Basterretxeari gorazarre »

Nestor Basterretxea osoa bildu nahi izan dute aurten Bilboko Arte Ederren Museoko arduradunek. Haren urtea izan da. Bermeoko sortzailearen ertz guztiak arakatzen dituen atzera begirakoa eskaini diote Bilbon. Sekula egin zaion gisa horretako erakusketarik zabal eta osatuena izan da, eta otsailean ireki eta maiatzaren 13ra arte egon da zabalik. Peio Agirre komisarioarena da deskribapen orokorra: “Irudimenak, fantasiak eta utopiak blaitutako obra da Basterretxearena”. Eta hori guztia bildu nahi izan dute erakusketan. Forma eta Unibertsoa izendatu, eta harrera ona izan du erakusketak. Baina ez da izan sortzaileak aurten jasotako omenaldi bakarra.

Juan Daniel Fullaondo arte kritikariak kaleidoskopio gisa deskribatu zuen Basterretxearen etorri artistikoa, eta horixe da Agirrek Bilboko erakusketan erakutsi nahi izan duena: Basterretxea guztiak batzen dituen Basterretxea hori, hain zuzen ere. 60 urteko ibilbidean sortutakoaren gaineko errepasoa. Marrazki, margolan, pelikula eta eskultura, hasieratik azken urteetara arte.

1936ko gerra zela eta, Donibane Lohizunera (Lapurdi) jo zuen Basterretxearen familiak. Parisen izan zen Picassoren Gernika ikusten, eta Buenos Airesera joan zen 19 urterekin. Han izan zuen lehen lan artistikoa, gozogintza enpresa baterako publizitate bulegoan. “Marrazkiak egiten nituen, diseinuak. Eta marrazten hasi nintzen jenioak ez beste guztiak hasten diren bezala, imitatzen”. Eta hortik aurrerakoak dira erakusketakoak, Basterretxearen garaikako erretratua.

1950eko hamarkadan sortutako lehen piezetan, Le Corbusier eta Ben Nicholson omendu zituen artistak. Abangoardia geometrikoari jarraika sortutako artelanak. Eta, konbentzioak alde batera uzteko asmoz, material berritzaileak erabili zituen horretarako: arpillera eta burdina, adibidez. Baina hasiera da hori; gero dator kaleidoskopioa. Izan ere, zabala da bilduma. Gaur, kontuan hartu dituzte taldearekin sorrera garaiko lanak, Arantzazuko Basilikarako (Oñati, Gipuzkoa) egindako muralak, hirugarren dimentsioarekin egindako esperimentuak, kartelak, fotomuntatzeak eta bolumetriak ere. Horiek eta baita eskulturak ere; bestetik, publikoak eta baita bestelakoak ere, Euskal kosmogonia izeneko bilduma tartean.

Gertu, baina aparte

Bermeotarrak gertukoa zuen Oteiza; artistak biak, eskultoreak ere bai. Baina hor dator Basterretxearen oharra: “Ez nintzen eskulturan hasi Oteizaren eraginez”. Eta jarraipena dator gero: “Ez nituen ibili Oteizak magikoki eta poetikoki urraturiko bide zoragarriak, beste batzuk baizik”. Artistak sortutako filmek ere izan dute zikloa, bestetik. Ezagunak dira horietariko batzuk: Ama Lur eta Pelotari, adibidez.

Baina zabala izan da Basterretxearen urtea; ez da Bilboko Arte Ederren Museoko atzera begirakora mugatu. Haren lanak erakutsi dituzte Irunen eta Trapagan herriko Zugaztieta auzoan ere, adibidez. Gipuzkoan egindakoan, esaterako, artistaren ehun lan batu dituzte.

Uztailaren 7an bukatu zen ultraaktibitatea »

Joan den uztailaren 7an bukatu zen lan erreforma berriak lan hitzarmenak adosteko emandako urtebeteko epea. Orain arte, lan hitzarmen berria adostu artean aurrekoa egoten zen indarrean, mugarik gabe. Erreformarekin urtebetean hitzartu ezean, maila oro…

Zortzigarren greba orokorra egin zen maiatzaren 30ean »

ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek eta hamaika gizarte eragilek deituta, greba orokorra egin zen maiatzaren 30ean Hego Euskal Herrian; azken urteetako zortzigarrena. Bizkaian aurreko deialdietan baino oihartzun apalagoa izan zue…

Itolarria gainditu guran »

Bizkaiko ia dozena bat herri egoera larrian zeudela bukatu zen 2012a. Aurten horri buelta emateko doiketa planak onartu dituzte hainbat udalek. Denek gutxitu behar izan dituzte gastuak, hala ere. Bereziki, obra eta inbertsio handiak desagertu egin dira. Zerbitzuak eskaintzeko eta azpiegiturak mantentzeko baliatu dute izan duten dirua. Edonola ere, bidean galdu dira bakarren batzuk. Adibidez, Bakiok udal kiroldegia itxi behar izan du.

