Bildu, goi kargudunen ezohiko sarien kontra »

BILBO. Foru aldundiko goi kargudunen ezohiko ordainsariak ezabatzeko eskatu du Bilduk. Ahaldun nagusia, diputatuak eta zuzendari nagusiak Espainiako Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean txertatzea proposatu du koalizioak. Kargua uztean hilabetek…

Plentziako gaztetxeak proposatu dion proiektua onartu du udalak »

Plentziako Ermitatze gaztetxearen etorkizuna forma hartzear dago jada. Izan ere, udalak onartu egin du gaztetxeko batzordeak aurkeztu duen proiektua. Hartara, gazteek azpiegitura erabiltzen jarraitu ahal izango dute.Horren arabera, eraikina lau eremut…

Etzi, basogintzari eskainitako azoka egingo dute Arrietan »

Hileko lehen domekako azoka egingo dute igande goizean Arrietan. Zuhaitz eta fruitu arbolen hainbat haztegi elkartuko dira, ohiko ekoizleekin batera. Landareez gain, ortuari, esneki, txakolin, marmelada eta enparauak egongo dira salgai. Egur mozketare…

Mercadona saltokia herrira iristeko prozesua, abian »

GIZARTEA. Hilerri ondoko eremuaren hiri antolamendua aldatzea onartu berri du Sestaoko Udalak. 21.080 metro koadroko lurzorua hirugarren sektorerako eta zerbitzuetarako eremu bihurtu dute. Hartara, inguru horretan saltoki bat zabaltzeko bidea zabaldu …

Neguko ekaitzek hildako pertsonak. »

Kalte materialak izugarriak izan diren arren, ondorio larriagorik eragin du itsasoak aurtengo neguan. Urtarrilaren 28an kai muturrean argazkiak egiten ari zen gizon bat harrapatu zuen olatu batek Ondarroan. Itsasora erori, eta ito egin zen.

Olioa birziklatzeari esker, karbono dioxido gutxiago isuri du Bizkaiak 2013an »

Sukaldean erabiltzen den olioa birziklatzeari esker, 703.000 tona karbono dioxido gutxiago isuri dira Bizkaian, 2013an, Ortuellan dagoen Rafrinor enpresak egindako azterketaren arabera. Biodiesela egiteko erabiltzen dute berrerabilitako olioa Rafrinor…

“Eredu birsortzaileaz sortutako jakiak ez dira elitearentzat bakarrik” »

“Nekazaritza ekologikotik haratago” doan nekazaritza birsortzailea ezagutu, eta proiektu hori garatzen hasiko da laster David Calleja (Portugalete, 1978), lagun batekin batera, Lezaman. Eredu horri buruzko hitzaldia eman zuen atzo, Mungian.

Zer da nekazaritza birsortzailea?

Nekazaritza ekologikotik haratagoko pauso bat da. Nekazaritza iraunkorraren adar bat litzateke nekazaritza birsortzailea. Ekologikoaren garapen bat da: ekologikoa logikoa bada, nekazaritza birsortzailea haratago doa.

Diozuenez, orain arte erabilitako erremintak kalte egiten ari zaizkio planetaren eta gizakiaren etorkizunari, eta nekazaritza birsortzailearen erremintek, ostera, planeta konpontzeko bidea ematen dute. Zein da kalte hori, eta zelan lagun dezake nekazaritza eredu berri horrek?

Nekazaritza birsortzaileak lurra leheneratzen laguntzen du. Erabiltzen dituen teknikekin lortzen da lur eremuan ura denbora luzeagoan gordetzea eta karbono dioxidoa lurrean gorde ahal izatea. Horrekin guztiarekin, ur galera geldiaraztea lortzen dugu.

Zein teknikari buruz ari zara?

Hainbat teknikaren konbinazioa da. Ohiko nekazaritzaren ikuspegi aldaketa dakar eredu berri honek. Batetik, abeltzaintza eta nekazaritza uztartzea du oinarrian; batak bestea sostengatzen duela esango genuke. Animalien laguntza aprobetxatzen dugu soroetarako ongarriak lortzeko. Izan ere, zergatik mugituko ditugu animaliak jana duten leku batetik, beste toki batera eramateko? Orain, janaria urrutiko leku batean ekoizten dugu, horretarako baliabide asko eta asko bideratuta. Hainbat energia alferrik galtzen dugu, eta, gero, animaliei elikagaia eramaten diegu, animaliak janaria ekoizten dugun lekuan bertan egon beharrean.

