“Bilbo askotarikoa da; guztiontzako proposamenak osatu nahi ditugu” »

Bilbo hiriaren ereduaz hausnartzeko prozesuan murgilduta dago EH Bildu. Eta prozesu horren sustatzaileak dira Haizea Ruiz (Bilbo, 1981) eta Xabier Landabidea (Bilbo, 1981). Bolsa aretoan astelehenetik ostegunera egindako jardunaldietan, buru-belarri a…

Asteburuan jokatuko da 3. Enkarterriko Emakumeen Bira »

Hirugarren urtez antolatu dute Enkarterriko Emakumeen Bira. Bi etapa izango ditu aurten ere, eta bihar eta etzi korrituko dira.Zallako Euskadi plazatik abiatuko dira bihar lasterkariak, 16:30ean. Leku berean bukatuko dute ibilbidea, eskualdean 62 kil…

Garraioetako beharginek ere txartel bakarra eskatu dute »

Hainbat garraiobidetako sindikatuetako ordezkariek txartel bakarraren beharrizana aldarrikatu dute, Bilboko Auzoen Elkarteko Federazioak egindako eskaeraren bide beretik. Sei puntu jasotzen dituen adierazpena adostu dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta U…

Hiria, kolore biziz gainezka »

Udaberriarekin batera, jaialdi bat antolatu dute Bilbo erdiguneko eta Zazpikaleetako merkatarien elkarteek. III. Shopping Eguna egingo dute, hain zuzen, bihar. Horretarako, Abando aldeko eta Zazpikaleetako 350 ostalaritza lokal eta saltoki baino gehiago elkartu dira. Joan den astean zen egitekoa, baina eguraldi txarraren ondorioz, bihar arte atzeratu zuten.

Bilbo probatu: ondo geratuko zaizu izeneko kanpainari eutsita, programazio zabala prestatu dute. Bilbotarrentzako zein turista eta familientzako prestatu dute egitaraua. Goizean hasi eta iluntzera bitartean, ez dira faltako programazio osatua eta kale animazioa. Jarduera horiek dendak dauden inguruan egingo dituzte, bisitaria erosketak egitera animatzeko asmoagaz.

Erakusketa bitxi bategaz hasiko dituzte ekitaldiok. Izan ere, Kale Nagusian bertan Loizaga dorretxeko auto klasikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Rolls-Royce batean argazkiak atera ahal izango dituzte, besteak beste, bisitariek.

Ordu horretan bertan, Bartzelonatik Bilbora iritsitako estatua biziak ibiliko dira Kale Nagusian. Sormena, artea eta kolorea eramango dituzte hiriburura. Kontzertuak ere antolatu dituzte: 12:30ean eta 20:30ean, esaterako, The Groovies taldea ariko da, Ertzilla kalean. 1970eko rock doinuak interpretatuko dituzte.

The Guilty’s taldeak, bestalde, adin guztietarako pop rockez beteko du Miguel Unamuno plaza. Eta Jose Luis Castaño Trio-k giro lasaiagoa eramango du Posta kalera: jazz doinuak joko ditu.

Kale animazioak beste protagonista batzuk ere izango ditu. Granujas a Todo Ritmo musika seikoteak rhythm and blues soinua aterako dute euregaz batera eramango dituzten txotxongilo erraldoiegaz.

Bestalde, David de Jorgek eta Aimar San Miguelek ogitartekoen sekretuak ezagutaraziko dituzte Plaza Barrian.

EGITARAUA

11:30etik aurrera. Loizaga dorretxeko auto klasikoen erakusketa. Kale Nagusian.

11:30etik aurrera. Bartzelonako Ramblako estatua biziak Kale Nagusian ikusteko aukera izango da.

12:30ean eta 20:30ean. The Groovies taldearen kontzertua. Ertzilla kalean.

18:30etik aurrera. Granujas a Todo Ritmo musika seikotearen kalejira. Bilbo erdialdean ibiliko dira.

12:00etan. Guilty’s taldearen kontzertua, Miguel Unamuno plazan.

18:00etan. Jose Luis Castaño Trio-k jazz kontzertua emango du, Posta kaleko Rafael Matias eraikinean.

17:00etan. Ogitartekoak protagonista izango dituen jai gastronomikoa, David de Jorge eta Aimar San Miguelen eskutik, Plaza Barrian.

