Adiskidetasuna mugan »

AntzerkiaIgorreGizon bi eta emakume bat eta, horiekin batera, gutxienez, maitasun istorio bat taularatuko ditu domekan Txalo Produkzioak konpainiak Hil arte bizi antzezlanaren bitartez. Adiskidetasunaren mugen inguruan hausnarketa zabalduko dute Iker …

Udaberria euskaraz pasatzeko aukera Galdamesen »

Galdamesen Udaberria Euskaraz programan parte hartu gura dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Lehenik eta behin, 3 eta 11 urte arteko galdamestarrei eman nahi die bertako udalak euskarazko kultura eta aisialdi jarduera horretan parte hartzeko …

Mozorro festak ez dira bukatu »

Inauterietako martitzenak mozorro festaren bukaera ezarri ohi badu ere, Bizkaiko hainbat herritan aratusteetako ospakizunei eutsiko diete asteburuan. Mozorroak kendu gura ez dituzten herri horietako batzuk Sondika, Getxo, Bilbo, Santurtzi eta Berango …

Kolorea han eta hemen »

Bizkaiko hainbat herri inauterietan daude dagoeneko. Aratusteetako egun nagusiak iristeko badaude ere, Gernika-Lumok, Durangok eta beste zenbait herrik atzoko Eguen Zuri eguna baliatu zuten kaleak kolorez betetzeko. Gernikarrak arratsaldeko bostak inguruan bildu ziren pasealekuko arkupeetan, eta, tradizioak agintzen duen modura, herriko kaleetan barrena gozoki batzeko bidea osatu zuten, Eguen Zuri kantua abestuz. Bukaeran, auzoz auzo bildutako gozoki guztiak banatu zituzten hara joandako haurren artean.

1. Markina-Xemein

Herriko kaleak zeharkatuko dituen mozorro desfilea etzi egingo da, eta, bihar arratsaldean, soinekoa prestatzeko tailerra egongo da. 16:00etan, Uhagoneko erakusketa gelan bilduko dira haur eta gazteak. 19:00etan, Kontzejupetik hasiko den kantu jirarekin bukatuko da zapatua.

Domeka goiza txistularien kalejirarekin hasiko dute. Gero, Markinako bandaren kalejirak eta trikitilarienak hartuko dute lekukoa, hurrenez hurren. 11:30ean, herria zeharkatuko duen desfile bat hasiko da Goiko Portalean. Gosea dutenek bazkaria edukiko dute Benkobentan, 14:30ean. Arratsaldean, karaokea egongo da Goiko Portalean.

2. Gernika-Lumo

Aurtengo Gernika-Lumoko jaietan egingo diren ekitaldien ardatza Lapurdiko inauteriak izango dira. Horretarako, bihar, 12:00etan, parte hartzaile guztiek azken proba saioa izango dute pasealekuko frontoian. Iluntzean, Lapurdiko inauteriak antzeztuko dituzte kalez kale.

Etzi, Foruen plazan Merroen aurreskua dantzatuz hasiko dira aratuste domekako ekitaldiak, 12:00etan. Gero, oilar eta masta puntakoa jokoak hasi aurretik, Lapurdiko aratusteen erakustaldi txiki bat egingo dute. Herriko kaleak zeharkatuz bukatuko dituzte inauteriak.

3. Sopela

Bihar, 11:00etatik 14:00ak arte, inauteri jolas eta eskulanak egongo dira haurrentzat. 17:00etan, zirku jaia izango da frontoian. Ikusleak aukera izango du zirkuko tailerretan parte hartzeko. 20:00etan, diskofesta eta karaoke mundialarekin abestuz eta dantzatuz mugituko dute gerria pilotalekuan bildutakoek. 21:00etan, Bilboko Katu Buru taldearen batukada kalejira hasiko da. Emanaldiak udaletxetik abiatu eta herriko kaleak zeharkatuko ditu.

Etzi, 18:00etan, mozorro jaia eta inauteri desfilea egingo dituzte Larrabasterrako Urko kiroldegian.