Bataren eta bestearen batasuna lortzea da oinarrietako bat: zentzuzko artzaintza, hain justu. Lurra eta ura uztartzea da beste oinarri bat, eta, horretarako, goldatzeko eran jarri behar da arreta. Lurra iraultzeko teknika baztertu egiten da, oro har. Beharrezkoa ez bada, beraz, saihestu egiten da gehiegi goldatzea.

Zer dela eta?

Hori eginda, agerian uzten ari gara lurrean dagoen bizi osoa. Nekazaritza birsortzaileak lurra eta landak lehenera ekartzea du helburu; lurrean bizia mantendu gura dugu. Prozesu guztiaren ostean, hiltzen ari dira gu osasuntsu eta modu orekatuan elikatzeko landareak landatzen ditugun lurzoruak. Lurzoru hilekin topo egin dugu, horrenbeste pestizida, herbizida eta fungizida erabiltzeagatik. Nekazaritza birsortzaileak lurzoruaren bizitza handitzea du helburu, landareen eta gure elikagaien kalitatea areagotzeko.

Oinarrietatik, norberaren lanetik abiatuta gauzak aldatzeko bidea ematen duten teknikak aurkezten dituzue. Horri ere garrantzitsu deritzozue.

Bai, noski. Kanpoko ongarri, energia eta gainerakoen abusuak gutxitzen saiatzen gara. Kanpoko aldearen mendekotasun ahalik eta gutxien izaten saiatzen gara, eta guregandik hurbil dauden materialak erabiltzen. Esaterako, behien gorotzak erabiltzen dira ongarri gisa.

Berrerabilpena ere gustuko dugu, gauzak birziklatzea. Norberak asma ditzake teknika merkeak. Ekoizpen kostuak izugarri txikitzeko aukera ematen digu horrek.

Nekazariek, oro har, diru asko xahutzen dute horretan: ongarriak, haziak eta tratamendu fitosanitarioak erosten, hain zuzen. Kimika eta farmazia multinazionalen mende daude. Guk proposatzen dugun ereduarekin, ostera, edonork izan ditzake eskuragarri gauzak ondo egiteko oinarrizko baliabideak. Ingurumena, lurra, iraunkortasuna, gizartea… guztiak errespetatuz lan egiteko modu bat da, gainera.

Zer-nolako esperientzia dago alor horretan Bizkaian?

Apurka-apurka ari gara. Iberiar penintsulan, urtebetetik gora darama ereduak zabaltzen; Europan, aurretik ari dira. Bizkaiko nekazaritza eredua oso lokala da, oso txikia; ez da Arabakoa bezain estentsiboa.

Ikusi dugu badaudela nekazaritza birsortzailea lantzen hasi diren nekazari batzuk: ortuari otzarak prestatzen dituztenak dira horietako batzuk. Bakoitza, dena den, bere erritmora ari da. Urduñan, artzaintza alorra ere aplikatzen ari dira. Aurrerapauso handiak gauzatzen ari dira. Norbanakoak dabiltza horretan, baina hedatzen ari da. Gainera, interes handia pitzarazi du gai honek.

Produktu ekologikoak eta nutrizio balio handikoak sortu eta guztion esku egongo direla diozue. Aldi berean, ekoizleak irabaziak handituko ditu. Nola izan daiteke hori?

Ekoizleak ez ditu irabaziak handituko; hau ez da panazea bat, eta hori ere ez da helburua, gainera. Trantsizio prozesu bat da hau. Ekoizleak ez ditu kanpoan erosi beharko produktuak; beraz, diru gutxiago galduko du horretan. Denboraren poderioz, ekoizpenak gora egingo du. Kostu handiak aurreztuko dituzte nekazariek, eta aukera daukate zalantzazko ospea duen industriari gauzak erosteari uzteko.

