Kolosala »

Norbaitek eskatzen zizun izena emateko. Gatazka inoiz konpondu zedin, konponduko ote zen esperantzan, zure izena behar zutelako, izena eta abizena. Ematen zenuen, beraz, ondotxo zenekielako herri baten potentzialik handienetakoa, baldin eta herririk b…

Ñabardurarik gabe »

Ezin ditut Gabonak jasan, hori egia. Lehen lasai esan zitekeen hori, azalpenik eman gabe. Gero, zuzentasun politikoak indarra hartu zuenean, esaldi hori bota eta gainera etortzen zitzaizkizun denak, guaykeria aurpegiratuz. Eta moda hitza ere aipatzen zuten, modan jarri omen zelako Gabonak gorrotagarriak zirela esatea. Eta, horrela, Gabonen aurkarietako batzuk, kritikei aurre egin nahian, euren jarrera azaltzen hasten ziren: esaten zuten, adibidez, Gabonak baino gehiago, kontsumismoa zela gorroto zutena. Edo Gabonetan derrigorrez pozik egon beharraren kontra zeudela, edo urte osoan ikusten ez dituzun senideekin elkartu beharraren kontra, ezinikusiak irribarrearekin estaliz. Eta euren buruak zuritzen hasi ziren, ez zutelako gizartetik baztertuta egon nahi, gizartearen kontra zeudela esan arren. Non egongo gara hobeto, jaten ematen digun aska eder honetan baino? Izan ere, hara zer gertatzen zaien kartzelatik ihes egiten duten askori: nora joan jakin barik, berriro bueltatzen direla kartzelara, burumakur baina aterpearen segurtasunarekin.

Nire inguruan, adibidez, jendeak Gabonak kritikatzeari utzi zion egun batetik bestera, fundamentalista erlijioso sutsuak oldartu zitzaizkielako moralari buruzko lezioak emanez, edo modaren guruak agertu zitzaizkielako inguruan, euren aldareetatik aldarrikatuz zer zegoen in eta zer out. Niri, adibidez, herriko jainkojale batek errepasoa eman nahi izan zidan, eta gutxigatik ez zizkidan ebanjelioak irakurri, baina konformatu zen esanez nirea pose hutsa zela. Ez dakit zer erantzun nion, baina inpresioa daukat, erlijio kontuetan, intolerantziarik handiena beti datorrela fededunaren aldetik. Eta fededunak sumatzen badu gizartearen pisua bere alde dagoela, eta hala da Gabonetan, zoriontasun orokor eta ezin ukatuzko garai honetan, ba orduan akabo.

Ez dadila etorri, beraz, beste fundamentalistarik niregana kontu eske: kontsumismoa gorroto badut, ez da Gabonetako kontsumismoagatik, urte osokoagatik baino. Hipokrisia gorroto badut, Gabonek ez dute zerikusi handirik hor. Nik Gabonak gorroto ditut, xehetasunik gabe, ñabardurarik gabe, baldintzarik gabe. Gorroto ditut zuen superstizioak, gorroto ditut zuen erruduntasunak, ezin ditut jasan zuek beneratzen dituzuen izaki mitologikoak, eta grazia apur bat egiten didan bakarra Ama Birjina haurdun utzi zuen usoa da (zoofiliak beti egin dit grazia handia).

Niri, Gabonen partez, urte amaierak eta hasierak gustatzen zaizkit. Badakizue zer egingo nukeen gustura? Urte hasieran, bizarra erabat egin eta ilea zerora moztu, horixe. Eta itxaron, ilea urtearekin batera hazi dadin, hara zelako tontakeria, baina gustatzen zaidana. Gorputza eta denbora batera doazela sumatzea, ilea urtea bezain zaharra dela konturatzea, eta berriro ilerik ez moztea abenduaren 31ra arte. Erlijio txotxolo samarra izango litzateke, bai. Ez zuena baino askoz gehiago, hala ere.

