“Elkarrizketa eredu berri bat ari gara mahai gainean jartzen”

“Elkarrizketa eredu berri bat ari gara mahai gainean jartzen”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hizkuntza ohituretan eragitea helburu hartu, eta horretan dabil azken hilabeteetan Topaguneko kide eta Euskarak 365 egun dinamikaren koordinatzaile Arrate Illaro (Getxo, 1989). 11 egun euskaraz urrats berritzailea dela badaki, baina ez dio euskara sustatzeko gainerako lanei baino garrantzi handiagoa eman nahi.

Euskararen erabileran eragiteko helburuz, jauzi handia prestatzen ari da Topagunea datorren urtera begira. Zergatik?

Ikusten genuelako momentua zela urrats berriak egiteko erabilerari dagokionez. Topagunean azken urteetan ari ginen Euskaraz 365 egun leloa erabiltzen euskararen egunaren harira. Asmoa zen euskaltzaleek plaza hartzea egun horren bueltan. Baina urrats esanguratsuagoak egiteko beharra ikusi genuen iaz; sinbolikotik urrats praktikoetara pasatzeko beharra, nolabait. Bestetik, Lutxo Egiak duela bi urte egin zuen ekintzak bide bat zabaldu zuen. Hilabetez Bilbon euskara hutsez aritzeko egin zuen apustuaren ondotik, herrietako euskaltzaleak aktibazio dinamikak sortzen hasi ziren, jendearen eguneroko hizkuntza ohituran zuzenean eragiteko nahiarekin. Ekimena eraginkorra dela eta Euskarak 365 egun lan ildoaren helburuekin bat datorrela ikusi genuen. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ere kezka bera zuen, eta erabileran eragiteko gogoa. Batu ginen, eta aurrera elkarrekin egitea erabaki genuen.

Berria da dinamika mota hau, eta berria da Jaurlaritza eta Topagunea bezalako gizarte eragile bat elkarrekin aritzea.

Hasi ginen ikusten genuelako helburua konpartitzen genuela, eta, orain arte, borondatea dugu bi aldeek, gogoa ere bai… Bide atsegina izaten ari da nolabait, ikusten ari garelako dinamika berri bat sortzen ari garela eta fruituak eman ditzakeen elkarlan bat izan daitekeela. Eta, gainera, ez bakarrik Topagunearen eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren artean. Koordinazio gunera Nafarroako Euskarabidea ere sartu da, eta proposamena egin diogu Iparraldeko Herri Elkargoari ere sar dadin Ipar Euskal Herriko ordezkari publiko gisa. Erantzunaren zain gaude, baina espero dugu baiezkoa izatea. Horrez gain, sustatzaile sare zabal bat sortzen ari da. Euskalgintza sozialeko eragileak sartuko dira hor, eta beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak ere bai. Ikusten ari gara sortu dugun elkarlana hedatzen ari dela, eta hori nahi dugu; elkarlana eragile askoren artekoa izatea, bakoitzak beretik eragin dezan hizkuntzaren erabileran.

Inoiz egin gabeko urratsak dira; esan daiteke ohikoak baino eraginkorragoa dela, nolakotasunagatik eta horren eragile zabalak batzea lortu duelako?

Ikusi beharko da norainoko fruituak ematen dituen. Baina orain arte herriz herri egin diren aktibazio ekimenetan fruituak ikusi dituzte, eta errepikatzen ari dira. Dagoeneko aktibazio ekimenak egin dituztenak datorren urterako ere martxan jartzen ari dira. Hala ere, hau beste urrats bat izango da. Lan handia dago egiteko. Lan handia egin da orain arte, eta hau izango da euskararen normalizaziorako, euskaraz bizi ahal izateko beste urrats bat. Baina horrekin batera beste asko dira beharrezkoak, eta horietako bakoitzak dauka bere garrantzia.

Ohiturak aldatzea da helburu nagusia. Orain arte egin dira proba batzuk; Bizkaian, Arrigorriagan eta Trapagarenen. Zein emaitza utzi dituzte? Ikusi da ohitura, jarrera aldaketarik?

Bai. Batetik, Arrigorriagan iaz egin zuten euskaraz aritzeko ekimena, eta aurten egingo dute berriz. Beraz, ikusten da haiek ere nabari dutela zerbait. Ikusten dena da elkarrizketetarako eredu berri bat ari garela mahai gainean jartzen, ez dagoena hain hedatua Euskal Herrian: kasu batzuetan elkarrizketak elebidunak izatea. Jende asko dago euskara ulertzeko gai dena baina, beharbada, ez dena eroso sentitzen euskaraz hitz egiteko, edo ohiturarik ez daukana. Horiengana jotzen dugu belarriprest figurarekin. Belarriprestak esaten du: ‘Zuk niri egidazu euskaraz; nik ulertzen dut, eta nahi dut zuk niri euskaraz egitea. Nik erantzungo dizut euskaraz edo gazteleraz edo frantsesez, baina zuk egidazu euskaraz’. Eta ikusten dugu horrek eduki dezakeela bidea urrats berriak egiteko.

Proposatzen da 11 egunetan horrela jardutea, baina, hortik aurrera, aldatzen dira ohiturak orain arteko proben arabera?

Hori da helburua: hamabigarren eguna heltzen denean, abenduaren 4a heltzen denean, 11 egun horietan sortu diren dinamikei ahalik eta gehien eustea. Horregatik da garrantzitsua egunero egoten garen jendearekin jartzea praktikan dinamika hau, egunerokoan ere ahalik eta jende gehien aktibatzea norbanakoaren inguruan, egun horietan gure lagunekin, lankideekin, familiakoekin eta herriko ezagunekin egitea. Lasarteko esperientziarekin ikerketa egin zen. Galdetegia egin zieten parte hartzaileei, ahobiziei, hiru fasetan: ekimena hasi aurretik, bukatu eta berehala, eta hiru hilabetera. Ikusi zuten hasieratik bukatu arteko tarte horretan euskarazko elkarrizketak asko hazi zirela. Baina ekimena amaitu eta hiru hilabetera egindako galdetegian ere, ikusi zuten mailari dezente eustea lortu zela. Ez ekimenaren egunetan bezainbeste, baina hiru hilabetera gorakada nabaritzen zen oraindik.