Udalek zain izan dute finantzaketa. Hori horrela, uda aurretik Bizkaiko Batzar Nagusiek plan berezi bat onartu zuten udalek diru gehiago izan dezaten. Ekainaren 12an Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran onartu zen udalen egonkortasunerako foru araua. Besteak beste, aurreko urteetako soberakinak gastatzeko baimena eman zitzaien udalei, daukaten zor biziak baldintzatuta. Lurralde historikoan dauden 112 udaletatik 80 inguruk bukatu zuen 2012a soberakinekin. Modu horretan, udal horiek diru gehiago izan dute gastatzeko, aurretik inposatu zitzaien austeritatea gaindituz. Era berean, foru aldundiak udal finantzen kontrol zorrotzagoa egiteko konpromisoa hartu zuen.

“Proiektu estrategikoak” finantzatzeko baimena ere ematen die foru arauak. Izan ere, Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuaren arabera, Bizkaiko udalen bataz besteko zorra aurrekontuaren %20tik behera dago, eta helburua %60tik behera egotea da. “Bost bat udal daude %60 horretatik gora. Oso txarto pasatzen ari dira. Baina ez diote utzi zerbitzuak emateari”. Gainontzeko udalak ondo daudela dio, eta batzuk, “oso ondo”. Azken urteetako soberakinak dituzte; batzuek baita 12 milioi ere.

Bilduko hainbat alkatek ez zuten ontzat jo foru aldundiaren lana. Ohartarazi zuten gaur egungo larritasuna “herentzian jaso” dutela, 2011ko hauteskundeen aurretik zeuden udal gobernuek utzita. EAJ eta PSE-EEren eredua egin dute erantzule. “Kontrolik gabe” gastatu izana egozten diete. Beste horrenbeste egin du asteon Gautegiz Arteagako alkate jeltzaleak: aurretik gobernuan egondako EAE-ANVri leporatu dio azken bi urteetan zorrak itota ibili izana. Salatutako kasurik deigarriena Lemoako alkate jeltzale ohiak jatetxe eta tabakotan gastatutako diru kopurua izan da: 64.000 euro.

Doiketa planekin eguneroko gastuak bakarrik ordaintzeko moduan geratu direla diote. Salaketa hori egin du, adibidez, Urduñako alkate Carlos Arranzek (Bildu). Joan den astean onartu zuten plana. Horren truke foru aldundiaren laguntza jasoko dute zorrari aurre egiteko. Arranzen esanetan, hainbat urtez ezingo dute inbertsio garrantzitsurik egin. Bermeok ere egin du bere doiketa. Eta foru aldundiak bankuekiko zorra ordaintzeko epea hamar urtetik hamabostera luzatu dio.

Foru aldundiak 2014a “hobea” izango dela dio. Udalkutxatik aurten baino %6,7 gehiago jasoko dute. Eta dagoeneko kitatuta izango dute udal finantzaketarako foru funtsarekin zuten zorra.

Azken 30 urteetako suterik gogorrenak astindu zuen Bermeoko alde zaharra »

Bermeoko bizilagunek nekez ahaztuko dute 2013ko apirilaren 11ko goizaldea. Azken 30 urteetan ezagutu den suterik handiena pairatu zuten alde zaharrean. Nardiz Tar Jon kaleko 23. zenbakian piztu zen. Hiru eraikin goitik behera erori ziren, baina garrek…

Langabezi tasa, Eustaten arabera. »

Eustaten arabera, azken hiruhilekoan langabezi tasa %15,9ko izan da Bizkaian. INE Espainiako estatistika institutuaren esanetan, berriz, %17,18koa. 2014an %15etik jaistea aurreikusi du Bilboko Merkataritza Ganbarak.

“Orain 50 urte arrantzatzen zen modua berreskuratu behar da” »

Itsasoa ederto ezagutzen du Leo Belaustegi Alberdik (Mutriku, 1950). Arrantzalea izan zen 31 urtez, eta LAB sindikatuko Arrantza arduradun nazionala hamalau urtez. Gaur egun, Ondarroa 12 Milia taldeko kidea da. Asko dute esateko eta egiteko.

2010. urteko maiatzean sortu zen Ondarroa 12 Milia. Arrantzaleek, biologokoek, natur taldeko kideek… era askotako jendeak osatu zuen taldea, ikusita “Euskal Herriko kostan gero eta arrain gutxiago zegoela, espezieak desagertzen ari zirela eta, azkar neurriak hartu ezik, urte gutxian ondorio txarrak etor zitezkeela”.