4. Getxo

Bazen behin Erromon… lelopean ospatuko dituzte aurtengo aratusteak Erromoko (Getxo) bizilagunek. Umeen ipuinetan oinarrituta, haur, gazte zein helduek aukera izango dute hainbat jardueratan parte hartzeko.

13:30ean, umeek mozorro lehiaketa edukiko dute Santa Eufemia plazan. Enparantza horretantxe, 12:00etatik 14:30 artean, tailerrak eta jolasak izango dira. 17.30ean, txokolatea banatuko dute Cervantes plazan. Ordubete geroago, toki berean hasiko da auzoko kaleak zeharkatuko dituen mozorro desfilea. 20:00etan, Santa Eufemia plazan, umeek Trikizio taldearen erromeria doinuak izango dituzte entzungai. 22:30ean, berriz, gazte eta helduentzat egongo dira.

5. Ondarroa

Ekitaldiz betetako eguna izango da biharkoa ondarroarrentzat. 12:30ean, Kresala elkarteak antolatutako triki-pandero kalejira egongo da. 19:00etan, kalez kale, aratusteetako dantza saioa izango da. 20:00etan, portuan hasita, Lantzoiari egingo zaio ongietorria.

Etzi eta astelehenean atseden hartu eta gero, martitzenarekin batera bueltatuko dira inauterietako ekitaldiak. 11:30ean, umeek kalejira izango dute. 18:00etan, playback lehiaketak egingo dituzte kafe antzokian. 19:00etan, dantza saioa; eta, 20:30ean, Akuliaren ehorzketarekin emango diote bukaera ondarroarrek aurtengo aratusteei.

6. Durango

Bihar, Surrandi eta Hartza konpartsek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Irteera 18:45ean izango da, Merkatu plazan. Bukaera, berriz, 20:00etan, Santa Maria elizaren atarian. Etziko protagonistak adinekoak izango dira. 18:00etan, Duo Twister izeneko musika ikuskizuna hasiko da. Gero, orkestrarekin dantza egiteko aukera edukiko dute. Martitzena, haurren eguna izango da. Goiz eta arratsaldez, Landako guneko txu-txu trenean bidaiatzeko aukera izango dute. Aratusteei agur esateko, gazte diskoteka egongo da Oihan Vegaren eskutik.

7. Lezama

Bihar, inauteriak direla eta, herriko frontoia kolore ugariz mozorrotuko da. 19:00etan, abesti eta dantza lehiaketa izango dute artistek. 21:00etarako, herri afaria antolatu dute. Ondoren etorriko dira mozorro lehiaketa eta areto dantzen emanaldia. Diskotekarekin emango diote amaiera egunari lezamarrek.

8. Zornotza

Gaur arratsaldean, Perubeleren etorrerarekin hasiko dira aratusteak. Bihar, berriz, umeentzako diskoteka egongo da Zelaieta parkean. 18:30ean, inauteri kalejira hasiko da, eta, 21:00etan, Cañas Beat Box eta Revolta Permanent taldeek eskainiko dute kontzertua. Broken Brothers banda, berriz, herriko kaleak girotzen ibiliko da gauez.

Etzi, 12:00etan, Udaberri taldearen inauterietako dantzak egongo dira herriko kaleetan barrena. Martitzenean, 17:30ean, haurren mozorro lehiaketa egingo da. 19:00etan, Zelaietatik abiatu eta Zubiondo plazara joango dira Perubele ehorztera.

9. Mundaka

Domeka zuri-zuri hasiko da Mundakan. Atorra soinean daramatela, 12:30ean abiatuko dira Jose Mari Egileorren etxepetik; gitarra, mandolina, soinu, tinple, pandero eta beste hainbat musika tresnarekin, dantzan eta kantuan jarriko dituzte mundakarrak. 14:00etan iritsiko dira portura, eta atorren kantu zaharrak kantatuko dituzte. Arratsaldean, laminak izango dira nagusi. 18:00etan agertuko dira plazan, beltzez jantzita, aurpegia zurbil eta muxuak gorri. Beren kantu eta zantzoekin, herri osoa aztoratuko dute.

