Egungo argitalpen gehienak, Labayruk eta Ibaizabalek »

Gaur egun bizkaieraz gehienbat Labayruren inguruan argitaratzen da. 1977an sortu zen, Antonio Añoveros Bilboko gotzainaren aginduz, euskara eta euskal kultura ikertzeko, ezagutarazteko eta bultzatzeko helburuagaz. Lan klasikoak berreskuratu eta argitaratzeaz gain, sormen lan berriak ere kaleratzen dituzte. Eta horretaz gain, Idatz & Mintz aldizkarian ere badu lekua bizkaieraz idatzitako literaturak.

Horretaz gain, Ibaizabal argitaletxeak ere bizkaierazko argitalpenak merkaturatzen ditu, euskara batuaz idatzitakoekin batera. Bereziki, haur eta gazte literatura sailean argitaratzen du bizkaieraz. Euskarazaleak elkarteak ere egin du bizkaieraren alde.

@sarean »

www.bizkaiera.biz. Labayru ikastegiak eta Azkue fundazioak Bizkaieraren ataria sortu zuten euskalkia ezagutarazteko. Bizkaiera idazteko arauez gain, bideoak, batua-bizkaiera itzultzailea eta bestelakoak ere badaude web orrian.

www.labayru.org. Labayru ikastegiaren katalogoa eta hiztegia daude bertan.

Idazle klasikoan eskolan, egungo idazleen eskutik »

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Idazleen Elkarteak Bi-2 ekimena jarri dute martxan. Bizkaieraz idatzi duten idazle klasikoak eskoletara gerturatzea da asmoa. Horretarako, idazle horien eskualdeko egungo idazle bat aukeratu dute, eta dagokion eskual…

Mendebaldeko berbak, paperean »

Bizkaiera idazteko erabili izan da, euskara bera erabili den neurrian. Eta literaturarako hizkuntza izan da, euskalkiaren eremuan literatura euskaraz idatzi den neurrian. Azken batean, euskara batua oraintsuko kontua da”. Labayru ikastegiko Igone Etxebarriak bizkaiera idatziari egindako laburpena dira berbok.

Esteban Garibai historialari arrasatearrak XVI. mendean jasotako balada eta eresiak dira mendebaldeko euskararen edo bizkaieraren lekuko idatzi zaharrenetakoak: ahozko literatura, idatziz gordea. Joan Perez Lazarraga arabarrak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen eskuizkribu bat aurkitu zen 2005ean, Madrilgo denda batean. Euskarazko idazlan literario zaharrenetakoa da. Haren euskara mendebaldekotik hurbil dago, nahiz eta beste euskalkietako ezaugarriak izan.

Euskal filologian lizentziatua da Etxebarria, eta Labayruk argitaratzen duen Idatz & Mintz literatura aldizkariaren arduraduna. Begiratu hau egiterakoan zalantzak agertu ditu literatura zer den eta zer ez. “XVII. mendeko sermoilariek literatura egin zutela esan daiteke? Literatura berbak letra idatzia esan gura du. Baina gaur eguneko literaturaren esangura hartuz gero, ezin dezakegu literatura direnik esan”. Hala, haren iritziz, nolabait esatearen, bizkaierazko lehen literatura lana Joan Antonio Mogelen (Eibar, Gipuzkoa, 1745 — Markina, 1804) Peru Abarka litzateke. “Gainontzekoak moral ezartzaile kutsuko lanak dira”. Mogelen aurretik, ordea, ezin ahaztu Kapanaga Martin abade mañariarra, Rafael Mikoleta abade bilbotarra eta Pedro Inazio Barrutia aramaioarra. Hirurek ere bizkaieraz testu mota ezberdinak idatzi zituzten.

Peru Abarka bera ere ezin da genero literario baten arabera sailkatu. Etxebarria: “Ez da antzerkia ez nobela; tartekoa da. Elkarrizketa baten bidez egiten du kontaketa; helburua, literatura baino gehiago, herriaren irudi jakin bat goratzea zuen”. Edonola ere, bizkaierazko literaturaren klasikotzat jotzen dira Mogelen beraren eta Pedro Antonio Añibarroren (Areatza, 1748 — Zarautz, Gipuzkoa, 1830) sasoikoak; XIX. mendeko idazleak. Gizaldi horretan eskuratu zuen bizkaierak euskalki literario maila. Bi horiek idazkera eskola bana ordezkatzen zuten: Mogelek Markinakoa eta Añibarrok Arratiakoa. Bizkaieraz idazteko eredu bi erabili zituzten; Mogelek Markinako euskaran idazten zuen, Añibarrok Arratiakotik abiatuta bizkaiera zabalagoan. Hala ere, “ez dituzte literatura estilo bi ordezkatzen”.