Ondarroako Kofradia Zaharrean egin zuten lehen bilera, gizarteari itsasoan zer gertatzen den jakitera emateko helburuarekin. Eta, hamabi miliei begira, alternatiba batzuk ere planteatu zituzten, gaur egungo arrantzaren egoerari irtenbidea emateko.

Izan ere, gune horretan egiten den arrantza motak erabateko aldaketa izan du azken urteetan. “Orain 50 urte arrantzatzen zen modua berreskuratu behar da. Baxurako ontziek artisau arrantza egiten zuten gehiago, arrantza iraunkorra egiten zuten gehiago, joan eta etorriko arrantzualdiak egiten ziren”. Hortik sortu ziren belaunaldi berriak: “Horrela hasi ginen arrantzan”.

Aldaketek izandako eragina zein den ikusita, taldearen helburua da gune hori —plataforma kontinentala— berreskuratzea, orain 50 urteko arrantza jarduera berriro indarrean jartzea. “Azken urteetan, edozein arte erabilita egiten da arrantzan, kontrol barik”. Arrasteontziek itsas hondoa “garbitzen” dutela ikusita, “ezinbestekotzat” jotzen dute horiei hamabi milian arrantzatzea debekatzea, bai eta inguratze sareak erabiltzen dituztenen harrapaketak “mugatzea” ere.

Alturako ontzien “harrapaketa basatia” ere mugatzea nahi dute; izan ere, espezie asko desagertu dira: bisigua da nabarmen desagertu den bat. “Azken hogei urtean, ia ez da bisigurik harrapatzen”. Arrainaren amaiera, baina, ez da izan harrapaketaren ondorioa bakarrik. Kutsadurak ere kalte handia egin du.

Capbreton, haztegi naturala

Kala horretako espezie gehienak, denak ez esatearren, Capbetrongo itsas hobiko elikagaiei esker sortzen dira. “Hegoaldeko eta Iparraldeko aldapa horiek babestu beharra dago, hor dagoen arrainari etorkizuna emateko”.

Arrainak bizi zikloa egitera joaten dira Capbretongo itsas hobira, arrautzak ipintzera, eta, ia gehienetan, arrautzak bota baino lehenago arrantzatzen dituzte, desagertzeko arriskuan jarriz: “Antxoarekin hori pasatu zen, eta berdelarekin eta txitxarroarekin ere arazoak daude”. Artisau arrantza egingo balitz, eta babesguneak balituzkete, espezie gehienek aurrera eroan ahal izango lukete bizi zikloa.

Epe laburrerako arrantza edo epe luzerako arrantza planteatu: hor dago gakoa. “Profesionalek epe laburrerako arrantza planteatzen dute, eta, beharbada, justifikatuta dago, hortik bizi behar dute eta”. Edonola ere, egoera ikusita, “derrigor” hartu behar dira neurriak, “gure ondorengoek antxoa edo legatza jatea nahi badugu, eta gazteek arrantzan egitea nahi badugu”. Izan ere, oraingo lan baldintzak zeintzuk diren jakinda, inork ez du itsasora joan nahi. “Gaur egun, belaunaldia galduta daukagu. Eguneko arrantza sortuko bagenu, artisau arrantza horrek ahalbidetuko luke gazteek itsasora joan nahi izatea, emakumeek ere bai, beste leku batzuetan gertatzen den legez”. Arraina ugaritzeak eta espezieak lehengoratzeak mugimendua ekarriko luke portura.

Arrantza politika berria

Aldaketak “gutxika-gutxika” egitea proposatzen du Ondarroa 12 Miliak. Barruko urak Jaurlaritzaren eskumena dira, eta ur horiek babesteko eskaria egin diete agintariei. Lehen hamabi miliako tartea Espainiako Gobernuaren eskumena da, eta handik aurrerakoa Europako Batasunekoa.

Eta, Europan, arrantza politika berria martxan ipiniko da urte berriarekin batera, arrantza iraunkorra babesteko: “Neurriek balio behar dute arrainek kalak berreskuratu eta arrantzaren etorkizuna bermatzeko”.

Lanuzteetatik errepideetara »

“Gaur ez dago autobusik?”. Sarritan entzun da herritarron ahotan aurten. Bizkaibus autobus zerbitzuan irailean eta urrian sortutako gatazkak eragin nabarmena izan zuen erabiltzaileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus berregituratzeko plana aur…

%50. Krisia hasieratik eraikuntzan galdutako enplegua. »

2007tik gaur egunera Bizkaian 25.000 lanpostu galdu dira eraikuntzan; zegoenaren erdia da hori.

JAIETAKO SUZIRIA BOTATZEKO TRABAK »

Txori Barrote konpartsako Jone Artola aukeratu zuten Aste Nagusiko txupinera gisa. Hala ere, Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, izendapenaren aurka egin zuen, eta Bilboko epaitegi batek arrazoia eman …