Mende erdiz haziz eta heziz »

Natalia Salazar Orbe

Mende erdi igaro da euskarazko eta kalitatezko hezkuntza proiektu sendo batek Zornotzan argia ikusi zuenetik. 50 urte bete ditu Andramari ikastolak. Denbora dezente igaro da Miren andereñoak lurzoruan esertzen ziren ikasleei eskolak emateari ekin zionetik. 1966- 1967ko ikasturtea zen. Frankismoaren diktaduran murgilduta, etxebizitza klandestino batean jarri behar izan zuten egoitza. Karmelo komentuko gela bat hartu zuten, eta Adolfo eta Andresen akademiek ere eskaini zizkioten euren txokoak, Ixer auzoan lehen ikastola eraiki zuten arte. 1981ean aldatu zuten Larreara; han egin du gaur egun arteko ibilbidea.

Mende erdi hori behar bezala ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu ikastolak. Astelehenean hasi eta larunbateko jaialdira arte, gogoan izango dute herrian Andramari ikastolaren ibilbidea.

Ekitaldi askotarikoak prestatu dituzte: oroitzapenak, esker onak eta sentimenduak nahastuko dira. Hori guztia musikaz, kulturaz, pedagogiaz, euskaraz, kirolaz eta festaz apainduko dute.

Ikasle ohiez inguratuta

Ikastolako ikasle ohiez inguratuta aurkeztu zituzten ospakizunerako ekitaldiak, asteartean. Horien artean, hainbat arlotan ospetsu bihurtu diren ikasle ohiek hartu zuten parte. Besteak beste, honako hauek izan ziren: Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak; Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak; Mikel Urdangarin eta Jose Gonzalez musikariak; Beñat Ugartetxea eta Unai Ormaetxea bertsolariak; Gorka Barrenetxea ginekologoa eta Anita Maravillas antzerki taldeko kide Miren Larrea.

1972an bihurtu zen Andramari gurasoen kooperatiba. Ordutik, irakasleek eta gurasoek eskutik hartzen dute parte ikasleen hezkuntza prozesuan. Herritik sortu eta herriarentzat egindako proiektuak herritarrekin batera ospatuko du orain urtemuga.

Etengabeko bidegurutzean »

Siriako 500 errefuxiatu hartzeko prestatu zen Bizkaia 2015ean, eta Goihabe programa sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako. 118 herritar artatu ditu programak 2016an. Lurraldera iheslari siriar gutxi iritsi direla eta, herrialde guztietako errefuxiatuak jaso ditu diputazioak. - Irakurri gehiago...

Bultzada, herria mugi dadin »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Esaera zaharraren arabera, dabilen harriak goroldiorik ez. Atsotitzari tiraka dabiltza Larrabetzun: 560 kiloko probarria tiraka herriko plazara eraman zuten joan den igandean herritarrek, 1,5 kilometroz. “Askoren indarrak edozer gauza mugi dezakeela irudikatu nahi genuen”, aitortu du Maiorga Torvisco Larrabetzuko Gure Esku Dago plataformako kideak. Eta harria nola, herria hala. Larrabetzuarrak hautetsontzietara mugitzea dagokie igande honetan, etorkizunaz erabakitzeko galdeketa baitute. Euskal estatu burujabe bateko kide izan gura duzu? galdera erantzutera deitu dituzte 1.585 herritar. “Larrabetzu mugituko dugu igandean”.

Gure Esku Dago-k 2017an Euskal Herrian zehar egingo dituen herri galdeketen lehen olatua da igandekoa. Guztira, 35 herritan jarriko dituzte hautetsontziak; eta horien artean Larrabetzu da Bizkaiko herri bakarra —Gipuzkoako Oiartzualdea eta Tolosaldea eskualdeetako herrietan, Astigarragan eta Hernanin izango dira gainontzekoak—. “Maiatzean ere galdeketen beste olatu bat egongo da Euskal Herrian, eta Bizkaiko hainbat herrik egingo dute orduan. Guk indartsu ikusi genuen Larrabetzuko taldea, eta horregatik erabaki genuen martxoan egitea, lurraldeko bakarrak izan arren. Lehen olatua hartu dugu, eta orain da gure garaia”. Torviscok ez du egin igandean herrian jasoko diren emaitzen aurreikuspen zehatzik. Baina herritarren artean jaso dituen sentipenez aritu da, eta baikorra dela aitortu du. “Herritarrak animatuta daudela sumatzen da, eta parte hartze handia espero dugu horregatik”.

