Azpiegituren oinarriak »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizimoduen erakusgarri dira azpiegiturak; gizarte ereduen adierazgarri. Eta 2016a aurrera begira izan nahi duenaren oinarriak jartzeko urtea izan da Bizkaian. Gero eta presa handiagoz bizi den gizartean, aldundiak lurraldea…

Etorkizuna ehuntzen »

Natalia Salazar Orbe

Gure Esku Dago dinamikak etenik gabe jarraitzen du beharrean. Herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarria beste bi herritan gauzatu dute aurten: Ispasterren eta Diman. Bizkaian aitzindaria izan zen Arrankudiagaren atzetik pauso hori eman duten ondorengoak dira. Baina ez dira azkenak izango; beste hainbatek galdeketak iragarri dituzte-eta datorren urterako.

Ekainean egin zuten galdeketa Ispasterren. 377 herritarrek eman zuten botoa: horretarako eskubidea zutenen %63,79k. Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritar izan? galderari erantzun behar izan zioten. 351k baiezkoa eman zioten, parte hartu zutenen %93,1ek, hain zuzen.

Dimak jarri du hurrengo mugarria. Azaroaren 27an egin zuten galdeketa han. Parte hartzearekin pozik azaldu da dinamika: %63,4koa izan zen. Euskal estatu bat sortzearen aldekoak gailendu ziren: %95,2k bozkatu zuten euskal estatu “burujabe” baten alde. Kontra azaldu zirenak %1,3 izan ziren.

Emaitzei baino gehiago, parte hartzeari erreparatzen diote sustatzaileek. Herritarrek eurek duten erabakitzeko eskubideari baiteritzote garrantzitsuen. Hori da Gure Esku Dago-ren oinarria eta helburua. Galdeketok “demokraziarantz pauso bat gehiago direla” adierazi dute, eta ez duela atzera bueltarik.

Festa giroan egin zituzten galdeketak, batean eta bestean. Eta datorren urtean galdeketak egingo dituzten herrietako ordezkariak ere hartu zituzten.

Izan ere, goraka ari da prozesuan aurrera egin eta herritarrei galdetzeko pausoa eman duten udalerrien kopurua. Lea-Artibai eskualdeko zotzi herritan maiatzaren 7an egingo dute galdeketa: Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren.

Busturialdean ere hainbat dira apirilaren 2rako kontsulta iragarri dutenak, tartean, Gernika-Lumo, Bermeo eta Busturia. Eta zerrenda haziz doa: Abadiño, Uribe Butroeko zazpi herri —tartean, Mungia eta Bakio — zein Zornotza.

Jatorri eta iritzi politiko ezberdinetako ordezkariak biltzen ditu dinamikak. Horrek aberasten du asmoa, Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko koordinatzailearen arabera: “Hau ez da bakarrik abertzaleen kontu bat, ez da lurraldetasunaren inguruko kontu bat, ariketa demokratiko bat baizik; herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara lan egiten”.

Eraso sexistak ez dira eten, baina erantzun irmoagoa eta aktiboa nagusitu da »

Natalia Salazar Orbe

Emakumeen kontrako indarkeria erasoek ez dute etenik izan urte osoan. Zenbaki hotzez gain, salaketa eta erasoen kontaketa gordinak entzun dira. Uda aldean, jai giroa baliatu dute erasotzaile askok abusuak egiteko. Eremu horretatik kanpo ere mordoa izan dira, ordea. Baina, aurten, herritarren gaitzespen irmoa eta aktiboa aurkitu dute aurrez aurre. Gizartearen zati handi bat kalera atera da, nahikoa dela aldarrikatzeko. Kontzentrazio eta protesta jendetsuak ikusi dira Bilbon zein beste herri batzuetan.

Uztailean, Iruñeko sanferminetan bost gizonezkok egindako bortxaketa bortitzaren aurkako gaitzespenek mugarri bat ezarri zuten. Hainbat udalerrik txalotu egin zuten herritarrek han hartutako jarrera. Bilboko Udalak, kasurako. Eta bide beretik lanean jarduteari ekin zioten.