MURRIZKETEK IKATZA MEREZI DUTE »

Asteon Olentzero Bilbon izan da, Gabon gauari aurrea hartuta. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bisitatu zuen asteartean, hainbat gizarte eragilek lagunduta. Ikatza ekarri zien bertako agintari politikoei, gizarte laguntzetan egingo diren murrizketen …

EGUR SEKTOREA BIDERATZEKO ESKEAN »

Maderas de Lekeitio enpresako beharginek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru jauregiaren aurrean, administrazio publikoek egurraren sektorea bideratzeko ahalegina egin dezatela eskatzeko. Lekeitioko enpresak lana erregulatzeko espedientea aurkeztu du, eta, ondorioz, abenduaren 31n itxi egingo dute. LABek salatu duenez, hainbat egur dago mendian —gainera, pinu hektarea asko publikoak direla dio—. Beraz, “badago aukera lanpostuei eusteko”.

Minutu lar »

Alertan gagoz barriro. Pirinioetako egutegi ederra ekarri dogu Durangotik. Beharbada, hortxe idatzi beharko ditugu alerta egunak, askotxu dira eta. Atara doguz lorak balkoitik, autoak kostaldetik kendu, guardasolak gorde, eta aholkuak zabaldu. Alertan gagoz entzuten da nongura. Alerta gorria ezarri ei dabe haize indartsuakaitik. Zer ete dator, pentsatuko dau batek baino gehiagok…

Gaurkoa eguraldi kontuetan oso nahastaua izango da; gauza asko gertatuko da eta giro ez oso atsegina sortuko dabe. Alde batetik, haizea; egunaren hasieran hego-mendebaldetik joko dau, oso gogor gainera, gero ipar-mendebaldera aldatu eta ahulago ibiliko da, baina kostaldean oraindik zakarra izaten jarraituko dau.

Bestetik, euria; tarteka eten barik eta ugari egingo dau, iparraldean batez be, eta kostaldean ekaitzak be jo leike. Gorengo tenperaturek gora egingo dabe, baina arratsaldetik aurrera tenperaturak behera egingo dau nabarmen eta egunaren amaieran edur mailea 1000 metrora parauko da.

Itsasoan Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 8ko indarragaz; goizean ipar-mendebaldera aldatuko da eta 7-8ko indarra hartuko dau. Itsaskia edo itsaski handia eragingo dau hasieran, goizetik aurrera itsaso oso zakarra edo itsaso handia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 6 metroko olatuak altxatuko ditu, egunaren amaieran 4,5 metrokoak.

Lerroak eta lerroak eguraldiaren iragarpena egiteko, minutu lar eguraldia gora, eguraldia behera, itzelezko argibideak hodeiez eta haizeez, herritarren argazkiak erakusten ditue gero, ez dakigu noiz arteko iragarpenak azaldu…

Oraingoan informatuta gagoz! Ez daukagu ezer eguraldi gizon eta andreen aurka baina lehen minutu bakarrean adierazi eitekeana orain hamar minutuan be labur geratzen ei da. Egunean zehar gitxienez hamar bider jasoten dogu eguraldiaren inguruko informazinoa eta pentsau geinke informazino horrek betetzen dauan denporea izan leitekeela egokia beste eduki mota batzuekaz hornitzea, edo?

Bai, egia da, batzuk perretxikotan urten gurean eta besteak eski lekuetara noiz joango.

Ados egongo zarie baina, zera dinogunean, “igogailuko alkarrizketek” kaleak ezeze tabernak be harrapatu ditue. Eta zer esango deutsuet hedabideez! Lehen soloa lantzeko eta baserriko bizitza aurrera atara ahal izateko ezinbestekoa zan eguraldia. Zer esan handia eukan gizakiaren bizitzetan. Baina orain?!

Gaur ilundian zerura begiratu eta hurrengo egunean zelako eguraldia egingo dauan badinozu igarlea zarela pentsau leikie ingurukoek. Halakorik!

Etxean entzuna da gizon batek eguraldiaren barri emoten ebala bere herrian, auzorik auzo ibilten zan antza. Hurrengo egunean badirudi, igarri eban lekuetara baino ez zala itzultzen! Hortxe erremedioa.

Zuhur ibili, ez oso aspaldi itzel modan egozan kaleko alkarrizketetan birik baten itauntzen eben ia zein liburu irakurten zagozan, zein dan zeure gustukoena edo zein erregalauko zeunken.

