Arnasa hartu du itsasadarrak »

Ez zen ibaia, estolda nabigagarri bat zen”. Hala adierazi du Ibon Areso Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidente eta Bilboko alkateordeak. 1970eko hamarkadaz ari da. Argi utzi nahi izan du itsasadarra ez dela partzuergoaren jabetza. Industria eta etxebizitzetako ur zikinak Ibaizabalera ez isurtzea bermatzeko ardura da haiena. “Ez besterik”, azpimarratu du. Lortu dela aitortu du, nahiz eta egoera beti hobetu litekeen. “Itsasadarrak ez zuen oxigenorik, eta ez zegoen ez animaliarik ezta landarerik ere”. Egun 50 espezie baino gehiago daudela dio; “hori asko da ibai batentzat”.

Baldintza bereziak ditu Ibaizabalek. Abratik La Peñara arte gazitasun maila ezberdinak izatearen ondorio sortzen da bizitza ugaritasun hori, Aresoren arabera. Partzuergoak 1970eko hamarkada bukaeran Bilboko itsasadarraren ur zikinen plana martxan jarri zeneko emaitzen balorazio oso ona egin du: “Ingurumen obra gisa, EAEn egindako garrantzitsuena da”. 900 milioi euro jarri dituzte osotara eraberritze plana aurrera eramateko.

Hogeita hamar urteko lanen ondorioz, bestelako itxura du itsasadarrak. Sestaon dagoen Galindoko araztegiaren eraikuntza izan zen plan horren harribitxietako bat. 1990ean eraiki zuten. Bizkaitarrek sortutako ur zikinen %80 inguru jasotzen du araztegiak. “Lehen zuzenean itsasadarrera zihoan kutsadura guztia hara bideratzen da”, dio Aresok. Urtean, 85.000 tona inguru. “Baina hobetzeko gauzak ere badaude”. Izan ere, eurite handietan, sistemak topea jotzen du, eta “arintzeko” ibaira botatzen dute hondakin uraren kantitate bat. “Hori ekiditeko sistema bat eraiki nahi dugu orain”, azaldu du Aresok. Baina itsasadarreko urak “askoz garbiago” dauden arren, hondakin guztiak ez dira desagertzen. 1970eko hamarkada bitartean Ibaizabalera botatako metalengatik galdetzean, horietako batzuek itsasadarrean jarraitzen dutela aitortu du: “Horiek ateraz gero, gehiago kutsatuko litzateke bertan utzita baino; hori diote adituek, behintzat”.

Atzera begira

Bilboko itsasadarra asko aldatu da; ibaia, eta inguruan duen paisaia. Biak aldatu dira batera, funtzio sozioekonomiko zein kulturalen arabera. Hasierako Bilbo zena ibaiaren inguruko historiari oso lotuta dago. Industriari eta merkataritzari erabat lotuta hazi izan da hiria. Erdi Aroan berebiziko garrantzia izan zuen portuak, Europarako ate nagusia baitzen.

XIX. mendean erabateko garapena lortu zuen. Baina aberastasun ekonomikoak ondorio ekologikoak ekarri zituen berarekin batera. Industrialdeek sortutako kutsadura gehienek helmuga berbera zuten: Ibaizabalen urak. Industriek eragindako zaborrak ez ezik, industrializazioak eragindako populazioaren gorakadak ere hondamena ekarri zion ibaiari. Herritarrek ere uretara bota izan dute luzaroan zaborra.

Itsasadarrari esker garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura zaintzen asmatu. Labe garaiek kalte handia ekarri zioten itsasadarrari, mea aktibitateak uraren azidotasunean duen eragina izugarria baita. Egoera larriena 1980ko hamarkadan ezagutu zuen. Oxigenorik gabe geratu zen, bertako bizitza arnasa hartu ezinik utzi arte. Eta, horren ondorioz, erabat hil eta desagertu zen flora eta fauna osoa. Izan ere, oxigeno kontzentrazioak %20koa izan behar du, gutxienez, bizia egon dadin.

