Beste bederatzi herrik iragarri dituzte galdeketak datorren urterako »

Natalia Salazar Orbe

Herritarrek euren etorkizunari eta egunerokoari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak ez du etenik. Batetik bestera ehuntzen ari dira oihartzun hori. Beste bederatzi herrik iragarri dute datorren urtean egingo dutela galdeketa: Abadiñok eta Zornotzak, Durangaldean; eta Uribe Butroen, ondoko beste zazpiek: Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungiak.

Horiek dira galdeketarako data 2017an ezarri duten azkenak. Hala ere, aurretik ere herri gehiagok iragarria zuten datorren urtean gauzatuko zutela euren erabakitzeko eskubidea. Barrika, Bermeo, Busturia, Durango, Elorrio, Larrabetzu, Lemoiz, Orozko, Sopela eta Urduliz dira horietako batzuk. Iragarpenez gain, azken egunetan Gure Esku Dago dinamikarekin lotuta hainbat jarduera egin dituzte batean eta bestean. Baita dagoeneko galdeketa egina duten herrietan ere.

ABADIÑO

Atzerako kontaketa martxan hasi dute Abadiñon. Joan den asteko ostegunean erabaki zuen bertako Gure Esku Dago taldeak datorren urterako galdeketari baietza ematea. 28 abaiñoztar elkartu ziren bertan, eta 27ren babesa jaso zuen proposamenak.

Batzar hura lehen mugarria izan zen. Baina beste batzuk etorriko dira. Lau ezarri dituzte adostutako kronograma edo egutegian; horietako bakoitza herri batzar bat izango da. Azarotik aurrera sinadurak biltzen hasiko dira. Horretarako, besteak beste, postuak jarriko dituzte kalean.

Argi dute herri galdeketaren prozesua aurrera eramateko beharrezkoa dela ahalik eta talde zabalenaren ekarpena. Hori lortzeko, laguntzeko edo parte hartzeko prest daudenei dei egin diete. Helbide elektroniko bat jarri dute erabiltzaileentzako eskuragai: abadinogureeskudago@gmail. com. Sare sozialetan ere badituzte profilak.

Galdeketan parte hartzeko eskubidea askatasunaren ikur gisa defendatu du talde eragileak: “Erabakitzeko eskubideak ez du baldintzatzen erabakia bera: erabakia hartzeko jartzen du bidea, bakoitzak ibili dezan nahi duen aldera”.

ARRANKUDIAGA-ZOLLO

Aitzindaria izan zen Arrankudiaga-Zollo Bizkaian. Nafarroako Etxarri-Aranatzen atzetik, bigarrena izan zen Euskal Herrian galdeketa egiten. 2014ko azaroan egin zuten, horretarako propio sortu zuten Ados plataformak sustatuta. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarri zutenetik bi urte betetzear direnean, plataformak aurkeztutako bost puntuko mozioa onartu berri du udalak, aho batez. Hala, kontsultari legitimotasuna eta izaera historikoa aitortu dizkiote. Etxarri-Aranatzekin senidetzeko prozesua hasiko dute. Udalbatzak parte hartuko du galdeketaren urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldietan eta plaka oroigarriari estalkia kentzeko jardueran. Azaroaren 6an egingo dituzte bi ekitaldiok. Gure Esku Dago dinamikarekin lotuta hartzen diren erabakien berri bandoen bidez jakinaraziko du udalak. Azkenik, Etxarri-Aranatzekiko senidetzea iragartzeko seinaleak jarriko ditu udalak herrian.

DIMA

Dimoztarrak dira galdeketa gertuen dutenak. Azaroaren 27rako dute deituta. Motoreak erabat berotuta badituzte ere, ari dira ekitaldi eta jarduera gehiago egiten. Joan den domekan, esaterako, Francoren diktaduraren ostean herrian izandako alkate eta zinegotziak elkartu zituzten, eta Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

Aldarrikapen hori hiru arrazoietan oinarritu dute: “Euskaldunok nazio bat osatzen dugu. Euskal Herriak historian zehar izan dituen eskubideak berreskuratzea gura dugu. Eta Euskal Herriaren burujabetasuna gura dugu”.

Gogora ekarri zuten historian zehar hainbat aldiz Euskal Herriarentzako burujabetasunaren defentsa egin izan dutela herriko ordezkariek: “Batzuetan herri mailan, eta beste batzuetan, garaian garaiko erakundeetan”. Besteak beste, 1936ko azaroaren 23an Dimako Udalak Espainiako Errepublikako Gobernuari eskatu zion 1839ko urriaren 25eko lege dekretoa bertan behera utz zezan, lege horrek burujabetasunaren adierazle ziren foruak murrizten dituelako. “Legeak gure herriaren berezko askatasuna deusezten du, eta horrexegatik egiten da protesta, behin eta berriro, oraindik indarrean dagoen lege horren kontra”.

