Ekiari deitzeko egunak »

Natalia Salazar Orbe

Kaleak kolore, musika, dantza eta alaitasunez janzteko egunak iritsi dira; egunerokoa alde batera uzteko garaia da. Ordu batzuez norbere izaera mozorro baten atzean ezkutatzeko unea heldu da: inauteriak iritsi dira. Edo aratusteak. Herri bakoitzak bere erara izendatu eta ospatzen ditu, baina, finean, helburu bera dute. Eta arbaso zaharren sinesmenetara itzulia egingo dute Bizkaiko herri gehienek, ospakizun horien zergatia jai giroak eta urteek estali badute ere. Neguko solztizioa ospatzea izan dute xede hastapenetan inauteriek, baina, geroago, beste ospakizun askorekin gertatu den legez, erlijio kristauak bereganatu eta sinesmen horren ohituretara gerturatu ditu. Kolorez jantzita, ahaleginak egingo dituzte bateko eta besteko herritarrek ama lurra esnarazteko. Udaberriaren argiari lekua egingo diote, ekiari dei eginez.

Herri batzuetako aratusteak besteetakoak baino ezagunagoak dira. Batzuetan ohitura zaharragoa dute, eta usadio bereziei eutsi diete. Hala ere, denetan ospatuko dituzte festarako grina handiarekin. Jai girorik ez da faltako batean eta bestean. Aukera egitea norbere esku dago.

INAUTERIEN HIRIBURUA

Jardueraz betetako jai programan bete-betean sartuta dago jada Bilbo. Konpartsek eta udalak, biek, elkarlanean antolatu dituzte hainbat kontzertu, dantza, ikuskizun, dastatze, lehiaketa eta txikientzako jarduera. Farolin eta Zarambolasen atxiloketa eta epaiketa izango dira gaurko ekitaldirik berezienak. Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez aktore eta gidoilaria aukeratu dituzte aurten rol horietarako. 19:30ean egingo dute epaiketa, Plaza Barrian. Lehenago, baina, umeek hartuko dute protagonismoa: Bilboko ikastetxeetako ikasleek desfilea egingo dute.

Bihar, berriz, Gargantua, puzgarriak eta tailerrak aurkituko dituzte Zabalguneko eraikinean, goizez eta arratsaldez. Leku hartan bertan egingo dute Munstro kabaret familientzako ikuskizunaren estreinaldia.

Mozorro lehiaketa ere bihar egingo dute Bilbon. Ikusmin handia sortzen duen ekitaldia izan ohi da. 17:00etatik aurrera, mozorrotuta ibiliko da hirigune osoa. Dultzaina doinuak, erraldoiak eta buruhandiak ere ez dira faltako egunero.

Domekan, indaba lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute bilbotarrek eta ingurukoek. Inauterietako unerik tristeena iritsiko da asteartearekin: sardinaren gorpua Plaza Barritik Arriaga antzokiko plazaraino eramango dute. Ikusleek segizioarekin batera egin ahalko dute ibilbidea Zazpikaleetatik Arriagaraino, lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela. Arriaga plazan 20:00etan egingo duten antzezlan batek emango die bukaera Bilboko aratusteei.

MUNDAKA ZURI-BELTZA

Eskusoinuak eta gitarrak lagun, kantuz beteko dute herria igande goizean Mundakako atorrek: “Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hoberik ez...“. Burko azala buruan jarrita, gona bana sorbaldan eta gerrian dutela, zuriz jantzita doazela kantuan ariko dira herriko gizonak.

Elezaharren arabera, Anton Erreka kondeak zabaldu zuen janzkera hori. Etxera mozkortuta iritsi zen, eta emaztearen haserrealdiari izkin egiteko, haren azpikogona jantzita atera zen kalera. Herritarrek Errekaren jeniotasuntzat jo zuten pasadizoa, eta erromeria ospatu zuten. Orduz geroztik ekin diote herrian ospakizunari.

Gizonen kalejirari lamiek hartuko diote lekukoa, arratsaldean. Haiek ere dantzan eta kantuan ariko dira kalerik kale, herriko plazan erakustaldi nagusia bukatu arte. Kolore zuria nagusituko da goizeko agerraldian, eta lamien arropa beltzek eta aurpegi zuriek jantziko dute herria iluntzean.

