Osakidetzako zuzendaritzako kargudun batzuek pizgarrietan kobratutakoa. »

LABek salatu du Osakidetzako zuzendaritzako 125 kargudunek urtean 12.000 euro inguruko pizgarriak jaso dituztela. Pizgarri horiek gastuak murrizteagatik ematen dizkietela gogorarazi dute.

Osakidetzak Bizkaian dituen etengabeko arreta guneak. »

Etengabeko hogei arreta gune dauzka Osakidetzak Bizkaian: Bederatzi Barnealdeko eremuan, hiru Uriben, beste hiru Bilbo Handian eta bost Ezkerralderako. Gehiago jartzeko proposamena aztertzen ari dira.

Ortuellan pediatria zerbitzua murriztu dutela salatu dute »

Osakidetzak Ortuellan pediatria zerbitzua murriztu duela salatu du bertako udalak. Orain artean bi pediatra zeuden herriko osasun etxean. Aurrerantzean, baina, bakarra egongo da, salatu dutenez, Osakidetzak hala erabakita. Neurri hori “ulertezina” del…

Osakidetzako Biboaldea eskualdeari saria eman diote »

Osakidetzako lehen mailako arretako Bilboaldea eskualdeak AENORen RS 10 ziurtagiria jaso du. Hain zuzen, gizarte erantzukizunaren alde egiten duen lana saritu diote. Rafael Bengoa sailburuaren esanetan, sariak “Osasun eta Kontsumo sailak eta Osakidetz…

Ondarroarrek Galdakao eta Durangora jo ahal izango dute »

Espezialista baten beharra duten Ondarroako gaixoek ez dute Gernika-Lumoko Bereizmen Handiko Zentrora joan beharko hura zabaltzen dutenean, Osakidetzak hasiera batean iragarri zuenaren kontra. Aurrerantzean ere, Durangora edo Galdakaora joaten jarrait…

Haurdunaldiak Mendaron artatzeko eskaera Ondarroan »

Ondarroako Udalak bertako emakumeek haurdunaldiak Mendaroko ospitalean jarraitu ahal izateko eskaera egin dio Osakidetzari. Ofizialki Gurutzetako ospitalea dagokie ondarroako bizilagunei, baina Mendaroko ospitalean larrialdiak eta haurdunaldiak artatz…

Osasun mapa osatzeko prozesuan »

Ospitaleei dagokienez, Bizkaian osasun mapa osatzeko prozesuan ari da Eusko Jaurlaritza. Hain zuzen, “lau mikrosistema” egiteko helburua betetzeko Urdulizko ospitalea bukatzeko zain daudela azaldu du Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak. Uribe eskualdea, Barnealdeko eremua, Bilbo Handia eta Ezkerraldea barne hartuko dituen sistema eratzen ari dira.

1. Uribe

Aurreikusitako mapa osatzeko, Urdulizko ospitalea bukatu behar dute. Asteon hasi behar zituzten berriz ere lanak, arazo administratiboak tarteko hiru hilabetez etenda egon dira-eta. 28 hilabeteko obrak egingo dituzte, eta 2013 bukaerarako martxan egongo dela iragarri du Perez Gilek. Haren aburuz, Gurutzetako pazienteen %25 Urdulizek hartuko ditu. Hain zuzen, 170.000 herritarrek Uribe Kostako ospitalera joko dute.

Eskualde horretan Gorlizko ospitalea ere badago. Han, barne medikuntzaren arloan zainketa aringarriak eta pazienteak egonkortzeko beharrezko tratamenduak ematen dituzte. Errehabilitaziorako ospitalea ere bada.