“Iaz Italiako Giroan lehiatzea esperientziarik politena izan zen” »

Dorleta Eskamendik (Errenteria, 1992) bizikleta gainean ikusten du bere etorkizuna. Izan ere, hamabi urterekin hasi, eta txirrindularitzaren etapa guztiak igaro ditu bi gurpilen gainean. Orain ari da jasotzen egindako ahaleginaren emaitza. Bizkaia-Dur…

“Ez bada gaixotzen eta ez bada apurtzen, sareak asko irauten du” »

Portuko zirrikituak ondo ezagutzen ditu Jose Burgoa Zubikaraik (Ondarroa, 1957). Saregileen elkarteko kidea da, eta arrasteko sareak konpontzen ditu egunik egun. Hori du ofizio gazte-gaztetatik. 15 urtegaz hasi zen lanbidea ikasten, “ordainsaria Santanderren” utzita, dio, irribarrez, esamolde bitxi hori erabilita. “Ez zen ezer kobratzen lehen urtebetean edo bi urtean”. Bera ere horrela egon zen: “Ikasi arte ez zegoen ezer; bi urtean egon nintzen kobratu barik”. Patrikarako zerbait ematen zioten noizean behin, “amari ez emana” esanda. Tartean-tartean, deskargaren bat jausten zen, eta hari zegokion ordainsaria.

Lau hamarkada pasatxotan, enpresa asko aldatu ditu, portua bera ere asko aldatu den isla: “Desagertu egin dira enpresa asko, eta lekuz aldatzen joan gara”. Lagun Talde enpresarako lan egiten du orain. Jose Ramon Artetxe eta Joseba Goikoetxea ditu lankide. Hango bi txalupentzat prestatzen dituzte sareak: Kirrixki eta Marmares. Eskozian egiten du arrantzaldia Marmares-ek, eta Irlanda inguruan Kirrixki-k. Oilarrak, zapoak, zuriak —legatza eta legazkumeak— harrapatzen dituzte batez ere. Hemen bezala, sei eguneko marea egiten dute han arrantzaleek, eta bi hilabete edo bi hilabete eta erdi egoten dira Ondarroara bueltatu barik. “Urrian etortzen dira, eta otsail-martxoan joaten dira berriro”.

Arrantzaldia ondo egiteko, ezinbestekoa da itsasontziko elementu guztiek ondo funtzionatzea. Sareak ezinbestekoak dira. Azken egunetan, Frantziako kostara joateko sareak prestatzen dabil Burgoa. Sare klasikoak ari da konpontzen. “Ni hasi nintzenetik hona ez dira ia aldatu; orain, luzeagoak dira”. 80 metroko sarea ari da josten orratzagaz. Itsasoan hondoratu eta hondoan dagoen arraina jasotzen joaten da sarea. Irlandan erabiltzen dituzten sareak berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra tamaina da: haiek 120 metro luze inguru dira.

Trendunak, babesteko

Hodi antzerakoak dira sareak. Estutzen joaten dira, eta puntan zaku bat edukitzen dute, arraina bertan harrapatuta gera dadin. Frantziako kostan, esate baterako, leiho bat erabiltzen da sarean, “korala” deitutakoa: sare horiek tarte handiagoak dituzte. “Hodian sartzen den arrainak araudiak ezarritakoa baino neurri txikiagoa badu, ihes egiten du, bere lekua bilatzen du alde egiteko”.

Eskozian sare txikiagoak erabiltzen dituzte, baina “trendunak”. Gomazko diskoak dira trenak. Sarea saltoka joaten da itsaso azpian haiei esker, eta leku gaitzetan sartzeko erraztasun handiagoa izaten du. “Sareak zikina edo koxka bat topatzen badu, apurtu egiten da, eta horrek babestu egiten du”. Gainera, era horretako sareek altuera handiagoa hartzen dute, hiru metro eta erdiraino. Era horretan, arrain zuri gehiago har ditzakete.

Sareek, zer esanik ez, arrain tona asko jaso ditzakete. “Behin baino gehiagotan gertatu izan da arraina txalupara igo ezin izatea, atzean etortzen den zakua ezin igota egotea”, gogoratu du. Zailtasunak zailtasun, orain lehen baino errazagoa da azken igoaldia egitea. Lehorrean modura, itsasoan ere erraztu egin da lana, eta, orain, ontzien atzeko aldetik sartzen dute arraina. “Lehengo txalupek hegaletik egiten zuten lana. Aurreko makila oker-oker egin, ontziak ia irauli eta aurreko makila apurtzea gertatu izan da noiz edo noiz”.

