Euskal Herria Italiara zabalduz »

Natalia Salazar Orbe
Italiaren eta Euskal Herriaren arteko loturak estutzeko eta herrialde bataren eta bestearen baliabideei probetxua ateratzeko proiektua sendotzen ari da. Euskaditaliak bere egoitza inauguratu berri du Bilbon. Astearte iluntzean egin…

Andreentzako doako autodefentsa eskolak eskaini dituzte hainbat irakaslek »

Sexu erasoei aurre egiteko teknikak irakatsiko dituzte hamalau irakaslek. Udalen lokaletan eta emakumeen elkarteen egoitzetan emango dituzte eskolok. - Irakurri gehiago...

Elikagai bankurik barik geratzeko zorian dago Lekeitio »

Eider Mugartegi
Lekeitio eta inguruko herrietako 47 familia premiazko elikagairik barik gera daitezke une batetik bestera. Elikagai bankutik jaso izan dute azken bi urteetan falta zutena, baina, irtenbiderik aurkitu ezean, elikagai bankurik barik gerat…

Atxondok epaitegian salatu du Solatxoko betelanen baimena »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Irregulartasunez betea, arinkeriaz emana eta herritarren segurtasuna bermatzen ez duena. Halakoa da Eusko Jaurlaritzak AHTa eraikitzen ari den Adif kudeatzaileari emandako baimena, Dabid Cobos Atxondoko alkatearen esanetan….

Euskal Herriko artzain txakur onenaren bila »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Riki, Txuit, Leze, Bat eta Arin. Artaldea gidatzeko lanetan aritzen diren artzain-txakurren izenak dira horiek. Bizimodua ateratzeko era izan da eta da artzaintza bizkaitar zein euskal herritar askorentzat. Eta, ogibide horretan, funtsezko gidaria izan dute artzainek: txakurra. Artaldea gidatzeko lan hori, kirol bihurtu da azken urteetan. Eta saio garrantzitsua dute larunbatean jardun horretan aritzen direnek, Euskal Herriko Artzain-txakur Txapelketa jokatuko baita Atxondoko Elizondoko larreetan. Berezia izango da aurtengo lehia, mende laurdena igaro baita lehen txapelketatik. Ekitaldiak ez dira larunbatera mugatuko, ordea. Asteburu osoan egingo dituzte Abadiñon, Ardi Jaia egitarauaren barruan.

Euskal Herri osoko artzainek parte hartzen dute Gerediagak urtero antolatzen duen lehiaketan. Herrialdekako txapelketetan lehiatzen dira lehenengo, eta ondorengo zita da Atxondokoa. Eta hamaika artzain izango dira larunbateko ekitaldian: lurralde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldun ordeak, alegia. Bizkaiko txapelketan Juan Egurrolak eta Aitor Urienek lortu zuten larunbatean jokatuko den finalerako txartela, Leze eta Bat txakurrek lagunduta.

Berezia da Urienen kasua. Abadiñokoa da, eta txapelketako partaiderik gazteena: 25 urte ditu. Baina gaztea izan arren ondo ezagutzen du artzainen jarduna. Kirolean aritu izan dira haren birraitona, aitona eta aita. Eta tradizio hori jaso du berak ere, hamaika urte zituenetik aritu baita kirolean. Edonola ere, artzain-txakurren txapelketez haragoko harremana du Urienek ardiekin. Ibaizabalgo gazta ere egiten du abadiñarrak, eta txapelketa bitartean plazan egongo den Durangaldeko Idiazabalgo gazten azokan, salgai izango dira berak ekoizten dituen esnekiak.

Bi horiez gain, Enrike Mendiguren orozkoarra ere izango da txapelketan, lehen postua lortzeko lehian. Iazkoa irabazi zuten Mendigurenek eta lagun duen Riki artzain-txakurrak. Aurtengo Euskal Herriko finalean zuzenean sailkatu da horregatik. Bi ariketa egin behar izango dituzte parte hartzaileek.

50 urte lehen txapelketatik

Aurtengoa berezia da Gerediaga Elkartearentzat. 50 urte dira txapelketa lehen aldiz antolatu zela, eta, horregatik, azken mende erdian izan diren 50 irabazleak omenduko ditu elkarteak larunbateko ekitaldian. 1967an egin zen Euskal Herriko lehen artzain-txakur txapelketa, Mañarian. Eta urtero, Durangalde eskualdeko herri batean egin dute jaia. Azken txapelketetarako, Atxondoko Elizondoko landetako talaia aukeratu du elkarteak ekitaldia egiteko; Anboto mendiaren magaleko lurretan, alegia. Txapelketara sartzeko sarrera lau euroan salduko dute, eta, lehiaren ondoren, gazta eta ardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, trukean.

