@sarean »

Bizkaiko Arrantza Federazioak bere webgunea dauka sarean. Bertan, federazioari buruzko informazioaz gain, arrantzari buruzko legeak eta 2012ko arrantzaldiko baimen eta debekuei buruzko informazioa jasota daukate, baita arrantza guneen zerrenda ere.

www.fbpesca.org.

Herri arteko lehiaketa sortu dute Busturialdean »

Sokatiralari profesionalez gain, badira zale gisa lehiatzen diren taldeak ere. Zaletasunaz haratago, herri arteko lehiaketa sortu dute Busturialdean, eta hainbat herrik parte hartzen dute bertan: Busturiak, Muruetak, Foruak, Kortezubik eta Mendatak. Goma gaineko modalitatean aritzen dira. Kategoria horretako lehiaketa profesionalak neguan egiten diren arren, uda sasoian egiten dituzte Busturialdekoek saioak, herri batzuetako eta besteetako jaietan. Iaz, Muruetako taldea atera zen garaile. 2009an ekin zioten herri arteko lehia honi. Denbora-pasa gisa hasi zen erakustaldia, baina seriotasuna hartu du denborarekin. Izan ere, taldeek entrenamenduak egiten dituzte —batzuetan, euren kabuz, eta, beste batzuetan, talde profesionalen laguntzarekin—. Busturian, gainera, bertako emakumeek taldea eratu zuten iaz, eta desafioa egin zuten herriko gizonen kontra. Abenduan egindako erakustaldi batean, andreek, herriko gizon gazteek, helduek eta ligako lehiaketako taldeek tiratu zuten. Busturialdeko taldeak zaletasunagatik aritzen dira sokatiran, eta ez dute profesional gisa aritzeko asmorik.

Sokatira federazioak ezin du onartu euskal selekzioa »

Abadiño taldeko kide Edu Mendizabalek gogora ekarri du International Tug Of War Federation Twif nazioarteko sokatira federazioa Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren barruan dagoela. Beraz, ezin du onartu euskal selekzioa, haren barruan Batzorde Olinpikoko kideek soilik parte har dezaketelako.

“Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu, eta ez da gertatu halabeharrez” »

Ruth Linazak (Lemoa, 1983) Gasteizko Badaiotz taldean egiten du sokatiran. 2003. urtean hasi zen herri kiroletan lehiatzen; trontzan, hain zuzen ere. Hauetan urte guztiotan herrialde eta kirolari asko ezagutzeko aukera izan duela dio.

Nola hasi zinen sokatiran?

Ezustean hasi nintzen. Marti Iturriotz etxera etorri zitzaidan, ea harekin trontzan egingo nuen galdezka. Baietz erantzun nion, eta gaur egun nire entrenatzailea dena ezagutu nuen. 2003ko udan hasi zen nire ibilbidea.

Nolako kirola da sokatira?

Gogorra da, polita; sufritu egiten duzu, baita gozatu ere. Definitzeko orduan oso kirol teknikoa dela esango nuke. Gorputza postura egokian jartzea garrantzitsua da. Zuk indar jakin bat duzu, baina hori modu onean erabiltzea ezinbestekoa da.

Aurtengoa munduko txapelketaren urtea izan da. Hedabideek, baina, ez dute eman horren berri. Zer diozu?

Nik uler dezaket kirol guztiei ezin zaiela tarte bera eman. Ezagupen mailaren araberako jarraipena egin beharko litzateke. Agian, ezin duzu kazetari bat bidali, baina hemendik babes dezakezu kirol hau. Gainera, Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu; hori ez da gertatzen halabeharrez. Maila benetan altua dago gure lurraldean.

Eta instituzioen aldetik laguntzarik jaso duzue?

Ez. Orain murrizketa sasoia izanik, kultura eta kirol arloek pairatzen dute gehien. Gainera, gure taldea Gasteizen moduko hiri handi batekoa izanda, zailagoa da. Ni ziur nago alkateak ez duela ezagutzen Badaiotz taldea.

Zaila al da emakumeak goi mailako kirola egitea?

