Urtebetez aritu dira Bermeoko hamabost bizilagun udalarentzat lanean. Bermeoko Hiria Berroneratzeko proiektu pilotuak formakuntza eta kontratu bana eskaini dizkie «egoera berezian» zeuden herriko zenbait bizilaguni —denbora luzez langabezian egondakoak dira, eta diru sarrerak bermatzeko errenta edo diru sarrera minimoak jasotzen dituztenak—. Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker sortu da proiektua, Europako Next Generation funtsak erabilita. Azaroaren 16an egin zuten proiektu pilotuaren amaiera ekitaldia. Nadia Nemeh Bermeoko alkatearen arabera, egitasmoa «oso onuragarria» da herriarentzat eta bizilagunentzat, eta ez du baztertu, balorazio «sakonagoa» egin ostean, proiektua berriz bultzatzea. 2022ko urrian jarri zuten martxan ekinbidea, eta aurreneko bi hilabeteetan muralgintzako eta eraikuntzako formakuntza jaso zuten. Gero, hamar hilabetez hemeretzi proiektu egin dituzte herriko kaleetan. Azpimarragarrienak Nardiz tar Jon kalean eta ospitale psikiatrikoan egin dituzten muralak dira. Horrez gain, mantenu lanak egin dituzte: Talako hesiak eta farolak margotu, Agirre auzoko estolderia eta ur kanaletak konpondu, loseten arteko belar txarrak kendu, eta Behargintza eta KZ Guneko gelak margotu, besteak beste. Bermeoko herritarrek ere herrian egiten diren ekintzen berri izan dezaten, triptikoak ondu ditu udalak, hamabost kideko taldeak egindako lanak zehaztuz. Triptikook zenbait udal eraikinetan egongo dira eskuragarri; udaletxean, adibidez. 120 Parte hartzaileak. Bermeon ez ezik, beste sei lekutan gauzatu dituzte proiektuak, Lanbiderekin elkarlanean. Bilbo, Enkarterriko Mankomunitatea, Sestao, Muskiz, Santurtzi eta Ermuak gauzatu dituzte jarduerak azken urtean. Enplegagarritasuna hobetzea, laneratzea sustatzea eta hamabost parte hartzaileek komunitateko subjektu aktiboen rola berreskuratzea dira Bermeoko Udalak bere buruari ezarritako helburuak. Alkateak uste du helburuak bete dituztela, enplegua eman zietenen bizitza hobetu egin baita azken urtean: «Gure asmoa partaideen egoera hobetzea izan da, lan aktibazioa bultzatuz eta eguneroko errutina bat ezarriz. Guretzat funtsezkoa izan da haien gizarte eta lan gaitasunetan eragina izatea». Are gehiago, Anes Baños proiektuko gizarte hezitzaileak iritzi dio proiektu pilotuak pertsonen bizitzak «zaindu eta duintzeko» balio izan duela: «Bizi diren herriari ekarpenak egiteak balio erantsia ematen dio haien lanei». Antzera mintzatu da Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Gizarteratze zuzendaria: «Autoestimua hobetzeko eta enplegagarritasuna handitzeko balio du proiektuak, eta esango nuke eragin hori lortu egin dugula». Ondo lortu ere. Bermeoko proiektu pilotuari esker urtebetez lan mundura sartzea lortu duen hamabost kideetako bat da Alfonso. Amaiera ekitaldian, alkateari zein Lanbideko Prestazio eta Gizarteratze zuzendariari hunkituta eskatu die egitasmoa «berriz egiteko egoera zailean dauden beste bizilagun batzuekin». Lanean jarraitu Buesak argi du Hiria Berroneratzeko proiektua aurreneko pausoa dela lan mundura sartzeko. Izan ere, «autoestimuan» lagundu ostean, Lanbideren «ohiko» ildora itzuliko dira. Lanbiderekin elkarlanean aurrera eramandako proiektu pilotua ez dute soilik Bermeon egin; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako beste zenbait udalerritan ere gauzatu dituzte —hiru lurralde historikoak kontuan hartuta 106.000 langabe inguru daude, Lanbidek dioenez—. Guztira sei milioi euroren aurrekontua izan dute proiektuok. Buesaren iritziz, garrantzitsuak dira horrelako ekintzak, Europako Batasunak hartzen dituen erabakiak «lurreratzen» dituztelako udalek, «inork baino hobeto ezagutzen baitute haien ingurua».