Mahai bat arbolaren itzalpean

Mahai bat arbolaren itzalpean

German Mitxelena Artzentalesko San Migel elizaren ondoan bizi zen. Egunero, etxetik irteterakoan, Artzentalesko kontzejuaren mahaiari itzala egiten zion arbola besarkatzen zuen. «Goiz batean esan zuen ez zuela arbola ondo topatzen; zerbait gertatzen zitzaiola», gogoratu du Pepe Lopezek. Mitxelenak ikusi zuen har batzuek eraso egin ziotela arbolari. «Alanbre batekin banan-banan kendu zizkion, eta horrela salbatu zuen». 1980ko hamarkada zen. Azkenean, 1990eko hamarkadan hil zen Artzentalesko ametza. «Diputazioko teknikariak etorri ziren, ea inausita biziberritu zezaketen, baina ez zuten lortu. Beraz, Mitxelenak urte batzuez luzatu zion bizitza». Lopez ere Artzentalesen bizi da, San Migel auzoan. Ez da historialaria, baina zaletasuna du herriko jazoera zaharretan arakatzeko. Ez dakite noizkoa zen arbola hura. Badakite Artzentalesek herri denetik duela kontzejuko mahai hori. Gernikan, Gerediagan eta Abellanedan bezala, arbola haren itzalpean biltzen ziren Artzentalesko herritarrak herriko gaiak eztabaidatzeko eta erabakitzeko, eta kontzejuko mahaian idazten zuten. Orain arbola berria dute Artzentalesen, Txetxu Hurtado herritarrak aukeratuta. «Arbola ona aukeratzeko dohaina duela esaten dute, eta hari eskatu zitzaion ordezkoa hautatzeko». Aurreko ametza ordezkatzen du berriak joan den mendearen bukaeratik; kontzejuko mahaiari itzala egiten dio orain ere. «Esan ohi da arbola bat hil den lekuan ez landatzeko beste bat. Hemen inguruko lurra berritu zen, eta ederra dago orain: indartsu, osasuntsu». Gernikako arbola zaharrarekin nola, hala egin zuten Artzentalesen hil zitzaienarekin ere: San Migel elizako kanpandorrearen oinean dauden bao itsuetako batean ipini zuten haren enborra. Oroitarri bat du ondoan. Artzentalesko ametz zaharraren enborra. ENDIKA PORTILLO / FOKU Lopezen ustez, gaur egun ere arbola berria eta mahaia «herriarenak» dira, nahiz eta ez dioten erabilera politiko edo administratiborik ematen. Orain, Artzentalesek udaletxea du han gertu. Parketxo bat dago arbolaren bueltan eta baita umeentzako olgeta lekua ere. Besteak beste, meriendatzeko erabiltzen dute mahaia orain. «Erabiltzen dutenerako erabiltzen dutela, errespetuz erabiltzen dute, eta herritarrek erabiltzen dute; beraz, herriarena da oraindik ere harria». Penaz aitortu du herritar gehienek badakitela kontzejuaren mahaia dela, baina askok ez dakitela zein den haren esangura eta historia. Auzo lehia Artzentales bi inguru bereizik osatzen dute: goiko aldean, San Migel eta Santa Kruz daude; haranean, Traslaviña. Kontzejuko mahaia edo harria, berez, San Migel auzokoa da, eliza ondoko arbolaren itzalpeakoa. Baina, Lopezek kontatu duenez, Traslaviñakoek sarri lapurtzen zuten harria, eta beraienera jaitsi. Jose Saratxagak bere ikerketan bildutakoaren arabera, alkatearen jatorriaren arabera aldatzen zuten lekuz: Traslaviñakoa zenean, haranera jaisten zuten. Behin, Traslaviñako bat izendatu zuten; mahaia haranera jaitsi ez zezaten, San Migelgoek lurperatu egin zuten. «Bandoen sasoitik dator goikoen eta behekoen lehia; oraindik eusten diogu ika-mikari». artzentalesko ametza eta kontzejuko mahaia Helbidea. San Migel auzoa. Artzentales. Ordutegia. Edonoiz bisitatu daiteke. Webgunea. Artzentales.org.