Ondarroako aurrekontua, milioi eurotan. »

Ondarroako Udalak 9,5 milioi euroko aurrekontua dauka. 1,2 milioi azpiegituretarako izango dira. Besteak beste, Iperkale urbanizatuko dute. “Obren helburua zerbitzuak herritarrei gerturatzea da”, esan du Argia Ituarte alkateak.

Urduliz eta Sopela arteko trenbidea berrituko dute »

URDULIZ. Bizkaiko Garraio Partzuergoak Urduliz eta Sopela arteko metroaren trenbidea berrituko du. 1,44 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta 18 hilabetetan bukatzea espero dute. Hiru kilometrotan egingo dira lanak.

Lemoako aurrekontua, milioi eurotan. »

Iaz baino 164.000 euro gutxiago ditu Lemoako Udalak: 3,3 milioi euro. Hala ere, inbertsioetarako zenbatekoari eutsi egin diotela azaldu du Aitor Erauzkin alkateak. Besteak beste, Arraibi auzoa zaharberritu nahi dute.

Eliza musika entzuteko, sei aukera astebetean »

Elizako musika entzuteko sei kontzertu prestatu ditu Bilbao 700 fundazioak. Gizakundearen elizan izango dira emanaldiak, Bilbao Ars Sacrum jaialdiaren barruan. Bihar hasi eta apirilaren 12ra bitartean, musikari, talde eta bakarlari ospetsuak bildu dit…

Zornotzako aurrekontua, milioi eurotan. »

25,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Zornotzako Udalak. Gizarte laguntzak hazi dira bereziki. Inbertsioek 3,5 milioi izango dituzte; besteak beste, Ixerren aparkaleku publikoa eraikiko dutela iragarri du David Latxaga alkateak.

Lasaitasun oasiak hiri erdigunean »

Etxetik irten berritan, autoen klaxonek eta kaleko obrek lasaitasuna urratzen dute. Arazo horri aurre egiteko, Bilboko Udalak irla isila izeneko hirigintza egitasmoa sortu du Bizkaiko hiriburuko hainbat auzotan. Lehena dagoeneko prest dago; Basurtun inauguratu du Ibon Areso alkateak. Azaldu duenez, bertaratzen denari lasaitasuna eskaintzea da gune horren helburua: “Une batez bada ere, inguruko astrapala ahaztu eta norberaren bakardadean murgiltzeko aukera emango die auzokideei”.

Latorre kalean dago lehen irla. 720.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Lasaitasuna, berez, etengabe kolorez aldatzen diren hamabi txorrota izango dituen iturriak emango du. Bizilagunen artean kontrako iritziak sortu ditu. Bereziki obraren kostuak eragin du zeresana. “Lehen geneukan plaza baino askoz ere politagoa da oraingoa. Ez dago bata eta bestea alderatzerik. Gainera, bazen garaia gure auzoan ere diru apur bat inbertitzeko, hainbat leku zaharkitua geratzen ari ziren eta”, azaldu du Carmen Garcia auzokideak. Plazaren tamainari ere erreparatu dio. Haren ustez, handiagoa da berria.

Aitor Ibañezek, berriz, kritikatu du iturrietan “milaka euro xahutu” izana eta “benetan garrantzizkoak diren gauzei jaramon gutxiago” egitea: “Egia da oso polita dagoela, baina, nire ustez, lehentasunak zeintzuk diren argitu beharko luke udalak, eta horren arabera gastatu. Ez dakit horrelako azpiegituretan 700.000 euro inguru gastatzea normala den edo ez, baina nik uste dut askozaz merkeagoak diren gauzak eraiki daitezkeela. Badira beste beharrizan batzuk”.

Iturriko txorrotek agerpen eta desagerpen mugimenduak, pertsekuzioak, leherketak eta olatu dinamikoak egiten dituzte. Eta plaza edertzeaz gain, uraren soinua nagusitzen denez zirkulazioaren zarata gutxitzen dute. “Horrela, akustikoki inguru atseginagoa sortzen da”, Aresoren esanetan. Gainera, plaza inguratu eta zirkulaziotik babesteko asmoz, 35 zuhaitz landatu dira, guztiak purpura koloreko Fagus sylvatica eta Photinia serrulata espeziekoak. Hesi natural horren bidez, akustikoki atseginagoa den espazioa sortzea eta ibilgailuen zirkulaziotik isolatzea da helburua.

Argien arloan ere, plazako argiztapena hobetu eta indartu egin da; LED argiak erabili dira, energetikoki askoz eraginkorragoak direlako. Gainera, inguruko saneamendu sarea ere berritzeko aprobetxatu du udalak. Plazaren inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura moteltzeko, oinezkoen pasabideak berritu dira. Era berean, kalea asfaltatzeko modua hobetu da, eta errepidea espaloien mailara igo da. Horrela, espazio horretan lasai egoteko eta ibiltzeko aukera dago.

Europako Quadmap egitasmoaren barruan daude irla isil horiek. Proiektu horren helburua da soinuaren kutsadura murrizteko ikerketak abian jartzea. Hiru urteko iraupena dauka. Bilboko Udalaren zeregina da proiektuaren bazkideekin egitasmo berriak proposatzea eta garatzea. Europako Batasunak diruz lagundu du egitasmoa, eta Rotterdam, Paris eta Florentzia inguruko ikerketa zentro eta administrazioen esperientziak trukatzeko balioko du.