Bien bitartean, ardi arrazak ezagutzeko erakusketa jarriko dute plazan, eta azoka ere egingo dute. Gazteek artzainen lana ezagutzeko, tailerrak ere prestatuko ditu elkarteak, eta Latxine izeneko ardi erraldoia jarriko dute, txirristan ibiltzeko. Lehen orduan, Atxondo inguruko mendiak zeharkatzeko aukera izango dute korrikalariek, Atxondon hasi eta bukatzen den Sorginen mendi lasterketan.

Larunbateko ekitaldiez gain, asteburu osoko egitaraua prestatu dute Gerediagakoek 50. urtemuga ospatzeko. Gaur arratsaldean hasiko da Ardi Jaia. V. Baserri Eguna egingo dute Abadiñoko Matiena auzoan, eta, besteak beste, inguruko ekoizleen produktuak jarriko dituzte salgai.

Iganderako, transhumantzia antolatu dute Abadiñoko Udalak eta Alluitz Natura elkarteak. Artzainek, neguko hotzetik ihes egiteko artaldearekin egiten duten bidearen zati bat egiteko aukera izango dute herritarrek: Atxartetik Urkiolako santutegira doan bidea. Familientzako tailerrak eta jolasak ere egingo dituzte transhumantziako ibilbidea bukatzean.

Norberarena delako »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Askori asago dauden berbetak iruditu arren, paraje daude; alegia, urrun dauden hitzak diruditen arren, hurbilekoak dira, bertakoak. Bi adibide dira asago eta paraje, Bizkaiko zenbait txokotan gaur egun erabiltzen diren eta …

Galizia eta Euskal Herria, elkar ezagutzera »

Natalia Salazar Orbe
Musika eta dantza alorraz harago Galiziako eta Euskal Herriko kulturak elkar ezagutzeko kultur jaialdia antolatu dute Barakaldon: Euskal Herria-Galiza Kultur Festa. Gaur hasi eta datorren asteko igandera bitartean hainbat ekitaldi …

Ur zikinek 2019ra arte jarraituko dute Urdaibai kutsatzen »

Ander Zarraga

Unescok 1984an biosfera erreserba izendatu zuen, baina, Bizkaiak duen naturgune babestu bakarra izan arren, Urdaibaiko biztanleen ur zikinak errekara isurtzen dira gaur egun. Saneamendurako plan orokorra martxan dago, baina bukatu gabe oraindik. Eta Gernika-Lumoko araztegia oso zaharkituta dago.

Busturialdea eskualde administratiboa osatzen duten hogei udalerrietatik 19 sartzen dira Urdaibaiko biosferan, eta horietan bizi diren 45.000 inguru biztanlek sortzen dituzten ur zikinak, gehienetan, zuzenean botatzen dira naturaren gune babestu horren uretara.

Herri txikietako ur zikinak hobi septikoetara joaten dira, eta tratatu gabe zuzenean itsasadarrera isurtzen dira. Conchi Onaindia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ingurumen osasunaren arduradunak azaldu du egoera: “Itsasadarrak herrietako hondakinak jasotzen ditu, batzuk halabeharrez eta beste batzuk Gernikako araztegiaren funtzionamendu txarraren ondorioz. Guztiek Oka ibaian bukatzen dute, garbiketa egoki bat jaso gabe”.

Kutsadura horren ondorioz, Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) Sukarrietako Toña eta Abiña hondartzetan ez bainatzeko gomendioa eman izan du. Izan ere, Toñako uren kalitatea Europako Batasunak agintzen dituen adierazleen azpitik egon da 1992tik; Abiñako hondartzan, berriz, uraren kalitatea muga-mugan mantendu da urte hauetan, eta, hori dela eta, ez bainatzeko gomendatu dute aurten.

Bertako sorosleek ez bainatzeko gomendioa ematen dute bozgorailuetatik, eta bainatzen direnei gero dutxatzeko aholkatzen diete. “Itsasaldiaren araberakoa da: marea behera dagoenean, ura beti dago zikinagoa, ura barrualdetik datorrelako”, azaldu dute sorosleek.