Bestalde, nekazaritza birsortzaileak darabiltzan formulak ezagutzera ematea da gure filosofia. Formula horiek ezagunak izatea nahi dugu, elkarlanean arituta eta nekazarien arteko lehiakortasuna baztertuta.

Ekoitzitako elikagaiei erreparatuta, bestalde, helburua ez da elitearentzako jakiak sortzea. Izan ere, produktu ekologikoak tranpa bihurtzen ari dira: aberatsentzako produktu bihurtu dira. Badirudi elikadura osasuntsua eta duina eskuratzeko eskubidea daukazula baldin eta ordaintzeko dirua baldin baduzu. Dirurik ez baduzu, berriz, behartuta egongo zara elikagai merkeak eta kalitate txarragokoak erostera.

Etiketak jartzea ez zaigu gustatzen. Edozein fruitu dendatan era horretako elikagaiak erosteko aukera izatea nahi dugu, eta erosleak jakin dezan konfiantza osoarekin eros ditzakeela produktuok, oso onak direlako. Halaber, ez dugu nahi produktu horiek erosteagatik plus bat ordaindu beharrik izatea. Izan ere, zigiluek hori eragiten dute.

Zelan sartu zara zu mundu honetan?

Ni ez naiz elkarteko kide. Agricuturaregenerativa.org elkartearen helburua ez da kideak bereganatzea; helburua haztea da. Ideia mordoa sortzen ari dira. Duela urte eta erdi egin genuen lehen ikastaroa Gasteizen, eta gero, lantaldeetan antolatzen hasi ginen. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Burgos elkartu gara, eta sare handia osatzen ari gara. Ni paisaia pintorea naiz, eta eskuak lurrean sartzen hasteko hautua egin dut. Lagun batekin batera ikasi ditugun gauza hauek guztiak aplikatzeko, lur eremu bat eskuratu dugu Lezaman.

Uhinen aurkako borroka »

Azken bi hilabeteetan bizkaitar guztiak egon dira itsasoari begira: kostaldekoak, beldurrez, eta lehorrekoak, harrituta. Abenduaren 23an, neguan sartu eta bi egunetara, piztu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lehen alerta laranja. Harrezkero, ia astero harrotu da Kantauri itsasoa. Meteorologoen esanetan, aurtengo neguan Britainia Handiaren inguruan agertu ohi den antizikloia desagertuta ibili da. Horregatik, Atlantikoan sortu diren depresio guztiak bata bestearen atzetik sartu dira Iberiar penintsulara, itsasoko urari atseden hartzen utzi gabe.

Itsas denboralerik larriena otsailaren 2koa izan zen. Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuak alerta gorria izendatu zuten; 2010etik ez zen halakorik gertatzen. Bizkaiko kostaldean kalte itzelak eragin zituen. Bermeon eragin zituen irudirik harrigarrienak, baina ez zen libratu herri bakar bat ere. “Sekula ez dut halakorik ikusi”, zioten arrantzaleek. Nestor Urrutxua ingeniariaren arabera, ezohiko lau faktorek egin zuten bat egun haietan: olatuen noranzko aldaketa, ekaitz indartsu bat, olatuen maiztasun handia eta itsasgora bizia. Typsa ingeniaritza eta arkitektura taldean egiten du behar eta Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolejioko kide da. “Euskal kostaldera normalean ipar-mendebaldetik sartzen dira olatuak. Hau da, Ternua ingurutik, Kanada eta Groenlandia aldetik, Labrador itsasoko korronteak eraginda. Otsaileko lehen asteburu hartan, iparralderagotik etorri ziren”.

Gainera, ekaitz indartsu batek olatu handiak eragin zituen. Altuagoak egon izan dira azken neguetan; eta aurten ere bai Errege egunez. Otsailaren 2an tamainaz txikixeagoak izan ziren arren, maiztasun handiagoa zuten. “Olatu batetik besterako denbora tartea da maiztasuna. Zortzi metroko olatu batek hamar edo hamabi segundoko maiztasunarekin, edo olatu berberak hogei segundokoarekin ez du indar berbera hartzen. Zenbat eta maiztasun txikiagoa itsasoa mugituago egoten da, baina maiztasun handiarekin olatuek indartu egiten dira, kostaldera gerturatu ahala”. Egun haietakoak bortitzak izan ziren.

