Ur jarduerak bai, baina neurriekin, eta ez bainurako gune gisa »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko Udalak kaleratu ditu Bilboko itsasadarrean egindako azterketen emaitzak. Maiatzeko triatloian parte hartu zuten hiru igerilarik leptopirosia dutela baieztatu du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Gobernu Batzordear…

Bost izarreko hotela irekiko du Bilbon Israelgo konpainia batek »

Natalia Salazar Orbe
Garai batean industriaren motor izan zen hiriak zerbitzuen sektoreari heldu dio bete-betean. Desagertu da ke beltzez osatuta Bilbo gerizpetan gordetzen zuen laino mardula. Burdin kolpeek ere ez dute astintzen hiriburua. Baina horie…

Herdoilarentzako irtenbide bila »

Lemoizko zentral nuklearraren lurrak euskal instituzioen esku uzteko akordioa lortuta, Jaurlaritzak, Aldundiak eta Lemoizko Udalak batzorde bat eratu dute eremuaren etorkizunari buruz erabakitzeko. EH Bilduk eskatu du herritarren iritziak entzun eta kontuan har ditzatela. - Irakurri gehiago...

Udalak analizatuko du ura »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Itsasadarrarekin batera garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura erabat zaintzen asmatu. Jarduera ekonomikoak eta mea aktibitateak eragin nabaria izan zuten itsasadarreko uraren egoeran XIX. mendean zehar, ura oxigenorik gabe utzi…

Ia urte eta erdi etxera begira »

Eider Mugartegi

Amaigabeko amesgaiztoari irteera ikusten hasi dira Ondarroako San Ignazio kaleko kaltetuak. 2016ko martxo hasieran, Kamiñaldeko mendi magala erortzen hasi zen, eta etxetik kanpo utzi zituen 84 familia. Ia aldean zutenagaz bakarrik atera behar izan ziren etxetik, harriak euren etxeen gainera erortzen ikusten zituzten bitartean eta noiz itzuliko ziren jakin barik. Handik egun gutxira, egoerak okerrera egiten zuela eta, kaltetutako eraikinaren ondoko eta aurreko beste 11 atari (92 etxebizitza) hustu zituzten. Azkenean, guztira, 176 familia utzi zituen Kamiñaldeko lur jausiak etxetik kanpo.

Ia urte eta erdiko borroka gogorra daramate, eta esperantza ere galduta daukatela adierazi dute kaltetuek sarri. Hala ere, Saiñazio Mendi Azpixan gestora sortu eta bat eginda egin dute aurrera, eta pairatzen ari diren egoera latza kaleratu dute hilero, gorriz jantzita eta gestorako zapiak soinean, herritarren babesarekin.

2016ko abuztuaren hasieran itzuli ahal izan ziren etxera lehen bizilagunak, kaltetutako eraikineko aurreko parteko etxebizitzetakoak, eta urrian itzuli ziren ondokoak. Lur jausiak kaltetutako eraikineko bizilagunek, berriz, hilabete honetara arte itxaron behar izan dute itzuleraren argi izpiren bat sumatzeko.

Hil honen hasieran, 46A, 46B eta 40A atarietako 28 familia etxera itzuli ziren, eta 44A eta 44B atarietakoek aurreko asteko eguaztenean izan zuten berri ona. Ondarroako Udalak itzulera baieztatu zien Kofradia Zaharrean eduki zuten bileran.

Udalak mendiko finantzaketa plana aurkeztu zuen geologoekin edukitako azken bileran, eta, egoera ikusita, lanen zati garrantzitsuena burutuko dela baieztatu zuten, eta, orain, bizilagunak etxera itzultzea onartu dute teknikariek.

Hala, lau ataritako bizilagunak daude etxetik kanpo momentu honetan (40B, 40C, 42A eta 42 B). Itzuli ezin diren San Ignazioko bizilagunak atarietan kalteak dituztenak dira, alde batetik, eta etxebizitzak apurtuak dituztenak, beste aldetik. Horiek ere “ahalik eta arinen” euren jabetzetara itzultzea da udalaren helburua. Horrela, etxebizitzak ondo dituzten baina atariak kaltetuak dituzten bizilagunak Andra Mari jaietarako etxean egotea espero du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Etxebizitza barruan kalteak dituzten bizilagunek, berriz, denbora gehiago itxaron beharko dute.

Urtarrilerako

Udalak jakinarazi duenez, urrian aurrealde eta terrazen konponketagaz hasiko dira, eta lan horien ostean hezetasun kengailuek 60 egunez lanean aritu behar dutenez, horrek atzeratu egingo du itzulera. “Urtarrilerako izan daiteke”.

Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramaileak azaldu duenez, albiste onak dira joan den astean jasotakoak, eta “nahiko pozik” daude, baina “poza erabatekoa izateko beharrezkoa izango da oraindik ere kanpoan dauden 40 familiak etxera itzultzea eta aurreikusitako data guztiak betetzea”.

Nabarmendu nahi izan dute nahiz eta familia gehienak San Ignazioko etxebizitzetara itzuli mendiko lanek dirauten bitartean euren egunerokotasunak baldintzatuta egoten jarraituko duela: “Mendi magalean lanean ari diren bitartean, etxeen atzeko aldeak itxiko dituzte, egurrez, segurtasunagatik”. Arazoa ez dagoela erabat konponduta gaineratu dute, eta gestorak orain arte bezala lanean jarraituko duela “azken bizilagunak etxean sartu arte”. Bihar ospatuko den Zapato Azulean ere kalean egongo dira. “Kuadrilla bat ailegatuko da Dinamartxan banderekin, eta zapi gorriekin ibiliko gara kalean”.

Diru falta oraindik

Bizilagun gehienak etxera itzultzeko moduan badaude ere, lan guztien kostua oraindik ordaindu gabe dagoela gogorarazi du udalak: “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu”. Gainera, diru premiak eta lanak ordaindu behar izateko bankuekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako maileguek asko kezkatzen dute udala. Lanen zati bat ordaintzeko, 4 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen herriak, eta zorpetu egin zen. “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako: Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kaleandiko igogailua, eta beste asko…”. Dena dela, udalean “herriaren mesedetan lanean” jarraituko dutela adierazi dute, eta beharrezko den leku guztietan atea joko dutela “herrian behar-beharrezkoak diren proiektu guztiak gauzatu ahal izateko”.

Horrez gain, Ondarroako Udalak eskari zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta “aurten egin ez bezala” Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikustea eskatu die. Udalak gogorarazi du ez Eusko Jaurlaritzak ezta Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez dutela beraien aurrekontuetan Kamiñaldeko arazoa konpontzeko dirurik jarri, eta horrek “azken momentura arte finantzaketa ezin lotuta” ibiltzea ekarri diola. “Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke”.

Arroza, munduen elkargune »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Tipula usaina batean. Erregosten ari diren arkume zatiena bestean. Askotariko belar espezieena nonahi. Zalaparta alaia. Flamenko doinuak txoko batean. Ijitoen gitarra, esku-zarta erritmikoekin lagunduta. Danbor eta tinbal s…

Erabileran trabatuta »

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza erabileraren zazpigarren kale neurketa egin du, eta azterketa bereziak ere egin ditu hainbat herrik hala eskatuta; besteak beste, Igorre, Zaldibar, Erandio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Ermuan. Herririk euskaldunenetan, behera egin du erabilerak, eta gora erdaldunenetan. - Irakurri gehiago...

Balen arteko letragilea »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hautsita zegoen Gernika, txikituta, eta munduari kontatu behar zitzaion 1936ko apirilaren 26an gertatutakoa. Sarraskia azaltzen ari zitzaion Estepan Urkiaga Lauaxeta (Mungia, 1905-Gasteiz, 1937) Le Petite Gironde egunkariko Berniard kazetariari frantsesari. Apirilaren 29a zen. Ustekabekoa orduan: Gernika airez suntsitutako berberek atxilotu zuten Lauaxeta. Ia hilabete espetxean egin ondoren, 1937ko ekainaren 25eko egunsentian fusilatu zuten, 31 urte zituela, Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman.

Igandean beteko dira 80 urte gertakarietatik. 06:30ean egin zioten tiro, zehazki. “Goiz eder onetan erail behar nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?/ Ez naiten leyora begiok intz gabe”. Hiltzera zihoala jakinda ere, ez zuen luma utzi Lauaxetak. Euskal Pizkundearen ikurretako bat da, eta 1936ko gerrak euskal kulturari eragin zionaren ikur ere bada gaur egun, hormaren kontra jarri baitzuten: letrak erre zituzten, eta idazleak, isilarazi. Gazte hil arren, kultur ondare oparoa utzi zuen idazle eta kazetari mungiarrak.

Lauaxeta Lukiz herrian jaio zen, baina ume koxkorra zela egin zuen Mungiara, eta taberna jarri zuten gurasoek han. Ventades eskolatik abade izateko bideari eutsi zion, eta Durango, Loiola eta Oñatin izan zen, fraide ikasketak egiten, harik eta 1928an ez zuela fraide izan nahi erabaki eta komentua utzi zuen arte.