Zeruko argiei begira »

Astronomia

Durango

Durangoko Izarra astronomia elkarteak antolatuta, behaketa astronomikoa izango da bihar gauean. Zuhatzola parkera —monumentuaren aldera— deitu dituzte elkartekoek astronomiarekiko interesa duten guztiak. 21:00etan ekingo diote behaketari.

Eguraldia lagun izatea espero du Izarra elkarteko presidenteorde den Jabi Garciak. Izan ere, gainerakoan ezin izango dute zerua behar bezala behatu. “Oinarrizkoa da lainorik ez egotea; ezinbestekoa”, azaldu du.

Teleskopioak, ordenagailu bat eta proiektagailu pantailadun bat eramango ditu elkarteak. Teleskopioetako bat ordenagailura konektatu eta azalpenak emango dituztela jakinarazi du Garciak. Hain zuzen, gau horretan zer ikus daitekeen azalduko dute.

“Datozenei hainbat azalpen emango dizkiegu. Besteak beste, ikusten ditugun konstelazioak zelan identifika ditzaketen esango diegu. Horrez gain, eguraldi ona bada, Jupiterren irudiak proiektatuko ditugu, baita ikusteko moduan dagoen nebulosaren batenak ere”. Ikusten dena planeta bat edo izar bat den identifikatzeko jarraibideak ere emango dizkiete bihar Zuhatzola parkean agertzen direnei. Horrez gain, izar multzoen izenen berri emango dute.

Jarduera horretan parte hartu gura duenak bertaratu besterik ez duela egin behar jakinarazi du Jabi Garciak. Teleskopioak eraman beharrik ere ez dago. “Baten batek esan digu teleskopio bat duela eta ez dakiela erabiltzen, ea erakutsiko diogun. Hori ere egin dezakegu, baina ez da beharrezkoa materialik eramatea. Hotzetik babesteko arropak, hori bai”, gogorarazi du Izarra elkarteko presidenteordeak, “hotza egingo du eta”, gaineratuta.

Bi orduko behaketa

Durangon herritik pixka bat bereizita dagoen eremu bat aukeratu du Izarra astronomia elkarteak biharko, argi artifizialak konstelazioak ikustea ahalik eta gutxien eragotz diezaien. Horrez gain, udalari farolak itzaltzeko baimena ere eskatu diote. Jarduerak, gutxi gorabehera, bi ordu iraungo duela esan du Garciak. Durangoko astronomia elkarte honek bete berri ditu hogei urte.

Inauteriei harrera egiteko, txorizo jana basoan »

Ohiturari jarraituz, Bizkaiko hainbat herritan basaratuste ospatuko dute, inauterietako domekaren aurreko domeka. Mendira edo landaren batera joan, eta txorizoak edo bestelako txerrikiak burruntzian jarri eta sutan erreta jateko aukera izango dute batean zein bestean parte hartzen dutenek.

Derion, adibidez, galduta zegoen ohitura berreskuratu du azken urteetan Tximintx euskara elkarteak. Aurten ere domekarako ordua jarri dute: 17:00etan, Santimamiko landetan. Elkarteak ikatza eta edaria eramango ditu, baina janaria norberak eraman beharko duela jakinarazi dute. Umeentzako jolasak ere antolatu dituzte. Han kanporamartxo esaten diote egun horri.

Durangon, bestalde, Alpinok antolatu du txitxi burruntzia —hala esaten diote Bizkaiko txoko horretan—. 09:00etan Andra Mari elizpetik atera eta mendi ibilbidea egin ostean, txorizoa jango dute. Janaria norberak eraman behar du.

Gernika-Lumon, Elai Alai dantza taldeak 17:00etan deitu ditu herritarrak Lumoko plazara. Han ere, ohiturari jarraituz, txorizo errea jango dute. Sasikoipetsu ere esaten diote inauterietako ospakizunei hasiera ematen dien egun horri.