XIX. mendearen erdialdean moteltze bat etorri zen. Horren adibide dira datuok: 1800 eta 1820 artean argia ikusi zuten liburu berriak 15 izan ziren; 1840tik 1879ra, berriz, 5 baino ez. XIX. mende amaiera arte, bi horiez gain, besteak beste, daude Juan Mateo Zabala, Juan Jose eta Bizenta Mogel, Pedro Astarloa, Eusebio Maria Azkue eta Felipe Arrese Beitia.

Abertzaletasunaren akuilupean, XIX. mende bukaeran beste loraldi bat izan zen. Aldizkariak oso garrantzitsuak izan zirela dio Etxebarriak. “Idazle asko daude; batzuk hobeak, beste batzuk ez hainbeste”, gogoratzen du. Baina aldizkarietatik kanpo ez zuten denek izan sorkuntza.

Mogelen ostean, bada, ia-ia Txomin Agirreren (Ondarroa, 1864 — Zumaia, Gipuzkoa, 1920) sasoira jo behar dugu bizkaieraz idatzitako nobela bila. Agirreren nobelak kostunbristak dira, Etxebarriak gogora ekarri duenez. “Irudi topikoak erabiltzen ditu: pertsona onak sublimeak dira, eta txarrak, infernuko txitxirria baino okerragoak; ez dago erdibidekorik”. Gainera, balio batzuk pertsonaia batzuei lotzen zaizkiela azpimarratu du; adibidez, euskalduntasuna eta fede sutsua pertsona onei, eta erdara, kaletartasuna eta elizari muzin egitea, txarrei. “Ez dago tramarik, eta pertsonaiak ez dira oso interesgarriak. Literatura bada, baina fikzioa balio jakin batzuk ezagutarazteko aitzakia da”. Garaiko beste idazle batzuk dira ondokoak: Juan Manuel Etxeita, Resurreccion Maria Azkue, Pablo Zamarripa eta Bernardo Maria Garro Otxolua.

Mende gora beheratsua

XX. mende hasieran iritsi zen urrezko aroa. Pizkunde zeritzon garai horretan, oro har, modernotasunerako joera handia zegoela nabarmendu du Etxebarriak, eta horrek eragina zeukan literaturan ere. “Kanpoan egiten dena ezagutzen dute, arkitekturan, musikan, pinturan, baita literaturan ere”. Garai horretan, bizkaierari dagokionez, aurretik zetorren idazkera eredua aldatu zuten. Batetik, Sabino Aranaren inguruan hiperbizkaiera deitutakoa sortu zen; alegia, euskara garbizalea. Bestetik, herri hizkerari lotuta jarraitu zutenak zeuden. Modu horretan argitaratu zituen bere ipuin eta artikuluak Ebaristo Bustintza Kirikiño mañariarrak (1866-1929), berbarako. Garaiko aldizkari guztietan idatzi zuen, eta Abarrak ipuin bilduma du argitalpenik ezagunena.

Garai horretako idazlerik entzutetsuena, berriz, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiz, 1905 — Gasteiz, 1937) da. “Berritzailea da bai hizkuntzan, bai literaturan, askotan ulertzeko gaitza izateraino”, aitortzen du Etxebarriak. Poema solte asko argitaratu zituen. Argitalpen ezagunena Bide barrijak poesia bilduma du. Ez alferrik, Pizkunde garaian poesia idazten da batez ere, nobela arloan ia ez dago produkziorik bizkaieraz. Garai horretakoak dira Kepa Enbeita Urretxindorra, Errose Bustintza Mañariko eta Sorne Unzueta Utarsus.

Gerra hasi zenean, ordea, dena isildu zen. Hala ere, Agustin Zubikaraik (Ondarroa, 1914 — Galdakao, 2004) idazten jarraitu zuen. Baita Eusebio Erkiagak (Lekeitio, 1912 — Bilbo, 1993). Erkiagak Endaitz ezizena erabili zuen. Bere lagun Lauaxetaren omenez Ez zaitez Gernikara joan olerkia idatzi zuen, besteak beste. Dena den, nobelak, antzerkia, eta ipuinak ere idatzi zituen. “Bi horiek izan ziren gerra ostean bizkaieraz idazten jarraitu zutenen artean garrantzitsuenak”.