2. Barnealdea

Galdakaoko ospitaleak Barnealdea deritzon Bizkaiko eremua hartzen du, eta Busturialdeko, Lea Artibaiko, Arratiako eta Durangaldeko bizilagunak artatzen ditu. Horrez gain, tratamendua ospitale erregimenean jarraitu behar duten Durangotik ekialderanzko herrietako gaixo kronikoek Eibarren eraikiko duten Gorlizkoaren pareko ospitalera joan beharko dute. 120 ohe izango ditu, eta, Durangaldeko pazienteez gain, Gipuzkoa mendebaldeko bizilagunak ere hartuko dituzte han. Ospitale horren lanak 2014ko udarako amaitzea espero dute.

Galdakaoko ospitalean, gainera, kimioterapia tratamendua hartzeko Eguneko Ospitale Medikoa zabaldu berri dute. “Otsailean koloneko, ondesteko, goi digestio aparatuko, behazun bideetako eta belarriko, sudurreko eta laringeko minbizia duten pazienteak sartu dira. Ekainean biriketako kartzinoma patologiak dituztenak gehituko zaizkie, eta, irailean, gernu eta sexu aparatuetakoak”, Perez Gilek azaldu duenez.

Gernika-Lumon ospitalerik ez dago, baina udazkenean zabalduko dute Bereizmen Handiko Zentroa. Espezialitate guztietako kontsultak izango ditu, baita ebakuntzak egiteko bi gela ere. Horrez gain, 24 orduko larrialdi zerbitzua ere izango du, umeentzako larrialdi zerbitzua barne.

Duela zazpi urte hasi ziren Bereizmen Handiko Zentroa eraikitzen. Osakidetzak egindako proiektuak 70 ohe izango zituela jasotzen zuen. Hasieran agindu zuten hori bete dezatela eskatu diote eskualdeko taldeek eta eragileek Osakidetzari. Iaz, esaterako, Gernika-Lumokoa ospitalea izan dadila eskatzeko mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko udaletxeetan.

3. Bilbo Handia

Bilbo Handiko bizilagunak, bestalde, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan artatzen dituzte. Santa Marinan patologia kronikoak dituzten eriak artatzen dituzte. Errehabilitazioa eta zainketa aringarriak ere eskaintzen dituzte osasun zentro horretan.

Laugarren eta hirugarren solairuak itxita dauzka, baina, laugarren solairua berritzeko lanak bukatu bitartean. Hirugarren solairuan 100 ohe itxi dituzte, eta gabezia horri irtenbidea emateko asmoz Galdakaoko ospitalean “hutsik” zegoen solairu batean “60 ohe inguru” ireki dituztela azaldu du Osakidetzako zuzendariak. Apirilean zabalduko dute hirugarren solairua, eta, udazkenean, bestalde, berritutako laugarrena.

Basurtuko SATSE sindikatuko ordezkarien arabera, Santa Marinako lanak bukatu ostean euren ospitalean lasaiago ibiliko dira. Horrez gain, Basurtun hartzen dituzten pazienteen idiosinkrasia besteekiko desberdina dela azaldu dute, Bilbon adineko populazioa Bizkaiko batez bestekoa baino handiagoa dela arrazoituta, hain zuzen ere. Hain justu, Basurtura doazen gaixoek, batez beste, 80 eta 90 urtetik gora dituztela esan dute. Etengabeko arreta guneetan X izpiak eta analisiak egiteko zerbitzuak, besteak beste, 24 orduz zabalik egongo balira Basurtuko larrialdietako zerbitzuan horrenbeste jende ez litzatekeela pilatuko ere baderitzote.

4.Ezkerraldea

Gurutzetak eta San Eloy ospitaleak artatzen dituzte, azkenik, Ezkerraldeko —Enkarterriko bizilagunak barne— pazienteak. Gurutzetan bertan ere solairuetako batean obrak egiten ari direla azaldu du Osakidetzako zuzendariak. San Eloyn oinarrizko osasun arreta ematen dute. Ama berriak artatzeko atalik ez dauka, ordea; ezta Gurutzetan eskaintzen dituzten espezialitateetako batzuk ere.

