Profesionalek erregulazio zorrotzago bat gura dute

Profesionalek erregulazio zorrotzago bat gura dute

​Gidari turistikoek hamar urte baino gehiago daramate haien jarduna erregulatu dadila eskatzen, baina administrazioak orain arte egin dituen urratsak ez dira nahikoa, Eneko Elexpuru Guidari enpresako arduradun eta Apit elkarteko kidearen irudiko. Are, Eusko Jaurlaritzak gidari turistikoen inguruko lege bat atera zuen martxoan, baina, Apiteko kidearen iritziz, herren geratzen da, adibidez, Kantabrian, Andaluzian (Espainia) edo Valentzian (Herrialde Katalanak) dagoen erregulazioarekin alderatuta.

[articles:2131016]

Txarteletik hasita: aipatutako lurralde horietan, profesionalaren izen-abizenez, identifikazio zenbakiaz eta hizkuntzez gain, tokiko gobernuaren logoa agertzen da, dagokion organoarena. EAEko lege berriarekin batera, muga batzuk ezarri dituzte: ondarea diren eraikinen barruan bisita turistikoak egin ahal izateko, txartel bat eskuratu behar dute gidariek; aldiz, ez dute baimenik behar bisita kalean eginez gero. Euskal txartelean, profesionala identifikatzeko datuak ageri dira, baina ez Eusko Jaurlaritzaren aipamenik, Elexpuru kexu denez. «Euskadi Basque Country agertzen da, promoziorako erabiltzen den eslogana».

«Berez, Eusko Jaurlaritzan badago Turismo, Komertzio eta Kontsumo Kontseilaritza, eta orain hasi dira zerbait egiten; baina, aurreko urteetan, ezer gutxi»
ENEKO ELEXPURU Guidari enpresako arduraduna eta Apit elkarteko kidea

Lege berria agertu baino lehen, gidariek Q Turistikoa eskatu zuten. «Badauka fama hemendik kanpo ere, eta auditoria sendo bat egoten da. Egia da enpresei dirua kostatzen zaiela, auditoria norberak ordaindu behar duelako, eta, gainera, baita urteroko kanon bat ere Q Turistikoa erabiltzeagatik…». Jaurlaritza beste bide batetik joan da, ordea: Turismoaren Kode Etikoa ondu zuen 2019an, 2030eko Agendako helburuekin bat egiten duen txosten bat: turisten eskubideak jasotzen ditu, berdintasuna eta jasangarritasuna ezartzen ditu irizpide bezala, baita tokiko kulturaren eta ohituren sustapena ere… «Baina formakuntza ez da oso sakona izaten ari», nabarmendu du Elexpuruk.

Salatu duenez, zalantza bat argitu edo laguntza behar dutenean ere ez dute administrazioaren babesik igartzen. «Berez, Eusko Jaurlaritzan badago Turismo, Komertzio eta Kontsumo Kontseilaritza, eta orain hasi dira zerbait egiten; baina aurreko urteetan, ezer gutxi».

Bilboko gida

Azken urteetan turismoa izaten ari den goranzko joera ikusita, udal batzuek irizpideak ezarri dituzte gidari turistikoen eta bizilagunen arteko bizikidetza bermatzeko. Bilboko Udalak ekainean aurkeztu zuen berea. Hamabi puntuko zerrenda bat da eta, besteak beste, gomendatzen du talde turistikoak gehienez 30 lagunekoak izatea, soinua ozentzeko gailurik ez erabiltzea, ondare arkitektonikoa eta esparru publikoa zaintzea, ordenantzak betetzea eta gidariek ezagutza objektiboak izatea.

Gomendioak dira, eta ez legea, Elexpuruk zehaztu duenez. «Ados gaude erregulatzearekin, eta aspalditik eskatzen ari gara», azpimarratu du. Esaterako, begi onez jo du taldeak murriztea, «erosoagoa» baita hala langileentzat nola hiritarrentzat; batez ere, udan, hirian jendea pilatzen den arren, gidari turistikoak «lasaiago» ibiltzen baitira, hotelek prezioak asko igotzen dituztela-eta turistek hotelean gastatzen dutelako dirua eta ez dutelako beste zerbitzu batzuetan inbertitzen; bisita turistikoetan, kasurako. «Baina araudi bat onartu behar da, ez praktika egokien eskuliburu bat. Gainera, Bilbokoa gidariok kontuan hartu gabe egin dute».