GATIKA

Uribe Butroeko hainbat herri buru-belarri ari dira eurenetan herri galdeketa antolatzeko prozesuak garatzen. Eskualde osoko batzorde sustatzailearen aurkezpena egin zuten domekan, Gatikan. Alkar Hartuta elkarteak sustatuta, 2017ko udaberrian gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea ondoko herriek: Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungiak. Oraingoz, lehenengo urratsa jarri dute martxan. Sinadura bilketa bat abiatu dute. Horrek bermatuko du herri galdeketa. Abenduaren 18ra arte izango da sinatzeko aukera.

Hurrengo pausoa, galdera zehaztea izango da. “Parte hartze, hausnarketa eta adostasun prozesu batetik jaioko da galdera hori”, zehaztu zuten txalapartak lagunduta eta jai giroan egin zuten agerraldian. Galdera aukeratuta, galdeketaren data zehaztuko dute. “Prozesu honetan parte hartzaile kopurua izango da gure galdeketa bermatuko duena, eta horretan ahalegin eta indar handia jarri beharko ditugu”.

ZORNOTZA

Zenbait herri aurrerago doaz prozesuan, eta beste batzuk, hastapenetan daude. Tarteko bidean legoke Zornotza, beste askoren antzera. Galdeketa egiteko erabakia hartua du. Eta datorren urtean du helmuga. Abadiñon legez, joan den asteko ostegunean hartu zuten, “harrotasunez”, euren herrian prozesu hori martxan jartzeko “ohorea”.

Prozesu horrek “zabala, gardena eta anitza” izan behar du. Horretarako, herriko sektore guztiei parte hartzeko deia luzatu diete: indar politiko eta gizarte eragile guztiak gonbidatu dituzte. Baita hezkuntza, emakume, kirol, kultura, euskara, ekologia, gazteri, lan arlo edota hirugarren adinekoei ere, besteak beste. Hainbat deialdi publiko egingo dituzte, hala nahi duenak, proiektu horretan “modu aktiboan” parte har dezan.

Beraz, hormak eta harresiak maite ez dituzten herritarrak lanean ari dira kostaldetik hasi eta barrualdeko herrietaraino. Mugarik jarri behar ez zaien urek libre beheratzen jarrai dezaten egin ahalak egingo dituzte, milaka urtez egin legez.

Etorkizuneko Bilbo marrazten »

Luzera begira zer-nolako hiria nahi duen zehazten ari da Bilboko Udala. Proiektu handi ugari paperean jasota ditu jada, eta, horiek gauzatzeko, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatu beharra du. Herritarrek iritzia eman dezaten, parte hartzeko prozesu batean murgildu da. - Irakurri gehiago...

“Ia mila kilometrora eta hamabi ordura dago Ibon, giltzaz itxita” »

Bi seme kartzelan ditu Laourdes Arronategik; Espainian bat eta Frantzian bestea. Biak urrun, eta biak egoera gogorrean. Bietatik zaharrena protestan dago abuztutik, zigor ziegan, bakarrik, libururik eta aldatzeko arroparik ez duela, eta bisitarik gabe. - Irakurri gehiago...

Oposizioak ez du sinesten Bizkaian ez dela egingo murrizketarik »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiko Foru Aldundiak zergen bidez jasotzea aurreikusi zuen diru kopurua batzea “miraria” litzateke, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren esanetan. Ez dela lortuko esan du, argi, politika orokorrerako osoko bilkuran. Oraing…

Eserlekuei izena jartzeko eguna »

Etzi erabakiko da Eusko Legebiltzarraren osaera, eta Bizkaian EAJren nagusigoa ez da kolokan jartzen. Bigarren postuan dago lehia, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosen artean - Irakurri gehiago...

Bukaera emateko abiapuntua »

Usansolo auzo izateari utzi eta herri gisa onartzeko bide orria aurkeztu berri du Galdakaoko Udalak. Hilabete honetan hasiko dute prozesua batzorde paritarioa eratutakoan, eta bi urteko epean gauza liteke desanexioa. Proposamena begi onez ikusi du Usansolo Herria plataformak. - Irakurri gehiago...

Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Basauriko Udalak hitza emango die herritarrei; hitza, eta erabakia. EAJ eta EH Bildu udal taldeek egindako akordioari esker, hiriko erdigunea nola aldatu erabakitzeko gaitasuna emango die basauriarrei. Hirigintza Biziberrit…

Ziegatik ihes egiteko leihoa, margoetan »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Pintzelik gabe. Ezohiko teknika erabiliz eta ezohiko baldintzetan margotzen du Oier Andueza durangarrak. Atzamarrak, zotza, pastel teknika erabiltzeko barra, paper zatiak eta denbora dira haren lan tresna nagusiak. Eta espetxeko z…

Torturan oinarritutako sumarioak baliogabetzeko eskatu dute torturatuek »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Irudi esanguratsua utzi zuen igandeak Bilboko Arriaga plazan. Adierazgarria, eta kezkagarria: Jendetza bildu zen plazako eskaileretan: adin guztietako dozenaka pertsona. “Hemen bildutako pertsona guztiak torturatuak izan ga…

Oroimenaren aterpean »

Natalia Salazar Orbe

Demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenei omenaldia egingo diete, igandean, Artxandan. Aztarna digital itxura daukan Aterpe 1936 eskulturaren parean izango da, azken hamar urteetan egin duten legez. Askatasuna defendatu zuten guztiak izango dituzte gogoan Bilbon. 1936ko gerran errepresioa pairatu zutenak eta haien familiak izango dira protagonista zalantzaezinak. Izan ere, aurten omenaldiak hauteskunde kanpainarekin bat egin duenez, bigarren mailara pasatuko dira alderdi politikoak.

Berezia izango da, era berean, hainbat urteurrenek bat egin baitute. Hala azaldu du Eduardo Gonzalezek, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak: “1936ko kolpe militar faxistaren 80. urteurrena betetzear da”. Horrez gain, hamar urte dira Juanjo Novella artistaren Aterpe 1936 inauguratu zutela.

1936ko gerran demokraziaren alde borrokatu zuten sentsibilitate anitzetako borrokalariek bat egiteko hitzordua izango da. Aterpe 1936 ikur unibertsala da. “Gerra hartan eta osteko diktaduran herriak aukeratutako agintariak eta euskal herritarren askatasuna eta eskubideak defendatu, faxismoaren aurka aritu eta askatasunean bizi nahi duen gizateriaren ametsen alde euren burua arriskuan jarri zuten pertsona guztiak” oroituko dituzte omenaldian. Hala jakinarazi dute ekitaldia antolatu duten elkarteek: ELA fundazioa, CNT, Sabino Arana, Ramon Rubial, Eusko Lurra eta Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma.

Kokalekua bera ere sinbolismoz beteta dago. Izan ere, odolez bete ziren Artxandako txoko guztiak 1937ko ekain hartan.

Gudarien ordezkaritza

Besteak beste, Jose Moreno gudaria eta Eibarko miliziano baten alaba izango dira ekitaldian. Moreno Aterpe 36 elkartearen sustatzaileetako bat izan zen. Justizia, oroimena eta erreparazioa aldarrikatuko dituzte. Morenok berak argi azaldu zituen helburu horiek eskulturaren inaugurazioa egin zutenean: “Francok presoak sailkatzea nahi izaten zuen, eta aztarna bana jarri zigun guztioi; oraindik aldean daramagun aztarna. Horren ikur izan nahi du eskultura honek, gure eta etorkizuneko gazteek gogora dezaten zer jasan behar izan genuen”.

Haren hitzak indarrean daude oraindik. Gonzalezek gogora ekarri du urteak aurrera doazela, eta protagonista izan zirenak desagertzen ari direla. “Haien seme-alabak eta ilobak dira orain gurdiari tiraka ari direnak”. Familia gehienetan dago errepresioa pairatutako senideren bat. Hala ere, 80 urte igaro dira, eta, askorentzat, bizitzak aurrera egin du. Baina Aterpe 36 elkarteak eginahaletan jarraituko du gerrako eta osteko izugarrikeriek argia ikusteko eta jazotakoagatik justizia egiteko: “Gertatutakoa konpondu egin behar dugu, gutxieneko duintasun bat emango duen eran utzi behar dugu. Aitortza egin behar da. Eta benetan zer gertatu zen jakin. Egiaren batzorde batek landuko duen justizia aldarrikatzen dugu. Dagoeneko, ezin ditugu epaitu esku hartze zuzena izan zuten asko eta asko; Franco eta Mola jenerala, kasurako. Baina, Rodolfo Martin Villa [ministro ohia] eta Billy el Niño [polizia ohia] auzipetuta daude Argentinako salaketaren barruan”. Bestalde, sinetsita dago domekakoa bezalako omenaldiek laguntzen dutela erreparazio lanetan.

Faxistek Bilbo bonbardatu zuteneko 79. urteurrena beteko da bihar. Eta etzi egingo dute omenaldia. Artxandako eskulturak bizirik mantenduko du miliziano, gudari, borrokalari, erbesteratu, preso, biktimen senide eta gerrako umeen oroimena. Gonzalezen ustez, erakundeek oroimen horri dagokion forma ematea falta da, “memoria historikoaren lege propioa eratuta”.