Bikotekide batek emakume bat hil zuen Bilbon, uztailean. Eta eraso ugari izan dira. Hiriburuan, Sopelan, Getxon, Portugaleten, Durangon, Basaurin, Gernika-Lumon… Zaila da zerrenda osoa osatzea. Asko izateaz gain, oraindik badira salatzen ez diren erasoak ere. Edo erasotzat jotzen ez diren jokabideak ere.

Hala ekarri du gogora, besteak beste, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Emakume batek udan salatu zuen gizon bat atzetik izan zuela segika hainbat kaletan, Durangon. Hitzez jazarri ostean, dirua eskaini zion. Andreak ihes egin zuen. Bada, legeak eraso hori ez du ulertzen genero indarkeria gisa.

Erasoaren izaerari dagokionez, antzeko bidetik mintzatu da mugimendu feminista. Maider Gonzalez Bilgune Feministako kideak eman zituen azalpenak: “Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du”. Nahitaezkotzat jo zuen onartzea arazo estrukturala dagoela jokaera horien guztien atzean. Naturalizatuta dauden erasoak ikusarazi behar direla uste du. Hori aldez aurretik landuta, erantzunak ere noranzko horretan bideratzea da helburua.

Lan hori egiteke badago ere, aurrerapausoak antzeman dira aurten. Orain artekoek ez bezalako irudi jendetsuak ekarri dituzte gaitzespen protestek. Eta emakumeak eurak ahalduntzeko eta erasoei aurre egiteko mezuak eta jarrerak zabaldu dira. Nazkatute gauz! Erasoen aurrean erantzun. Lema horren atzean bat egin zuten dozenaka herritarrek, Durangon, azaroan, denbora laburrean egindako bederatzigarren erasoaren aurka protesta egiteko. Deustuan ere mezu bera aukeratu zuten, emakume etxegabe bati urrian bi gizonek egin zioten sexu erasoa gaitzesteko.

Emakumeen botereari buruz mintzatu dira eragileak. Ahalduntzea eta botere hori lehenetsi dituzte, sarri asko administrazioek eta komunikabideek sexu erasoak lantzeko edo tratatzeko izaten dituzten ereduak direla eta. Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu dute. Mezu argia zabaldu dute: “Emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu”.

Gauza batean bat datoz administrazioa eta eragileak: erasoa egin denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Hori dela eta, sinetsita daude errora joan behar dela: prebentziora.

“Etxe kaleratze isilek” etenik gabe jarraitu dute aurten ere »

Natalia Salazar Orbe
Iaz adinako oihartzunik izan ez badute ere, aurten ere izan dira hainbat etxe kaleratze: hainbat familia atera dituzte etxetik alokairua edo hipoteka ordaintzerik izan ez dutelako. “Kaleratze isil” gisa deskribatu ditu Kaleratzerik…

Paleolitoko labar irudi multzoak topatu dituzte Lekeition eta Berriatuan »

Iñigo Astiz

14.000 urte inguru behar izan dituzte Lekeitioko Armintxe eta Berriatuko Atxurra kobazuloetan bisonte, ahuntz eta lehoi irudiek albiste bilakatzeko. Maiatzean eman zuten Bizkaiko Aldundiak eta Ades espeleologia taldeko kideek Atxurran topatutako labar pinturen berri, eta urriaren 13an eman zuten Armintxeko aurkikuntzaren albistea. Garrantzitsuak biak, eta bereziki ikusgarriak Lekeitiokoak. Lekeitiokoa “gizateriaren altxor bat” zela esan zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, eta aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen. “Adituen arabera, Iberiar penintsulan dagoen grabatu multzo zirraragarri eta ikusgarrienetakoa da”.

