Zestaren melodia bizia »

Aintzina Monasterio Maguregi
Kirola eta kultura. Zesta-punta eta musika uztartuta sortu zuten Jai Alai & Music. Ideia berritzaile horrek arrakasta hartu du, eta azken urteotan jendetza erakartzen du udako denboraldian zesta-puntaren katedralera. Ze…

Arriskuaren lilurak erakarrita »

Natalia Salazar Orbe
Duela hiru mende, pentsaezina zen mendiak eskalatzeko ideia. Naturak baliabideak eskaini dizkio betidanik gizakiari. Baina, aldi berean, baliabide horiek zapuztu dituen hondamendien egilea ere izan da. Mendiak leku beldurgarriak zi…

Uhinen indarrak bultzatuta »

Abian da laugarren Sopela Kosta Fest jaialdia. Igandera bitartean, surfa, musika eta natura uztartzen dituzten hainbat jarduera izango dira; hogei inguru, doan. - Irakurri gehiago...

Gaztetxoei zestak konpontzen irakasten »

Gernika Jai Alai Eskolan zestak eta pilotak konpontzen aritzen da arratsaldero Juan Ramon Rementeria 'Remen', urrezko garaietako kontuak ikasleei kontatuaz. - Irakurri gehiago...

Harrotasunaren erakustokia »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Zuri-gorria sentimendua da bizkaitar askorentzat. Athletic, harrotasuna. Hitzez azaldu ezin den pasio partekatu baten zati izatearen harrotasuna, urteak joan urteak etorri berezko duen jarduteko filosofiari eusteak sortutak…

Deustuko arraun taldearen pabiloi berria egiteko lanak hil honetan hasiko dituzte »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko Deustu Arraun Taldeak egoitza berria izango du datorren urtean. 1984. urtean eraiki zen Deustuibarrako pabiloian jarraitzen du oraindik taldeak, baina hilabete batzuk barru utzi egin beharko du egoitza hori. Bilboko…

Mendeurrena, berrindartzeko urtea izateko »

Lander Muñagorri Garmendia

Ospakizun urtea dute Portugaleteko Arraun Taldean. Mendea bete dute lehen trainerua itsasoratu zutela, eta hori nahikoa arrazoi izango da bihar ospakizun ekitaldiak egiteko. Urteurren berezi hori, ordea, inflexio puntu ere izango da era berean. Hiru urte dira klubaren gidaritza eskuz aldatu eta Karlos Belasko presidente dela, eta, orduz geroztik, egoera ekonomiko zailari aurre egin nahian ari da taldea. “Aurreko zuzendaritzak agurreko batzarra egin zuenean 4.000 euroren irabaziak uzten zituela adierazi zuen, baina gu iritsi ginenean egoera guztiz bestelakoa zela ikusi genuen”, azaldu du egungo presidenteak. 260.000 euroko zuloa topatu zuten arraun taldearen kontuetan, eta, horregatik, azken urteetan gerrikoa estutzea beste aukerarik ez zaie geratu. Horregatik, mendeurren ekitaldietara egoera berezian iritsiko da arraun taldea.

Kirol lorpenak egoera ekonomikoari lotuta joan ziren iaz, eta San Miguel ligan jarraitzeko aukera galdu zuen taldeak. Aurten, baina, liga horretan aritzeko kanporaketan egoteko aukera izango du. Belaskok, ordea, ez du hortik askorik espero. “Ez dago gure helburuen artean, apurka indartzen joateko aukera baliatu nahi baitugu”. Arraun eskola gero eta emaitza positiboagoak ematen ari dela nabarmendu du, eta pixkanaka hazten joatea nahiago du berak. “Aurreko zuzendaritzak zuena baino gehiago gastatu zuen, eta errealitatetik aparteko irudi bat eskaini”. Horregatik, pausoak pixkanaka ematea lehenetsi du.

Arraun eskola egiten ari den urrats horien lekuko da, halaber, aurten lehenengoz emakumeek trainerua osatzea lortu izana. “Hogei kideko talde bat osatzea lortu dugu, eta ilusio handiarekin ari da entrenatzen nesken taldea”. Eusko Tren ligan dagoeneko Bizkaiko hiru talde izango direla ere nabarmendu nahi izan du Belaskok, eta hori aurrerapauso bat dela azpimarratu.