Orduko argazkiei erreparatuz gero, uraren koloreak salatzen du nolako egoera larrian zegoen itsasadarra. Egoera hain izan zen jasanezina, ur garbiketa planak abiatu behar izan zituzten. Oraindik ere horien uzta jasotzen ari da Bilboko ura. Begi kolpe batean, nabarmen hobetu da haren egoera. Atzean utzi du kolore horixka. Inguruetan kokatuta zeuden fabrikak ere desagertu egin dira. Lehen industria ingurua gaur egun turismo gune edo eraikin modernoz jositako eremua da. Ura ez ezik, inguru guztia aldatu da egoera sozioekonomiko guztia aldatu ahala. Eta, egun, kirolerako eta astialdirako gune ere bada.

Garbigailuaren zikintasuna

Itsasadarra eraberritzeko planean, Galindoko araztegia izan da protagonista nagusietako bat. Baina uren araztegia hainbat kritikaren jomugan dago egun. Isurtzen duen karbono dioxido eta metano kopuruak oso handiak dira. Uretara artsenikoa, fosforoa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, zinka eta bestelako substantzia batzuk isurtzen ditu. Hortaz, ur hondakinak arazteko instalazioa kutsatzailea da.

Aurten Galindoko araztegian hirugarren eraikina martxan ipiniko dutela iragarri du Aresok. Haren zeregin nagusia orain arte airera botatzen zen usain txarra gutxitzea izango da.

“Egoerak identifikatzea eta euren autonomiari ahalik eta luzeen eustea da helburua” »

Osasuna eta gizarte zerbitzuak sarri eskutik doazen gaiak izanik, Uribe eskualdean bi alorrok elkarrekin lanean jartzeko arreta protokoloa jarri dute martxan, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdea osatzen duten 24 udalerrien arteko elkarlanari esker. Programa aitzindari horren xehetasunak azaldu ditu Mari Luz Marques Osakidetzak eskualdean duen kudeatzaileak (Bilbo, 1961).

Zertan datza zehatz akordioa?

Gizarte zerbitzuak eta osasuna lotzen dituen hitzarmen batean ari gara lanean. Duela urtebete inguru hasi zen, eta ibilbide luzea izango du. Osakidetzak eta 24 udalerriek oraintsu sinatu dugu hitzarmen hori, eta landu nahi ditugun alderdi ugarietako bat baino ez da. Osasun eta gizarte arloetan inplikatuta dauden eragileen elkarlanean datza.

Lan esparrua oso zabala da. Izan ere, era desberdinetako herritarrak barneratzen ditu. Besteak beste, mendekotasuna izan dezaketen adinekoak, babesik gabe dauden herritarrak, buruko patologiak dituztenak, haurrak, tratu txarren biktimak diren emakumeak… Guk hainbat zatitan banatu dugu osotasun hori, eta atalka landuko dugu. Orain, batez ere, adinekoak hartu ditugu ardatz. Mendekotasun egoeran edo arriskuan dagoen nagusia dugu jomuga, etxean zein egoitza batean bizi dena.

Inguru horretan inplikazio zuzena dutenak Osakidetzako profesionalak eta udalerrietako gizarte langileak dira. Lehenengo hitzarmena ondoko alorrak zehazteko egin dugu: zelakoak izango dira gure harremanak? Zelan ekingo diegu afera hauei? Zelan esku hartuko dugu eta zelan egingo diegu jarraipena adineko pertsonei bizi diren eremuan? Osasun eta gizarte zerbitzuen eremuetako profesionalen lantaldeak eratu ditugu, alor horietako lehen arretako beharginekin —medikuak, erizainak eta gizarte langileak—. Proiektuan zaharren egoitzako medikuak eta erizainak, foru aldundikoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta gizarte langileak ere badaude, herritar horiek eremu horietara jo dezaketelako.