Osasun publikoa gain behera? »

Azken asteetan Bizkaiko ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan gertatu diren kolapsoek mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, osasun publikoaren alorrean gertatzen ari diren “murrizketak”. Sindikatuen arabera, murrizketa horiek nabarmenak dira; Osakidetzaren aburuz, baina, murrizketarik apenas dagoen.

Iñigo Bilbao LAB sindikatuko Osasungintza sektoreko ordezkariaren arabera, egia da larrialdi zerbitzuetan urteko sasoi batzuetan betidanik izan direla kolapsoak, Osakidetza zerbitzuko arduradunek azken asteotan behin eta berriz errepikatu duten bezala. Horren atzean, baina, “egiturazko arazo bat” dagoela deritzo. Lehen egun jakin batzuetan gertatzen ziren kolapsoak, gainera, orain maizago eta gripe sasoitik kanpo ere gertatzen direla gogorarazi du. Horren atzean “kudeaketa txarra eta murrizketak” daudela deritzo.

Sarri, gainera, pazienteek osasun arazo bat dutenean zuzenean larrialdietako zerbitzura jotzen dutela eta hori gaizki dagoela salatzen dela ekarri du gogora Bilbaok. Herritarren jarrera hori, baina, “sortutako osasun ereduaren ondorio” dela adierazi du; hain zuzen, lehen mailako arreta utzita dagoela arrazoitu du. “Osasun etxera zoaz, handik etengabeko arreta gunera bidaltzen zaituzte, han ez dagoela erradiografiak egiteko aparaturik eta, azkenean, munduari bira eman ostean, Gurutzetako larrialdietako zerbitzura joateko esaten dizute. Herritarrek, azkenean, zuzenean ospitaleetara jotzen dute”, esan du. “Herri bakoitzak behar dituen zerbitzuak garatzeko deszentralizazio apusturik ez da egin”, salatu du. “Osakidetzari merkeago ateratzen zaiolako zentralizatutako kudeaketa”.

Murrizketen kontua “aspalditik” datorrela dio Bilbaok. “Krisiaren aitzakiarekin, baina, orain aprobetxatu egin dute aurreko administraziotik zetorren pribatizazioaren aldeko eta osasun publikoaren kontrako neurri batzuk hartzeko”. Urtez urte “osasun arretaren kalitatea eta inbertitutako dirua gutxituz” joan dela azaldu du. Gogora ekarri du, halaber, osasungintza publikoak murriztu egin duela pertsona bakoitzeko urtean egiten duen gastua. 2010ean, 1.644 euro gastatzen zituen, eta 2011n, berriz, 1.564 eurora jaitsi zuten kopurua. “Horrek adierazten du gero eta gutxiago gastatzen dela oro har. Hori hasiera txarra da. Izan ere, gizarte honetan gero eta adineko jende gehiago dago. eta patologiak kronikoagoak dira. Horrek gastua handitu behar izatea ekarri beharko luke”.

Produktibitatea hobetuz

Osasun Sailak urtean herritar bakoitzarentzat egindako gastua murriztu izana, baina, “profesionalei eta ekipamenduei esker produktibitatea hobetzearen ondorio” dela arrazoitu du Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak. “Hemen ez dugu inongo murrizketarik egin. 2009an gobernuan sartu ginenetik, kudeaketa lana egin behar izan dugu, eta sindikatuek ontzat eman ez dituzten zenbait erabaki hartu behar izan ditugu”, esan du.

Hala ere, onartu du egoera ekonomikoaren ondorioz balitekeela gaur egun batzuetan langileen ordezkapenak ez egitea lehenago egiten ziren azkartasun berarekin. Halaber, langile kopuruak, oro har, gora egin duela baieztatu du, “zerbitzu berriak martxan jarri” dituztelako; besteak beste, Galdakaoko onkologia unitate berria.

Horrez gain, haren esanetan, zerbitzuren batean zenbait ohe itxi direla esaten denean hala gertatu bada, “okupazioak behera egin duelako da”. Perez Gilek alde baikorra nabarmendu du: “Eriek gero eta egun gutxiago egin behar dituzte ospitalean, teknika eta teknologia hobeei esker”.