Loiolako egonaldian hasi zen idazlea literaturara hurbiltzen, eta bertan sortu zituen hainbat zirriborro. Halarik ere, Euzkadi egunkarian kazetari lanetan zebilela hasi zen Urkiaga Lauaxeta bihurtzen. Giro politikoari buruzko iritzi artikuluak idazten zituen egunkariko Azalpenak atalean, eta literaturaz eta poesiaz ere hainbat lan idatzi zituen. Kazetariaren jarduera ez zen idaztera mugatu, ordea. Mitinetan zuen garragatik ere ezaguna da Lauaxeta, EAJren hainbat ekitalditan aritu baitzen hizlari.

Horrez gain, Emakume Abertzaleen Batza indartzen aritu zen, eta baita euskara eskolak ematen ere. Ekitaldi politikoak eta kulturalak antolatu zituen, eta euskarazko irratsaioak bultzatzen ere aritu zen. Galtzeko zorian ziren euskal kantak jasotzeko deia egin zuen, eta egunkarian argitaratu zituen gero. “Geure euzko-errijetan gauza jakingarriak dira: abestijak, esaerak, ipuiñak, edestijak, basatxonuak, mendi-ixenda, baserri-ixenak eta abar. Gatxa ete yatzube erritarren abestitxu bat Euzkadira bialdutia?” galdetu zuen artikulu batean.

Olerkarien belaunaldikoa

Olerkarien belaunaldia esaten zaion multzokoa izan zen Lauaxeta, Xabier Lizardi eta Orixerekin batera. 25 urte zituela, Jose Ariztimuño Aitzol-en bultzadaz antolatutako lehen Olerti Egunean, saria irabazi zuen, 1930ean, Maitale Kuttuna olerkiarengatik. Urtebete geroago idatzi zuen lehen olerki bilduma, Bide barrijak, eta 1935ean, gerraren atarian kaleratu zuen bigarren liburua: Arrats-beran.

1936ko gerra piztearekin batera Eusko Gudarostean sartu zen Lauaxeta, komandante. Bi ardura eman zizkioten: intendentzia, batetik, eta Gudari aldizkaria eta Eguna egunkaria kaleratzea, bestetik. 1937ko urtarrilaren 1ean, Hemen gara izenburuko agurrean azaldu zuen bere asmoa Lauaxetak, Eguna egunkariaren lehen alean: “Euskeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta exintzat uste zana, egi ta ixatean bihurtuteko agindua artu dogu goxetik gabera. […] Euzkerea erabiljatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidiei atsegin yakezan izparak euzkeraz bakarik argi-argi eta ziatz ziatz emoteko ustitan agertuten gara. […] Euzkadi’ko zelai loratsutan ludi osoari begira, jel ikuritza oso-oso ta zindo aldeztu ta erakutsiko dogu, ikuritz oren maitasun, ontasun eta zuzentasuna bazter gustietan eredu, zabaldu, sendotu eta indartuteko gogo bizik”.

Lau hilabete iraun zuen euskarazko egunkariaren jardunean. Izan ere, 1937ko apirilaren 29an hartu zuten preso faxistek, Gernikan, eta heriotza zigorra ezarri zioten handik gutxira. Jaurlaritzak idazlea aske uzteko hainbat saiakera egin zituen arren, ekainaren 25ean hil zuten, Gasteizen. Heriotzaren zain zegoela ere olerkiak idatzi zituen Lauaxetak, hiri bereko espetxean. “Jauna, eriotz au arren emostazu; koldarrentzat itxi larrosen usaña. Azkatasun deuna bial egistazu, atzindu nai dot ba arrotzen iraña, gorputz onek bakez atseden dagian erri azkatuen Egun-Aundi arte!”.

Ezezagunak ezagun 80 urtera »

Izaro Mendieta

Jasotzea, gehienetan, gauza ona eta polita izaten da; are gehiago, dohaintza bat denean. Gauza materialek bere balioa izaten dute; sarri askotan, prezio bat ere bai. Baina badira diruarekin ordaindu ezin daitezkeenak, preziorik ez daukatenak.

Argazkiek ere izaten dute balio berezi, ukiezin eta nabarmen bat. Ahaztuta geneukan hori gogorarazteko balio dute, edota gogoan daukagun eta ukitu ezin dezakegun hori esku artean sentitzeko. Denboran atzera egin eta momentu hartan murgiltzeko aukera ematen dute, istorioa berriz bizitzeko gonbita eginez.