Ospakizunerako eguna

Igandekoa mugarria izango da, plataformako kidearen arabera. “Herritarrei galdetzea baino gauza parte hartzaileago eta demokratikoagorik ez dago”. Eta, horregatik, aldarrikapenaz harago, ospakizunerako eguna ere izango da etzikoa larrabetzuarrentzat. 09:00etatik eman ahal izango dute botoa herritarrek; eta musika emanaldiak eta dantza ikuskizunak izango dira egun osoan. “Demokrazia ariketa izango da galdeketa. Herritarrek tamaina honetako jarduera bat martxan jartzeak festa bat behar duela uste dugu. Ez dugu nahi botoa ematearekin bukatzen den ekintza soila izatea, eta egun osoko festa izango da horregatik”.

Mugimendu baikor eta berrizaletzat jo izan da Gure Esku Dago plataforma, oro har. Eta hala gertatu zaie Larrabetzun ere. “Horma asko hautsi ditugu herrian, eta oraindik ere beste horrenbeste ditugu apurtzeko. Rol asko eraitsi ditugu, lanean ari garen taldetik hasita. Eta herritarren artean ere kutsatu dugu giro hori”.

Etzi, hamasei urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea; 1.585ek, zehazki —2.056 herritar ditu Larrabetzuk—. Torviscoren esanetan, ez da batere erraza izan horiengana guztiengana iristea, baina baikortasunez begiratzen dio igandeari, hala ere. “Herria oso plurala da. Lanean hasi ginenetik, gure eragina zabaltzen saiatu gara etengabe, eta esango nuke, pixkana bada ere, lortu dugula”.

Egun handia dute etzikoa larrabetzuarrek, baina martxoaren 20tik aurrera lanean jarraituko dutela azaldu du plataformako kideak. Parte hartzean dago gakoa. Harria mugitu duten bezala mugitu nahi dute herria. Eta, horretarako, argi dute herritar guztiak direla beharrezko.

Bilbo pizteko txinpartak »

Natalia Salazar Orbe
Kultura, aisia eta herritarren arteko harremanak sustatzeko beste modu bat aldarrikatzen dute hainbat eragilek. Zail dute sarri asko, ordea, herriak herriarentzako antolatutako jardueren aldeko apustua egiten dutenek; gune autogest…

Basamortutik, arnasgune bila »

Natalia Salazar Orbe
Udako egun sargori bat; 60 gradu itzaletan. Bero sapa. Astuna. Urteak joan eta urteak etorri. Eta etorkizun oparorik ez. Marokok beren lurraldea okupatuta, beste irtenbiderik gabe geratu ziren Mendebaldeko Saharako bizilagunak. Bas…

Kultura eta kirola, udalekuen ardatz »

Alaitz Armendariz

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du 2017ko udalekuetan parte hartzeko prozesua. Martxoaren 24ra bitarte, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutil bizkaitarrek aukera izango dute udalekuetara joateko zozketarako izena emateko. Guztira, 1.572 umerentzat egongo da tokia, eta zazpi instalazio eskainiko ditu aldundiak —Bizkaian sei eta Nafarroan bat—, zazpi eguneko egonaldiak egiteko: Lapurreketako baserri-eskola (Dima), Gorlizko aterpea, Urduñako aterpea, Zugaztietako aterpea (Trapagaran), Lauaxeta ikastola (Zornotza), Lurraska baserri-eskola (Ajangiz) eta Legasa (Nafarroa). Dena den, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eskainitako udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute ume bizkaitarrek, aldundien arteko toki trukeari esker.