Bai, batez ere adin batetik aurrera. Institutu garaian errazagoa da lagun eta kuadrillakoekin futbolean edo saskibaloian jardutea. Baina, unibertsitate ikasketak hastean, beste hiri batera joan edo ordu gehiago ematen dituzu ikasten. Gainera, amatasunarekin uztartzea zaila da. Gure taldean ama diren bost emakume daude, eta antzematen da nolako lana duten; baina etxeko eta senitartekoen laguntzarekin posible da.

Nolakoa izan da 2012ko munduko txapelketa?

Mundu guztiko taldeak joan gara Eskoziara. Ingalaterrakoak, txinatarrak, herbeheretarrak, Hegoafrikakoak… Asiako herrialdeetan maila handia dago. Gure aurka lehiatu diren ekialdeko zenbait talde sokatiratik bizi dira. Institutuan edo unibertsitatean ikasten ibili arren, beken bitartez sokatiran aritzen dira.

Bederatzi dominetatik bat edo beste irabazi al duzu?

Bai. Emakumeetan bi pisutan lehiatzen gara. 540 kiloan zilarra irabazi genuen taiwandarren aurka galdu ostean. Gure taldea pisu gutxikoa da; 40 kilo gutxiago izan genituen, eta ezinezkoa da horrelako mailan garaipena lortzea. 500 kilotan, berriz, urrezko domina lortu genuen. Talde mistoan Abadiñorekin parte hartu nuen, eta hor ere bigarren egin genuen.

Kirol arloan zer eskatzen diozu 2012. urte honi?

Taldeak aurrera jarraitzea. Ama asko ditugunez, ez da erraza. Etorkizunean bete nahiko nukeen ametsa da Euskal Herria ordezkatuz nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera izatea.

1900etik 1920ra bitartean kirol olinpiko izan zen sokatira. »

Aro modernoan murgilduta, Parisen (Frantzia) 1900ean egin zituzten bigarren joko olinpikoetan hasi eta Anberesen jokatutako (Belgika) 1920ko jokoetara bitartean, kirol olinpikoa izan zen sokatira.

Sokari tiraka »

Sokatirarekiko zaletasun handia dago Bizkaian. Zaletasun horrek, denbora-pasaz gain, garaipen handiak eraman ditu lurralde horretako hainbat herritara. Erandion (Goiherri), Laukizen (Gazteri), Abadiñon (Abadiño) eta Arrigorriagan (Sokarri) daude talde profesionalak. Lehenengo biak lurrean lehiatzen dira, eta gainerako biak, goma gainean.

Jon Lapazaran Bizkaiko Sokatira Federazioko kideak talde bizkaitarren maila altua aipatu du. Izan ere, haren esanetan, “bai lurrean, baita goman ere”, gaur egun Euskal Herriko talderik onenak “berton” daude. “Etxean, puntan dabiltza bizkaitarrak; baita mundu mailan ere”, azaldu du.

Eta orain arteko emaitzek hala erakusten dute. Abadiñoko taldea otsailean Eskozian aritu zen mundu mailako txapelketan. Hiru kategoriatan lehiatu ziren: “Eta hiruretan igo gara podiumera”. Lorpena gogora ekarri du Edu Mendizabal taldeko entrenatzaileak: 560 kilogramotan bigarren lekuan geratu ziren, eta, 600 kilotan, hirugarren.

Horrez gain, kategoria mistoan ere lehiatu ziren, Gasteizko Badaiotzeko nesken laguntzarekin, eta bigarren geratu ziren. Abadiñoko taldean neskarik ez dago, baina Badaiotzekoak batzuetan eurekaz entrenatzen dira, eta eurekin batera tiratu zuten Eskozian.

1991n sortu zuten Abadiñoko taldea. Gaur egun, 21 tiratzaile eta entrenatzaile bi daude. 17 urte ditu gazteenak, eta 46 zaharrenak. Kirol gogorra dela aitortu arren, praktikatzea “oso erraza” dela deritzo Mendizabalek: “Gure taldean, bederen”. Izan ere, neguan bakarrik dauzkate lehiaketak.

“Sanfaustoetan hasten gara entrenatzen, urri edo azaro bueltan, eta aurten bezala munduko txapelketa baldin badago, martxorako bukatu egiten dugu denboraldia. Munduko txapelketarik ez badago, Aste Santurako amaitzen dugu. Beraz, udan, bakoitzak nahi duguna egin dezakegu: bizikletan ibili, parranda egin…”, adierazi du.

