Bizkaian, egitarau oparoa antolatu du mugimendu feministak hilaren 30eko grebarako. Aspalditik hasi ziren prestatzen: apirilean, batzar nazionala egin zuten, eta hortik aurrerakoak eskualdeka prestatu dituzte, Bilboko Kalamiak talde feministako kide Marina Urkidik azaldu duenez. «Eskualdeek errealitate oso ezberdinak dituzte, eta bakoitzak bere baldintzen arabera funtzionatu du. Saiatu gara eskualde mailako espazioak mantentzen, auzo mailakoak… Funtzio exekutiboa horietan egon da». Bizkai osorako hainbat asanblada ere egin dituzte, tokian tokiko edukiak «lurreratzeko, errealitate ezberdinak ikusteko, eta elkar aberasteko». Bilbori dagokionez, bi tresna baliatu dituzte greba antolatzeko: asanblada feministak, batetik, eta eremu mistoak, bestetik. «Asanblada feministak izan dira erabakigune nagusiak, prozesuaren dinamizazioa eta lidergoa eraman duten espazioak». Greba eguna baino bi hilabete lehenago ekin zieten batzorde mistoei. «Gizonak ere parte hartzen ari dira. Prozesuan egindako lanketak eremu mistora eraman ditugu, eta eguna bera antolatzeko funtzioa eduki dute, nagusiki». «Bilbon, elkartasun piketeak ere egingo ditugu. Hemengo errealitatea askotarikoa baita: gehiegizko zerbitzu minimoak dituzten sektoreak daude, erregulatuta ez dauden pertsonak…». MARINA URKIDI Bilboko Kalamiak talde feministako kidea Durangaldean hamabostero elkartu dira, uda aurretik hasita, Nerea Lersundi Durangoko mugimendu feministako kidearen arabera. «Koordinatzeko eta jarraipena egiteko erabili ditugu bilerak: kontatzen genuen nola ari ginen herri bakoitzean, eta balio izan digu elkarri ideiak emateko». Goizean, piketeak Aurreko greba feministatik eta greba orokorretatik edan dute eguna antolatzeko, oro har, Urkidik zehaztu duenez. Bilbon, eguna piketeekin hasiko dute, eta «berezitasun» bat gehitu dute, Kalamiakeko kideak nabarmendu duenez. «Elkartasun piketeak ere egingo ditugu, greba egin ezin dutenekiko keinu bat, baita haien egoera salatzeko ere. Hemengo errealitatea askotarikoa baita: gehiegizko zerbitzu minimoak dituzten sektoreak daude, erregulatuta ez dauden pertsonak…». Horrez gain, zaintzagune izenekoak ere edukiko dituzte: toki batzuk non beharrezko zaintza gauzatuko den, hala nola otorduak egin, atseden hartu… «Nahi dugu zaintzak protagonismoa izan dezan egunean zehar, eta saiatuko gara zaintzaguneak izan daitezela prozesuaren isla: haietan ikusi nahi ditugu egindako hausnarketak eta ekintzak». «Durangaldean ikusgaitasuna ematea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Gainera, uste dugu egunean parte hartu ezin izan duten batzuk arratsaldeko mobilizaziora batu ahalko direla». NEREA LERSUNDI Durangoko mugimendu feministako kidea Durangaldean ere hainbat jarduera antolatu dituzte, Lersundik azaldu duenez: 07:00etan, martxa zaratatsua egingo dute eskualdeko errepideetan; 09:30-10:00 inguruan, piketeak egingo dituzte Durangoko gerriko komertzialean; 12:00etan, kalejira musikatua egingo dute zaintza beharginei elkartasuna adierazteko; eta 15:00etan, bazkaria egingo dute Merkatu plazan. Arratsaldean, mobilizazioak egingo dituzte, horiek ere deszentralizatuta. Zehazki, Bilbon, Durangon, Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon izango dira manifestazioak. «Durangaldean ikusgaitasuna ematea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Gainera, uste dugu egunean parte hartu ezin izan duten batzuk arratsaldean batu ahalko direla, eta Bilbora joan behar izanez gero igual askok ez luketela parte hartuko», esan du Lersundik.