Jose Luis Arenillas »

Duela hirurogei eta hamabost urte gaurko egunez Jose Luis Arenillas Ojinaga, beste gudari asko legez, Galdamesen gaua emanda, Kantabriarako bidean jarri zen. Etsaien hatsa kokotean igertzeko moduan zeuden egun berean sartu baitziren soldadu frankistak Barakaldon, Sestaon eta Ortuellan. Bizkaiko lurretan gehiago eusterik ez zegoen, eta aukera bakarrak pasiegoen lurraldera ihes egitea edo amore ematea ziren. Bilboko mediku gazteak ez zeukan errenditzeko inongo asmorik, eta hurrengo asteetan ere adorez jarraitu zuen bere eginkizunetan. Ez luzaroan, ordea. Abuztuaren erdialdean Santander inguruko frontea erortzen hastearekin batera, errepublikaren aldekoen artean nahasmena zabaldu zen. Batailoi batzuk Asturiaserantz erretiratzea erabaki zuten; EAJren banderaren pean zeudenak, aldiz, Santoñako Ituna zela medio, italiarrei eman zizkieten euren armak. Teorian baldintza batzuk zeuden arren, gudariek ez zuten izan inongo bermerik, eta lehenengo egunetik aurrera gerra gatibuen tratua jasan zuten. Batzuen patua besteena baino latzagoa izan zen. Arenillas, adibidez, itsasoz ihes egin nahian ari zela harrapatu zuten. Irailaren seian zazpi kiderekin batera epaitu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zieten. Udazkenean epaile frankistek besteei zigorra gutxitzea erabaki zuten, baina Arenillasenak indarrean jarraitu zuen. Azkenik, 1937ko abenduaren 18an fusilatu zuten, Bilbon.

Jose Luis Bizkaiko hiriburuan jaio zen, 1904an. Medikuntza ikasi ondoren, arrantzaleen kofradia batean hasi zen lanean; aldi berean, borroka politikoan buru-belarri murgildu zen. Komunista heterodoxoa izanik, 1932an bat egin zuen korronte horretan kokatzen zen Izquierda Comunista taldearekin. Gorria izateaz gain, Arenillasek bazeukan nazio-kontzientzia, eta horren lekuko dugu Comunista aldizkarian Jose Mari anaiarekin batera kaleratu zuen artikulua, El problema de las nacionalidades en Euzkadi. Bistan da gaurko protagonista ale bitxia zela, garai hartan ez baitzen oso ohikoa bi sentsibilitate horiek (soziala eta nazionala) uztarturik aurkitzea.

POUM alderdia sortu zenean (gogoratzen Tierra y Libertad filmea?), berriz, zuzendaritzako kide izendatu zuten. Ardura horietan zebilen gerra piztu zenean, eta, denbora galdu barik, fronterantz irten zen lehenengo zutabea antolatzeko lanei lotu zitzaion. Uda Ubidea eta Urkiola inguruetako kanpaina ospitaletan eman zuen, eta Jaurlaritza osatu zenean, urrian, Agirre lehendakariak Gudarosteko Sanitateko ikuskatzaile izendatu zuen. Badirudi ondo aritu zela lanean, Bilbo jausi aurretxoan euskal armadako Sanitateko Nagusi kargura igo baitzuten. Hortik aurrekoak gorago aipatu ditut.

Jose Luisek hil aurreko gutuna idatzi zuen ziegan. Bertan Ajuriagerrari eskatzen zion Bilbon lanetik bota zuten (37 urtez maistra izan ondoren) amaren ardura har zezala eta gutuna Frantzian haurdun zegoen bere emazteari helduaraz ziezaiola. Gaitza benetan gutun hori hunkitu barik irakurtzea. Zutabe honek bere senideen arrastoa aurkitzen lagunduko baligu, nik neuk behintzat sentituko nukeen poza hunkidura horren parekoa litzateke.

300.000 »

Bilboko Udalak gizarte laguntzetara bideratu duena. Krisiaren ondorioei aurre egiteko, Bilboko Udalak aurrekontuetatik aparteko 300.000 euroko diru sorta onartu du. Erdia baino gehiago Caritasek eta Bizkaiko Elikagai Bakuak jasoko dute: 100.000 euro aurrenekoak, oinarrizko erosketetarako txekeak banatzeko, eta 80.000 bigarrenak, elikagaiak erosteko. 85.000 etxebizitza laguntzetarako izango dira.