Euskal Herriko txapelketan ere maila ona erakutsi dute Durangaldekoek. “Lau pisutan parte hartu dugu, eta hiru txapel eskuratu ditugu; bestean, bigarren geratu gara. Guztiak irabaztera ohituta gaude, baina lautik hiru irabaztea ere kontuan hartzekoa da”, Mendizabalen iritziz. Etorkizunera begira duten erronkari dagokionez, aitortu du talde berbera mantentzea ez dela izango “lan makala”.

Goma gaineko sokatiran lau kategoriatan lehiatzeko aukera dago, eta lauretan parte hartzen dute Abadiñokoek: 560, 600, 640 eta 680 kilotan, hain zuzen ere. Tiralari bakoitzak, beraz, batez beste 70, 75, 80 eta 85 kilo izan behar ditu, hurrenez hurren. Nazioartean, ordea, pisu txikietan soilik parte hartzen dute: 560 eta 600 kilotan.

Laukizen, lur gainean

Laukizko Gazteri ere puntako taldeen artean dago. Uribe aldeko tiralariak lur gaineko sokatiran lehiatzen dira. Orain arte Bizkaian emakumeek osatutako taldea ere badaukan bakarra izan da —Erandioko Goiherrin emakumeen taldea osatzeko eginahaletan ari dira—. Ana Mardaras da Gazterin lehiatzen den andreetako bat. Hogei urte bete zituen iaz taldean. Aurten, atsedena hartu du.

Taldea 2012an kategoria mistoan soilik lehiatu ahal izango da, oraingoz, lau emakume baino ez daudelako tiratzeko prest. “Emakumeontzat zailagoa da entrenatzea. Nire kasuan, gainera, senarra Goiherriko taldean lehiatzen da”. Gainerakoan bezala, kirol hori praktikatzeko orduan ere emakumeek esfortzu handiagoa egin behar dutela ekarri du gogora, eta seme-alaben zaintzaren ardura nagusia eurek dutela azpimarratu du.

Gazteri taldeak 50 urte bete zituen iaz. Hala ere, gorabeherak izan ditu, eta urte batzuetan desagertuta egon da. 18 eta 50 urte arteko kideek osatzen dute taldea.

Garaipen handiak

Bai Euskal Herrian, baita handik kanpo ere, lorpen handiak egin dituzte Laukizko gizon eta emakumeek. “Azkena, munduko txapelketa, Hegoafrikan”, ekarri du gogora Mardarasek: “Duela bi urte izan zen hura, 2010eko irailean. Kategoria mistoan munduko txapeldun geratu ginen. Bestalde, gizonak Europako txapeldun geratu ziren iaz Ingalaterran”.

Gabonen ostean hasi ziren maiatzean abiatuko den denboraldirako entrenatzen. “Uztailean Euskal Herriko denboraldia amaitu ostean, abuztuan deskantsatu egiten dugu. Eta iraileko lehenengo astean, Suitzara goaz”, azaldu du.

Gazteri taldea lurrean bakarrik lehiatzen da. Horren arrazoietako bat da talde propioa eratzeko emakume nahikorik ez daukatenez mistoan lehiatu behar dutela, eta aukera hori lurreko sokatirak baino ez du eskaintzen, oraingoz.

Mardarasek modalitate horixe du gustukoen: lur gainekoa. “Gomazkoa baino gogorragoa” dela deritzo. “Udan ibili behar dugulako entrenatzen; izugarrizko beroa egiten duenean eta jendea parrandan dabilenean. Hala ere, nire ustez, politagoa da”, adierazi du.

Gomazkoan aritzeko, gainera, “teknika gehiago” landu behar dela azaldu du: “Zapatila on batzuk izateak, halaber, asko esan gura du. Eta, adibidez, nahikoa parekoak diren talde bi lehiatzen badira, zapatila hobeak dituztenak atera daitezke garaile”. Beraz, haren esanetan, garaipena ez dago norberaren indarraren esku soilik. “Goman, gainera, tiratzen hasitakoan aurkaria garaitzen hasiz gero, galtzen ari denari zaila egiten zaio tiradari eustea. Lurra, ostera, parekatuagoa da”.