Uretako ateak

Sarea uretara bota eta martxan joaten dira arrasteko ontziak. Hiru bat orduan edukitzen dute normalean sarea botata, aurretik zehaztuta daukaten bideari segika. “Normalean, egunean lauzpabost botaldi egiten dira”. Sareek behar besteko zabalera izan dezaten, “uretako ateak” erabiltzen dituzte: txalupa aurretik joaten da, eta ezker-eskuma, ateak, sarea zabalik mantentzeko.

Marearen arabera, sareak gutxiago ala gehiago konpondu behar izaten dira. Batzuetan nahikoa izaten da konpontzea; hondatuago daudenean, oihalak —sare zati berriak— gehitu behar izaten dizkiete, txaplatak balira bezala.

Baina sare bakoitzaren iraupena neurtzerik ez dago. Pertsonen modukoak dira, Burgoaren iritziz. “Ez bada gaixotzen, eta ez bada apurtzen, asko irauten du”. Sarritan, burloia —sarea hondoan mantentzeko soka lodia— ugerrak jaten du, eta, txalupak tenk egiten duenean, apurtu egiten da. Soka osoa aldatzea izaten da ohikoena. “Hurrengo marean egoera berean zaude bestela”.

Hurrengoak ez, aurrekoak gogoratuta, asko aldatu da euren lana, onera aldatu ere. Aterpe barik lan egiten zuten lehen. “Euripean egoten ginen, zizko arropekin, tingloi gainean eta”. Kanpoan konpontzen zituzten sareak, haize boladak, euria edo eguzkia egin. “Orduan txarto pasatzen zen. Lan gutxi egiten zen, eskuak izoztuta edukitzen genituen eta”. Dioenez, ezin da esan bere ofizioa orain “pagotxa” denik, baina lehengo aldean asko hobetu dira baldintzak: “Lana ez da hain fisikoa, eta lonja ondo prestatuta daukagu, mekanizatuta”.

Poluzioa »

Hogei urte daramatza Fabiennek Los Angelesen; bizitza erdia, hain justu. Unibertsitate ikasketak amaituta, Geneva jaioterria atzean laga, eta musika munduan profesional bihurtzeko ametsaren arrastoei jarraituta ailegatu zen Kaliforniara. Eta, jakina den moduan, artista bizitzaren oparotasunari esker, bi urterik behin saiatzen zen Suitzara bueltatzen, familia besarkatu eta, atzera ere, ametsak zizelkatzera.

Horren tarte luzeetan, errazagoa da herriek, pertsonek eta hizkuntzek izaten dituzten aldaketak antzematea. Hori da, izatez, emigrantearen kondena: atzerritar marka ezin gainetik kentzea jasotzen zaituen herrialdean eta, jaioterriko egunerokotasunetik urrunduta, “ni ez naiz hemengoa” norbere buruari esaten hastea.

Horrelako zerbait gertatzen zaio Fabienneri. Sendia bisitatzera doanean telebista edo irratia piztu eta ezin duela ekidin “zer frantses mota da hau?” galdera. Antza, ingelesezko hitzak tartekatzeko joera egon da, azken bi hamarkadetan, hango parajeetan. Joera nabarigaitza bertan bizi denarentzat igual, baina oso deigarria tarteka doanarentzat.

Oslon ezagutu nuen Jürgen, duela urte batzuk. Danimarkarra bera, Norvegian ematen ditu lanean urtean hilabete batzuk, erizain moduan hobeto pagatzen dutelako hango ospitaleetan. Barre egiten zuen berak nola norvegiar batzuk “norvegiar garbia” erabiltzen saiatzen diren, daniar kutsu minimoa ere saihesten saiatuz. “Irrigarria da”, esaten zidan. Berak emandako adibideak geurera ekarrita, telefonoari urrutizkin deitzea edota mugikorrari sega potoa esatea bezalakoa zen kontua.

Bere horretan nahi du ama hizkuntza Fabiennek, eta Jürgenek, ordea, hizkuntzen arteko dantza ekiditea zentzugabetzat jotzen du. Ulergarria da etxea atzean utzi duenak oroimenean gordea duen irudia mantendu eta tentuz zaindu gura izatea. Giza kondizioa da hori.

