Herritarren iratzargailu »

Izaro Mendieta

Gernikako iratzargailua dira. Oheko berotasunetik, gortina artetik, leihoaren beste aldetik, balkoiko barrote atzetik, kale ilunen artetik… entzun eta gozatzen direnak. Marijesiak dira: Gernikako Marijesiak.

Bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa bat bezala ezagutu izan ohi dira Gernikako Marijesiak. Sorreraren datarik ezagutzerik ez bada ere, mende batez, gutxienez, herria doinuz alaitzera atera izan dira.

Bizkaian, hainbat herritan dira ezagunak Marijesiak, baina bereziak dira Gernikakoak: Gabon aurreko bederatziurrena egiten dute, goizaldean abesten dute, eta, gainera, ibiltzen doazen heinean kantatzen dute.

Tradizioari jarraiki ateratzen dira hainbat lagun urtero-urtero Gernika-Lumoko bazterrei bizia ematen. 04:00etan hasten dute beraien ibilbidea, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean belaunikatuta. Bertan kantatzen dute lehenengo bertsoa, eta pauso bizian abiatzen dira goizaldeko erronda egitera. Herriguneko ibilbidea egiten dute egunero, baina, txandaka, herriko beste gune eta auzoetaraino iristen dira Marijesiak.

Loari orduak kenduta

Ibilbide gehiena kantuan eta gelditu barik egiten badute ere, zenbait tokitan geldialditxoa egiten dute; hala nola, herriko eliza eta kaperetan, eta bakarlari izandakoen etxeetan. Ordu eta 45 bat minutuz izaten du herriak doinu berezia; kolore ezberdina. Erronda bukatutakoan etxera joaten dira gehienak; ohera batzuk, eta lanera edo ikastera joateko prestatzera beste asko. Jarraian lanera doanik ere izaten da.

Hala jarduten dute askok eta askok bederatzi gauez: fededunak direnek zein ez direnek; umeek zein helduek; emakume zein gizonek; ikasle zein langileek… Bederatzigarren egunean, gainera, mezan ere abesten dute goizean, eta hortik ateratakoan, diru bilketa egiten dute herrian abestuz.

Etxeko Marijesiak

Baina Marijesiak kalean abesten dabiltzan horiek baino gehiago dira: etxeko entzuleak ere Marijesiak dira. Ohetik jaiki ez arren, aditzen, gozatzen edota abesten duten horiek ere badira. Argi keinuen bitartez kaleko horien koplak entzuten dabiltzala egiaztatzen duten horiek ere Marijesiak dira. Baita gortinak edota pertsianak zabaltzen dituztenak ere. Eta leiho atzetik begira izaten diren horiek ere bai.

Hala uste du, behintzat, Denis Azkarate Gernika-Lumoko bizilagunak; bere esanetan “ez baitu zentzurik inor entzuten egon gabe Marijesiek abesteak”. Marijesien kantuak etxetik entzuteak zer suposatzen duen ez daki Azkaratek; izan ere, 1970. urteaz geroztik, kalean dabiltzan Marijesiekin ateratzen da goizaldeko ordu txikietan, bere ahotsa eta kantua herriari eskaintzeko.

Taldean abesten hasi bazen ere, ia 40 urte daramatza Azkaratek bakarlari lanetan. Urte horietan guztietan, teknika lantzeko eta garatzeko aukera izan du —Andra Mari koraleko eta Urdaibai Kantaguneko presidentea ere bada—, eta alde horretatik, behintzat, hobetu egin duela deritzo. Oraindik, gainera, ez dela “zahar” sentitzen aitortu du, eta ahotsa ere modu onean duela dio; hori dela eta, ez du oraindik Marijesietako erretiroa hartuko duen egunean pentsatu. Urrun sentitzen du egun hori.

