Milaka plastikoek janda agertu zen Bilboko Arraiz mendialdeko gune bat urtarrilaren erdialdean: zabor poltsek lurra zeharo estalita eta zuhaitzetako adarrak erabat itota. Artigas zabortegitik ihes egindakoak ziren plastikoak. Haize bolada handiak izan…
Bilboko Zabalgarbi plantak hamar urte bete zituen uztailean. “Birziklatu ezin daitezkeen” hiri hondakinak erretzen dituen erraustegia da Zabalgarbi. Mundu osoan eredugarria batzuentzat, agortua dagoen eredua oinarri duena besteentzat. Martxan daraman …
Inoizko Korrikarik handiena izan da”. Hala laburbildu zuen Asier Amondo Korrikako arduradunak euskararen aldeko 19. martxa, hura bukatu eta hurrengo egunean. Pozik azaldu ziren antolatzaileak euskaldunen eta euskal herritarren parte hartzearekin. Urepelen (Nafarroa Beherea) martxoaren 19an abiatu zen, eta 11 egun geroago iritsi zen Bilbora, 2.500 kilometroko ibilbidea egin eta gero.
Bizkaiko hiriburuan bertan egin zuen bukaera ekitaldia; jendez gainezka zegoen Bilbo. Irribarreak eta malkoak; biak tartekatzen ziren bildutakoen artean. Leloari dagokionez, argia: Euskahaldun. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak irakurri zuen milaka euskaltzaleren aurrean, eskuz esku, Euskal Herriko iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ibilitako lekukoak gordetako mezua. Hala, Korrikaren leloari erabateko zentzua eman zion: “Nor gara? Bagara nor. Ez gara menpeko perpausa. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua”.
Bilbora iritsi orduko bide luzea egina zuen Korrikak Bizkaian, eskualdez eskualde: denera, 458 kilometro. Martxoaren 23an sartu zen lehenengoz herrialdean. Gipuzkoa Elgetatik utzita, Elorrion egin zioten lehen harrera bizkaitarrek. Lau ordu eskaseko ibilaldia egin ostean, Ermutik atera zen Gipuzkoarantz, berriz ere. Gau horretan bertan, Lea-Artibain jaso zuten lekukoa; ondarroarrek eskuz esku ibili zuten, eta, eskualdean itzulia egin ostean, goizaldean Busturialdera iritsi zen. Ibarrangeluko euskaltzaleak zituen zain Korrikak, gau ilunean euskararen alde azaltzeko prest. Forutik 06:00etan igaro zen. Hango barnetegian zeuden dozena bat ikasle lapurtar zalapartan esnatu ziren, lasterketan irtetzeko gogoz. Hamar kilometro egin zituzten, eta Mundakaraino iritsi.
Kostaldera helduta, Bermeon Sollubetik gora egin zuten Mungiara arteko ibilbidea. Lehenago, Larraurin, txokolate beroa zuten zain korrikalariek.
Une hunkigarriak
Uribe Kostakoek Urdulizen zuten lehen geralekua. Bereziki jendetsuak izan ziren Plentziako eta Getxoko kilometroak. Algortan, furgonetara igo, eta bertsorik bota zuenik ere izan zen, ALBE bertso eskolari zegokion txandan.
Korrikak berezko duen emozioak gainditzen dituzten hainbat pasarte izan zituen. Besteak beste, Itzulbatzetan, AEKn urte luzez aritutako Lurdes Goikoetxea eta Korrikaren sustatzaile izandako Joseba Kanpo omendu zituzten. Haien seme-alabek azaldu zuten zendutako biek sortu zuten lekukoa zerabiltela eskuz esku. 1.267. kilometroa zen.
Milaka lagunen artean horrenbeste kilometro egin ostean, bitxikerientzako tarterik ere izaten da. Erandiotik Barakaldora bitartean, esaterako, traineruan egin zuen ibilbidea lekukoak, arraunlarien esku. Ezkondu aurreko agur festa korrika ospatzeko ere erosi zuten kilometro bat, baita ezkondu behar zuen bikote batek ere 19. Korrika hartan. Ohikoak dira horrelako bitxikeriak, AEKren arabera.
Meatzaldea eta Enkarterri igaro ostean, asteazken goizaldean atera zen Gordexolatik Arabara bidean. Urduñan sartu-irten bat egin zuen, baina larunbatera arte ez zen berriz itzuli Bizkaira. Arratia, Hego Uribe, Zornotza eta Txorierri pasatuta iritsi zen Bilbora, goizean goiz.