Aurten, udalekuek zenbait berrikuntza izango dituzte. Iragarri dutenez, probako proiektu bi jarriko dituzte martxan uda honetan. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturarako diputatuaren hitzetan, aldaketa “nabarmenak” izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuetan: “Euskara beti izan da udalekuen ardatza, baina, aurten, gure hizkuntzaren erabilera informalarekin lotura zuzena duten jarduera bereziak ere egingo dira”, zehaztu du. Beste bi arlo ere landuko direla aurreratu du: herri kirolak eta euskal kulturaren tradizioa. Bilbaoren esanetan, udalekuen helburua da umeek tokiko kirolen eta euskal kulturaren alderdi “adierazgarrienak” ezagutzea, landuko dituzten dinamika eta jolasak baliatuta.

Hala, “sakonago” landuko dituzte euskal kulturaren tradizioa eta kirola. Horretarako, aldundia herri kiroletako jarduerak lantzen ari da, umeak herri kiroletan trebatzeaz gain, kirol bakoitzaren historia eta esanahia ezagut dezaten. Gainera, euskal kulturaren tradizioa ere aztertuko dute, eta hainbat arlo landuko dituzte: euskal kantak, euskal dantzak, mitologia, joko tradizionalak, musika eta ohiturak. Jarduera berri horiek Lauaxeta ikastolan eta Zugaztietako aterpean egingo dituzte, baina, aurtengo probako proiektuez gainera, udalekuetan egin ohi dituzten jarduerak ere izango dituzte.

Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen zazpi instalazioez gain, Bizkaiko neska-mutilek Araba eta Gipuzkoako aldundiek eskainitako tokietara joateko aukera izango dute; Gipuzkoan lau toki izango dira, eta Araban hiru. Gipuzkoako aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran eskainiko ditu egonaldiak, eta Arabako aldundiak, berriz, Barrian, Ulibarri-Ganboa urtegiko Zuhatza irlan eta Valderejon.

Egonaldiak zazpi egunekoak izango dira leku guztietan, eta zenbait txandaren artean aukeratu ahalko da, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitarte. Taldeak adinaren eta hizkuntza ereduen arabera antolatuko dituzte: 7-8 urte (221 toki, euskaraz); 9-11 urte (751 toki euskaraz eta 50 ele bitan), eta 12-13 urte (500 toki euskaraz eta 50 ele bitan). Bizkaiko umeentzako 1.472 toki euskaraz izango dira, eta gainerako 100 elebidunak. Gainera, aldundiak tokien %5 gordeko ditu desgaitasunen bat duten umeentzat.

18 eta 121 euro artean

Aldundiak toki bakoitzaren kostuaren %72 ordaintzen du; hortaz, 121 euro ordaindu beharko dira ume bakoitzarengatik. Halere, baliabide ekonomiko urriak dituzten kolektiboetako kideek 18,15 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte, eta familia ugarietako kideek, ostera, 84, 70 euro.

Eskabideak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahalko dira, Interneten bidez edo Bizkaiko foru bulegoetan, udal bulegoetan zein eskualde bulegoetan. Web orrian azaltzen da non dauden bulego horiek. Bestela, zalantzak argitzeko 944-06 33 60 telefonoa jarri dute eskuragarri. Zozketa apirilaren 24an izango da, eta tokirik lortzen ez dutenak itxarote zerrendan zein hurrenkeran gelditzen diren ere zehaztuko dute.

Animazioko lan berritzaileen agertoki »

Natalia Salazar Orbe

Animazioa umeentzako marrazki bizidunez harago doan mundu zabal bat da. Beste generoek baino leku eta oihartzun txikiagoa izan ohi badu ere, lan asko egiten da eremu horretan. Lan hori guztia ikusgarri egiten ari da egunotan Animakom animazio komunitatearen Bilboko lehenengo jaialdia. Genero horri buruzko lehenengo jaialdi tematikoa da. Asteazkenean zabaldu zituen ateak eta, igandera bitartean, film laburren alorrean iaz egindako tokiko eta nazioarteko lanik onenetakoen lagin zabal bat erakutsiko du.