Azkarate, baina, ez da egungo bakarlari bakarra; Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka eta Iñaki Gonzalez ere aritzen baitira taldearen aurrean kantuan. Bederatzi egunetan txandaka jarduten da laukotea; egun bakoitzean bakarra. Atzera begiratuz, dena den, beste hainbat bakarlariren izenak ere badakarzkigu gogora Azkaratek: Iñaki Olano, Juan Tomas Ortuzar, Udaondo, Joan Aldamizetxebarria, Jon Arana, Gerardo Candina, Oar, Uriguen, Meaza…

Azkaratek dioenez, bakarlariaren lana “gogor samarra” da, “erraza iruditu arren”. Izan ere, abesten jakin behar du bakarlari batek, eta belarri ona ere izan behar du. “Gogo handia ere eduki behar du, eta baita modua ere”, nabarmendu du.

Bilakaera positiboa

Urteen poderioz Marijesiek izan duten bilakaeraz era positiboan jarduten da gernikarra; “edozer eta edozelan” kantatzen ezagutu baititu berak Marijesiak. Gaur egun, Marijesietara doana abestera joaten dela ziurtatu du, “eta ez hitz egitera”. Bederatzi egun horietan biltzen den jende kopurua, bestalde, azken urteetan mantendu egin dela azaldu du Azkaratek: “Bederatziurrena egiteko 65-70 bat lagun elkartzen gara, eta zapatuetan 100 lagunetik gora”. Gerra aurretik eta gerra ostean, lau-bost lagunek osatzen zuten Marijesien taldea. Eta orduko helburua ere ez zen gaur egungoa.

Orduko hartan gosea zen nagusi, eta dirua biltzeko aukera paregabetzat zuten Marijesiak abesten irtetea; azken egunean dirua bildu eta kantatzen aritzen zirenen artean banatzen baitzituzten irabaziak. 1970. urteaz geroztik, baina, kanpora bideratzen dute azken egunean bildutako dirua: eman ohi izan dute presoentzat, Gurutze Gorriarentzat, Calzada egoitzarentzat, Caritas erakundearentzat, Etorkintza fundazioarentzat, atzerriko herrialdeentzat… Aurten nora bidaliko duten ez dute erabaki oraindik. Hain zuzen, gaur batuko dira, eta proposamenak jaso ostean, erabakiko dute diru hori zeini eman.

Dirua bildu aurretik, baina, bederatzi goizaldetan abestu beharko dute Gernikako Marijesiek. Abenduaren 16ko goizaldean dute lehenengo hitzordua. Urduri lo egingo du herriak egun horretan, Marijesiak entzungo ez dituztenaren beldurrez. Gernikarrak esnatzen etorriko dira orduan hotza soinean eramango duten Marijesiak, eta argiak piztuz eta itzaliz erantzungo diete segidan bero-bero etxeko Marijesiek.

Batasunaren izenean »

1936ko gerra Bizkaian: Gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Euskara bizia, denen esku »

Euskararen aldeko adierazpena elkarrekin adostu dute erakundeek eta eragileek. Norberak euskararen alde egin dezakeenari buruz hausnartzeko deia egin dute. - Irakurri gehiago...

Talde kirola, jolasten ikasten »

Aintzina Monasterio Maguregi
Errespetua, talde lana, umiltasuna, elkartasuna, joko garbia… Balio horiek edozein kirolen oinarrian egon beharko luketen arren, egunerokoan ez dute leku askorik izaten kirol profesionalean eta eskola kiroletan.Arazo horr…

Literatura ereinez, adimena ernatu »

Haurrei amaren sabelean daudenetik hitz egitea, irakurtzea eta kantatzea oso garrantzitsua da. Hala diote adituek: heziketa prozesuan zeresan handia du jardun horrek. Bularretik Mintzora eta Azalerako Ipuinak egitasmoek horretarako tresna ugari eskaintzen dituzte. - Irakurri gehiago...

6.300 euroko zorra zuen emakume bat etxetik kaleratu du Alokabidek »

Alaitz Armendariz

Etxe kaleratze bat izan zen aurreko astean Bilbo Zaharrean Alokabidek dituen etxebizitzetako batean, EH Bilduk deitoratu duenez. Eusko Jaurlaritzaren sozietateari 6.300 euro zor zizkion kaleratutako emakumeak. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko zinegotziaren esanetan, kaleratutako pertsonak proposamen bat aurkeztu zuen irailean zorra kitatzeko, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen proposamen hori onartu. Horrelako kasu “larriek” EAJren “hipokrisia” agerian uzten dutela salatu du: “Pertsonak ardatza direla diote, baina prest daude 6.300 eurogatik jendea kalean uzteko”.

