Azalpenak isunekin uztartuz »

Iaz pertsona bakarra hil zen Bilbon auto istripu baten ondorioz: adineko emakume bat, auto batek harrapatuta. Haren jokabidea oso adierazgarria izan zen: lau bideko errepide bat txarto gurutzatu zuen. Zuhurtziarik ezak eta arduragabekeriek eragiten di…

Bidegorrien kilometroak. »

Bilbon 29 kilometro bidegorri eta bide partekatu (oinezkoentzako guneetan txirrindularientzat markatuak) daude. Udalak bidegorri gehiago egiteko asmoa du, baina aurten mantentze eta konponketa lanak besterik ez ditu egingo, krisiarengatik.

Aste Santuan ez da bide itzulgarririk egongo A-8an »

Eusko Jaurlaritzak eta Kantabriako Gobernuak (Espainia) adostu dute A-8an bide itzulgarririk ez jartzea Aste Santuan, Bilboko hegoaldeko saihesbideak egun horietako zirkulazioan duen eragina aztertu arte; egoera ekonomikoak autoen erabiltzaileen ohitu…

2011ko istripuak. »

Bilbo Udalaren datuen arabera, iaz 2.741 istripu egon ziren Bilbon, eta pertsona bakarra zendu zen. Azken urteetan, behera egin du hildako kopuruak, 2006an hamar izan baitziren; istripuen jaitsiera motelagoa da, 2006an 2.200 inguru izan baitziren.

Mugikortasun Segururako Planeko ekintzak. »

Bilboko Udala, 2007an onartutako planean, 41 jarduera gauzatzen ari da 2013ra bitartean, hala nola kaleak berriro margotu, espaloien maila jaitsi, radarrak ipini, bidearteak eraiki eta zebrabideetako semaforoak hobetu.

Ezkerraldeko eragileen protesta Portugaleten »

Hainbat eragilek eta Ezkerraldeko langabeen batzarrek deituta, eskualdean krisiak izan duen eragin “dramatikoa” salatzeko mobilizazioa egin zuten asteartean hamarnaka lagunek Gizarte Segurantzaren Portugaleteko bulegoaren parean, greba orokorra presta…

Bizkaiko Foru Aldundiak sortu nahi duen lanpostu kopurua. »

Enpresa Berriak Sustatzeko Foru Plana aurkeztu du Aldundiak, lau urtean 2.100 lanpostu sortzeko helburuarekin. 50 milioi euro inbertituko ditu Ekonomia Sustatzeko Sailak egitasmo horretan.

Arratzu eta Garai, langaberik ez izateko bidean »

Sestaoren muturreko puntan Durangaldeko eta Busturialdeko herri txiki bi daude: Arratzu eta Garai. Bizkaian ez ezik, Araba eta Gipuzkoarekin alderatuta ere langabezia tasa txikiena duten herriak dira bi horiek. Lanbidek otsailean emandako datuen arabera, %2,5 eta %2,9ko langabezia tasa izan zuten, hurrenez hurren: bost langabe Arratzun, eta sei Garain.

Laurehun biztanle baino gutxiago dituzte biek: Arratzun 392 lagun bizi dira, eta Garain 338. Herrian biztanle gutxi izateak langabe gutxiago egoten laguntzen duela deritzote bertako udaletako ordezkariek. Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkateak hala uste du: “Zenbat eta txikiagoa izan herria, errazagoa da bertakoentzako lana aurkitzea. Ezin daitezke konparatu Durango edo Berriz herrietako egoerak eta gurea “.

Izan ere, Berrizen eta Durangon hainbat industria gune egon arren, %12tik gorako langabezia tasa daukate, otsaileko datuen arabera.

Industria langileak, Garain

Garaitar gehienek bigarren sektorean lan egiten dute, “industrian”, Sarrigoitiak azaldu duenez. “Durango, Izurtza, Abadiño, Berriz… Inguru horretan egiten dugu lan —nik barne—”, esan du. Metalaren sektorea da nagusi, gainera, Durangaldeko enpresetan, eta beraz, “Garaiko bizilagun gehienek sektore horretan” egiten dute behar.

Hirugarren sektorean dabilenik ere badagoela ekarri du gogora, hala ere. Garain bertan, taberna bi dituzte: Garai jatetxea eta Herriko taberna. Herritik kanpo ostalaritzan ari direnak ere badaudela gaineratu du.

Lehenengo sektorea da eskasena, jarduera ekonomiko gisa darabiltenei dagokienez, bederen. “Hiru-lau nekazari baino ez daude jada. Gutxi batzuk. Izan ere, besteak beste, ganadua duten baserri oso gutxi geratzen dira”, adierazi du alkateak.

Antzeko egoera bizi dute arratzuarrek. Gehienek bigarren sektorean egiten dute lan, herritik kanpo, udaletik jakinarazi dutenez. Ajangizeko Maier kooperatiba da inguruko enpresarik garrantzitsuena. Automozio eta etxetresnetarako piezak ekoizten dituzte han, bereziki. Bertan arratzuar askok behar egiten dutela ekarri dute gogora. Hala ere, besteak beste, Gernika-Lumora eta Bilbora herritar asko doazela esan dute.