Horrez gain, lurreko modalitatean munduko eta Europako txapelketetan lehiatzeko aukera dago; gomazkoan, berriz, mundukoan soilik, “nahikoa talderik ez dagoelako”, azaldu du Mardarasek. Lur gaineko munduko txapelketan hainbat talde egoten direla ekarri du gogora, eta lurrean gomazkoan baino jende gehiago ibiltzen dela.

Selekzio propiorik gabe

Ez batzuk ez besteak, ordea, ezin daitezke lehiatu Euskal Herriko selekzioaren izenean. “Oso gauza bitxia iruditzen zaie nazioarteko taldeei euskal herritarron errealitate hori, kontuan hartuta hemen oso maila altua daukagula”, esan du Gazteri taldeko kideak. “Oso talde onak ditugu gurean. Izan ere, kanpora goazenetan podiumera igotzea lortzen duten hiru taldetik bi bertokoak izaten dira beti”, ekarri du gogora.

Nortasun eta ordezkaritza auzi horrekin lotuta, atzerriko talde batzuekin beste batzuekin baino hobeto konpontzen direla azaldu du Mardarasek. “Ingelesekin, adibidez, ez gara oso ondo konpontzen. Eurek guri ‘Spain’ esaten digute, eta guk ‘ezetz!’ erantzuten diegu. Burugogorrak garela esaten digute, eta ea zergatik ez garen espainiar moduan lehiatzen galdetu”.

Bide beretik mintzatu da Edu Mendizabal Abadiño taldeko tiratzailea ere. “Hemengo maila oso altua dela ikusten dute nazioartean. Futbolean Real Madrilek Champions lehiaketa nazio gisa ez jokatzea bezalakoa iruditzen zaie gure kasua”. Eta horixe izan liteke, haren ustez, ofizialtasuna eskuratzeko modua: “Nazioartean ematen dugun irudi horretatik tiratuta ikusten dut euskal selekzioaren bidean zerbait lortu ahal izango dugula. Nire ustez, presio onena horixe da: emaitza onak ateratzea”.

Non eta nola sortu zen sokatira kirola? »

Askok kontrakoa uste izan arren, sokatira ez zen sortu Euskal Herrian. Hala ere, gurean, itsasoko, basoko eta koordinatutako arrastea eskatzen duten lanetatik heda zitekeela uste da. Botere mistikoei lotutako praktikarekin ere lotzen da. Non eta noiz …

Bilbon egunean ibiltzen diren ibilgailuak. »

Euskal Herriko hiriburu handiena izaki, zirkulazio handia du Bilbok. Udalaren arabera, egunean 104.112 ibilgailu ibiltzen dira hirian. Sakelakoen kanpainetan, adibidez, ia 30.000 auto kontrolatzen dituzte udaltzainek urtero.

Metroa Maidagango tuneleko bi bideak erabiltzen hasi da »

Maidagango (Getxo) tunelaren barruko bi bideak erabiltzen hasi zen metroa asteartean, normaltasunez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez. Hala, beste urrats bat egin dute gune horretan pasagune hesiduna kentzeko eta trenbidea lurperatzeko obrek.

Bi urte iraun dute 300 metroko tunela eraikitzeko lanek, eta, bitartean, bide bakarretik ibili behar izan du metroak, eta abiadura jaitsita, gainera, segurtasuna bermatzeko. Horren ondorioz, atzerapen ugari pilatu ditu metroak inguruan.

Urtarrilean tunelaren bide bat jarri zuten martxan, eta asteon, bigarrena. Orain, Maidagango kanpoko gunea —3.500 metro koadro inguru— atontzeko egingo dituzte obrak.

Azalpenak isunekin uztartuz »

Iaz pertsona bakarra hil zen Bilbon auto istripu baten ondorioz: adineko emakume bat, auto batek harrapatuta. Haren jokabidea oso adierazgarria izan zen: lau bideko errepide bat txarto gurutzatu zuen. Zuhurtziarik ezak eta arduragabekeriek eragiten di…