HARTZAREN EGUNA ERMUAN

Usadio handiko ospakizuna dute gaur Ermuan ere. Hartzaren Egunarekin, 1934ko gertakizun batzuk ekarriko dituzte gogora. Tuberkulosiarekin gaixotu zen herriko gazte bat. Garai hartan oso zaila zen sendatzen, eta baliabide ekonomiko handiak behar ziren. Gillermo Bengoetxea Txindurri-k osatutako bertsoak ikasita atera ziren gaztearen lagunak kalez kale abestera. Inauteri sasoia zenez, mozorrotuta atera ziren, ardi larruak jantzita. Mila pezeta inguru batu zituzten, eta diru hari esker sendatu zen gaztea. 50 urtean galduta zegoen ohitura Euskal Birusa elkarteak berreskuratu zuen, 1989an. Goseak hilik aurkitzen duten hartz bati buruzkoak ziren Txindurri-ren bertsoak. Hala, hartz hori elikatzeko dirua eskatzen zuten.

Kuadrillak 18:00etan aterako dira, pasadizo hura gogoan, Orbe Kardinalaren plazatik. Bihar egun osorako jarduerak izango dira: kalejira, txokolate jana, erromeria eta mozorro lehiaketa.

KOLORE FESTA ZORNOTZAN

Kontzertuak izango dira Zornotzan inauteriei ongietorria emateko plater nagusia. Enkore eta Itziarren Semeak taldeak ariko dira gaur, Zelaieta parkeko karpan, 21:00etan. Bihar umeak izango dira, bereziki, protagonistak. Zo Zoom antzezlana taularatuko du Markeliñek, 18:00etan. Txaranga batek zabalduko dio geroago bidea 10 eta 17 urte arteko neska-mutilen mozorro lehiaketari. Las Tea Partyk gidatutako disko festak emango die bukaera ekitaldiei. Egun osoan, Luis Urrengoetxea kaleko ostalariek antolatutako mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera ere izango da. Aurten Guk pelikulak aukeratu ditugu, eta zuk? gaia aukeratu dute.

Martitzenera arte iraungo dute ospakizunek. Orduan erreko dute pertsona gaiztotzat jotzen duten Perubele, Zelaieta parkean hasitako kalejira bu atu ostean.

MUSIKAZ BLAI MUNGIAN

San Antontxu azoka igaro berritan hartuko dituzte mungiarrek inauteriak. Gaurtik datorren asterarte izango dituzte ospakizunak. Euskal inauterien dantzen kalejira prestatu du Amilotx dantza taldeak. Kalejira egin ostean, Foruen plazan egingo dute dantza erakustaldia. Euria eginez gero, Andra Marira lekualdatuko dute saioa.

Bihar musika eta lehiaketak izango dira nagusi. Disko festak egingo dituzte arratsaldean, Matxin plazan. Oihan Vega eta Iker Gurrutxaga ariko dira han. Marrazki bizidunak gaitzat hartuta antolatutako mozorro lehiaketan nagusitzen denak 250 euro irabaziko ditu. Gaur da parte hartu ahal izateko izena emateko azken eguna.

Domekan, txitxi-burruntzi eguna ospatuko dute. Herri gehienetan inauterien aurreko astean egiten den jarduera aratuste asteburuan egin ohi dute Mungian. Zazpi kilometroko ibilaldiaren ostean, mokadua izango da Andra Marin. Gure Ametsa txistulari taldearen musikak lagunduta egingo dute ostera. Mozorroa eramateko deia egin dute. Bestalde, arratsaldean dantzatzekoak izango dira, eta, gauean, Tortharry eta Ferosz taldeen kontzertuak, Mungirock aretoan.

KALEZ KALE BERRIZEN

Herriko txikienak izango dira Berrizen kaleak kolorez beteko dituzten lehenak: haur eskolakoek abiatuko dituzte kalejirak, gaur goizean goiz. Txaranga batek girotutako mozorro kalejiran aterako dira. Eta eskolako ikasleek ekitaldia egingo dute Berrizburu kiroldegian.

Arratsaldean, erromeria eskainiko du Punto Com taldeak. Txokolate dastatzea izango da gero.

Bihar arratsaldean musikak, dantzak eta koloreek hartuko dituzte herriko kaleak. Akelarre txaranga Olakueta plazatik aterako da, 18:30ean. Handik gutxira elkartuko dira kuadrilla guztiak Elizondo plazan. 250 eurora arteko sariak aurreikusi dituzte. Kuadrillen jaitsierak giroa alaitu ostean, herri afariari emango diote hasiera. Erromeria eta sari banaketa bukatuta, agur esango diete inauteriei.