Milaka lagunen babesean egin zituen lekukoak azken kilometroak. Lekukoa Areatzako San Nikolas atarian jarri zuten oholtzara iritsi bitartean; hainbat eragileren eskuetatik igaro zen, eta, ondoren, Agirrek zabaldu zuen lekukoaren barruan zegoen mezua. Orduan Bilboko alkate zen Ibon Aresok udaletxe parean hartu zuen. Haren atzetik, besteak beste, Gure Esku Dago mugimenduak, Udalbiltzak, Etxerat elkarteak, BERRIAk, alderdi politikoek, Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak eman zituzten azken pausoak.
Azkena, 2.501.ena, AEKri berari egokitu zitzaion. Oinez murgildu ziren jendetzaren artean, lekukoa oholtzara eraman zuten arte. Orduan hartu zuen hitza Lorea Agirrek. “Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara”.
Hamar urte igaro arte Korrika ez da berriz Bilbon bukatuko. Hala ere, bi urteren buruan itzuliko da Euskal Herrira, euskararen aldeko apustuari eusteko.
Kukutza III gaztetxearen hustuketak eta egun hartako atxiloketek soka luzea ekarri zuten. 2011ko irailean izandako gertakariekin lotutako epaiketetako bi 2015ean egin zituzten; bata, urtarrilean, eta, bestea, irailean.
Hustuketari lotutakoa izan zen lehenengoa. Kukutzaren alde agertu direnen artean, zapore gazi-gozoa utzi zuen. Epaitutako 23 gazteak absolbitu egin zituen epaileak, usurpazio deliturik ez zutela egin ebatzita. Are gehiago: epaiak nabarmendu egin zuen Kukutzan antolatzen zen “kultur jardunbidea”. Horrez gain, eraikinaren jabe Cabisa enpresari aurpegiratu zion ez zuela izan inolako asmorik hura saltzeko edo errentan jartzeko. Hala ere, gazteetako bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, “agintearen kontrako atentatua” egitea leporatuta.
Bestalde, eraisketa egunean istiluak eragitea egotzita epaitu zituztenen auzian, hemeretzi lagun epaitu zituzten, irailean. Denei zigor bera ezarri zieten: bederatzi hileko espetxealdia eta 84.000 euroko kalte-ordaina. Isuna denen artean ordaindu beharrekoa da. Urrian iritsi zen epaia.
Bi zigorrok kritikatu egin zituzten Kukutzaren aldekoek. Urtarrileko epaiketan ertzainen lekukotasunetan oinarritu zen epailea erabakia hartzeko orduan. Ertzainen arabera, gaztetxean zeudenek “denetarik” bota zieten , baina ezin izan zuten inor identifikatu. Hala ere, ustez betoizko mokor bat bota nahian zebilen gazte baten kontra gomazko pilota bat jaurti zuten. Atxilotuetako bat izan zen zauritu zuten gazte hura. Identifikatu egin zuten, eta salaketa jarri haren aurka. Gazte hura bera izan zen zigortu zutena.
Gazteek ertzainen bertsioa ukatu zuten epaiketan. Are gehiago, poliziaren aurrean jarrera pasiboari eutsi ziotela azaldu zuten. Defentsarako abokatuek ertzainen bertsioaren kontraesanak ere nabarmendu zituzten, eta prozedura akatsak salatu. Hain zuzen, atxilotu zutenean, gazteari ez zioten atentatua leporatu; auzibidea abian zegoela iritsi zen akusazio hori.
Kukutzarekiko elkartasun taldeak gertatutakoa salatu zuen. Bilboko Udala eta Cabisa enpresa egin zituen gaztetxean egiten zuten lana deuseztearen erantzule. Horrez gain, gogora ekarri zuen hustuketaren ingurumarian izandako “polizia okupazioa” ere: soilik lehen egunean ehundik gora lagun zauritu ziren “poliziaren indarkeriaren” ondorioz. Haien ustez, salaketa eta epaiketak “astakeria hori guztia estaltzeko” abiatu zituzten, “Kukutza barruan zein kanpoan elkartasuna adierazten zutenak kriminalizatuz”.
Iñaki Carro defentsarako abokatuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuen. Larritzat jo zuen gazte bat espetxera bidaltzea “inolako frogarik gabe eta Ertzaintzaren testigantzan oinarrituta”. Hala ere, epaiaren garrantzia nabarmendu zuen, usurpazio deliturik ez zela egon frogatu zuelako. Hori izan zen-eta Kukutza eraisteko erabili zuten argudioa.
Oinarri juridikorik gabe
Iraileko epaiketako epaiari buruz ere antzeko salaketak egin zituen abokatuak. Atxiloketak istilu nabarmenenak baino lehenago izan baziren ere, kalte guztiak ordaintzeko isuna ezarri zieten. “Oinarri juridikorik gabeko” epaiaren kontrako helegitea iragarri zuen. Denetariko akatsak salatu zituen. Haren esanetan, konpondu dituzten edukiontziak gau hartan hondatu zirenik ez zuten esan. Horrez gain, kalte-ordaina Bilboko Udalak eskatu bazuen ere, bertako abokatua ez zen agertu epaiketara. Fiskalak egin zuen eskaera, haren lekua hartuta. Helegiteen ebazpenen zain geratu ziren zigortutako gazte guztiak.