LARRIALDI TOXIKOA, KONTROLPEAN »

Asteartean, 10:00ak igarota, kutsatutako bidoi batzuk agertu ziren Areatza hondartzan. Osasunerako oso arriskutsua den likido sukoi toxiko bat zeramaten. Bandera gorria altxatu, eta 50 metroko segurtasun hesia jarri zuten bidoien inguruan. Aztertu et…

PAZIENTE GORRAK ULERTZEKO, KEINUAK »

Entzun eta hitz egin ezin dezaketen pazienteekin ulertu ahal izateko asmoz, Bizkaiko Erizainen Eskolak keinu hizkuntza irakasteko ikastaroa antolatu du. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 49.000 pertsona baino gehiago daude gortasun maila eta mota desberd…

Kontrapuntu »

Ezustean iritsi da, bera bakarrik, zer deneko barik, eta burrunba urdurian hasi zait, run-run eta run-run, zer edo zer esan guran. Eta berben etxea bisitatu dut bere esanahi kanonikoa ezagutzeko. Errenazimentuko musika polifonikoaren oinarria dela irakurri dut, konposizioa egiteko modu bat non aldi bereko doinu lerroak garatzen diren modu askotara, tonuak, isiluneak edo erritmoak konbinatuz.

Eta barruko run-runari jarraituz imajinatu dut oso ederra dela bi lagun kantuan entzutea, ahots batean, prozesu garden bakarrean; baina, beharbada, ederragoa dela bi lagun kantuan aditzea, nor bere bidetik balebiltza lez, baina bata besteari adi, emaitza bakarra xede.

Lehenengo bikoteak badaki batera joan behar duela, erritmo eta nota berberei jarraituz, bien artean ahalik eta gauza berdinena eginez.

Bigarrenean ere, emaitza bakarra dute helburu, nahiz eta bideak ezberdinak izan. Tonuak alda ditzakete, melodia ere bai, erritmo mota diferenteekin joka dezakete edo isilune luze eta laburrekin, baina jakinaren gainean egon behar dute norabide anitzeko bide horien artean ezin direla ez gehiegi aldendu ez erabat galdu, ekarpen guztien arteko armoniari zor.

Eta, halaxe, nire aste osoko run-runa deszifratu guran, pentsatu dut, agian, errenazimenduan sortu bazen, konposizioa egiteko beste modu bat lez, ez naizela historiako kontrapuntu zale bakarra. Eta jabetu naiz XX. mendean literatura eta beste adierazpenak lotzeko joko gisa erabili izan bada ez naizela ari gauza arraroak esaten ere. Nobelak eraikitzeko teknika modura ere ondo frogatua dagoela ikusi dudanean, aldiz, are gehiago poztu naiz, ikuspuntu ezberdinez osaturiko istorio paraleloen bildumak osatzea izan daitekeelako, berriro ere, egungo bizimodu aniztuna eta konplexua irudikatzen hasteko modu eraginkor bat.

Eta, orduan, pentsatu dut, beharbada, beste mota bateko diziplinak harremantzeko ere balio dezakeela kontrapuntu kategoriak, nahiz eta berori sortzeko minimoen berri ere argi eduki behar: partaide bakoitzaren auto-ezagutza, jokoan parte hartzeko borondatea eta guztien artean kantu bat sortzeko nahia.

Eta oso ideia sinplea dirudien arren, otu zait igual tramankuluak itzali eta berriro kantuan hasteko sasoia dela, run-run, tip-tap, pun-pun, ahoz, eskuz edo hankak erabiliz, entrenamendu gisa, beste barik. Hasieran, bakarrik, nor bere ahotsa entzuteko. Gero, binaka baina ahots bakarrean, larregi desafinatu barik elkar entzuten hasteko. Ondoren, frogak egiten has gaitezke, duora, bata isilik eta besteak ozen…

Berriro diot, apika, oso ideia sinplea begitanduko zaizue, baina burtsari, teleberriei eta titular apokaliptikoei kontrapuntu egiteko saiakera bat baino ez da.

Run-run, run-run, rupata-papa, pun-pun! Eta, aire!

470.000 »

Bilboko Udalak IMQri ordaintzen diona. Bilboko Udalak IMQ Igualatorio Medico Quirurgico osasun aseguru etxearekin duen kontratua luzatzea erabaki du, kontratu berria egiteko ordua iritsi arte. Udal langileei emango dien zerbitzuaren truke 470.000 euro jasoko ditu IMQk.

1.000 »

Aldundiak lagunduta berritu diren baso hektareak. Foru aldundiak 1.000 hektarea baso berritzen lagundu du diruz. Bi urtean egin dira mozketa eta birlandatze beharrak. Bost milioi euro erabili ditu horretarako.

25 »

Gaur zortzi udako denboraldia ireki zuten hondartzak. Lehengo astetik abian da udako denboraldia 25 hondartzatan; irailaren 30era arte. Egunero, 88 soroslek eta 77 hondartzainek bermatuko dute herritarren segurtasuna.

246.000 »

Iaz MercaBilbaon merkaturatu ziren tonak. 2011n 246.000 tona pasatxo elikagai merkaturatu ziren, 2010eko mailari eutsiz. Fruta eta barazkiek gora egin dute (%0,49); arrain eta itsaskiek, ostera, behera (%1,66).