JANA ETA EDANA LEMOAN

Gaurkoa ikastetxeko haur eta gazteentzako ospakizun eguna izango da. Bihar izango dute herritar guztiek inauteriez gozatzeko aukera. Arratsaldeko lehen orduetan, umeak bihurtuko dira protagonista, berriz ere. Puzgarriak, musika eta txokolate jana ez dira faltako. Gero, poteoa hasiko dute, Mailukin. Orkestra Elektro Txarangak jarriko dio musika egunari. 21:30ean mokadua hartzeko aukera izango da, Kodigoan.

LEHIAKETA PORTUGALETEN

Mozorro desfilea eta lehiaketa egingo dituzte bihar Portugaleten. 17:30ean batuko dira parte hartuko duten taldeak, San Inazio eta San Pedro kaleetan. 18:00etan abiatuko dute ibilbidea. Aurten, 1.100 eurora arteko sariak daude.

LEKEITION, GIROA KALEAN

Lekeitioko kaleak aratusteetako abesti zaharrez beteko ditu bihar Aratuste Alai Estudiantinak. Kalejirak eta dantza erakustaldiak prestatu dituzte, bestalde, Etorkizuna taldeak eta Lekittoko joaldunek.

Asteartean turuturu eguna ospatuko dute. Eskolako eta ikastolako ikasleen kantuez eta antzezlanez gain, disko festa, txokolate jana eta zezen suzkoa izango dira. Egun horretan bertan aterako dira lekeitiarrak mozorrotuta kalera. Festak goizaldera arte iraungo du.

FESTA ARRIGORRIAGAN

Umeak izango dira protagonista Arrigorriagan. Mozorroak jantzita aterako dira kalejiran gaur. Dantza erakustaldia, jaialdia eta txokolate janarekin emango diete bukaera ospakizunei. DJ Ugarik girotuko du festa.

Aurten udaberriko eguzkiari dei egin beharrik ez dagoela dirudi, neguak, orain artean, euri, elur eta hotz gutxi ekarri baitu. Hala ere, mozorroa soinean jantzita, askok izango dute gogoan antzina eguraldiari begira jartzen ziren arbasoen egunerokoa.

Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Memoria Historikoaren Legea betetzeko bidean, frankismoarekin lotura duten kale, bide eta plaza izenak aldatzeko lanean ari da Bilboko Udala. Erabakia du zein izendapen aldatuko duen lehen-lehenik: Espainiako Printzeak zubiari La Salve izena emango dio. Erabakia hartzeko zalantzarik ez du izan, herritarrek horrela esaten baitiote zubiari. Aldatzen bigarrena zein izango den ere ebatzi du: Aita Remigio Vilariño izendapena kendu, eta deitura berri bat emango dio kaleari. Zein izen eman erabakitzeko, parte hartze prozesua hasia du udalak, Juan Mari Aburto alkatearen eskariz.

Berez, alkatearena da izendapenak aukeratzeko eskumena. Baina herritarrek ere parte hartzea nahi duenez, proposamenak egiteko bidea zabaldu du Aburtok. Edozein herritarrek egin ahalko ditu ekarpenak otsailaren 10a arte, participación@ayto.bilbao.eus helbidera idatzita edo proposamenak barrutietako udaltegietara eramanda. Proposatzailearen identifikazioa eta proposatutakoaren arrazonamenduak jaso beharko dira idazki horietan.

Emakumeei begira

Udalak berak bost proposamen egin ditu, hasieratik aldarrikatu duen irizpide bati jarraituta. Bilboko izendegiak ez duela emakumeen aipamenik kasik jasotzen ohartarazi du indarrean dagoena aldatzeko premia azaldu duenetik, eta, beraz, emakume izenak sustatzeko deia egin du.

Horiek horrela, honako proposamen hauek jarri ditu mahai gainean udalak: Julita Berrojalbiz Berrojalbiz Bizkaiko ikastolen mugimenduaren sustatzailea; Benita Asas Manterola berdintasunaren aldeko ekintzaile feminista; Adelina Mendez de la Torre eskola jantokiaren sortzailea; Juanita Mir Garcia erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta fusilatu zuten kazetaria; eta Bizenta Mogel Elgezabal, lehenengo euskal emakume idazletzat jotzen dena.

Ekarpenak datorren asteazkenera arte egin ditzakete herritarrek zein alderdi politikoek, eta horien guztien artean aukeratuko du udalak.