Ia 120 film labur ikusteko aukera emango du jaialdiaren lehenengo aldi horrek. Animakomera aurkeztu dituzten filmak, ordea, askoz gehiago izan dira; alor horretan gauzatzen diren lan ugarien adierazgarri. “Otsailaren 3an ireki genuen deialdia, eta 20an itxi. 600 lanetik gora jaso genituen”. Hala azaldu du Pedro Rivero jaialdiko animazioko filmen lehiaketaren zuzendariak.

Agertoki gutxitara iristen diren arren, sortzaile askok egiten dute animazioaren aldeko hautua. Krisiaren astinduari egotzi dio era horretako lanen ikusgarritasunak behera egin izana Goya saria birritan jaso duen bilbotarrak.

Sortzaileen artean, gehienak emakumeak dira. Haien lanak dira jaialdian ikusi ahalko diren gehienak: “120 lanetatik %70 emakumeek egindakoak dira. Eta ez ditugu bilatu nahita”. Izan ere, animazio eskoletan zinea egiten dutenen artean emakumeen ehunekoa “izugarri handia” da. “Hala ere, maila profesionalera igarotzean, portzentaje hori asko murrizten da. Eta, talde lanean aritzen direnean, emakumea bigarren planoan geratzen da, zokoratuta”.

Animakomen helburuetako bat da animazioaren munduan beharrean ari diren emakume errealizadore, irudigile eta animatzaileen lana azpimarratzea. Hala, jaialdia martxoaren hasieran egiteko hautua nahita egindakoa da. Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta antolatu dute. Eta ohorezko saria ere aurreikusi dute haientzat. Urtero, animazioaren munduan emakumeek egiten duten lana aitortzeko saria emango dute. Aurten, Anna Solanas zuzendaria eta Nuria Riba diseinatzaile eta animazioko zuzendaria izan dira saridunak, I+G Stop Motion ekoiztetxeko kideak. Gaur iluntzean egingo dute sari banaketa. Biak ala biak adituak dira panpinekin egiten den animazioan. Milatik gora jaialditan hartu dute parte mundu osoan, eta ehunka sari jaso dituzte.

Haiena da Animakom jaialdia iragartzeko kartelean jaso duten filmaren irudia. Estereotipoak hausten dituzten lanak dakartzate bai haiek eta bai parte hartu duten beste emakumeek. “Zabalduta dagoen iritzia da emakumeek gauza ederrei buruzko lanak baino ez dituztela egiten. Eskemak eta aurreiritziak apurtzen dituzte lan hauek”.

Bihar emango dituzte lan horietako asko. Egun horretan, denak ala denak izango dira emakumeek zuzendutakoak.

Nazioartean, maila ona

Nazioartean aurkitu ditu Riverok lanik onenak; Iranen, bereziki. Horiek ere, emakumeek eginak. “Animazioak hizkuntza komuna du, mugez harago”. Euren lanekiko dedikazio handia duten pertsonak aurkitu ditu munduan zehar egin dituen bidaietan. “Izugarria da talde lanean aritzeko duten ahalmena. Proposamen bikainak egin eta lantzen dituzte, baina ez dira ikusten. Denbora asko behar duten lanak dira”. Horien lagin bat izango da Bilboko jaialdian.

Antolatu dituzten bi lehiaketetan eta paraleloan ematen ari diren atalean ikusi ahalko dira lan horiek guztiak; Panorama eta Krazykom film labur ero eta alternatiboen ataletan, hain zuzen.

Euskal Herrian sortutako lan batzuk ere izango dira. Onak badira ere, “zaila da kanpokoek duten maila handiarekin lehiatzea”.

Lehiaketei dagokienez ere berritzailea da Animakom. “Gurea ikasleen lehiaketa antolatzen duen lehenengo jaialdia da. Atzerrian edo kanpoan ia zine jaialdi guztietan izan dira era horretako lehiaketak, animazio eskolak dituztelako. Orain artean, hemen ez da horrelakorik izan. Gaur egun, bai, Zierbenakoa daukagu. Baina gehiago beharko genituzke”. Hala, hezkuntzari dagokionez, berrindartu beharko litzatekeen arlotzat jo du. “EHUko Begoña Vicarioren kasua ere adierazgarria da [lehiaketaren epaimahaikidea ere bada]. Apurka, murriztu egin dizkiote animazio ikasgaiaren eskola orduak”.