Ia orain modea barriro ez datorren… esango leuke batek baino gehiagok… Ze, eguraldiaren inguruko iragarpena gehien jota askok irakurten dauana!

Gaur hodeiak.

ELKARTASUNA EZKUTATZEKO SAIOA »

Euskal preso politikoekiko elkartasuna eskatzeko gune bihurtu zen joan den domekan Berango. Presoen aldeko solidarioek egurrezko kartel bat jarri zuten frontoiaren kanpoko horma batean, Euskal preso eta iheslariak etxera aldarrikatzeko. Presoei buruzk…

Etorkizunera kondenatuak »

Durangoko Azokak 46 urte egin ditu aurten, eta nik 38 ditut. Horrek esan nahi duen gauza bakarra da azoka beti izango dela ni baino zaharragoa, gutxigatik bada ere. Ondorioz, eta zorionez, ez dut sekula batailatxorik kontatu beharko, esanez, adibidez, bion bizitzak beti bide paraleloetatik joan direla edo gure artekoa maitasun istorio sutsua izan dela. Errazagoa izango zait esatea Durangoko Azoka jaiota zegoela ni jaiotzerako, eta, urteroko zita honen garrantziaz ohartu nintzenerako, edozein ganadu-feria baino zerbait gehiago zela konturatu nintzenerako, izango zituela berak ia hogei urte lirain, eta nik ozta-ozta gaindituko nituela hamarrak, muki-jan betean, hor nonbait. Ez dut azokaren bilakaerari buruzko perspektiba garbirik, beraz, eta hobeto horrela, hobe dudalako neure buruaren bilakaerari buruzko perspektiba izatea, eta hala ere lanak.

Horrek behartu nau atzera begiratzera, inondik ere ez nostalgiaz, are gutxiago harrotzeko motiboz, baizik eta, izatekotan, esker onez. Eta atzera begiratu badut, da badirelako lau urte aurrera begiratzera kondenatuta nagoelako. Alaba nagusia jaio eta hurrengo egunean, lo gutxirekin eta pilatutako emozio askorekin, kotxean sartu eta irratia jarri nuen musika apur baten bila, eta botoiari eman eta kantuan agertu zitzaidan lehenengoa Gari izan zen, kondena horren berri emanez. Geroztik, badira lau urte, eta alaba nagusia lau aldiz joan da azokara, alaba txikia behin; bizitza osoa, beraz. Beharbada, eurek ere esango dute noizbait Durangoko Azokaren bilakaerak ez duela inongo zerikusirik izan eurekin, baina euren bilakaerak bai izan duela lotura ñimiñoren bat Durangoko Azokarekin.

38 urte izatea ez da inongo meritua, baina urteek aukera ematen didate zenbait oroitzapen gordetzeko: merkatuko plaza txikiegi hura, diskoak elizako arkupeetan, kokapen finkorik inoiz izaten ez zuen karpa hura, Euskaldunon Egunkaria-ren lehenengo alea azokara zihoan trenean irakurri nuenekoa, idazleak ezagutzea artean gaztetxoa nintzela, dirurik izan ez eta Susakoek oparitu zidaten liburua 1991n, lehenengoz stand baten atzean jartzea tokatu zitzaidanean 2000. urtean, nik al dakit zenbat oroitzapen. Atzera begiratu dut, bai, baina, niretzat, azoka aurrera begiratzeko motiboa da urtero, eta eskerrak ematekoa. Langile, sortzaile, erosle, antolatzaile, editore, kazetari eta gurpiltxo honek bueltaka segi dezan laguntzen duten guztiei. Eskerrik asko, era berean, Joxe Arratibeli, Juan Carlos Eguillorri, Xabier Gereñori, Aitzol Aramaiori, Bittor Kapanagari eta Antton Ezeizari, eurek ere lagundu digutelako (eta lagunduko) aurrera begiratzen. Eta eskerrik asko gurasoei, nireei adibidez, txikitatik eraman nautelako azokara, gaur niri alabak eramatea tokatzen zaidan bezala. Etorkizuna eraikitzea errazagoa da beti, norbaitek lana hasita utzi duenean.