Diktaduraren azken urteetan berriz indarberritu zen euskal kultura. “Gerra aurreko idazle haien seme-alabak dira. Gerra ostean isildu izana leporatzen diete aurrekoei. Eta belaunaldi aldaketa guztietan gertatzen den antzera, aurretik egindakoarekin apurtu behar da, zerbait ezberdina egin”. Orduan egin zen euskararen batasuna, eta literatura hizkuntza eredu berria hartu zuten idazleek, baita Bizkaikoek ere. Aldizkariek indarra berreskuratu zuten diktadura ostean. Anaitasuna-n eta Karmel-en argitaratzen zuen, kasurako, Mikel Zaratek (Lezama, 1913 — 1979). “Aro modernoan idazle oparoa izan zen, eta bizkaieraz egin zuen produkziorik gehiena”, azpimarratu du Etxebarriak. Ipuin antzeko alegi mingotsak ipuin bilduma eta Haurgintza minetan nobela idatzi zituen; poesian, Higidura berdez eta Bizipenen bultzadaz.

“Gaur egun Bizkaiko idazle askok ez dute bizkaieraz idazten. Orain, ez dakit bizkaiera ezagutzen duten”, hausnartu du Etxebarriak. Merkatuan erdarak eta gehien saldutako liburuak dira jaun eta jabe; euskarazko literaturan batuaz idatzita dagoenak irakurle gehiago ditu. “Bizkaieraz ez dago aparteko eskaririk. Hala ere, liburu bat interesatuz gero, gaur egun ez da arazo bizkaieraz egotea. Edonork irakur dezake”.

AƱibarro gaurkotu nahian »

Euskal Idazleen Elkarteak proposatu zidanean zenbait eskolatan Pedro Antonio Añibarrori buruz hitz egitea, bertigoak hartu ninduen. Amilizua, aurreko batean entzun eta gustatu zitzaidan hitza erabiltzearren. Bertigoa, amilizua, proposamena jaso nuenean Añibarro ez nuelako ezagutzen, eta, aitor dezadan, oraindik ere lar ondo ezagutu barik segitzen dudalako, haren Esku-liburua eta Lore sorta espirituala liburuak irakurri ditudan arren.

Nire printzipioetako bat (ez dakit etikoa edo zein klasetakoa, baina bai gehien praktikatzen dudanetakoa) ezagutzen ez ditudan gaiei buruz ez hitz egitea da. Gainera, ez dakit disimulatzen, eta alferrik ariko nintzateke ikasleen aurrean Añibarrori buruz hizketan, niretzat ere pertsonaia arrotza bada. Beraz, zer egin? Artean ez nekien zein zen zehazki programa honen helburua, baina, ikastetxe batzuetako irakasleekin hitz egin ostean, eta beraiek ere erdi galduta zebiltzan arren, konbentzitu egin ninduten: nire hitzaldiak Añibarrotik abiatuko dira, haren testuingurua zehazten saiatuko naiz, eta aipatuko dut mendebaldeko euskarari egin zion ekarpen eskerga, baina kito Añibarrorekikoak: une horretatik aurrera, haren gaietako batzuk jorratuko ditut, baina gaur egungo ikuspegitik, eta, bereziki, mendebaldeko euskararen presentzia gaur egungo bizitzan eta literaturan. Ezin askoz harago joan, asmoa saio erakargarria egitea baita, eta, ez gaitezen engaina: duela 200 urteko abade idazle bat, gaurko gaztearen begietara, zerbait estralurtarra da. Gainera, beste faktore bat ere badago: saio batzuk umeentzat izango dira, eta besteak nerabeentzat. Jakina, diskurtsoa erabat aldatu beharko da saio batetik bestera, eta funtsezkoa izango da gako interesgarriak eskaintzea entzuleei, programa honek arrakasta izango badu.

Baina oraindik hasi baino ez gara egin: aurten dena ez da perfektua izango, egongo dira okerrak eta leundu beharreko xehetasunak, baina ziur naiz egindako akatsetatik ikasiko dugula hurrengo urteetarako, ekimen honek hainbeste eta gehiago merezi duela uste dut eta.