Eta zelan gauzatuko da protokoloa?

Orain artean ere harremanetan geunden gizarte langileekin. Orain, kontaktu hori sistematizatzea da gure helburua; hau da, osasun arloko langileek eta gizarte beharginek osatutako talde egonkorrak eratzea. Hilero batzartuko dira, eta adinekoen beharrak antzematea dute xede.

Beharrizan horiek aldatuz doaz urteen poderioz. Hasiera batean, baliteke adinekoak autonomoak izatea; gero, ordea, mendekotasun arriskuan sar daitezke, eta beharrizan hori sortu. Helburua egoera identifikatzea da, jakiteko zein puntutan dauden, eta lortzea euren autonomiari eutsi ahal izatea ahalik eta denbora luzeenean. Eskuragarri dituzten baliabideak ezagutaraztea ere lortu gura dugu. Izan ere, batzuetan gertatzen da baliabideak egon arren ez dituztela erabiltzen ezagutzen ez dituztelako.

Orain artean zelan gauzatzen zen pertsona horienganako arreta zerbitzua?

Eskaeren araberakoa zen. Inplikatutako agenteetako batek, osasun arlokoak zein gizarte zerbitzuetakoak, beharrizan bat antzematen zuenean, bestearekin harremanetan jartzen zen.

Aldaketa nagusia da pertsona horiek ezagutzen joango garela beharrizana azaldu ere ez denean egin. Informazioa ematen diegu, zein itxaropen duten jakin, beraien ingurua ezagutu. Bakartuta dauden jakin, eta hala bada, beharrezko baliabideak helaraziko dira; besteak beste, suteak antzemateko gailuak eman edo Beti On telefono bidezko alarma sistema euren esku utzi. Euren errealitatea ezagutzea dugu helburu, ez soilik osasunarekin lotutakoa, baita soziala ere. Horren bitartez, sortuko diren beharrizanei aurrea hartuko diegu.

Zer-nolako metodologia darabilzue?

Balorazio geriatriko integrala darabilgu. Aspektu klinikoak, funtzionalak, kognitiboak eta sozialak aztertzen ditugu. Egituratuta dagoen balorazio bat da. Pertsona horien beharrizanak elkartzen ditugu dagozkien alorrean bidera daitezen.

Sendagilearenera doazenean antzematen al dira beharrizan horiek?

Bai, baina sarri gizarte zerbitzuen bitartez gertatzen da. Senideren bat baliabideren bati buruz galdezka joan ohi da zerbitzuotara, eta han hasten da prozesua. Beharrizanak agertu aurretik aurre hartzen saiatzea da helburua.

Sistema aitzindaria dela esanez aurkeztu duzue.

Ez dakit aitzindaria den ala ez. Argi dagoena da honen indarra zein den: oso eremu desberdinetako agenteak eseri gara mahai gainean. Helburu komuna ezarri dugu; interesatzen zaigun populazioa identifikatu dugu, eta lanean hasi gara. Hori guztia 24 udalerrirekin.

Esperientzia hori beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa ere badago, ezta?

Bai. Egitura hau oso erraz estrapolatu daiteke beste leku batzuetara. Errazagoa izango da udalerri gutxiago dauden eremuetan gauzatzea, eta zailtasunak aurki daitezkeen arren, hedatzeko erraza dela uste dugu.

Zenbat pertsonak izan litzakete beharrizan horiek?

Kopuru zehatzik ematerik ez daukat. 65 urtetik gorako populazioa hartu dugu guk erreferente modura, baina adin horren barruan denetariko egoerak daude.

Mendekotasun arriskuan dauden edo mendekotasun arazoak dituzten adinekoekin abiatu duzue protokoloa. Gainerakoengana noiz zabalduko duzue programa?

