Naroa Torralba Rodriguez
Deialdi irekiz antolatu du Bosteko erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak. 26. aldia izan da aurtengoa. Proiektu baten proposamena aurkeztu ahal izan du nahi duenak, eta epaimahai batek erabaki du haietako zein bihurtuko den erakusketa. Aurten, Iñigo Sarriugartek irabazi du. Artearen historian doktorea da, eta Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak erakusketa ibiltariaren komisarioa da. Hiru sortzaile kaosaren eta kosmosaren inguruan gogoetan ipini ditu: Maria Alonso Paez (Getxo, 1959), Gorka Gondra (Mungia, 1978) eta Victor Arrizabalaga (Mañaria, 1957). Urtero legez, erakusketa udazken-negu partean Bizkaiko bost herritan egongo da ikusgai.
Aurten, Arrigorriagan hasi zuen bidea ekinbideak, eta Basauriri eman zion lekukoa. Orain, Getxo dago, Romo kultur etxean, domekara arte. Zornotzan izango da azaroaren 22tik abenduaren 12ra bitartean. Leioa izango da erakusketaren azken geltokia, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra artean. Bost herri horien elkarlanari esker egin ahal izan da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Antzinako Greziatik hartu du Sarriugartek caos terminoa izenburuan jartzeko: “Unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenarekin lotzen da, eta, beraz, kosmosa sortu aurretik zegoen hutsunearekin”. Komisarioak azaldu duenez, materiaren eszenaratzeak artikulazio abstraktu eta informala zuen, eta, hortik abiatuta, unibertsoaren beraren antolamendua konfiguratu zuten askotariko egiturak eta izar konposizioak sortu ziren, kosmosa finkatzeko: “Hasieran, hutsunea zen nagusi, baina unibertsoaren bilakaera hasierako nahasmenetik urrunduz joan zen ordenara bideratzeko; hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zen, non elementu bakoitzak bere lekua eskuratu zuen, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten pean”.
Umea zenetik du gogoan Susperregik astronomiarekiko zaletasuna: “Txikitatik izan dut astronomiarako interesa, eta hortik hasi nuen nire ideia. Prismatikoen eta teleskopioen arteko tramankulu bat erabiltzen dut udan, eta horrek erein zuen lehen hazia”. Artearen eta astronomiaren arteko lan bat aurkeztu zuen. Hori gauzatzea “erronka handia” zela iruditu zaion Sarriugarteri, hala ere: “Artista bizkaitarrak daude Bostekoren oinarrian, eta hori izan da zailtasun bat, luzea izan da landa lana; astronomiarekin erlazionatutako hiru artista bizkaitar aurkitzea ez da erraza”.
Hiru era kosmosa ikusteko
Lehenagotik ezaguna zuen Maria Paezen lana. “Paezek kaosa lantzen du, eta hori erlaziona daiteke era askotan, baina hari gustatzen zaio unibertsoaren kaosaren zikloa; kaosa eta ordenamendua bereizteko; ala kosmosa, sinonimoak baitira. Dena hasten da kaosetik eta kosmosera doa”.
Sarriugartek azpimarratu du Paezen pintura oso kaotikoa dela: “Pigmentu naturalak erabiltzen ditu, eta, horretarako, estraktu piktorikoak erabiltzen ditu; bata bestearen gainean eta denboraren igarotzearekin, naturala denez, pigmentua kolorez aldatzen da. Kaosaren prozesua lantzen du hala, eta egiten du zikloa, lehen aipatu daudana. Erraz ikusten da da haren lanetan”.
Bilaketan segi, eta beste bi artista topatu zituen. Gorka Gondra mungiarra, esaterako. Geometria abstraktua lantzen du, eta horrek txunditu zuen Sarriugarte: “Oso landua, oso kartesiarra da haren lana; oso matematikoa. Haren lanetan agertzen dira parametro matematiko eta zehatzak, ordenamenduaren efektua irudikatzen dutenak. Gero, gainera, agertzen ditu fenomeno batzuk eta Hipotsi nebulrra edo Irradiazio kosmikoa bezalako izenak jartzen dizkie lanei, eta hortik lotura ere bai”.
Victor Arrizabalaga artistaren lana poliedrikoa dela aipatu du Sarriugartek: “Baina bere bizitzako aldi konkretu batean, astronomiaren fenomenoekin erlazionatu zuen bere lana, grabitazio zirkuluak, orbita eszentrikoak, konstelazioak, aurora borealak, izar euria eta meteoritoak eskulturen bidez errepresentatu zituelako”.
Erakusketa prestatzeak “buruko mina” eman ziola aitortu du, baina “lan gogorraren” emaitzaz harro agertu da: “Nire ametsa bete dut. Izan ere, azkenean, sortu dut astronomia eta artea lotu dituen erakusketa bat”. Proiektu pertsonala da, bere asmoekin hasi eta hiru artista bizkaitarrek gorpuztu dutena, orain, denen eskura jarritakoa.
Erakusketa mugikorra, ordea, moldatu behar da tokian tokiko aretoetara. Lana berez ez dela zaila aipatu du Sarriugartek: “Bost leku edo areto daudenez gero, dena mugitu behar duzu, eta askotan ez da erraza. Aukerak agertzen dira bost erakusketa ezberdin sortzeko, baina arazoak ere bai. Lan guztiak ez dira sartzen espazio denetan. Hautaketa bat egin behar da eta diseinatu behar da lana”.
Heldutasun profesionala
Dena atontzen amaitutakoan, helburuak ere jarri zizkion erakusketari: kaosa eta kosmosa aztertu dituzte, eta, hark dioenez, hor dago topatu dioten emaitza. “Badakit ez dela ikusle askorentzat ohikoa izango. Astronomiari buruzko proposamen bisual eta artistikoa eskaintzen du, eta, hori, izatez, erakusketa zientifikoen kargu egoten da. Artean, aldiz, ez da ohikoa”.
Berritzailea eta originala da, Sarriugarteren iritziz, gaia erakusten duelako, azaldu eta era berean abstraitu ere bai: “Ikusiz gero proposamen artistikoa, edonor konturatuko da erakusketaren muina hiru sortzaile hauen heldutasun profesionalari esker dela hain ederra. Teknikoki zein kontzeptualki garapen handiko artistak dira hirurak, eta ibilbide profesional luzea dute. Ez dira artista nobelak”.
Funtsean, aurtengo Bosteko bi margolari eta eskultore bat dira, amets bat bete dutenak. Modu poetikoan ere begiratu daitekeela adierazi du Sarriugartek: “Posible delako aretora sartu eta bidaiatzea, besterik gabe, arrazoirik gabe, beste unibertso batera”. Belaunaldiarteko artistak jarri nahi izan ditu kontaktuan horretarako, esanahiekin jolas zezaten: “Bisita gidatuetan, jendea beste esfera batean sartzen da, eta ikusten da nolakoa den unibertsoa: harrigarria”. Komisarioak aipatu du erakusketak harrera bikaina izan duela fisikarien artean, mailing-a egin zutelako proiektua azalduz inguruko ikerkuntza zentroetara, eta harro dago erantzunarekin.