Kobako sarreratik 50 metrora topatu dituzte Armintxen irudiak, eta Madeleine garaiko goi paleolitokoak direla zehaztu dute. Oraingoz, hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte eta zehaztu gabeko lau hankako lau animalia identifikatu dituzte. Gainera, bi lehoiren irudiak ere topatu dituzte. Eta garrantzitsua da azken datu hori, arkeologoen hitzetan, orain arte ez baita animalia horren garai hartako irudirik topatu Kantauri isurialdeko ezein leizetan. Irudi abstraktuen multzo garrantzitsu bat ere aurkitu dute animalien margolanekin batera.

Santutegi handia

Atxurran 70 dira, guztira, identifikatu ahal izan dituzten animalia irudiak. Bizkaian, Santimamiñe koban baino ez zuten orain arte halako multzo handirik ikusi arkeologoek, eta balio dezake datu horrek Berriatuan egindako aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko. “Hau ez da kobazulo txiki bat; hau santutegi handi bat da”, azaldu zuen maiatzean Diego Garate arkeologoak.

“Zaintza maila gorena” ezarri die aldundiak bi kobei, eta, aurreratu dutenez, ez da bisitatzeko aukerarik izango. Ondare hori hedatzeko bideak bilatuko dituztela hitzeman dute, halere.

Pantailaren tronua eskuratuta »

Iñigo Astiz

Aurten heldu dira ezpatak eta dragoiak Euskal Herriko kostara. Besteak beste, Gaztelugatxe eta Barrikako Muriola hondartza hautatu ditu aurten Erdi Aroan girotutako AEBetako fantasiazko Game of Thrones telesail entzutetsuak bere zazpigarren denboraldiko kapitulu batzuk grabatzeko, eta garai bateko zinema produkzio erraldoiek besteko arreta erakarri du gune horietara. Hantxe izan dira lanean telesaileko aktore nagusietariko batzuk, eta Euskal Herriko ehunka pertsonak hartu du parte estra modura grabazioetan, baina kontu handiz gorde dituzte tramaren detaile guztiak HBO ekoizpen etxeko arduradunek. Bestela ere bazuten bi kokapen horiek bisitariari deigarri iruditzeko nahikoa meritu, baina pantailaren tronua ere eskuratu dute orain.

Barrika izan zuten lehen geltokia azaroan, eta grabazioek piztutako jakin-mina azpimarratu zuen Roberto Muñoz alkateak. “1.569 biztanle dituen herri honetan ikusmin handia piztu du muntaketarako etorri den jende uholdeak”. Aktore, teknikari eta bestelako langileak ere kontuan hartuta, 300 langile inguru batu zituen grabazioak herrian, alkatearen hitzetan. Herria telesailean agertzeak turismoa erakartzen lagunduko duen esperantza agertu zuen, gainera.

Barrikatik Bakiora. Hiru egun eman zituen telesaileko aktore taldeak Gaztelugatxe ermita inguruan grabaketak egiten, baina denbora gehiago pasatu zuten langileek ingurua telesailerako prestatu eta egokitzen. Jende mugimendu horrek herrian eta inguruan utzitako diru kopurua azpimarratu zuten egun haietan lurraldeko eta herrietako ordezkari politikoek. Aktoreak lanean ari zirenean balizatu eta itxi egin zituen poliziak grabazio gunearen inguruak eta errepideak. Oso urrundik baino ezin izan ziren ikusi grabaketak horregatik, baina jendetza bildu zen, halere, prismatikoekin zer edo zer ikusterik zuten probatzera, eta irudi gutxi batzuk ere lortu zituzten teleobjektibo handia baliatu zuten argazkilariek. Nahikoa, halere, sailaren zaleenen irudimena martxan jartzeko.

Herritarren kexak

Iaz, Nafarroan izan ziren telesailekoak. Bardean grabatu zituzten ordukoan sekuentzia batzuk, eta, Bizkaian egindako grabazioez gain, Zumaiako Itzurun hondartzan ere izan dira aurten (Gipuzkoa). Telesaileko lantaldeak plaian egindako aldaketek eragin dute polemika han. Hondarretan zegoen petrila kendu zuten hondeamakinekin langileek, eta protesta gisa pankartak eta jarri zituen herriko surf elkarteak, lelo bakarrarekin: “Itzurun errespetatu”.