Kukutza gaztetxea itxi izanaren ondorenak oraindik iristen ari zirela, beste eraikin oso bat okupatu zuten Bilboko Errekalde auzoan bertan: OihuK. Hainbat fabrika biltzen zituen eta utzia zegoen ehunka metro eta bost solairuko eraikin batera sartu, et…
Bi aste falta dira gabon gauerako, baina aspaldi nabari da gabon giroa Bizkaiko txoko gehienetan. Hiriburua da guztien artean nabariena. Asteak dira Bilboko kaleak 1.200.000 argirekin argiztatu zituztela. Kontsumo txikikoak dira jarri dituzten argi gu…
Euskaldun Berria. Kaleko hormetako plaketan ikusten hasi da izena, lehen aldiz. Izen gisara. Bilbon, Bizkaiko foru liburutegiaren aurrean dagoen iturrian, esaterako, Euskaldun Berria Gunea irakur daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako plaka da, eu…
Garaiz heldu diote txarribodari larrabetzuarrek. San Martin egunarekin batera, usainen dantza hasten da herri erdigunean. Eta etxetik ateratzen denak berehala nabaritzen du txerrikiak prestatzen ari direla herrian. Zehazki, Aretxabala kultur elkartean. 26 urte dira elkartea osatu zenetik, eta 25 urte dira elkartean auzolanean txerri hilketa egiten dutela. Txerrikiak eskatzen dituzten herritarren artean banatzen dituzte gero. Baina aurtengo ekitaldia azkena izateko zorian dago, eta ez elkartea itxi egingo dutelako soilik —Espainiako Auzitegi Gorenak ixteko agindu duen herriko tabernen artean dago Aretxabala elkartea—; belaunaldi berriek ez diote eusten txerrikiak prestatzeko tradizioari.
Berezia da Aretxabalako txarribodaren kasua. Auzolanean egiten dute txerri hiltzea, norbere etxerako ez, herriarentzako prestatzen baitituzte odolkiak. Dozenaka boluntarioren artean egiten dituzte lan guztiak, eta txerrikia banatu egiten dute gero. San Martin egunarekin batera hasi dituzte, aurten ere, prestaketa guztiak. Txerrikiekin herri afaria zuten larunbatean, eta hartarako odolosteak prestatzen aritu ziren ostiralean. Gainontzeko txerrikiak Aretxabalan jartzen duten zerrendan izena eman duten herritarren artean banatzen dituzte.
Harrera ona du egitasmoak herrian, eta asko dira elkarteko txerrikiak noiz egingo zain izaten diren larrabetzuarrak. “Pena bat da erreleborik ez egotea, herrian eskaera egon badagoelako. Asko odoloste gabe geratzen dira”, dio Garbiñe Etxebarriak eskuak odolosteak egiteko orean sartuta dituela. Ondoan ditu beste bost emakume ere, lan berean; tartean, Ana Mezo. Hura izan zen, beste herrikide batzuekin, duela 25 urte Aretxabalako txarriboda hasi zutenetako bat. “Edadeko jendea bildu genuen txarriboda egiteko. Haiek erakutsi ziguten txarriboda nola egiten zen, eta guretzako ikasketa prozesuak izan ziren lehen urteak”. Beraiek jaso duten jakintza hori gazteei transmititzea nahiko lukete orain.
Gaur zortzi egin zituzten odolosteak. Jai eguna hartzen dute boluntario lanetan aritzen diren guziak horretarako. Baina lan handia dago odolosteak egiten hasi baino lehen. “Txerria hiltzen denerako denak egon behar du prest”. Azken urteetan harategian eskatu dute txerria, baina bestela egiten zuten lehen. “Lehen erosi egiten zen, txarriboda baino hiru hilabete lehenago, eta denen artean hiltzen zen gero”, azaldu du Mezok.
Odolosteak egin baino lehenagoko zerrenda luzea aipatu du Etxebarriak, txerrikia bera eskuetan duela: “Egun askotako lana da hau”. Porruak eta tipulak garbitu eta su txikitan prestatu, piperrak beratu eta azala eta mamia banatu, txerriaren koipea txikitu eta arroza prestatzea aipatu ditu, tartean. Azaldu du larunbatean herri afarian batu ondoren txorizoak egiteko elkartuko direla berriz igandean.
Auzolana. Hori da Aretxabala elkarteko txarribodaren oinarria. Gazte bat ala beste laguntzera joaten da, noizean behin. Baina ardura hartzea da, beteranoen arabera, ohiturari eusteko falta dena.