Bizenta Mogeli »

Ez dakit inork esan dizun baina 2012an ere krisian gaude, duela berrehun eta hogeita hamar urte, zu jaio zinenean legetxe. Gogoratzen? Erregimen Zaharreko lanabesak motelegiak ziren Europako martxari jarraitzeko eta, ondorioz, sineskeria antzuak bazt…

@sarean »

Bikarteren bitartez Errusiako edo Bielorrusiako umeak harreran hartu gura dituztenek ondoko bideen bidez egin dezakete martxoaren erdi aldera arte.

www.bikarte.com

bikarte@yahoo.es

Telefonoak: 605-70 90 24, 687-86 07 78, 605-70 90 27 eta 605-70 90 19.

@sarean »

Txernobylgo Umeak elkarteari buruzko informazioa nahi duenak ondoko bideen bitartez eskura dezake. Harrera familia gisa izena emateko azken eguna: otsailak 22.

chernobilekoumeak.blogspot.com

chernobilekoumeak@gmail.com

Telefonoa: 606-53 38 27

“Egoera zaila da haiena, baina zoriontsu dira” »

Poza eta energia asko dakarte. Euren kulturetatik eta bizitza ikusteko duten modutik asko ikasteko aukera ematen dute. Izugarria da ikustea nola gozatzen duten guretzat egunerokoak diren gauzekin eta zer-nolako garrantzia ematen dieten”. Horrela laburbildu du Juan Mari Ortegak Macsim eta Nastasiya Txernobylgo (Ukraina) umeak uda sasoian etxean hartzeak zer esan nahi duen harentzat eta Mari Jose Uriarte emaztearentzat.

2006az geroztik hartzen dute etxean Nastasiya, eta 2007az geroztik Macsim. Datorren azaroan 15 urte beteko ditu Nastasiyak, eta abuztuan 16 egingo ditu Macsimek; biak ere Txernobylgo Umeak elkartearen bitartez hartzen dituzte. Hasierako komunikatzeko arazoak eta “Nastasiyak zuen melankolia” gaindituta, esperientziarekin “oso pozik” daudela azaldu du.

“Hasieran, supermerkatuak ikusita harritu egiten ziren. Hango supermerkatuak ez dira hemengoak bezalakoak, eta hemen erraz eskura dezakezuna han ezin dute erosi. Ur beroa, berogailua, garbitasuna, garraioak… Hainbat gauzak harritzen zituzten. Baita kalean lasai asko ibiltzeak ere”, ekarri du gogora.

Gobernuak alboratuak dituela azaldu du Ortegak. “Zentral nuklearrarekin gertatu zen hondamendiaren ondoren, hemen duela 60 urte bizi ginen moduan utzi dituzte. Inork ez du euren ardura hartzen, gobernuak ezkutatuta dauzka, ez daukate baliabiderik, han ez daukate euren ardura hartuko duten gizarte zerbitzurik… Hangoa bizirik irautea da”, laburbildu du.

Juan Mari Ortega eta Mari Jose Uriarte Bilboko bikotearentzat zailena bi gazteak Ukrainara bueltatu ondorengo egunak dira. “Etxea hutsik geratzen zaizu; altzariak ere desagertu egin direla ematen du. Izan ere, gazteok oso maitekorrak dira; etengabe dauzkazu zure ondoan, eta, bat-batean, desagertu egiten dira. Lehenengo egunak, bereziki, oso zailak dira”, aitortu du.

Bi neba-arreba horien kasuan, behintzat, familia egituratua dutela-eta, pozik dago Ortega. “Guraso zoragarriak dituzte; euren seme-alabenganako ardura oso handia dute. Etxean giro egonkorra bizi dutela nabaritzen zaie, gainera, umeei”, esan du. Beraz, udako oporraldia bukatuta etxera bueltatu behar direnean triste bai baina lasai asko geratzen direla aitortu du: “Badakizu euren familiekin bueltatuko direla, ez doazela umezurtz etxe batera”.

Balmasedako Maite —nahiago izan du abizena ez agertzea— ez da iritzi berekoa. Haren ustez, gogorra da umeek umezurtz etxera buelta behar izatea; “baina ume hauek oso gogorrak dira; bizirik irauten ikasi behar izan dute. Bueltatzen direnean badakite hemen norbait dutela. Gogorra da, baina onartuta daukagu, bai eurak, baita guk ere”, esan du.

Hamar urte daramatza Errusiako umeak hartzen Bikarte elkartearen bitartez. 7 urte zeuzkan Anastasiak lehenengoz hartu zuenean. Umezurtz etxe batean bizi da. “Eskolara doa, eta oinarrizko betebeharrak aseta dauzka, baina, afektibitatea falta du”, adierazi du. “Anastasiak orain 18 urte egingo ditu, eta estatuaren menpeko umezurtz etxeetan adinez nagusi egiten diren gazteei ez diete etortzen uzten; beraz, oraingoz ezin izango dut berriz ekarri”. Egoera hori ere gogorra egiten zaion arren onartu beharra dagoela deritzo.