Eskubideak luxu izateari utz diezaion »

Udalak eta zenbait kolektibok ez dute lortzen ados jartzerik Bilboko etxebizitza hutsen kopuruari buruz. Legeak ez du ezartzen noiz jo daitekeen etxe bat hustzat. Administrazioen politikek ez dituztela alokairu soziala eta etxebizitza eskubidea sustatu eta bermatzen salatu du Elkartzen elkarteak. - Irakurri gehiago...

Herritarren iratzargailu »

Izaro Mendieta

Gernikako iratzargailua dira. Oheko berotasunetik, gortina artetik, leihoaren beste aldetik, balkoiko barrote atzetik, kale ilunen artetik… entzun eta gozatzen direnak. Marijesiak dira: Gernikako Marijesiak.

Bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa bat bezala ezagutu izan ohi dira Gernikako Marijesiak. Sorreraren datarik ezagutzerik ez bada ere, mende batez, gutxienez, herria doinuz alaitzera atera izan dira.

Bizkaian, hainbat herritan dira ezagunak Marijesiak, baina bereziak dira Gernikakoak: Gabon aurreko bederatziurrena egiten dute, goizaldean abesten dute, eta, gainera, ibiltzen doazen heinean kantatzen dute.

Tradizioari jarraiki ateratzen dira hainbat lagun urtero-urtero Gernika-Lumoko bazterrei bizia ematen. 04:00etan hasten dute beraien ibilbidea, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean belaunikatuta. Bertan kantatzen dute lehenengo bertsoa, eta pauso bizian abiatzen dira goizaldeko erronda egitera. Herriguneko ibilbidea egiten dute egunero, baina, txandaka, herriko beste gune eta auzoetaraino iristen dira Marijesiak.

Loari orduak kenduta

Ibilbide gehiena kantuan eta gelditu barik egiten badute ere, zenbait tokitan geldialditxoa egiten dute; hala nola, herriko eliza eta kaperetan, eta bakarlari izandakoen etxeetan. Ordu eta 45 bat minutuz izaten du herriak doinu berezia; kolore ezberdina. Erronda bukatutakoan etxera joaten dira gehienak; ohera batzuk, eta lanera edo ikastera joateko prestatzera beste asko. Jarraian lanera doanik ere izaten da.

Hala jarduten dute askok eta askok bederatzi gauez: fededunak direnek zein ez direnek; umeek zein helduek; emakume zein gizonek; ikasle zein langileek… Bederatzigarren egunean, gainera, mezan ere abesten dute goizean, eta hortik ateratakoan, diru bilketa egiten dute herrian abestuz.

Etxeko Marijesiak

Baina Marijesiak kalean abesten dabiltzan horiek baino gehiago dira: etxeko entzuleak ere Marijesiak dira. Ohetik jaiki ez arren, aditzen, gozatzen edota abesten duten horiek ere badira. Argi keinuen bitartez kaleko horien koplak entzuten dabiltzala egiaztatzen duten horiek ere Marijesiak dira. Baita gortinak edota pertsianak zabaltzen dituztenak ere. Eta leiho atzetik begira izaten diren horiek ere bai.

Hala uste du, behintzat, Denis Azkarate Gernika-Lumoko bizilagunak; bere esanetan “ez baitu zentzurik inor entzuten egon gabe Marijesiek abesteak”. Marijesien kantuak etxetik entzuteak zer suposatzen duen ez daki Azkaratek; izan ere, 1970. urteaz geroztik, kalean dabiltzan Marijesiekin ateratzen da goizaldeko ordu txikietan, bere ahotsa eta kantua herriari eskaintzeko.