Ikasleen sailean mundu osoko 32 lan ari dira lehian. “Irandarrak izugarri gustatu zaizkit. Eta nabarmentzekoak dira Estonia, Polonia, Alemania eta Frantziakoak, besteak beste”.

Bestalde, sail ofizialean lehiatuko dira profesionalen lanak. 42 dira guztira.

Nazioartean tradizio handiagoa duten animazioko jaialdiek lan ugari Bilbora eramateko aukera ahalbidetu dute. Annecyko jaialdia da horietako bat. Frantzian egiten dute, eta mundu mailako Cannes jaialditzat jo daiteke. Azken jaialdiko lanik onenen sorta eskainiko du, helduentzako eta umeentzako emankizunetan.

Bilboko bertako Zinebi jaialdiaren lankidetza ere nabaria izan da. Emakumeek egindako animazioko film laburren emanaldia eskainiko du; azken lau jaialdietan emandakoen artean aukeratutakoak dira.

Sari ugari prestatu dituzte. Grand Prix izango da ikasleentzat, eta, epaimahaiaren saria profesionalentzat. Horiez gain, euskal film laburrik onena, emakumeek zuzendutako film onena eta gidoi onena sarituko dituzte.

Berrikuntza saria ere izango da. Berrikuntzak, baina, ez du esan nahi lanek 3D teknikarekin eginda egon behar dutenik. “Krispetekin egindako lan bat ikusi berri dut. Inoiz ikusi dudan berritzaileena izan da”.

Haurrak, egile

Umeentzako lekua ere gordeko du jaialdiak. Stop-Motion tailerraren bidez, animaziora hurbiltzeko bidea zabalduko diete, bide praktiko bat baliatuta. Parte hartzen duten guztien artean film labur bat grabatzea da helburua. Jardunaldia amaitzean, jaialdiaren amaierako galan emango dute. Ekoizpenaren prozesu osoa egiten irakatsiko diete.

Bilbao Berrikuntza Faktoria izango du egoitza nagusi jaialdiak. Edonor joan daiteke han emango dituzten lanak ikustera; sarrera doan da.

Aurten hasitako ibilbideak jarraipena izatea du helburu. Jaialdia martxoan egingo dute, beti. Batetik, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko; eta, bestetik, hirian egiten diren bestelako zine jaialdiekin batera uztartzeko aukera ematen duelako. Besteek eskaintzen ez duten alorra lantzen baitu honek. Izan ere, animazioko film laburren jaialdia egin ezean Bilboko eta inguruetako ikus-entzuleentzat eskuraezina litzatekeen animazio-zinemaren programazioa dakar Animakomek. Oihalak altxatu dira, eta magia hasi da.

Baserritik hirira, zuzenean »

Elikadura burujabetzaren bidean urratsa egin nahian, tokiko produktu ekologikoak oinarri izango dituen proiektua jarriko da martxan urrian Bilbon: Labore denda. Ehunka bazkiderekin, ekoizteko eta kontsumitzeko eredua eraldatuko duen kooperatiba handia izan nahi du. - Irakurri gehiago...

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek »

Natalia Salazar Orbe

Izar Beltz ateneoaren 11. urteurreneko ospakizunak prestatzeko astelehenero egiten zuten batzarraren ostean iritsi zen ezustekoa. Asteartean, goizean goiz, Ertzaintzak hustu egin zuen Bilboko Irala auzoan zegoen “gune autogestionatu, libertario, antiespezista eta antierrepresiboa”. Kautelaz hartutako neurri hori legez kanpokotzat jo dute hango kideek. “Legez ezin dute gauzatu era horretako esku hartzerik. 11 urte egin ditugu han, eta isilbidezko akordio bat geneukan jabearekin”. Azken bi urteetan, elkarren arteko giroa gaiztotu egin da, eta ez ziren horren ondo moldatzen. “Beraz, normalena prozesu zibil batean sartzea zen”. Horrelakorik ez da gertatu, ordea, eta hustu egin dute. “Legez ezin dute gauzatu neurri hori era horretako prozesu batean”.