Eusko Jaurlaritzako zientzialariek ur laginak hartzen dituzte astero hondartzetan, horien kalitatea aztertzeko eta kutsadura fekala kontrolatzeko. Abiña hondartzaren kasuan, azken bost urteotan egindako probetan kutsadura aurkitu dute. Ondorioz, aurten ez bainatzeko gomendatzen duen kartela jarri behar izan dutela azaldu du Onaindiak.

Saneamendu plana

Deigarria da babestutako naturgune batean ur zikinak horrela isurtzea, eta are gehiago saneamendu plan propioa bukatu gabe duen eskualde bakarra izatea. Kontraesanez betetako egoera hori behingoz bukatzeko, saneamendu plana osatuko duten lanak egiten ari dira 2003. urtetik aurrera, eskualdeko zenbait herritan. Lanak 2019an bukatzea da asmoa.

2014tik, Bermeo eta Mundaka artean, martxan dago Lamiarango Uren Araztegia (HUA), eta, orain, itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren punpaketa zentroa ari dira egiten Sukarrietako parkean. Horrek Lamiarango araztegira bideratuko ditu Gernika-Lumotik etorriko diren ur zikinak. Hala ere, oraindik Muxika eta Gernika-Lumo, eta Gernika-Lumo eta Sukarrieta lotuko dituen kolektoreak falta dira, hondakin ur guztiak Lamiarango araztegira bidaltzeko.

Proiektua 2003an hasi zen, baina 2007. urtean geldialdia izan zuen, Eusko Jaurlaritzak ez baitzuen diru sailik ipini lanak bukatzeko. 2014. urtean, berriz ere ekin zieten lanei, Busturialdeko Ur Partzuergoko eskaerei erantzunez. Horrela gogorarazi du Iratxe Arriola Eako alkate eta orduan partzuergoko presidente izan zenak.

Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu orduko adjudikatu nahi ditu Gernika-Lumo eta Sukarrieta batzeko lanak. Uraren Euskal Agentziak gogorarazi du azken bost urteetan 49.070.000 euro inbertitu dituela lan horietan. Kopuru horri 2003tik aurrera inbertitu ziren 35.000.000 euro gehitu behar zaizkiola ere adierazi zuen maiatzean Sukarrietako lanetara egindako bisitan, Jaurlaritzak inbertsioa egin duela nabarmentzeko.

Ekologisten kritikak

Greenpeace eta Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistek askotan kritikatu izan dute gune natural babestu batek behar duen saneamendu plana aurretik bukatu ez izana. Kezka azaldu dute, era berean, uren kalitatea neurtzeko probetan metal astunen presentzia ez dela aztertzen eta. Urteetan eskualdeko industriek itsasadarrean egin dituzten isurketen ondorioz, horien presentzia ere kontuan hartu behar litzatekeela uste dute.

Bestalde, Zain Dezagun Urdaibai elkartearen esanetan, 70eko hamarkadatik Muruetako ontzioletako itsasontziak ateratzeko egin diren dragatzeek eta harea mugimenduek aldatu egin dute uren berritze prozesu naturala. Ondorioz, itsasadarraren sakonera naturala zeharo aldatu dela diote; ur gutxiago sartzen dela orain, eta horrek garbiketa prozesu naturala eragozten duela.

Hala ere, denak datoz bat saneamendu sistema bukatuta dagoenean uren kalitatea nabari hobetuko dela esaterakoan. Iratxe Arriolak Bermeoko portuaren kasua jarri du adibide gisa: “Portura bota beharrean herriko ur zikinak Lamiarango araztegira bidaltzen hasi zirenean, portuan aldaketa izugarria egon zen, eta orain fauna eta flora izugarri leheneratu da”.

Berriz hasteko etxe bat »

Natalia Salazar Orbe
Kale gorrian, inongo aterperik gabe bizi diren hogei etxegaberi bizitza proiektu berri bat abiatzeko aukera zabalduko diete datozen asteetan. Hain zuzen, Habitat Bizkaia programaren bidez, etxebizitza bana jarriko du aldundiak haie…

Irakaspen eta bizipen ugari »

Natalia Salazar Orbe
Emaitza bikainengatik ezaguna da Lauaxeta ikastola. Zornotzako familiek ez ezik, hainbat herritakoek ere bidaltzen dituzte seme-alabak hara ikastera. Urte askoan ereindako lanak emandako fruitu emankorrak jasotzen ari dira, beraz. …