Taldean abesten hasi bazen ere, ia 40 urte daramatza Azkaratek bakarlari lanetan. Urte horietan guztietan, teknika lantzeko eta garatzeko aukera izan du —Andra Mari koraleko eta Urdaibai Kantaguneko presidentea ere bada—, eta alde horretatik, behintzat, hobetu egin duela deritzo. Oraindik, gainera, ez dela “zahar” sentitzen aitortu du, eta ahotsa ere modu onean duela dio; hori dela eta, ez du oraindik Marijesietako erretiroa hartuko duen egunean pentsatu. Urrun sentitzen du egun hori.

Azkarate, baina, ez da egungo bakarlari bakarra; Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka eta Iñaki Gonzalez ere aritzen baitira taldearen aurrean kantuan. Bederatzi egunetan txandaka jarduten da laukotea; egun bakoitzean bakarra. Atzera begiratuz, dena den, beste hainbat bakarlariren izenak ere badakarzkigu gogora Azkaratek: Iñaki Olano, Juan Tomas Ortuzar, Udaondo, Joan Aldamizetxebarria, Jon Arana, Gerardo Candina, Oar, Uriguen, Meaza…

Azkaratek dioenez, bakarlariaren lana “gogor samarra” da, “erraza iruditu arren”. Izan ere, abesten jakin behar du bakarlari batek, eta belarri ona ere izan behar du. “Gogo handia ere eduki behar du, eta baita modua ere”, nabarmendu du.

Bilakaera positiboa

Urteen poderioz Marijesiek izan duten bilakaeraz era positiboan jarduten da gernikarra; “edozer eta edozelan” kantatzen ezagutu baititu berak Marijesiak. Gaur egun, Marijesietara doana abestera joaten dela ziurtatu du, “eta ez hitz egitera”. Bederatzi egun horietan biltzen den jende kopurua, bestalde, azken urteetan mantendu egin dela azaldu du Azkaratek: “Bederatziurrena egiteko 65-70 bat lagun elkartzen gara, eta zapatuetan 100 lagunetik gora”. Gerra aurretik eta gerra ostean, lau-bost lagunek osatzen zuten Marijesien taldea. Eta orduko helburua ere ez zen gaur egungoa.

Orduko hartan gosea zen nagusi, eta dirua biltzeko aukera paregabetzat zuten Marijesiak abesten irtetea; azken egunean dirua bildu eta kantatzen aritzen zirenen artean banatzen baitzituzten irabaziak. 1970. urteaz geroztik, baina, kanpora bideratzen dute azken egunean bildutako dirua: eman ohi izan dute presoentzat, Gurutze Gorriarentzat, Calzada egoitzarentzat, Caritas erakundearentzat, Etorkintza fundazioarentzat, atzerriko herrialdeentzat… Aurten nora bidaliko duten ez dute erabaki oraindik. Hain zuzen, gaur batuko dira, eta proposamenak jaso ostean, erabakiko dute diru hori zeini eman.

Dirua bildu aurretik, baina, bederatzi goizaldetan abestu beharko dute Gernikako Marijesiek. Abenduaren 16ko goizaldean dute lehenengo hitzordua. Urduri lo egingo du herriak egun horretan, Marijesiak entzungo ez dituztenaren beldurrez. Gernikarrak esnatzen etorriko dira orduan hotza soinean eramango duten Marijesiak, eta argiak piztuz eta itzaliz erantzungo diete segidan bero-bero etxeko Marijesiek.

Bilboko Itsas Museoan haize tunel bat egitea proposatu dute »

Alaitz Armendariz
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa diru faltan dago, eta, horregatik, Bilboko Udala museoarentzako finantzaketa bide berrien bila dabil. Hori lortzeko modu bat hutsik dauden lokalak alokatzea da, eta, hain zuzen, espazio libre horietako…

Kaleko artearen xarma »

Natalia Salazar Orbe
Hiriaren erdian, itsaso zabalaren gainean kokatutako eskailerak, goitik behera; auto mordoa elkarren gainean pilatuta; baita eraikinez eraikin, teilatuak patinez zeharkatu behar dituela dirudien mutikoaren abileziak ere. Eraikineta…