bikotekidea izatea… Azken finean, beharrizanak berdinak dira. Hala ere, laguntza gehiago behar dute, gauza guzti horiek egiteko. Aurreiritzi eta tabu asko ere apurtu behar dituzte.

Gizarteak zelan ikusten ditu, oro har, urritasun intelektuala duten pertsonak?

Oso aldaketa handia gertatu da urteekin. Hala ere, gaur egun oraindik arraroa irizten dio askok pertsona horiek kaletik bakarrik ikusteari, taberna batera lagun artean bakarrik joan eta garagardo bat hartzeari… Lehen baino gutxiago harritzen dira, baina oraindik gertatzen da.

Enpresa munduan ere aldaketa handia gertatu da. Besteen antzera, langileak dira: eskubide berak dituzte, baina baita eginbehar berak ere. Laguntzaile lanak edozein enpresatan egin ditzakete: dendetan, bulegoetan, jatetxeetan…

Gero eta enpresa gehiagok kontratatzen dituzte urritasunen bat duten pertsonak. Zenbatek lortu ohi dute lan merkatuan sartzea?

Aurrera egin den arren, oraindik kostatu egiten zaie. Hainbat heziketa ikastaro egin dituzten neska-mutilen lan poltsa daukagu eta egia da oraindik lan merkatuan sartzea lortzen dutenen portzentajea txikia dela. Gaur egun 35 pertsona ari dira lanean; oso leku desberdinetan, gainera: Dendetan, museoetan, irratian, aseguru etxeetan… Hainbat lan mota egin ditzakete. Egia da, hala ere, guztiek ezin dituztela lan guztiak egin. Hain zuzen, hizkuntzarekin zailtasunak dituen pertsona bat ezin daiteke bezeroekin harreman zuzenean egon. Horrek ez du esan nahi, hala ere, enpresa barruan ezin duenik beste lan batzuk egin.

Zelan egiten diote aurre guraso batzuek Down sindromea edo antzeko beste urritasun bat dutela jaioz gero seme-alabak?

Hori ere asko aldatu da. Kolpe latza da gurasoentzat urritasunen bat duen semea edo alaba dutela jakitea. Hala ere, egia da urritasun intelektuala izanik euren lorpenak erakusten dituzten pertsonei eurei esker —lanean ari dira, bikotekideekin bizi dira, bakarrik…—, urritasun intelektuala duen ume bat duten senideek beste ikuspuntu bat daukatela. Down sindromea duen pertsona baten irudia jada ez da etxetik ia ateratzen ez denarena edo kalera gurasoen eskutik doanarena, ez. Horrek asko laguntzen die familiei. Beste mentalitate eta kezka batzuekin etorri ohi dira guregana.

Umeekin oso txikitatik hasten zarete lanean. Zer lantzen duzue?

Garapenaren hainbat alde lantzen dira. Garapen programa bat daukate horretarako, eta, besteak beste, alde kognitiboa, motrizitatea, afektibitatea, hizkuntza… lantzen dira. Hasiera batean familiagaz egiten dugu lan. Guztia, jokoen bidez eta gauza errazen bitartez gurasoek jarduera horiek ikus ditzaten. Helburua ez da etxera joan eta ikusitakoa etxean lantzea, jokoen une horiek aprobetxatzea eta euren garapena hobetu ahal izatea baizik. Garapena gainerako umeena bezalakoa izango da; geldoagoa, hala ere. Gehiago kostatuko zaie lau hankatan hastea, ibiltzea… Garapen hori eta gainerako umeena ahalik eta modu berdintsuenean joan dadin laguntzen diegu guk.

Eta posible al da pertsona horiek independente izatea?

Zenbait gauza egiteko laguntza behar izango dutela argi eduki behar da. Argi daukate bizitzan zer nahi duten, sukaldean edota erosketak egiteko ondo molda daitezke… Egia da, hala ere, zenbait gauza egiteko laguntza beharko dutela, diru kopuru handiak maneiatzeko, esaterako. Eta kontziente dira. Hala ere, pertsona guztiak desberdinak dira, eta batak behar duen laguntza besteak ez du beharko agian.

Euren bizitza kalitatea asko hobetuko zen, ezta?

Izugarri, bai. Orain erronka garrantzitsu bat daukagu: pertsona horien bizitza kalitatea zahartzaroan hobetzea. Pertsona horien bizi-itxaropena handiagoa da, baina besteak baino arinago zahartzen dira.

Bilboko Branka agerkariak diseinu berria izango du »

Bilboko Branka komunikazio egitasmoaren webguneak diseinu berria izango du Gabonetatik aurrera. Edukien berrantolaketa egingo dute, zerbitzu eta atal berriak eskaintzeaz gain, baina helburu berberak izango ditu Brankak aurrerantzean ere; “Bilbo mailak…

Stuttgarterako hegaldiak ekainetik aurrera »

LOIU. Lufthansa aire konpainiak hegaldi merkeen zerbitzua jarriko du Bilboko aireportutik Alemaniako Stuttgart hiriko aireportura. Ekainean jarriko dute martxan, eta astero lau hegaldi eskainiko dituzte: astelehenetan, asteazkenetan, ostiraletan eta i…