Urtarrilaren 23an berriz batzartuko gara hurrengo atalarekin hasteko: egoitza batera joateko beharra duen adinekoa, mendekotasun handia duelako. Ostean etorriko dira besteak. Proiektu bat martxan jarri, jarraipena egin eta ebaluatu egiten dugu. Bien bitartean, hurrengoa osatzen hasten gara, hori ere martxan jartzeko, jarraipena egin eta ebaluatzeko.

Oroitzapenak, zirrara eragile »

Bilboko itsasadarraren ezkerraldean, Bizkaiko Labe Garaietan eta ontzioletan lanean aritutako beharginei omenaldia egitea helburu duen erakusketa ipini dute Barakaldon, udal aretoan. Oroitzapenaren zirrara izenarekin, Herrialde Katalanetako hiru emaku…

51 »

Praktiketarako foru aldundiak eskainiko dituen postuak. Goi mailako hezkuntzako zentroetako, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 51 ikaslek hainbat sailetan praktikak egiteko, beste horrenbeste postu eskainiko ditu foru aldundiak.

MENDI GAILURRETIK IRRIBARREAK SORTZEN »

Mendizaleak antzezlana taularatuko dute domekan Hipo eta Tomax pailazoek, Basauriko Social antzokian. 12:30ean antzeztuko dute ikuskizuna. Tomax aguazila eta Hipotolomeo garbitzailea mendira abiatuko dira abentura berri honetan. Naturarekin zuzenean j…

Bi zubi berri eraikiko dira, Barakaldo eta Bilbo lotzeko »

Barakaldo eta Bilboko Udalek Kadagua zeharkatuko duten bi zubi eraikitzeko akordioa egin dute. Barakaldoko Brutzeña auzoa eta Bilboko Zorroza auzoaren arteko lotura bultzatu nahi dute bi igarobide horiekin. Zubioi esker oinez eta bizikletaz igaro ahalko da itsasadarra. Baita tranbiaz ere.

Zubietako bat Kadagua ibaiaren ondoan dagoen tren geltokitik hurbil egin nahi da, zonalde horretan eraikitzen ari diren bide berriei jarraipena emateko. Bigarren zubia, berriz, Kadagua ibaiaren bokalea eta Bilboko itsasadarreko pasealekuak batzeko eraikiko da. Oinezkoentzat eta bizikletaz doazenentzat izango litzateke azken hori. Eraikuntzak 2014ean egitea aurreikusi da.

Lurrari lotutako proiektuak abian »

Urte berria lur berriekin hasi dute nekazaritza eta abeltzaintza alorretan burubelarri aritu beharko duten bederatzi gaztek. Bederatzi lursail, bederatzi gazte eta beste horrenbeste etorkizunerako asmo jarriak dira martxan. Foru aldundiak laugarren al…

Ekialdetik hariari tiraka »

ErakusketaBilboHaritik. Ekialdeko txotxongiloak izeneko erakusketa bisitatzeko aukera dago Ondare erakusketa aretoan, Bilboko Maria Diaz Haro kalean. Panpin horiek manipulatzeko era eta estilo desberdinak ezagutzeko modua izango dute bisitariek, hilar…

“Baliteke euskaldunak Colon baino lehenago iritsi izana Amerikara” »

Itsasoan hamabi urte egin ostean, “bizitza osoa itsasoari lotuta” egin duela aitortu du Sabino Lauzirikak (Plentzia, 1948). Merkataritza ontzietako kapitaina izan zen urte haietan. “Geroago, lurrean geratu naiz itsasontziekin lotutako alorretan lanean…

Proiektuaren argi-ilunez ohartarazi du hainbat gaztek »

Sergio Gonzalez ermuarrak 2011n lortu zuen Lurren Bankutik lursail bat. Busturian egokitu zitzaion. Garai hartan Bilbon bizi bazen ere, Mundakara joan zen bizitzera, “baserritik gertuago egoteko”.Ortua jartzeko proiektuan murgilduta dago eta oilo eta …