450.000 »

Adinekoentzako foru laguntzak, aurten. Foru aldundiak 450.000 euro onartu ditu erretiratuen etxe, klub eta elkarteentzako diru laguntza modura. 1.000 eta 4.000 euro artean jaso ditzake bakoitzak. Martxoaren 18tik, zabalik dago eskaera egiteko epea.

Babes doinuak oholtzan »

Elkartasunak eta musikak bat egingo dute bihar Bilboko BBK aretoan. Han, Leioako Gazte Orkestrak ongintzazko kontzertua emango du Caritaseko Etxegabeen Sailaren alde. 20:00etan hasiko dute ikuskizuna.

Astintze 53-70 elkarteak antolatu du Margarita Lorenzo Reizabalek zuzenduko duen kontzertua. Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaile alemaniarra ariko da, bakarlari gisa, Caritasek iragarri duenez.

Bi atal izango ditu bihar taularatuko duten programak. Lehenengo zatian, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren Esklabo zoriontsuen obertura interpretatuko dute musikariek. Horrez gain, Joseph Haydnen txelo eta orkestrarako bigarren kontzertua entzuteko aukera ere emango du Leioako taldeak. Bigarren atalari dagokionez, Franz Schuberten bosgarren sinfonia taularatuko dute.

Sarrerak, salgai

Gaur arratsaldean, sarrerak salgai egongo dira BBK aretoko leihatiletan. Ordurako ez baldin badira agortu, bihar ere erosteko aukera izango da, baita kutxa automatikoetan ere. Kontzertura joaterik izan ez arren elkartasunezko jarduera horretan parte hartu gura dutenentzat, zero ilara bat sortu dute: 2095 0375 10 9102329336 kontu zenbakia zabaldu dute horretarako.

Lau proiektuk osatzen dute Caritaseko Etxegabeen Saila. Bilbon etxerik ez dutenentzat, erreferentziazko egoitza da Apostólicas deritzona. Han, jantokia, garbitzeko aukera, arropak garbitzeko modua, egongela, Interneterako sarbidea, informazioa eta orientazioa eta eguneko zentroa eskaintzen diete, beharrizana dutenei.

Giltza deritzon proiektuari dagokionez, konpainia eskaintzen diote hala behar duen norbanakoari. Bakoitzaren beharrizanari erreparatu eta alor horretan ematen diote laguntza. Besteak beste, erreferenteren bat behar badute kasu egiten diete, edo elikadura, ostatu, orientazio edo gizarteratze prozesuetarako aholkularitza lanak egiten dizkiete.

Lurberri etxeak, bestalde, 45 eta 65 urte arteko pertsonak hartzen ditu. Gizarteratzeko aukera gutxiago izan ohi dituzte han artatzen dituztenek, eta babes handiagoa behar dute. Arreta integrala ematen diete.

Azkenik, Barakaldoko jantokia ere badauka Caritasek. Ezkerraldean gizarte-bazterketa arrisku larrian dauden gizon eta emakumeei jaten ematen diete han, egunero.

5,7 »

Iaz BECek izan zuen defizita, milioi eurotan. Iaz BECek 5,7 milioi euro galdu zituen. Insituzioek egingo diote aurre galera horri. Aurten defizita txikitzeko itxaropena agertu du zuzentzaritzak. 2016an emaitza orekatua lortuko dutela uste dute.

POLTSA BETE HEZURREZ IRITSI DA EUROPE »

Europe talde suediarrak Bag of Bones azken lana aurkeztuko du gaur, Bilboko Santana 27 aretoan. 19:00etan zabalduko dituzte ateak. Ordubete geroago, Space Octopus taldeak berotuko du giroa. Ostean iritsiko da Stockholmgo talde mitikoaren ikuskizuna. H…

Jardunaldiak egingo ditu EH Bilduk, hiri berria definitzeko »

Ibon Areso Bilboko alkate izendatzea gaitzetsi du EH Bilduk. “Agortuta dagoen ereduagaz jarraitzera” datorrela salatu du Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak: “Beti egon da EAJren hirigintza erabakien atzean”. Hori horrela, koalizioak beste hiri eredu …

Arrano batek ilusioa sortu du Loiuko zahar egoitza bateko pazienteengan »

Kasualitatez iritsi zen El Duque izena ipini dioten arranoa Loiuko adinekoen egoitzakoen bizitzetara. Hango behargin batek erakustaldia egin zuen animazio ekitaldien barruan. Egoiliarren erantzunak ezustean harrapatu zituen egoitzako beharginak zein …

Cadaguako presek uholde arriskua larriagotzen dutela salatu dute »

Cadagua ibaian hemeretzi presa daude. Rios con Vida elkarteak salatu du horrek uholdeak gertatzeko arrisku handiagoa sortzen duela. Salaketa horrekin bat egin du Zallako Otsoaren Taldeak.Errekako animalien iraupenean ere kalteak sor ditzakete presa ho…

Navalek kontratu berri bat izan lezake, laster »

SESTAO. Naval ontziolako administrazio kontseiluak enpresa batzordeari jakinarazi dionez, “neurrian, baina baikorra” da kontratu berri bat izateko aukerari dagokionez. Holandako enpresa batentzako itsasontzi bat egiteko negoziazioa “azken faserantz” b…

Txakolingunearen irekiera mikaztua »

