«Bizkarrean arazorik ez badugu ere, lunbalgia garatu dezakegu»

«Bizkarrean arazorik ez badugu ere, lunbalgia garatu dezakegu»

​Fisioterapiaren Nazioarteko Eguna gogoratzeko hainbat hitzaldi antolatu ditu Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Bilbon. Ion Laskurain fisioterapeuta izan da hizlarietako bat (Arrasate, Gipuzkoa, 1977), eta egiten duen lanaz aritu zen bertan. EHUko irakaslea izateaz gainera, lunbalgiaren jatorria aztertzeko eta ospitaleetan pazienteei eskaintzen dizkieten tratamenduak hobetzeko Musculoskeletal Pain proiektuko ikertzailea da. Laskurainek esan duenez, osasun sistema publikoan diagnostiko zehatzak egin ahal izateko erremintak garatu nahi dituzte, eta, nola ez, lunbalgia jasaten dutenen mina ahalik eta gehien baretu.

Bizkarreko mina eragiten duen gaixotasuna da lunbalgia. Zein da horren eragilea?

Gaur egungo arazo nagusia da gehienetan ez dakigula zerk eragiten duen paziente batek lunbalgia jasatea. Bizkarrezurreko edo zerbikaletako mina duten pazienteei, esaterako, zehaztu gabeko lunbalgia diagnostikatzen diegu gehienetan. Baina zaila da diagnostiko hori pazienteei ulertaraztea, gure lana egiten ez dakigula ematen duelako askotan. Hori ez da horrela, ordea.

Zer da zehaztu gabeko lunbalgia?

Hortzetako mina duzunean, dentistarenera zoaz. Min horren iturria zein izan daitekeen identifikatzeko, ahoa begiratzen dizu. Txantxar bat ikusiz gero, tratamendu bat eskaintzen dizu segituan. Zehaztu gabeko lunbalgiari dagokionez, oso desberdina da. Kasu gehienetan ez dakigu zerk eragiten duen bizkarreko min hori; ez dugu ikusteko modurik. Ez dakigu giharren bat, bizkarrezurra osatzen duten diskoren bat edo gorputzeko nerbioren bat den eragilea. Dakiguna da nerbio sistemak zerikusi handia izan dezakeela. Litekeena da sistema horrek gorputzaren aginduak gaizki prozesatzea. 

Oro har, lunbalgia izateko arriskua murrizteko modurik badago?

Jakina da egungo bizimoduak kalte egiten diola bizkarrari. Sedentarioak gara, ordu asko ematen ditugu eserita, eta kirol gutxi egiteko ohitura dugu. Horrek guztiak loditzeko arriskua handitzen du, beste gauza batzuen artean. Gainera, ohitura horiek oso kaltegarriak dira beste patologia batzuei dagokienez ere. Beraz, kirola egitea eta sedentarismoa saihestea dira lunbalgia jasateko arriskua murrizteko modurik egokienak.

«Lunbalgia eragiten duten bizkarreko arazoak inolako minik ez duten pertsonengan ere aurkitu dituzte ikertzaileek. Horrek esan nahi du ezin ditugula bizkarreko arazo horiek lunbalgiaren eragiletzat hartu»

Osasun arazo hori izan duten pazienteen profila antzekoa da?

Historikoki, uste izan da gauza pisutsuekin lan egiteak lotura zuzena duela lunbalgiarekin, baina ez du zertan horrela izan. Denbora askoan bortxazko lanak egiten baditugu edo etengabean pisutsuegiak diren gauzak mugitzen baditugu, lunbalgia jasateko arriskuak handituko dira, noski. Dena den, lunbalgia duten pazienteen profilaren kontzeptua aldatu egin dute azken urteotan izandako zientzia arloko aurkikuntzek. Alde horretatik, ezin dugu pazienteen profila modu horretan sinplifikatu; osasun mentalak ere nerbio sisteman eragin dezake, eta bizkarreko mina sortu.

Zeintzuk izan dira zientzia arloko aurkikuntzak?

Lunbalgia eragiten duten bizkarreko arazoak inolako minik ez duten pertsonengan ere aurkitu dituzte ikertzaileek. Horrek esan nahi du ezin ditugula bizkarreko arazo horiek lunbalgiaren eragiletzat hartu. Arazo psikologikoek, adibidez, biziki hondatu dezakete bizkarra. Alde horretatik, azpimarratu nahiko nuke lunbalgiaren paradigma aldatzen ari dela: nerbio sisteman bat-bateko aldaketak jasan ditzakegu, eta, bizkarrean azaleko arazorik ez baldin badugu ere, lunbalgia garatu. 

«Minbiziren bat duten pazienteak kategoria desberdinetan banatzen dituzte, tratamendu horiek haien behar biologikoetara moldatu ahal izateko. Guk ere hori lortu nahi dugu»

Beraz, zer egin beharko lukete bizkarreko mina nabaritzen duten pazienteek?

Fisioterapeutarenera edo medikuarenera joan, zalantzarik gabe. Esan bezala, lunbalgiaren jatorria aurkitzeko arazoak izango ditugu askotan, eta zehaztu gabeko lunbalgia diagnostikatuko diegu. Hala ere, pazienteei jakinarazi nahi diet erresonantzia magnetikoa eta erradiografia bat egiteko eskatzeak ez duela arazoa konponduko. Izan ere, halako probek ez dute balio zehaztu gabeko lunbalgiaren eragilea aurkitzeko; eragile posible batzuk baztertu besterik ez dute egiten. 

Hain justu, orain identifikatu ezin dituzuen eragileak aurkitzeko erremintak garatzea du helburu Musculoskeletal Pain proiektuak.

Minbizia tratatzeko erabiltzen dituzten metodoak hartu ditugu oinarritzat, bai. Izan ere, minbizia diagnostikatzen dizutenean, ez dizute esaten hesteko minbizia duzunik, adibidez. Baina zure markatzaile biologikoa kontuan hartu, eta, horren arabera, tratamendu bat edo beste jartzen dizute. Izan ere, minbiziren bat duten pazienteak kategoria desberdinetan banatzen dituzte, tratamendu horiek haien behar biologikoetara moldatu ahal izateko. Guk ere hori lortu nahi dugu: markatzaile biologiko desberdinak definitu, zehaztu gabeko lunbalgia duten pazienteak behar bezala tratatzeko.

Aurkikuntza horiek osasun sistema publikora helaraztea izango litzateke hurrengo pausoa?

Hala da. Osasun sistema publikoa osa dezaketen algoritmoak garatzen saiatzea dugu helburu. Horretarako, merkeak izan behar dute; paziente kroniko bat tratatzea baino merkeagoak, behintzat. Gaur egun, nire eginkizun nagusia da merkeak diren eta osasun sistema publikora egokitu daitezkeen hiruzpalau proba sortzea. Aztertzea ez da ikertzaileek egiten dugun gauza bakarra. Pazienteen mina baretuko duten erremintak ere garatu nahi ditugu.