Zazpi kale Santurtzin

Antzeko prozesuan murgilduta dago Santurtzi ere, baina aurreratuago dabil. Dagoeneko jaso ditu aldatuko dituen zazpi kale izenak ordezkatzeko herritarrek egin dituzten ekarpenak: 193 proposamen. Jose Maria Larrea, Mendizabal kapitaina, Calles maisua, Idelfonso Arrola, Victor Saez, Leonor Amezaga eta Daniel Pereda dira aldatuko dituen kale izenak.

Ordezkatzeko proposamenak, asko bezain askotarikoak dira: Andolin Eguskitza, Normi Mentxaka, Askatasunaren etorbidea, Indalezio Prieto, Sardinera etorbidea, Athletic, Dolores Ibarruri, Serantes, Bizkaia, Euskal Herria, Zazpiak Bat, Maiatzaren Lehena, Martxoaren 8a, Mario Onaindia, Eskorbuto, Nelson Mandela, Periko Solabarria, Ghandi, edo Sabino Arana, esaterako. Baita bitxiagoak ere: zortzi urteko haur batek Yedai izena proposatu du bere kalerako, Star Wars pelikulari erreferentzia eginaz.

Galdakaon, plakak

Galdakaoko Udala, berriz, uztarria eta geziak dituzten plakak kentzekotan da. Aperribaiko atari batzuetan sinbologia frankistako plaka horiek daudela azaldu du, eta gehiago ere egon litezkeela. Herritarrei horien berri emateko eskatu die. Eta auzo elkarteei, kentzeko. Haiek kendu ezean, udalak berak kenduko ditu.

Kontrolik ez Alonsotegiko kontuetan »

Ander Gartzia Badiola
Urak ez dira baretu Alonsotegin. “Harro gaude, herriaren borondatea udalera eraman genuelako. Baina, aldi berean, ezintasuna eta haserrea sentitzen dugu, EAJk emandako erantzunagatik”. Alonsotegi Orain plataformako kide Oscar Carb…

Etorkizuna, denen esku »

Ispasterren eta Diman independentziari buruzko herri galdeketak egingo dituzte ekainean. Herritarrek zein herri eredu nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute bietan. - Irakurri gehiago...

Zauria berriz zabaltzeko ikara »

Ander Gartzia Badiola
Maratoi korrikalaria da Luciano Gomez. “Luky, lankide guztientzat”. Ohituta dago ibilbide luzeak egitera, eta pentsamolde horrekin egin nahi dio aurre datorkionari. “Luzerako joango da gatazka hau”. Arcelor Mittal enpresak aldi ba…

Bilbo Air ixteko eskatu du PPk »

Bilbo Air konpainiaren jarduna auzitan jarri eta elkartea zarratzeko eskatu du Bizkaiko PPk. Eginkizun zehatzik ez betetzea eta azken hamabost urteetan hiru milioi euro “xahutzea” leporatu dio Javier Ruiz Bizkaiko ordezkari nagusiak. Bilbo Air 2001ean…

Emakumezkoak, liga nagusirako prest »

Gustuko duten kirola etxeko koloreak jantzita egiteko aukera. Horixe baino ez zuten gura Deustuan trainerua atera duten emakumeek. Esfortzu eta neke handia eskatzen duen kirola da arrauna. Hala, hura praktikatzeko herritik kanpo atera behar izanez ger…

Lehiakortasunaren bila »

Gorpuztuz doa 2016. urteko Bizkaia-Durango txirrindulari taldea. Bizkaitarrek ilusioz ekin nahi diote denboraldi berriari, eta dagoeneko hamasei txirrindulariko taldea osatu dute. UCI mailako taldea da Bizkaia-Durango, eta, denboraldi gogorrari aurre …

Markina-Xemeingo aratusteak antzara joko barik egingo dira aurten »

Eider Mugartegi
Urriko kultura batzordean hartu zuten erabakia, eta urtarrilaren 12ko jai batzordeko bileran berretsi dute. 2016ko aratusteetan ez da antzara jokorik antolatuko Markina-Xemeinen. Hiru arrazoi eman dituzte nagusiki.Udal gobernuaren ustet…

“Kolektibo oso itxia eta zaila da zaintzaileena” »

Zaintzaileak “guztiz galduta” zeudela ikusita, haiei harrera bat egitea ondo egongo litzatekeela ikusi, eta Jakiten zerbitzua jarri zuen martxan Bizitzen Fundazioak duela bost urte. Nuria Pousa Mimbrero (Barakaldo, 1978) hango psikologoa da. Besteak b…