Egoera horri aurre egiteko, hustearen aurkako salaketa jarri dute Izar Beltzekoek. Aurreikusi dute epaileak erabakiren bat hartuko duela bospasei egun barru. Berriz ere gunean sartzeko baimena emango dieten itxaropena dute. Hori gertatuz gero, prozesu zibila abiatzea da euren asmoa.

Hamaika urtez atzera eginda, inor gutxik esango luke erabat utzita zegoen gune hura gaur egun Bilbon erreferente bilakatuko zenik. Urteetan gune horrek hartu duen oihartzun hori jo dute, hain justu, hustearen arrazoitzat. “Era horretako jarduerak erabaki politikoen eraginak izaten dira. Duela zenbait hilabete, Etxarri hustu zuten. Orain guri egokitu zaigu. Gure auzoan irauten duen era honetako gune bakarra Oihuka da. Noiz arte? Ez dakigu. Gaztetxeak eta gurea bezalako guneak esparru politikoak dira. Agintariek ez dute nahi euren hirian era horretako espazio autogestionaturik”.

Epailearen erabakia iritsi bitartean, erantzun soziala eman dute kalean. Elkarretaratzera eta manifestaziora deitu zuten asteartean bertan. “Jende eta kolektibo asko etorri ziren. Ia 600 lagun elkartu ginen. Babes handia erakutsi digute. Hori oso garrantzitsua da: erakutsi digu gauzak ondo egin ditugula. Astearte buruzuri bat zen, euria ari zuen, eta, hala ere, ia 600 lagun azaldu ziren babesa ematera. Ederra da oso, eta adierazgarria”.

Salaketa ugari

Iruñetik, Durangotik, Gasteiztik… hainbat herritatik gerturatu ziren ateneoaren hustearen aurkako salaketa egitera. “Eta esparru zabal baten babesa ere izan dugu”. Besteak beste, Udalberrik eta Ezker Anitzak salatu egin dute neurria. Lehenengoek gogora ekarri dutenez, “tradizioz langileen mugimenduarekin lotutako kultur guneak diren ateneoak ideien hedapen fokuak izan dira. Eta Iralakoa printzipio eta balio batzuk ardatz hartuta azken hamarkadan hainbat jarduera — kulturalak, bereziki — gauzatu dituzten pertsonen topagune izan da. Leku plurala zen; ideologia, estrategia eta ikuspuntu askotarikoei ematen zien lekua”. Antzeko iritzia azaldu du Ezker Anitzak. Ateneoaren eta okupatutako bestelako gizarte guneen helburua da “gure auzoei bizitza ematea eta auzokideen mugimendua sortzea eta antolatzea”.

Ospetsua zen Izar Beltz, oso. Hango jantoki beganora jende ugari biltzen zen larunbatero. Hala gogoratu dute hango kideek: “Euro baten truke platerkada bat jan zenezakeen. Beti jendez gainezka zegoen”. Igandeetan zine emanaldiak egiten zituzten. Gimnasioa, bi entsegu gela zein lanak egiteko erreminten mailegua; denetarik eskaintzen zuen. Baita kontzertuak eta antzerkia ere. Betiere, drogarik gabe. “Gurean ez zegoen alkoholik edo tabakorik, gure irizpide politikoan era horretako konturik ez delako sartzen”. Ikusteko dago proiektuari aurrera egiten utziko dioten.

Elkartasuna elkartasunari »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Mundu oso bat kabitzen da 100 metro koadroan, baldin eta sartzen dena mundu berri bat eratzearen aldekoa bada. Norbanako eta herri eragileentzako espazioa gordetzen du Bilboko Zazpikaleetako Zirika herri guneak. Aretoa erabili nah…