Eskerrak emon eta oroitu »

Nire lagun bihotzekoa zan Gregorio Unibaso joan zanean pentsau neban zeozer idatzi behar nebala bere dedikazinoa, errespetoa eta leialtasuna eskertzeko, bai neuri zein Laukizeri. Ez neban egin bildurrak eraginda, seguruenik, ez nebalako jakin zelan azaldu azaldu beharreko guztia. Baina hauxe da une egokia. Eskerrak emon gura dautset Gregoriori, Luis Basterretxeari, Idoia Irustari eta lagun-aholkulari izan neban Jesus Canori.

Gregorio, alguazila baino gehiago izan zintzan, zure Cuatro F-gaz bueltaka eta bueltaka, gasolina sekulan kobratu barik… Leiala, langile porrokatua eta hamaikatxu dohairen jaube. “Itxaskun, hau ezin da halan izan…”, esaten zeustan. Nik preguntetan neutsun: “Gregorio, hau zelan egin leiteke?”, eta zuk beti topetan zenduan konponbideren bat. Ixil-ixilik. Seguru nago zure seme-alabek eta zure andrak jakin izan ebela une mingotsak izan zenduzala. Zelan kantetan zenduan gure almortzuetan! Beti egoten zintzan umoretsu eta danon lagun, batez be EAJ zatitu zanean. Dana errazten zenduan.

Luis, Luis Basterretxea. Nondik hasi? Ezer baino arinago parkamena eskatu behar dautsut joan zintzanean enebalako jakin merezi zenduan moduan agur esaten. Parkamenik ez dot merezidu, baina une latza izan zan niretzat. Sentiduten dot, Baste, hori be bizitzaren zati bat da eta halaxe ataraten dira gauzak.

Baste, barruan eroaten zenduan herri hau, zure Aberria, euskaldunen aberria, zure baserria… dotore, agintzekoa, maitagarria, alaia, arteza. Ezin dot ahaztu irakatsi zeustan guztia. Hori guzti hori praktikara eroan dot eguneroko nire bizitzan eta horri esker ondo atara naz une latzetatik. Zuri esker ikisi neban umiltasune, familia maitatzeko beharra, edukazino ona eta giro bikaina maitatzeko joerea… Anfitrioi ezinhobea izan zintzan!

Idoia, maitea, zu bigarren olatuan etorri zintzan udaletxera. Baina ezer baino gehiago nire laguna izan zintzan. Zuri buruz dana esan zan zure agurrean. Handi-handia eta maitagarri-maitagarria. Halaxe zintzan eta eskuzabala be bai. Rafari gutxitan deituten dautsat, inoz bez, egia esanda, baina beti izaten zaituet gogoan eta esan behar dautsut ez dotela sekulan zu lako langile porrokatua topatu.

Jesus, zureak ustekabean harrapau gaitu, ustekabean harrapau nozu. Akordetan naz zelako arpegia imini zenduan udala osotzeko bilkuran nire petatxoz beteriko praka eroan nebanean. Nik uste neban dotore joan nintzala ekitaldira, baina… Orduan nire protokolo burua bihurtu zintzan eta Basteren osagarria. Lagun leiala eta aholkularia orain aste betera arte, beti arduratuta gauzak ondo egin behar ziralako eta beti kritiko. Badakizu ez jatala kritikea gustetan, baina ohituten joan nintzan eta horrek on egin eustan.

Alaia, umoretsua aurrekontu hura prestau genduanean Jon Cuñadogaz batera ahal zana egokituten. Bastek eta zuk borrokatu egiten zenduzan pezeta bakotxegaitik, Unberako egin beharreko zerbitzu bakotxagaitik. Lan zoragarria egin zenduan eta horri esker komunitate biak batuago ibili ziran. Luisek, hil baino lehen ekarpen zehatzak egin eutsazan orduko hauteskunde programeari “Izaskun, honeek kaleok asfaltau behar dira. Oso txarto dagoz. Konpondu behar dira…” Eragin gutxi izan eban gureak baina egin genduan.

Jesus, zuk prestatu zenduan legealdi hartan izan genduzan ekitaldirik garrantzitsuenak. Honexegaitik izan zintzan nire protokolo burua. Zuri esker izan nintzan alkatesarik inportanteena, badakizu… Eztabaidau egiten genduan asko, danagaitik, dana imini genduan kolokan diskusino hareetan, baina lantalde itzela osotu genduan.

Lauron ganean esan behar dot arima izan zenduzala. Bizitza maite izan dozue, onean eta txarrean. Familia, lagunak eta gure aberria, Euskal Herria maite izan dozue. Zeuen leialtasuna eta errespetua neurribakoak izan ziran. Danak ziran bardinak zeuen aurrean eta dana egin zenduzan debalde. Gaur lako egoerean batek baino gehiagok pentsau egin beharko leuke honen ganean.

Eskerrak Gregoriori, Luiseri, Idoiari eta Jesuseri Laukizen alde eskuzabal egindako guztia.