Duela bi urte, bestalde, Danil harreran hartzeari ekin zion. Danilek 9 urte dauzka, eta familia dauka, baina Txernobyldik gertu bizi da, eta kutsaduraren ondorioak arintzeko bere etxera eramatea erabaki zuen Maitek. “Oso txiroak dira; landatzen dutena jaten dute, eta nahikoa baldintza latzetan bizi dira. Inor ez litzateke baldintza horietan bizi beharko”. Izan ere, hasieran ikusi zuen egoerarekin harrituta geratu zen Maite: “Ume horiek ez daukate indarrik. Hona datorrenean, hamar metro korrika egin eta lurrean etzan behar du nekatuta. Etxera bueltan doanean, ordea, ez zaio horrelakorik gertatzen”.

Maiteren ustez, Anastasiak gehien estimatzen duena maitasuna eta norbaitekin hitz egin ahal izatea da. Danilen kasuan, “bere herritik atera ahal izateko aukera” eskaintzen diotela dio.

Bai Ortegak baita Maitek ere familiak umeak hartzera animatuko lituzkete. “Denbora behar duzu, eta dirua ere bai, baina trukean ematen dizutena askoz handiagoa da. Guk asko ematen diegu, baina eurek ere asko ematen digute guri”.

Aire fresko eta atseden bila »

Umeak ume dira munduko edozein txokotan. Batzuen bizi-baldintzak, baina, besteenak baino gogorragoak dira sarri. Dela familia giroagatik, dela maitasun faltagatik, dela egokitu zaien bizitzako edozein aldagairengatik. Haurrek eta gazteek pairatu beharko ez lituzketen arazoak dituzten asko eta asko daude Bizkaian; baita muga horietatik kanpo, urruti bizi direnak ere: Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearraren ondorioak oraindik sufritzen dituztenak, Errusian umezurtz etxeetan bizi direnak eta Mendebaldeko Saharan Marokoren jazarpena eta basamortuko tenperatura altuak jasaten dituztenak, besteak beste.

Zenbait elkarte lanean ari dira aspalditik, ume horietako batzuei urte sasoiren batean egun batzuk beste giro batean igarotzeko aukera eskaintzeko. Krisiak eraginda, baina, gazte horiek hartu ohi dituzten familia gero eta gutxiago daudela jakinarazi dute elkarte horietako batzuek.

1. Ukraina

Txernobylgo Umeak elkartea izan da alarma piztu duen lehenengoa. Aurora Hernandez bertako zuzendaritza batzordeko kideak azaldu du egoera. “Arazo bakarra ez da familia berriak ez datozela, elkarte barruko familietako batzuek arazo ekonomikoak pixka bat arindu bitartean umeen harrera bertan behera utzi behar izan dutela baizik”. Urrian hasi ohi dute urtero harrera familiak eskatzeko deialdia, eta azaldu du lau hilabete horietan izan duten erantzuna “oso eskasa” izaten ari dela. Aurten, hain zuzen, izena emateko epeak dagoeneko itxita egon behar bazuen ere, hilaren “20 edo 22ra arte” luzatzen saiatuko direla jakinarazi du Hernandezek: “Ume gehiago ekartzeko familia gehiago lortzen ditugun ikusteko”.

Familia bakoitzak 600 euro ordaindu behar ditu Txernobylgo ume bat ekartzeko: “Hegazkineko bidaia ordaindu behar dute”. Horrez gain, umea euren kargu duten bitartean, “elikatu eta goitik behera jantzi behar izaten dituzte. Beraz, familia berriek guregana jotzen dutenean, gure azalpenak entzun eta gastuari buruz hitz egiten dugunean, esaten dute pentsatu egin behar dutela prozesuan parte hartu edo ez: ‘Agian datorren urtean’, esaten digute askok”.

Txernobylgo umeentzat erradiazioaren kutsaduratik urtean egun batzuetan urruntzea berebizikoa dela gogorarazi du elkarteak. Hain zuzen, OMEk egindako deialdia ekarri du gogora Hernandezek: “Euren defentsak birsortzeko urtean 40 egunez, gutxienez, kutsatutako eremutik irten behar dute”.