Garbigailuaren independentzia »

Etxe berrira etorri ginenean sukaldea berritu eta etxetresna berriak ere jarri genituen. Sukalde eraberrituan tresna bakoitzak bere lekua hartu zuen, armairuetan sartuta egongo balira lez. Hozkailuak ez du hozkailu ematen kamuflatuta baitago, labea ez…

Nabarmen merkeagoa da iragazki berdeen bidezko uren arazketa »

Fitodepurazio sistemaren abantaila nabarmenetako bat kostua da. Izan ere, ura arazteko sistema teknologikoekin alderatuta, hezegune artifizialak askoz ere merkeagoak dira; Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren arabera, ohiko arazketa sistemak baino %…

Bermeoko aurrekontua, milioi eurotan. »

Iaz baino milioi bat gutxiago izango du Bermeoko Udalak aurten: 19,7 milioi. “Diruzaintza arazoak konpontzea, ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea” da lehentasuna. “Bermeo indartu nahi dugu”, esan du Idurre Bidegurenek.

Erdi Arora itzuliko da Irala auzoa »

Bilboko Irala auzoak denboran atzera egingo du, Erdi Arora iritsi arte. Izan ere, Ezkurtze parkean garai hartako azoka egingo dute gaur hasi eta etzi bitartean. Izena soilik ez, izana ere halakoa izango duela nabarmendu du Michel Redradok, azoka antolatzen duen Proffesional History elkarte eta enpresako kideak. “Euskal Herria Erdi Aroan izan zitekeen bezalakoa” aurkeztuko dute, “bertoko dekorazioa erabiliz”. Horretarako, Nafarroako erresuma hartu dute oinarri. “Bertako eta garai hartako zutoihalak, banderak eta, bereziki, kolore gorriak” erabiliko dituzte. “Ahal den heinean, historiagaz bat egiten duen dekorazioa jarriko dugu”, adierazi du antolakuntzako kideak.

90 erakustoki inguru ipiniko dituzte Ezkurtze plazan. “Artisautzagaz lotutakoak hainbat izango dira: zura, larrua, imitaziozko bitxiak, zilarra, zeramika, jantziak, eskujokoak, umeentzako egurrezko jostailuak… Denetarik pixka bat aurkitu ahal izango da”.

Elikagaiei dagokienez, benetako ekoizle direnak eraman nahi izan dituzte Iralara. “Fruituak, barazkiak, gaztak eta hestebeteak eramango dituzte. Eskaintza gastronomiko zabala egongo da”.

Tabernak ere jarriko dituzte. Horretan ere eskaintza zabala egongo dela azaldu du: “Euren lurraldeko osagaiak hartuta tortillak egiten dituzten errioxarrak, odolosteak eta txorizoak salduko dituen Burgosko taberna bat, perretxiko mokaduak prestatuko dituen beste bat, eta erretegi bat ere egongo dira”.

Denentzako jarduerak

Jarduerei dagokienez, “denentzako” ekintzak prestatu dituzte. “Kontu kontalariak, umeentzako antzerkia eta Erdi Aroko musika interpretatuko duten talde bi egongo dira”. Horrez gain, “zeramika, eskujokoak, errementaritza zein musika tresna tradizionalak lantzeko tailer parte hartzaileak” antolatu dituzte.

Erakusketen atalean, Erdi Aroko armak, gerlarien kanpamentu bat, zaldunen arteko borrokaldiak, magia ikuskizunak eta garai hartan erabiltzen dituzten tortura tresnen erakusketa aurkituko dituzte bertaratzen direnek. Dena den, batez ere, antzezlan parte hartzaile ibiltari ugari izango dira. Aktoreek publikoaren parte hartzea lortu nahiko dutela iragarri du.

Aktoreek eurek hartuko dute publikoa elkartzeko ardura. “Erdi Aroan pregoilariek egiten zuten lanaren antzekoa egingo dute”. Erakusketak ikusteko bisita gidatuak “antzerki eran” egingo dituztela ere aurreratu du. Egunero bi edo hiru bisita gidatu egongo dira. Gainerako tarteetan, erakusketak ulertzeko azalpenak dituzten oharrak ipiniko dituzte. “Bisitariek argazkiak atera ahalko dituzte, erakusketetan egongo diren zenbait elementutan. Esaterako, kaiola bat eta harrapagailu bat egongo dira”. Gaur, 17:00 aldera emango diete hasiera jarduerei, eta 21:30 arte izango dira. Bihar eta etzi, 11:00etatik 22:00etara bitartean ariko dira, gutxi gorabehera.

Gai bat urtero

Proffesional History elkarteak 2012an hartu zuen Iralako azoka hori antolatzeko ardura. Nafarroaren konkista izan zuten oinarri orduko hartan, urteurren biribilaren harira. Aurten, Erdi Aroko bizitza bera zelakoa izan dute gakoa: “Emakumeak familiaren barruan zuen garrantzia, ofizioak eta itsasoan zebiltzanen inportantzia nabarmenduko ditugu”.

Baleen arrantzari buruzko erakusketa bat baliatuko dute horretarako. “Arpoiak erakutsiko ditugu, beste gauza batzuen artean. Eta koipea zelan aprobetxatzen zuten azalduko dugu, bisita gidatuak eginez”.

Azokak “eskaintza osatua” dakarrela deritzo Redradok: “Dibertigarria eta parte hartzailea eta, batez ere, didaktikoa izango da”. Eguna familiagaz batera igarotzeko aukera ona dela uste du Fustiñanako (Nafarroa) elkarteko kideak. “Denentzako jarduerak daude”. Gauetan, gainera, ikuskizun parte hartzaileak egingo dituztela iragarri du. “Queimada erraldoi bat egingo dugu denentzat, gauero. Eguraldia lagun baldin badugu, egunero eskainiko ditugu ikuskizunak, iluntzen duenean. Ordu txarra ere ez da umeekaz egoteko, asteburua dela kontuan izanik”. Helburu nagusia bisitariek azokan parte hartu eta ondo pasatzea dela dio Redradok. “Gertuko giroa eman gura diogu”.