Hori gutxi ez, eta marea bizien sasoia harrapatu zuen denboraleak. Ilbete eta ilberri denean izaten dira, eta urteko handienak urtarrilekoak dira. “Itsasoaren maila marea astrologikoak eta meteorologikoak ematen digute. Eta borraskek igo egiten dute itsasoaren maila. Marea bizi batean 4,70 metro igotzen bada itsasoa, neurri bat esatearren, depresioak beste 20 zentimetro gehiago altxatzea eragin dezake. Horri olatuaren beraren altuera gehituz gero, hor duzu zergatik gainditu dituen itsasoak dikeak”.

Batzuetan dikeen kokoteek u formako tripatxoa izaten dute barrurantz. Hainbat arrantzale kexatu dira, dike berrietan ez dela halakorik egiten, bertikalki artezak eraikitzen direla, eta horrek olatua portura sartzea eragotziko lukeela. Urrutxua ez dator bat. Aitortu du forma horri esker olatuak kurba hartu eta dikea gainditu ordez berriz itsasora itzultzen dela. Hark dioenez, gaur egun ere saiatzen dira halakoak egiten. “Baina oraingoan ez zitekeen erremedioa izango. Dikeak apurtu direlako sartu da ura portuetara, eta ez bakarrik olatuek gainetik igaro dituztelako”.

Bermeoko Frantxuen dikeari, berbarako, ehun metrotik gora apurtu zizkion, eta arrantzaleen lonjetara sartu zen itsasoa, batere trabarik gabe. “XIX. mendeko dike zaharra zen, 1850eko hamarkadan eraikitakoa. Harlangaitzez eginda zegoen, ez hormigoiz. Egitura bertikala da, eta erabat zurruna. Gainera, urte hauetan guztietan jasotako kolpeek kaltetuta egongo zen. Halako dike bat olatu kolpe indartsu batek erraz apur dezake”, azaldu du.

Hormigoizko blokez egindako dikeak, ostera, malguagoak direla dio. “Hobeto eusten diote denboraleari. Itsasoak blokeak mugitzen ditu, baina ez du dikea hain erraz hausten”. Dena den, ohartarazi du, denboraleak bata bestearen atzetik etorri, eta, blokeak asko mugituz gero, kolapsatu egin daitezkeela. Hori gertatu zaio, adibidez, Donostian Zurriolako kai muturrari. “Aurreko ekaitzek mugitu egin zituzten blokeak eta otsailaren 2koari ezin izan zion eutsi”. Izan ere, etengabe jo ditu aurten itsasoak.

Bermeokoa da, oro har, Bizkaian enbatak parez pare gehien jasotzen duen portua. Itsaso zabalera irekita dago, babes naturalik barik. Horregatik, blokerik handienak ere hango kai muturrak ditu: 60 tonatik gorako pisua dauka bakoitzak. Kontrako adibide modura Elantxobekoa ipini du, Ogoñoko lurmuturrak babesten duelako. Naturak berak babesten du. Eta horrek badu eraginik. “Kasu batean eta bestean dikearen neurriak ezberdin kalkulatzen dira. Blokedun dikeetan olatu garaiera adierazgarria erabiltzen da; hau da, neurtutako olatuen artetik garaiera handiena izan dutenen batez bestekoa. Elantxobekoa, berriz, bertikala da, zurruna. Halakoetan, olatu garaienaren neurria erabiltzen da. Bikoitza izan daiteke”.

Urrutxuaren ustez, euskal kostaldeko dike eta kai muturrentzat azterketa garrantzitsua izan ziren otsail hasierako gertakariak. Portuetan behar egiten duten ingeniariak ohartu dira 2010etik hona muturreko denboraleak ugaritu egin direla. “Gu ez gara meteorologoak, baina badirudi joera hori hartu duela. Beraz, ekaitz hura gainditu zutenak, hurrengoei eusteko prest daudenak dira. Ez dut uste aparteko arazorik izango dutenik”.