Anekdota polita bizi izan nuen Boisen behin. Mende erdia Ameriketan zeraman artzain euskaldun baten etxeko sukaldeko paretan, Eusko Jaurlaritzaren egutegi berria eskegita ikusi nuen. Bilboko Guggenheim museoaren argazkia kendua zuen, baina, eta ordean, baserri irudi bat itsatsi zuela ohartu nintzen. Oso kontserbadorea da maitasuna, are gehiago oroitzapenetan baino bizi ez denean.

Euskalgintzan dihardugunontzat eztabaidagai ezaguna da hau: zenbateraino da onargarria euskara mailari jaramonik ez egitea horrek kalean euskara gehiago entzutea ekarriko badu ere? Askok ergatiboa zer den ere ez dakitela; lagunartean adarra jo beharrean elkarri ilea hartzen diotela; tabernan neska edo mutil ederra ezagutu ordez, ona dagoen baten telefonoa lortu dutela… Honetan, behintzat, ni ez naiz batere ekologista. Gora kutsadura! Bo, hobeto esanda, biba poluzioa!

Udal etxebizitza bat dago Bilbon, 88 herritarreko »

Alokairu sozialean etxebizitza bat dago 88 biztanleko, Bilbon. Hego Euskal Herriko hiriburuen artean proportzio handiena duena da. Adibidez, Donostia da zerrendan bigarrena, eta 188 herritarreko etxebizitza bat daukate. Ia 4.000 udal etxebizitza daude…

450.000 »

Adinekoentzako foru laguntzak, aurten. Foru aldundiak 450.000 euro onartu ditu erretiratuen etxe, klub eta elkarteentzako diru laguntza modura. 1.000 eta 4.000 euro artean jaso ditzake bakoitzak. Martxoaren 18tik, zabalik dago eskaera egiteko epea.

Babes doinuak oholtzan »

Elkartasunak eta musikak bat egingo dute bihar Bilboko BBK aretoan. Han, Leioako Gazte Orkestrak ongintzazko kontzertua emango du Caritaseko Etxegabeen Sailaren alde. 20:00etan hasiko dute ikuskizuna.

Astintze 53-70 elkarteak antolatu du Margarita Lorenzo Reizabalek zuzenduko duen kontzertua. Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaile alemaniarra ariko da, bakarlari gisa, Caritasek iragarri duenez.

Bi atal izango ditu bihar taularatuko duten programak. Lehenengo zatian, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren Esklabo zoriontsuen obertura interpretatuko dute musikariek. Horrez gain, Joseph Haydnen txelo eta orkestrarako bigarren kontzertua entzuteko aukera ere emango du Leioako taldeak. Bigarren atalari dagokionez, Franz Schuberten bosgarren sinfonia taularatuko dute.

Sarrerak, salgai

Gaur arratsaldean, sarrerak salgai egongo dira BBK aretoko leihatiletan. Ordurako ez baldin badira agortu, bihar ere erosteko aukera izango da, baita kutxa automatikoetan ere. Kontzertura joaterik izan ez arren elkartasunezko jarduera horretan parte hartu gura dutenentzat, zero ilara bat sortu dute: 2095 0375 10 9102329336 kontu zenbakia zabaldu dute horretarako.

Lau proiektuk osatzen dute Caritaseko Etxegabeen Saila. Bilbon etxerik ez dutenentzat, erreferentziazko egoitza da Apostólicas deritzona. Han, jantokia, garbitzeko aukera, arropak garbitzeko modua, egongela, Interneterako sarbidea, informazioa eta orientazioa eta eguneko zentroa eskaintzen diete, beharrizana dutenei.

Giltza deritzon proiektuari dagokionez, konpainia eskaintzen diote hala behar duen norbanakoari. Bakoitzaren beharrizanari erreparatu eta alor horretan ematen diote laguntza. Besteak beste, erreferenteren bat behar badute kasu egiten diete, edo elikadura, ostatu, orientazio edo gizarteratze prozesuetarako aholkularitza lanak egiten dizkiete.

Lurberri etxeak, bestalde, 45 eta 65 urte arteko pertsonak hartzen ditu. Gizarteratzeko aukera gutxiago izan ohi dituzte han artatzen dituztenek, eta babes handiagoa behar dute. Arreta integrala ematen diete.

Azkenik, Barakaldoko jantokia ere badauka Caritasek. Ezkerraldean gizarte-bazterketa arrisku larrian dauden gizon eta emakumeei jaten ematen diete han, egunero.