2. Errusia

Bikarte elkarteak antzeko helburuak ditu; Gallartan sortu zen, duela hamalau urte, eta Errusia aldeko umeak Gabonetan eta udan hartuko dituzten familien bila ari dira haiek ere. Kanpaina abiatu berri dute, eta “ohi baino eskasago” hasi den arren, Julia Asenjo elkarteko kideak aitortu du oraingoz goiz dela balorazio bat egiteko. Umeak hartu gura dituztenek martxoaren erdialdera arte izango dute eskaera egiteko aukera.

Kasu honetan, familia bakoitzari 350 euro inguru kostatzen zaio ume bat ekartzea. “Kostu erreala beste bat da: 900 euro inguru”, esan du Asenjok. Halere, administrazioek ematen dizkieten diru laguntzei eta haiek antolatzen dituzten zozketa eta bestelako egitasmoei esker, familientzako kostuak murriztea lortzen dute. Halere, administrazioen diru laguntzak murrizten ari direla nabaritu dute. “Guk krisia, seguruenik, datorren urtetik aurrera nabarituko dugu gehiago”, azaldu du.

Familiek urtean birritan hartzen dituzte 7 eta 18 urte bitarteko gaztetxo horiek: ekain erdialdetik abuztu amaiera bitartean eta abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera bitartean. Bikarteren kasuan, umezurtz etxe txikietako gazteak hartzen dituzte. Orain, dena den, Bielorrusiara ere jo dute, eta familiarekin bizi izanik Txernobylgo hondamendiaren kalteak pairatzen dituzten haurrei laguntzea ere bada haien helburua.

Ume horiek, normalean, egoera latzak jasan ohi dituztela ekarri du gogora Asenjok: “Ingurumena, familia eta edozein eratako arazoekin lotutako egoera latz horiek etorkizunera begira eragin handia dute eurengan. Pertsona helduak izango direnerako, hona etorri eta beste bizitza bat izatea posible dela ikustea onuragarria da eurentzat”.

Dena den, umezurtz etxeetan bizi arren zoriontsu direla deritzo Bikarte elkarteko kideak. “Oinarrizko beharrizanak aseta eduki ohi dituzte. Lotura afektiboak falta izaten dituzte. Han lagun artean bizi dira, eta euren familia lagunak eurak dira. Hemen, ordea, falta duten maitasun hori eskaintzen saiatzen gara”.

3. Sahara

Mendebaldeko Saharako umeak udan hartzen dituzten familien kopuruak ere behera egin du, Julio San Roman Oporrak Bakean elkarteko Bizkaiko arduradunak jakinarazi duenez. “Apurka beheraka joan da. 470 umera arte ekarri izan ditugu, eta, gaur egun, 400 inguruan gabiltza”, zehaztu du.

Haren arabera, baliteke krisiak eragina izatea. “Bestalde, etxeetan bikoteko kide biek lan egiten dute orain; beraz, sarri ez da erraza ume bat hartzeko denbora antolatzea”. Kasu horretan umeen bidaiaren kostua normalean udalek ordaintzen dutela ekarri du gogora San Romanek.

1992an jarri zuten martxan haurrak hartzeko programa. Fronte Polisarioari harreretarako tramiteak egiten laguntzeko xedez sortu zuten Oporrak Bakean. “Umeak Saharako kanpamentuetan itzalean 55 gradutik gorako tenperaturekin bizi dira, lur eta egoera oso gogorrean. Kanpamentuetatik irten ahal izateko aukera eskaintzen diegu”, azaldu du. Horrez gain, han duten egoera politikoa ere ahantzi ezinekoa dela deritzo. “Marokok militarki okupatutako lurretan bizi dira. Mendebaldeko Saharako okupazioa legez kontrakoa da, eta erakunde guztiek —NBEk barne— sahararrei erreferenduma egiteko eskubidea aitortu arren, inork ez du hori bermatzeko ezer egiten”, gogorarazi du. Egoera horrekin sentsibilizatzeaz gain, umeei elikadura egokia eta mediku azterketa sakonak eskaintzen dizkiete Bizkaiko familiek.

Haur eta gaztetxo horiek egunerokotasuna egun batzuez alde batera utzi eta umeei dagokien bezala bizitzaz gozatzeko aukera ematea da elkarteon helburua, maitasuna, osasuna, aire freskoa eta, kasuan kasu, batzuek eta besteek dauzkaten gabeziak betetze aldera. Mesedea alde batekoa zein bestekoa dela aitortu dute, dena den, elkarte guztiek.