Dena den, azpiegitura denak gainbegiratu behar direla iruditzen zaio. Batetik, zein egoeratan geratu diren jakiteko. Bereziki, blokez osatutakoetan, zenbatean mugitu diren ezagutzeko. Bestetik, olatuen garaiera berria kontutan hartuta, moldatu behar diren edo ez ikertu behar dela dio. “2010era arte, olatuek estatistikoki 50 urtean behin bakarrik har dezaketen garaieraren arabera kalkulatzen ziren dikeek eduki beharreko neurriak. Orain, azterketa bat egingo bagenu, garaiera ezberdin bat izango genuke emaitzetan, eta, seguruenik, ohartuko ginateke hainbat azpiegitura ez direla nahikoa”. Aldaketa sasoia dator portuetara.

Karga ilegalak »

Handia da Los Angelesko itsas portua. San Pedro badian dago kokatua, eta 70 kilometro luze betetzen ditu, natura industrialez dekoratutako itsaslabar bitxia sortuaz. Metalezko garabia eta tresneria erraldoiak etxetik gertu izatera ohituta gaudenontzat, paisaia ederra da hori. Makina horietako batek barku baten karga hartu eta, erraldoi baten begiramenduarekin, lehorrean uzten duenean entzuten den burrunba izugarriak etxean sentiarazten zaitu. Eta, askotan, Kantauri itsasoa zabartzen zaigunean, geure ozeano txiki horretatik ailegatzen den uluak eta olatuen eztandek antzeko zarata sortzen dute. Pentsa genezakeenaren kontra, ederto asko bilbatzen dira itsas portuak eta natura.

Aingeruen Hiriko portu honek, gainera, zenbait sari jaso ditu azken boladan, hainbat proiekturi esker. Hala nola: kutsadurarik sortzen ez duen teknologiarekiko apustua eginez, inguruan bizi den fauna eta flora errespetatzeko ikastaroak eskainiaz eta itsasontzi kopurua murrizteko programa sortuaz. Hala eta guztiz ere, harrotasunez iragarri dute iazko urtarrilarekin alderatuta %2,5 hazi dela portuko lan karga. Gauzak horrela, Kalifornian, milioi bat lanpostutik gora sortu ditu The Port of Los Angelesek, eta, herrialde mailan, hiru milioi lanpostutik gora. Ez da marka makala. Badute, beraz, zer erakutsi portuko arduradunek, ohiko gune turistikoez gain beste zerbait ikusi gura duten horientzat. Ate irekien jardunaldiak gehiagotu direla ikusita, argi dago jendea gustura ateratzen dela horietatik eta lagunak gonbidatzen dituela horra hurbiltzera.

Aurrekoan, portuko langile bat ezagutu nuen, barbakoa baten inguruan, eta, bilbotarron harrotasun puntu horrekin, geurean egiten dena kontatzen eta Los Angelesen gertatzen dena entzuten, garagardo pare bat edan genituen. Nik ez daukat berak duen esperientzia, nire ezagutza Superportuan diharduten lagun bakan batzuen istorioetara mugatzen baita. Eta berak kontatzen zituenak entzuten egon nintzen, gehienbat.

Kontatu zidan aipatu ate irekietako bisita gidatu horietan X Izpi makina “ikaragarri erraldoi” batek nola funtzionatzen duen erakusten dutela. “Horrela —argitu zidan—, kontainerretan zer dagoen argi eta garbi ikus genezake, karga ilegalak erraz atzemateko”. Akordatu nintzen urtero portu horretan poliziak atxilotzen dituen paperik gabeko ehunka txinatarrekin, eta aipatu egin nion. “Bai, bai, mota guztietako karga ilegalak atzematen ditugu makina horiekin”, erantzun zidan. Frantziarra zela ere esan zidan, duela 26 urte Ameriketara ezkondua. Karga legala zen bera, baina.

Baso emankorretarako, 3,1 milioi euroko laguntza »

NEKAZARITZA. 3,1 milioi euroko diru laguntza emango du Bizkaiko Nekazaritza Sailak baso emankorrak mantentzeko. Kudeaketa iraunkor batekiko konpromisoa duten baso horien jabeei emango dizkiete diru laguntzok. Interesa dutenek datorren apirilaren 30a b…