Koalizioko kideak gaitzetsi duenez, udalak badu etxe kaleratzeei aurre egiteko protokolo bat, baina protokolo horrek “ez ditu etxebizitza publiko batetik kaleratuak diren pertsonak barne hartzen”. Bilboko Udalak bi alternatiba dituela esan du Ibaibarriagak: “Eusko Jaurlaritzarengana jo eta Begoñak aurkeztutako akordiorako proposamen hori onartzea exijitzea”, edo “beste udal etxebizitzen bitartez indarrean dagoen protokoloa aldatzea, eta mota horietako kasuei aurre egiteko baldintzak ezartzea”.

Etxebizitza hutsen errolda

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak etxebizitza politika guztia “koordinatuko” duen erakunde baten beharra aldarrikatu du, administrazioen arteko desadostasunak eta koordinaziorik ezak saihesteko. Horretaz gain, adierazi du “funtsezkoa” dela hutsik dauden etxebizitza guztien errolda bat egitea, eta, errolda horretatik abiatuta, etxebizitza horiek merkaturatzeko neurriak hartzea. “EH Bildun uste dugu etxebizitza politikaren ardatza alokairuzko etxebizitzen eskaintza dela, eta erakunde publiko guztiek inplikazioa erakutsi behar dute arazoak saihesteko”.

Casanovaren ustez, gaur egun etxebizitza publikoak lortzeko dauden minimo ekonomikoak ezabatzea beharrezkoa da. “Erakundeen babesa gehien behar dutenak dira, hain zuzen, diru sarrera txikienak dituztenak”, azaldu du. Haren hitzetan, oraingo parametroetan jende hori da “kanpoan” gelditzen dena. Horregatik, eskatu du etxebizitza publiko bat izateko pertsona edo familia bati eskatzen zaion ahalegina ez dadila izan bere diru sarreren %30 baino handiagoa. “Eta, gutxieneko soldataren azpiko diru sarrerak baldin badituzte, %15 baino ez liekete eskatu behar”, aldarrikatu du.

Pertsona bat bere etxebizitzatik kanporatzea “muturreko egoera bat” izan behar dela uste du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Iruzur argien kasuetan bakarrik bota beharko litzateke pertsona bat etxebizitza publiko batetik”.

Zor “handiegia”

“Kasu partikularrei” buruz hitz egiteko ahalmenik izan ez arren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak azaldu du pertsona bat etxetik kaleratu aurretik “hainbat bide” bilatzen dituztela egoera konpontzeko, diru gutxiago ordainduta edo zorrak era erosoagoan ordaintzea ahalbidetuta, adibidez. Baina, zorra “handia” bada, kuota oso txikia ordainduta ez da lortzen zorra kitatzea: “Pertsonei jartzen zaien kuota diru sarreraren araberakoa da; hori dela eta, andre horri ere bere diru sarreren arabera jarriko zioten kuota, eta ez dute lortu akordiorik”, arrazoitu du kaleratzea sailak.

Bestetik, zenbait lagunek protesta egin zuten atzo kanporatutako emakumearentzat irtenbide bat eskatzeko. Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten, udalbatzarra egiten ari ziren bitartean.

Gabarra ere, erasoen aurka konkistatzera »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiko industrializazio prozesuari lotuta daude gabarrak. XIX. mende amaieran, meatze guneetako mendietatik ateratako burdina Labe Garaietara eta Bilbo inguruko zein Ezkerraldeko lantegietara eramateko sortu ziren motor g…

‘.eus’ domeinuaren aldeko apustua handitzen ari da »

Euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da .eus. Euskara eta euskal kultura sustatu, eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea du helburu.

Ia bi urte dira .eus domeinua erabilgarri dagoela, eta, bi urte hauetan, 6.000 enpresa, hainbat erakunde eta norbanakok bat egin dute komunitatearekin domeinu izenak erregistratuz.

Gaur egun, .eus da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen Interneteko domeinu bakarra; gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es eta abar), batez beste, %7 jaisten ari dira, baina .eus-ek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan.

Lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da gertatzen .eus domeinuaren hazkundea. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok egin du .eus domeinuaren aldeko jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .eus-ek kalitateari eta SEOri (Search Engine Optimization) dagokionez, hau da, bilaketa motorretan hobereneratzean.

Bizkaiko erakunde publiko nagusien .eus domeinuaren aldeko apustua garbia da. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eudel elkartea adibide batzuk dira. Domeinua erabiltzeaz gain, erakunde horiek dei egin diete Bizkaiko enpresei, erakundeei eta abarri beren webguneetan .eus domeinua erabil dezaten.

6.000 .eus horiek asko eta askotarikoak dira, izaeran eta motibazioan. Izen handiko erakundeak daude komunitatean. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eudel elkarteaz gain, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilboko Udala, Athletic Club eta BERRIA egunkaria, besteak beste. Baita, enpresa handiak ere: hala nola Petronor, Gallastegi Harategiak eta Bidaguren Gozotegia saltokiak, Gaurko Abokatuak bulegoa, edota kulturaren munduko hainbat idazle eta musikari —Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Gatibu, Esne Beltza eta Petti—.

Azken batean, edonork atera diezaioke probetxua .eus domeinuari.

Batz Group kooperatiba igorreztarrarentzat, batz.eus webgunea baliabide bat da, “zuztarrak bertan eutsita eta adarrak mundura zabalik, gure hizkuntza eta kultura garatzeko”.

Gero eta gehiago dira webgunea duten merkatariak. Gili-Gili, Bilboko alde zaharreko arropa dendako arduraduna da Manoli Bengoetxea, eta .eus domeinupean dauka webgunea: “giligili.eus gara, euskaldunak garelako. Bizitzako arlo guztietan euskaraz bizi garenez .eus-ekin identifikatzen gara”.

Nabarnizen dagoen Nabarniz jatetxeko Lorena Zubizarretak nortasunarekin lotzen du jatetxenabarniz.eus helbidea: “Guk .eus izatea pentsatu dugu, gure jatetxearen markari nortasuna ematen diolako”.

Profesionalen arloan, Aiert Buruaga Durangoko arkitektoaren webgunea ab-ark.eus da: “Nire marka mundu digitalean kokatzeko eta euskararekin lotzeko, .eus naiz”.

ESKAINTZA BEREZIA

.eus domeinuak bi urte beteko ditu abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean eta Durangoko Azokaren erdian. Urtemuga hori ospatzeko, eskaintza berezia egingo da azaroaren 25etik abenduaren 6ra, eta domeinua 9,95 euroren truke erregistratu ahal izango da.

Gainerako domeinuak bezalaxe, .eus domeinu izenak enpresa erregistratzaileen bitartez eskuratzen dira. Aukeraketa errazteko, www.domeinuak.eus Interneteko helbidean begira daiteke aukeratutako izena eskuragarri dagoen. Baita enpresa erregistratzaileen eskaintzak ere. Domeinu izena erregistratzeko informazio guztia, berriz, helbide horretan lor daiteke.

Zalantzak izanez gero, Puntu Eus fundazioan atsegin handiz argitzen dituzte, eta lagundu ere egiten dute erabiltzaileak erraztasun guztiak izan ditzan. Telefonoz (943-08 50 51), posta elektronikoz (laguntza@omeinuak. eus) eta Whatsapp bidez (665-77 09 45).

Behar dena eta dagoena harilkatzen »

Ikerbiltza programa martxan du Udalbiltzak: heziketa zentroetan egiten diren ikerketak eta herriek behar dituzten azterketak lotzeko egitasmoa da. Egitasmoa babestu dute Lea-Artibaiko udalek, eta eskualdeko ikasle eta ikerlariek programan parte hartzeko indar egingo dute datozen hilabeteetan. - Irakurri gehiago...

Atxuriko tren geltokia desagertuko da metroko 3. linea osorik ezartzean »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Oraindik ez dago data zehatzik. Baina asmoa argia da: Bermeotik eta Durangotik Bilbora doazen trenen geralekua aldatu egingo da. Atxuriko geltokira heldu ordez, Zazpikaleetara iritsiko dira tren horiek, Txorierritik hiribur…