Hirugarren sektoreak ere indarra dauka bertako bizilagunentzat. Halaber, kasu horretan ere, Arratzutik kanpo aritzen dira gehienak. Izan ere, herrian bertan taberna bi baino ez daude: Oholezko jatetxea eta Herriko taberna.

Lehenengo sektorean aritzen diren nekazari gutxi batzuk ere badaude Arratzun. Kiwiak ekoiztu eta saltzen dituzte. Nekazaritza produktiboa, jarduera ekonomiko legez, baina, herrian oso eskasa dela azaldu dute udaleko ordezkariek, batez ere, lan hori adinekoek egiten dutela gogorarazita.

Herri txikia izateak langabezi tasa txikia izaten lagun dezakeela deritzo bertako udalak ere. Dena den, Garain bezala, han ere enplegu plan berezirik ez dutela eta egoera hori udalaren kontroletik kanpo dagoela ekarri dute gogora. Dena den, aldagai horrek beste sostengu baten beharra ere badauka, kontuan hartuta, Izurtzan —300 biztanle inguruko herria—, esaterako, otsailean %15,2ko langabezia tasa izan zutela, Amoroton —400 bat biztanle— %6,2koa , eta Gizaburuagan —250 bat biztanle— %4,9koa. Herri txikia izate hutsak, beraz, ez du langabezia tasa txikia bermatzen.

Sestao, krisiaren alderik gordinenetik irten nahian »

Munduko krisialdi ekonomikoak kalte egin die Bizkaiko herri guztiei, modu batean edo bestean. Haatik, industriari lotutako herrietan nabarmenagoa izan da gainbeheraren eragina: eskariaren beherakada dela medio, hainbat lantegik ateak itxi dituzte, eta Espainia Gobernuak onartutako lan legedi berriek ez dute kaleratutakoen egoera hobetzen lagundu. Hala, herri askotan langabezia tasa 1990eko hamarraldiko mailara itzuli da. Horien artean, Sestaoko udalerriaren egoera da bereziki kezkagarria. Izan ere, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Sestaok du langabezia tasa handiena: sestaoarren %23k ez dute enplegurik.

Egoera horri aurre egiteko asmoz, Sestaoko Udalak 2012 eta 2015 artean enplegua sortzeko planaren zirriborroa aurkeztu du. Udal gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, plana “enplegua sortzea sustatuko duten hainbat ekintzek” osatuko dute. Horien artean egongo dira udalak zuzenean egindako behin-behineko kontratazioak, eta autoenplegu proiektuak eta mikroenpresak ere bultzatuko dituzte.

Horrez gain, “kultura ekintzailea” sustatuko dute eta lan esperientziarik gabeko gazteentzako Beka Gaztea egitasmoa jarriko dute martxan. Azkenik, “enpleguaren aldeko ituna” sinatu nahi du udalak erakunde publiko, elkarte eta enpresekin, Sestaon lana sortzearen aldeko konpromisoak har ditzaten.

Enplegu zinegotzi Leire Corralesen hitzetan, egitasmoaren xede nagusia izango da “langabeak prestatzea”. Izan ere, Sestaoko langabe askoren ikasketa maila “ez da oso altua”, eta etorkizunean beharra aurkitzen laguntzeko, inguruko enpresekin “hitzarmenak sinatu nahian” dabil udala. Itun horien bitartez, lantegien balizko beharrizanak ezagutuko dituzte, gero langabeak baldintza horietara egokitzen saiatzeko.

Sozialisten kritika

Sestaoko PSEk kritika ugari egin dizkio alkatetzak aurkeztutako planari. Sozialisten bozeramaile Alexia Casteloren irudiko, ez da egokia: “Ez dator bat langabeen beharrizanekin, eta ez da koherentea EAJk hauteskunde kanpainan emandako hitzarekin”.

Casteloren iritziz, enpleguaren aldeko ituna “ideia ona” izan arren, martxan jartzeko ordena “aldrebesa” hautatu du udalak: “Lehenengo ituna egin behar da, abiaraziko diren ekintzak zehazteko, eta horren arabera garatu behar da plana. Udalak, berriz, plana egina dauka, eta hortik aurrera ituna sinatu nahi du”.

Sozialisten aburuz, egitasmoak ez du egin “Sestaoko diagnostiko zehatza”, eta, ondorioz, hainbat “hutsegite” ditu. Horien artean leudeke udalerriko egiturazko langabezia “saihestea” —1.700 pertsona, Castelok emandako datuen arabera—, langabeen hezkuntza gabeziak “kontuan ez hartzea”, eta Sestaoko “ekoizpen egitura dibertsifikatzearen beharra ez aipatzea”.