Hori guztia dela eta, klubeko presidentea gustura azaldu da arraun taldea izaten ari den bilakaerarekin. “Alor ekonomikoa kenduta, kirol esparruan taldearekin oso gustura gaude, albiste onak iristen ari direlako”. Arraun eskolarekin zortzi urte daramatzatela azaldu du, eta horien emaitzak jasotzen ari direla dio.

Liburua eta dokumentala

Egoera ekonomiko eta kirol arloko lorpenez aparte, Portugaleteko Arraun Taldeak ospakizun eguna izango du biharkoa. Taldearen ibilbidea kontatzen duen bideoa eta liburua aurkeztuko dituzte bihar Ballonti merkataritza zentroko zinemetan. Ospakizunetan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun nagusia izango da, baita Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Jon Iriondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere. Film eta liburuak aurkeztuta, arraun taldearen instalazioak ezagutzera joango dira horiek guztiak.

Mendien bihotza, hiribururaino »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gailurra, horma amaiezina, hotza, elurra, nekea, adrenalina, frustrazioa, poza ala tristura. Askotarikoak dira mendiaren inguruan sortzen diren sentimenduak. Zaila bada ere, sentipen horiek guztiak pantaila handira eramango dituzte datozen egunetan. Gaur hasi eta abenduaren 18ra bitarte, mendiaren bihotza ikusleengana eramateko saiakera egingo dute Bilbao Mendi Film jaialdian aurkeztuko dituzten dokumentalek. Bederatzigarren aldia du aurtengoa, eta gero eta herritar gehiago erakartzen duen ekitaldia da. Iaz 8.000 ikus-entzulek baino gehiagok hartu zuten parte, eta langa hori gainditzea espero dute bederatzigarren edizioan. Aurtengoan 47 film proiektatuko dituzte guztira: 43 sail ofizialean eta lau sail ofizialetik kanpo. Mundu mailako estreinaldiak ere izango dira lehian arituko direnen artean. Zortzi dira Euskal Herriko ekoizpenak eta horien arteko hiru dira euskaraz egindakoak. Proiekzioez gain, erakusketak eta solasaldiak ere egingo dituzte datozen hamar egunetan.

The Great Alone film britainiarrak egingo du ekitaldiaren inaugurazioa, gaur. Greg Khos estatubatuarrak Lance Mackey zakur-lera gidariaren bizitzari buruz osatutakoa da lana. Eta nazioarteko zortzi festibaletan film onenaren saria jaso du jada. Indartsu hasiko da, horrenbestez, Bilboko festibala. Bihartik aurrera saio bi izango dira asteko egunetan; 17:00etan bata eta 19:30ean bestea; eta hiru saio, aldiz, asteburuko egunetan; 15:00etan, 17:15ean eta 19:30ean. BBK aretoa, Euskalduna jauregia eta Azkuna zentroko zinema aretoak izango dira jaialdiaren agertoki nagusiak.

Azken edizioetan egin bezala, Bilboko metroko geltokietan ere argazki erakusketak jarri dituzte. Vcephoto nazioarteko mendiko argazkilaritza lehiaketan finalista izan zirenen lanak dira metroan ikusgai jarri dituztenak: Krystle Wrigth australiarrarenak, Paul Bride kanadarrarenak eta Yhabril bilbotarrarenak, alegia. Zabalgunean ere hainbat erakusketa jarriko dituzte datozen egunetan. Eta, urtarrilaren 8ra bitarte, Jose Maria Alvarez argazkilari eta eskultore bilbotarraren Izotzezko Olatuak erakusketa izango da ikusgai Rekalde aretoan.

Mundu mailako lau estreinaldi eta Europako hamar izango dira Bilboko festibalean. Saio ofizialean euskal herritarrek egindako lau film izango dira lehian: Mikel Sarasolaren Humla eta Kursssuaq; Durangoko Biodeografik ekoiztetxeak egindako Imaginador; Iker Elorrieta getxoztarraren I Forgot Myself Somewhere; eta Jon Herranzen Mar Alvarez, no logo. Filmak ekoitzi ez dituzten arren, badira horietako protagonistak diren euskal herritarrak ere. Iker eta Eneko Pou anaia eskalatzaileen kasua da: 2015ean nazioarteko beste hainbat eskalatzailerekin egindako espedizioari buruzko Common Ground filmean agertzen dira biak.