Bakioko EH Bilduko zinegotziek ez dute parte hartu museoaren inaugurazio ekitaldian, honako hau arguditatuta: “Azken hilabeteetako irregulartasunak salatzeaz gain, alkateari gertatutakoa argitzeko eskatu diogu. Baina EAJk beste aldera begiratu du”. Langileei ordaindu ez izana ere gaitzetsi dute. Baina ez dira bakarrak izan. Joan den asteazkenean Txakolingunearen irekiera ekitaldian hainbat txakolin ekoizlek gutun bat irakurri zuten, Doniene Gorrondona Txakolinak, Zabala Txakolinak eta Ados Txakolinak sinatuta, arduradunekiko desadostasuna agertuz: “Bakioko txakolina historia da, kultura, eta batzuontzat, ogibidea, baina hori ez da kontuan hartu”. Inaugurazio ekitalditik kanpo hainbat herritarrek ere txistuka hartu zituzten agintariak, Kiroldegi publikoa txakolindegien truke leloa erakusten zuten bitartean. Elena Pereak eta Elena Castañok Txakolingunearen erakusketarako egin dituzten piezengatik ere kobratu ez dutela-eta bidali zioten alkateari gutuna, eta salatu dute “jabego intelektualaren eskubidea urratu” dutela. Lanak handik kentzeko eskatu diote alkateari.

Meatzari izaerari eutsiz »

Bilbon meatzaritzak izan zuen presentziaz, eraginaz eta garrantziaz ahaztea saihesteko, Bilbo, meatzari auzoa erakusketa jarri dute Itsas Museoan. Ignacio Ipiña bilbotarraren lanak jaso dituzte bertan. Ekainaren 15era arte bisitatzeko aukera izango da.

1950 eta 1990 hamarkaden artean artistak egindako 33 oliok osatzen dute erakusketa. Horrez gain, Jaime Laita artisauak egindako maketen bilduma bat ere badago margolanekin batera. Kaietako mineral kargatzaileen irudiak erakusten dituzte azken horiek.

Erakusketaren aurkezpenean Ipiñaren alargun Blanca Sarasua, Jon Ruigomez Matxin museoko zuzendaria eta Unai Aizpuru BilbaoHistorikoko presidentea izan ziren. 33 artelanon bitartez, Ipiñak “meatze horiek Bilbon izan duten indar izugarria” jasotzen jakin izan zuela iritzi zion Ruigomez Matxinek.

“Erakusketa honen helburua da Bilbori, akta jasoko duen eta meatzari ere izan ginela gogorarazten lagunduko digun dokumentu historiko eta artistiko bat helaraztea”, adierazi zuen, bestalde, Blanca Sarasuak, semeak idatzitako testua irakurriz. Izan ere, artistaren seme Pablo Ipiña izan da bildumaren sortzailea.

Erakusketako lanen egilea Bilbon jaio zen, 1932an, eta bertan hil, 2010ean. Hamalau urterekin ekin zion olioarekin pintatzeari; Urduñako paisaiak izan ziren bere lehenengo inspirazio iturri. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela, bestalde, San Luisko meatzeetan margotzen hasi zen. Ostean, Labe Garaietan sartzeko aukera izan zuen, eta ordura arte inork margotu ez zituen txokoen irudiak egin zituen.

“Pintatzera sarri lagundu izan diot; betiere, berezko eran egiten zuen”, azaldu zuen Sarasuak. “Ahoa zabalik geratzen zen zerbaitek bere arreta bereganatzen zuenean; gainerako guztia ez zen existitzen beretzat”, ekarri zuen gogora.

Margolanek irudi bereziak ere erakutsiko dizkiete ikusleei. Izan ere, meatzariek paisaia bera zulatu egiten zutenez, aldatuz zihoan ikuspegia. Eta koadroetako batzuetan gaur egun jada ez dauden eszenarioak ikus daitezke. “Efektu miresgarriak lortu ziren, iragankorrak. Izan ere, Ignacio honetan ari zela lanean, oraindik meatzetan ari ziren beharginak”, azaldu zuen margolariaren alargunak. “Hala izan arren, dagoeneko existitzen ez den zerbaiten agiri historikoak” dira Sarasuarentzat senarra zuenaren lanak. “Garrantzia handia” dute, haren ustez, iragana ordezkatzen dutelako eta koadroetan islatuta geratu delako.

Ipiñak margolan horiek “benetako pasioagaz” egin zituela deritzo, “dena egiten zuen bezala”. Erakusketa hori “Bilbo meatzaria ere izan zela gogorarazten jarraitzen laguntzeko baliagarria izatea” nahiko luke Sarasuak.

Bisita gidatuak

Erakusketaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dituzte. Hain zuzen, bisita gidatuak egingo dituzte Ipiñak margotzen zuen lekuetara. Bisita horien ardura Ramiro Zoritak eta historia irakasleen bere ekipoak dauka.

Bestalde, Unai Aizpururen ustez, meatzaritzak burdina sortzeaz gain, “beste hainbat gauza ere sortu zituen”. Horien artean, “burdinaren garrasia, Athleticen garrasia zein tutti-frutti batean nahastu ditugun beste hainbat elementu” aipatu ditu: “Nahaste horretan, mineralak zein kulturarik bilbotarreneko elementuak ikus daitezke”.

BilbaoHistoriko fundazioak antolatutako Bilboko meatzeak ekimenaren barruan kokatzen da Ignacio Ipiñaren erakusketa. Rialiako museoan margolari beraren burdinaren ondarea bilduma dago ikusgai. Horrez gain, fundazioaren Expogelan All iron!!! instalazioa ikusteko aukera dago. Erakusketa hori Emilio Cobos artistarena da.