Momentu jakin batean gertatutakoa ezagutzeko ere balio dezakete argazkiek. Berbaz kontatzen den istorioa azaltzeko lagungarri izan daitezke. Ez litzateke gauza bera izango, esaterako, Gernikako bonbardaketari buruzko azalpena, argazkirik edo irudirik gabe. Informazio objektiboa ematen zuten argazkiek, irudiak editatzeko programarik ez zegoenean. Hala gertatu zen Gernikako bonbardaketarekin; duela 80 urte gertatutako sarraskiaren ondorioak zeintzuk eta nolakoak izan ziren erakusten baitute.

Orain arte, hainbat argazki ikusi izan dira, baina badira ezkutuan izan direnak ere: hain zuzen, Fifi Roberts argazkilariarenak. Ingalaterrako argazkilari horrek bonbardaketa gertatu eta bi egunetara erretratatu zuen Gernika. Hala, egun hartan ateratako argazkiak album batean bildu zituen, eta, orain, bilduma hori Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroaren eskuetan dago.

Francoren aginduei iskin

20 urte zituela iritsi zen Roberts Bilbora, itsasontziz, bere aita ontziko kapitaina zela. Dokumentazio Zentroak jakinarazi duenez, merkataritza ontzi hori izan zen Bilboko itsas-blokeoa saihestu zuen lehen itsasontzia. Bilbora gerturatzen ziren ontziak atzeman edota hondoratuko zituen mehatxua egina zuen Francok. Hala ere, Roberts aita-alabek, Francoren aginduei jaramon egin gabe, Bilboko portura sartzea lortu zuten, eta Eusko Jaurlaritzakoen harrera ona jaso zuten.

Gernika bonbardatu zuten egunean, Bilbon zegoen Fifi Roberts, George L. Steer eta beste kazetari batzuekin batera. Hala, posible izan zuenean, Busturialdeko herrira joan eta argazki ugari atera zituen. Horietako batzuk News Chronicle egunkarian argitaratu baziren ere, gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. Fifik bilduma batean jasoak zituen argazki horiek, eta bere heriotza egunera arte gorde zituen. 90eko hamarkada bukaeran, baina, Winchester hiriko (Ingalaterra) birziklatze plantan aurkitu zituen Sally Insgramek, eta, gerora, arte galeria batean erakutsi zituen.

2016an, Gernikako Bonbardaketari buruzko dokumentazio zentroko arduradun Ana Teresa Nuñezekin harremanetan jarri zen Insgram, eta Nuñezek bere lagun Geoff Reynoldsen eskutik jaso zuen aipatutako argazki bilduma. “Garrantzi handiko dohaintza” dela azaldu du Nuñezek; “Fifi Robertsek ateratako argazki originalak eta aurretik argitaratu gabeak direlako”. Gainera, uste du argazki horietan “argi eta garbi” ikusten dela Gernikako suntsipena. “Gaur egunera arte ikusi gabe eduki ditugun inguru batzuk ageri dira, eta leku batzuk, gainera, ikuspuntu ezberdinetatik ikus daitezke”. Hori horrela, argazki horiek bonbardaketari buruzko informazioa ematen dutela deritzo.

Halaber, irudi horiek zentroaren argazki bilduma birbaloratzea ahalbidetzen dute, Nuñezen ustez. Eta, helburua “bonbardaketaren egia eta historia zabaltzea” dela kontuan hartuta, Fifi Robertsen argazkiak zein bonbardaketaren inguruko gainontzeko argazkiak ikus ditzake bisitariak dokumentazio zentroan. Argazkiak ez ezik, Gernikako bonbardaketari zein 36ko gudari buruzko bestelako dokumentuak ere biltzen dituzte bertan, hala nola filmak, esku orriak, liburuak, 1937ko prentsa…

Beste dohaintza bat

Robertsen argazkiez aparte, beste dohaintza bat ere jaso zuen dokumentazio zentroak apirilean: William Smallwood Egurtxiki-ren bilduma. Bertan, berak egindako ehunka elkarrizketa ageri dira, 70eko hamarkadan bonbardaketako lekukoei egindakoak. Zentrotik azaldu dutenez, testigantza horiek “oso garrantzitsuak” dira, biktimak laguntzen eta salbatzen eta gorpuak berreskuratzen modu aktiboan lagundu zuten lekuko zuzenenak direlako.

Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte igaro direnean, dokumentu ezezagun eta interesgarriak biltzen jarraitzen dutela nabarmendu du dokumentazio zentroak.

Artzain azaletik erakuslekura »

Natalia Salazar Orbe
XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, ehunka euskal herritarrek jo zuten Nevadara (AEB), artzain lanetan jardutera. Hainbat euskal herritar bizi ziren hango mendietan. Egoera ez zen erraza. Baina are gehiago okertu zuen 193…