Euskarazko lanak

Sail ez ofizialean izango dira euskarazko emanaldiak. Horien artean dago Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxoztarrek transhumantziari buruz osatutako Akabuko Martxea dokumentala eta Eñaut Izagirre elgoibartarrak eta Ibai Rico gasteiztarrak egindako Incognita Patagonia lana. Patagoniako izotz eremuan espedizioa egin dute bi euskaldunek, Evan Milles estatubatuarrarekin batera. Eskalada, glaziarren kartografia, eta izotz zelaien zeharkaldiak uztartu dituzte beraien lanean, eta, National Geographic-eko gazte esploratzaileen programak babestutako lana da.

Film luzeez gain, laburmetraiek ere badute tokia festibalean. Duela bi urte jarri zuten abian Mendi Short lehiaketa, eta gero eta indar handiagoa hartu du film laburren atalak ere. Gehienez bost minutu irauten duten lanak dira, eta jaialdian lantzen diren gai berberak landu behar dituzte sail horretan aurkeztutako lanetan. Patxi Razkin ordiziarrak irabazi du aurten Mendi Short lehiaketa, euskaraz osatu duen Erantzun zuzena lanarekin.

Baina pantaila handiko proiekzioez gain, hitzaldi eta mahai inguruak ere egingo dituzte datozen egunetan. Alex Txikon alpinista lemoarrak Nanga Parbat mendira egin den lehen neguko igoera hizpide hartuta hitzaldia emango du, Ali Sadpara kidearekin batera. Bihar izango da hori. Eta, lemoarraren bizipenez gain, bestelako solasaldiak ere izango dira Bilbon datozen egunetan. Julio Villar alpinista eta idazle donostiarrak, adibidez, Viaje a pie liburuaren aurkezpena egingo du bihar.

Saria, mendizaletasunari

Bina Shah idazle pakistandarrak herrialde musulmanetako emakumeen ahalduntzeari buruzko saioa eskainiko du. Mahai inguruaren ondoren A Girl in The River: The Price of Forgiveness filma izango da ikusgai. Laburmetrai onenaren 2016ko Oscar saria jaso zuen dokumental horrek. Obaid-Chinoyk beste Oscar sari bat ere badu, 2012an Saving Face lanagatik jasotakoa.

Mendizaletasunaren balioen defentsa eta transmisioa saritzen duen WOP fundazioaren saria ere banatuko dute jaialdian, hilaren 17an. Hainbat jarrera saritzea da garaikurraren helburua: besteak beste, hobetzeko gaitasuna, ahaleginak, talde lana, fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; eta mendi, eskalada eta muturreko hainbat kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea. Sr. Chris Bonington alpinista britainiarrari aitortu dizkiote ezaugarri horiek guztiak.

XX. mendeko alpinista onenen artean dago Bonington, eta, 82 urte dituen arren, aktibo jarraitzen du mendian eta eskaladan. Mundu osoko mendiak esploratzen aritutakoa da britainiarra, eta hainbat bide ireki ditu lehen aldiz; Mont Blanc, Eiger eta Patagoniako Paine Dorrean, kasurako. Saria jasotzeaz gain, My Life and Time filma aurkeztuko du jaialdian; haren ibilbidearen begirada egiten duen lana.

WOP saria banatzen duten egunean bertan esango dute antolatzaileek, jaialdian ikusitako filmen artean, sarituak zeintzuk izango diren. Eta igandean, sariak banatu aurretik, epaimahaiak aukeratutako dokumental horien guztien emanaldia egingo dute egun osoan zehar.

Jaialdiko proiekzio guztietara joateko bonoak agortuta daudela jakinarazi dute jaialdiko antolatzaileek. Hortaz, saioetara joan ahal izateko, banakako sarrerak hartu behar izango dira. Emanaldiak izango diren aretoetan edo webgunean jaso daiteke horri buruzko informazioa.

Talde kirola, jolasten ikasten »

Aintzina Monasterio Maguregi
Errespetua, talde lana, umiltasuna, elkartasuna, joko garbia… Balio horiek edozein kirolen oinarrian egon beharko luketen arren, egunerokoan ez dute leku askorik izaten kirol profesionalean eta eskola kiroletan.Arazo horr…

Aldundiak ez du aldatuko San Mameseko VIP palkoen erabilera »

Natalia Salazar Orbe
Aldundiak San Mames estadioan dituen VIP palkoak orain artean izandako irizpideen arabera erabiliko dira aurrerantzean ere. Izan ere, Podemos Bizkaia taldeak Batzar Nagusietan egin duen eskaera ez dute onartu. Asun Merino ordezkar…