Planaren heziketa atalei ere kritika egin die zinegotzi sozialistak. Udalak proposatzen dituen bekek “Alemaniako minilan famatuen antza” dutela esan du Castelok: “Gazteek lanaldiaren %80 beteko dute 400 euroren truke, eta, gainera, soldata ez du enpresak ordainduko, udalak baizik”.

Enplegu planaren ordez, beste neurri batzuk proposatu dituzte sozialistek. Adibidez, enplegua sortzeko “baliabide gehiago erabiltzea”, edota ikasketak bukatu aurretik hezkuntza sistema uzten dutenen kopurua “murrizten saiatzea”, teoria eta praktika uztartuko lituzkeen “hezkuntza dualaren” bidez. Izan ere, Sestaoko gazteen %30k ikasketak bukatu aurretik uzten dute institutua, sozialistek aipatu dituzten datu ez ofizialen arabera.

Hiru batzordeak

Igaro den astean, EAJk zuzendutako udal gobernuak planaren zirriborroa aurkeztu zien herriko beste talde politikoei. Hurrengo urratsa behin betiko testua osatu behar duten hiru batzorde eratzea da.

Alde batetik, “batzorde teknikoa” egongo litzateke, sindikatuek, enpresaburuen elkarteek eta heziketa zentroek osatuko luketena. Bestetik, “batzorde politikoa” sortuko da, udalerriko alderdien ordezkariekin. Azkenik, “herritarren parte hartzeari irekitako batzorde bat” egongo dela jakinarazi du Corralesek. “Mahai batzuk osatuko ditugu, jorratuko diren gaien araberakoak: gazteria, emakumea, adinekoak… Auzoetan ere egingo ditugu batzarrak”. Udal taldearen nahia prozesua “ahalik eta arinen martxan jartzea” denez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak prozesua erregulatzeko deialdia plazaratu behar du aurretik, eta horren zain daude Sestaon “batzordeen nondik norakoak” zehazteko. Ondorioz, behin betiko dokumentuari data jartzea “ezinezkoa” da, Corralesek dioenez.

Zor “historikoa”

Sestaok duen egoera “latza” dela uste du Enplegu zinegotziak. “Langabezia tasa %24tik gertu dago. 3.000 langabe inguru daude herrian”. Hori dela eta, 2011ko urrian bilera egin zuten Jaurlaritzako Enplegu sailburu Gemma Zabaletarekin. “Sailean langabezia tasa handia duten herrientzako plangintza osatuko zutela azaldu zigun, eta Sestaok lehentasuna izango zuela”. Dena den, udalaren eta Enplegu Sailaren arteko hitzarmen “zehatza” lortzea da udalaren helburua. “Sestao da EAEn langabezia tasa altuena duen udalerria, eta erakundeen aldetik herri honekiko konpromiso zehatza behar dugu”.

Udazkenean egindako bileran, Zabaletak Sestaoko Udaleko ordezkariei enplegua sustatzeko planaren %75 finantzatzeko hitza eman ziela esan du Corralesek. Ekimenak garatzeko, urtean guztira 3,4 milioi euro beharko direla aurreikusi du udalak. Oraingoz, udal aurrekontuetako 160.000 euro bideratu dira plana abiarazteko. Zinegotziak baieztatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Enplegu Ministerioaren “inplikazioa” lortzeko lanean dihardu udalak. Ildo berean, Sestaoko alkate Josu Bergarak behin baino gehiagotan adierazi du erakundeek herriarekiko “zor historikoa” dutela.

Hala ere, krisiak iraun bitartean, kontsumitzaileen erosteko ahalmenak gora egitea zaila izango dela onartu du Corralesek, horrek denda txikiak berreskuratzea “oztopatuko” duela gaineratuta. Zinegotziak iragarri duenez, udalak laguntzak emango dizkie komertzioei, “erakargarriak izan daitezen”. Aurreko gobernu sozialistak arlo horretan martxan jarritako kanpainak kritikatu ditu, “ez zutelako balio izan dendek egiturazko berrikuntzak egin zitzaten”.

Bitartean, denda “ugarik” ateak itxi dituztela azaldu du Sestaoko Dendarien Elkarteko presidente Nerea Zurinagak. Aurten, zenbait egunetan “zero euroko kutxa” egin izan dute. Merkataritza guneez “inguratuta” egoteak “kalte handia” egiten diela uste du.

Udalak iragarri duenez, parte hartzeari irekitako batzordeak apirilean hasiko dira lanean. Zurinagaren esanetan, berriz, berak ez du “mahai horien berririk jaso”. Datozen hilabeteetan zeresan ugari emango du udalaren planak.

Inama eta Rinderren itxiera salatzeko manifestazioa »

Inamak (Muxika) ateak behin betiko itxi dituela, eta Rinder Industrial (Forua) urtebetez itxita egongo dela salatzeko, bi lantegietako enpresa batzordeek manifestaziora deitu dituzte “beste enpresetako batzordeak eta herritar guztiak”. Bihar egingo da…