Ospitaleetan pazienteekin lanean ari diren beharginak, baina, ez dira iritzi berekoak. Barakaldoko San Eloy ospitaleko UGTko ordezkari bat kritikoa da:”Murrizketak daude. Langile batek gaixo agiria hartzen duenean, haren lekua beteko duen inor ez dute kontratatzen, batez ere, gaixoaldi laburrak izango direla uste duten kasuetan”. Eta horrek pazienteengan eragina duela azaldu du. “Beharginok lan gehiago daukagu, eta horrek pazienteak artatzeko orduan kalitate gutxiago suposatzen du”, esan du. San Eloyn, gainera, egunero behar baino jende gutxiagok lan egiten duela adierazi du UGTko ordezkariak. “Izan ere, larrialdi zerbitzuan, esaterako, greba egunetarako aurreikusitako gutxiengo langile kopuru bera aritzen da lanean egunero”.

LABek gauza bera salatu du beste ospitaleetan ere. Bilbaoren ustez, osasun artaren kalitate gero eta txarrago horren atzean “osasungintza pribatua, mutualitateak, aseguru etxeak eta abar” bultzatzeko interesa dago. “Izan ere, itxaron zerrendak gero eta luzeagoak badira, jendeak pribatura joko du edo aseguru bat kontratatuko du”.

Hainbat proba egiteko —eskanerrak, besteak beste— Osakidetzak pazienteak klinika pribatuetara bideratzen dituela salatu du, gainera, eta adierazi du atal horretan “dirutza” gastatzen duela. “Osasun publikoan inbertitu beharrean gero probetxua ateratzeko, probetxurik ekarriko ez digun zerbaitetan inbertitzen dute”, esan du. Osasun publikoak irabaziak emango dituela pentsatzea ezinezkoa dela iritzi dio. “Horregatik da zerbitzu publiko bat!”.

Baieztapen horiek “min” egiten diote Perez Gili, “pribatizaziorantz baino guztiz kontrako jarrera” darabiltela uste baitu. 2009an, 17.435.516 euro gastatu zituen Osakidetzak klinika pribatuetara ebakuntzak edo proba osagarriak egitera bidali zituen pazienteengatik; 2011n, ordea, 9.098.847 euro izan ziren. “Hori itxaron zerrendetako pazienteei dagokienez. Horrez gain, azpiegitura berriak zabaldu ditugu, zerbitzu gehiago ematen ari gara eta pribatura gero eta paziente gutxiago bideratzen ari gara”, esan du. “Sarri beste autonomia erkidego batzuetako albisteak entzun eta gurean gauza bera gertatzen dela uste izaten dugu. Gurean osasungintza pribatizatzen ariko balitz, ni ere kalera aterako nintzateke”, erantsi du Perez Gilek.

Bilbaok, baina, Europako herrialde batzuek osasun sistema pribatizatzeko darabilten prozesuaren antzekoa gertatzen ari dela salatu du. “Diru gehiago daukanak arreta maila altuagoa izango du, eta ez daukanak bigarren mailako erdi oinarrizko arretarekin konformatu beharko du”.

Tala Bekoa gotorlekua eraiki zuten urtea. »

Lekeitioko Tala Bekoa izan zen Aro Modernoan Bizkaian eraikitako lehen gotorlekua: 1528. urtekoa da, hain zuzen ere. Tala izeneko eremuan zegoen, kaitik gertu, baina gaurdaino ez da horren arrastorik aurkitu.

Bermeon egondako gotorlekuen kopurua. »

Bermeo da Aro Modernoan gotorleku gehien izan zuen Bizkaiko udalerria. Tamalez, gaur egun Tonpoin baino ez da zantzu materialik geratzen. Egitura guztien izenak ezagunak diren arren, ez dakite non zeuden horietako bost.