Palestina, Euskal Herrian »

2010eko uztaila eta iraila bitartean Biladi Hadi elkartasun brigadak Palestinara egindako bidaian ikusitakoak eta bizitakoak jaso ditu argazki erakusketa batean. Igorren izango da egunotan Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinara Euskal Herritik erak…

Arraunean, ilargipean »

Ezohiko irudia izango da bihar iluntzean Bilboko itsasadarrean. Bizkaiko hiriburuan ohituta daude uretako kirol erakustaldiak ikustera. Aurten, baina, lehenengoz, gauez egingo dute estropada.Deustuko arraun taldeak antolatu du kirol jarduera hori, Bil…

Merke baino merkeago »

Merkatu berezia

Gueñes

Egunotako hotzari aurre egiteko arropa egokia erosteko aukera paregabea izango da asteburuan Sodupen (Gueñes). Izan ere, merkealdiko azoka berezia egingo dute herriko merkatari eta ostalariek bihar eta etzi, plaza nagusian. Aurreko denboraldiko eta beste urte batzuetako produktu ugari egongo dira eskuragarri; prezio merkean, gainera. Modu horretan, nahi dute bezeroek krisiaren beldurrik gabe erosi ahal izatea behar dutena, baita merkatariek biltegiak hustea ere.

Bosgarren urtez antolatu dute merkealdiko azoka berezi hori. Aurten, Gueñeseko hamalau merkatari eta dendak parte hartuko dute. Bihar, zapatuz, goiz eta arratsalde izango da zabalik azoka: 10:00etan hasi eta 20:00ak arte. Domekan, berriz, eguerdira bitartean egongo da zabalik: hain zuzen, 14:00etan bukatuko da azoka berezi horretan erosteko tartea.

Antolatzaileen esanetan, “mauka eta aukera paregabeak” aurkituko dituzte han erosleek. Besteak beste, moda dendetan, oinetako eta osagarrien dendetan, barruko arropa dendetan, kosmetiko dendetan eta jostailu dendetan eros daitezkeen produktuak eramango dituzte merkatariek, baina ohi baino prezio merkeagoetan. Horiez gain, ile apaindegiak, estetika zentroak, lore dendak, gozo dendak, gozo dendak, optikak eta etxetresna elektrikoak saltzen dituzten dendak ere kalera irtengo dira, beren produktuekin.

Txartelak zoketarako

Prezio merkeak eskaintzeaz gain, merkatarien elkarteak erabaki du berrehun euroko opari txartelak zozkatzea, Gueñeseko eta beste herrietako erosleak erakartzeko asmoz. Hiru txartel izango dira, eta bi egun hauetan merkatura joan eta zerbait erosten dutenek izango dute horiek eskuratzeko aukera. 200 euro horiek elkarteko kide diren dendetan gastatu ahal izango dituzte. Zozketa otsailaren 13an egingo da; alegia, datorren astelehenean. Orain arteko urteetan izandako arrakasta ikusita, esperantza dute aurten ere Bizkaiko hainbat herritatik makina bat jende joango dela.

MERKEALDI AZOKA

Non. Sodupeko plazan.

Noiz. Bihar eta etzi.

Performancea, Miarritzeko balletaren eskutik »

Gaspar Claus biolontxelo jotzaile eta konpositoreak, Gael Domenger dantzari eta koreografoak, Aymeric Reumaux multimedia artistak eta Jean-Claude Asquie argiztapen sortzaileak bat egingo dute gaur eta bihar Fundicion aretoan. Un coup de des jamais n’abolira le hasard ikuskizuna taularatuko dute.

Miarritzeko Malandain balletak egin ohi dituen tailer koreografikoetako bat eramango dute Bilboko aretora. Bertatik jakinarazi dutenez, performancearen antzeko emanaldi bat izango da, bitxia. “Ezin daiteke azaldu, era horretakoak ikusi egin behar dira”, adierazi dute. “Elementu askok hartuko dute parte ikuskizunean”.

XIII. Dantzaldiaren barruan antolatutako ikuskizuna da gaur eta bihar 20:00etan hasita emango dutena. Egitarau zabala prestatu dute, dena den, hiriko hainbat gunetan otsail eta martxo bitartean.

Hamar ikuskizun

Domekan, esaterako, Euskalduna jauregian Algerien ballet nazionalak —Frantziako eta Aljeriako kideak ditu — Nya (Chants eta Le Bolero) emanaldia eskainiko du. Matxoaren 29ra bitartean hamar ikuskizun izango dira.