Markos Tedin-Uriburu Castro
Bigarren urtez jarraian, Pilota Pro Fest eskuz binakako txapelketa egingo dute Zornotzan, Zelaietako Amorebieta IV.a frontoian. Lau jaialdi izango dira, eta guztiak barikuetan jokatuko dira: abenduaren 1ean, urtarrilaren 5ean, otsailaren 2an eta otsailaren 23an.
Unai Iglesias Baikoko arduradun komertzialak eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak aurkeztu dute jaialdia, azaroaren 8an Zornotzan egindako agerraldian. Unai Laso, Erik Jaka, Aitor Elordi, Jon Mariezkurrena eta Aimar Morgetxaberria pilotariak ere han izan ziren. Salterainek Baikori eskertu dio Zornotzako frontoia aukeratzeagatik txapelketarako, eta azpimarratu du era honetako jaialdiak garrantzitsuak direla: “Horrelako ekitaldiak ezinbestekoak dira euskal pilotaren sena herritarren eta gure kulturan bizirik mantentzeko”. Pilotariak ere eskertu zituen alkateak. “Zuek, hemen zaudeten pilotariak eta datozen asteetan lehiatuko direnak, erreferente zarete belaunaldi berrientzat eta inspirazio iturri adin guztietako zaleentzat”, esan zien. Zornotzar guztiak partidez gozatzera animatu zituen: “Euskal pilota gure nortasunaren zati bat da, eta gure betebeharra da pilotaren praktika eta ikuskizunak babestea eta sustatzea”. Bide beretik, Iglesiasek adierazi zuen Zornotza aukeratu zutela berriro Pilota Pro Fest egiteko joan den urtean arrakasta handia izan zuelako jaialdiak.
Txapelketako sarrerak eta abonuak salgai daude dagoeneko. Bi modutara lor daitezke: Entradasfronton.com webgunean, eta Zornotzako Urtza eta Venezia tabernetan. Lau jaialdiak ikusteko abonuak 90 euro balio du, eta jaialdi bat ikusteko sarrera 20 eurotik gora ordaindu beharko da. Jaialdiak 22:00etan hasiko dira, eta, besteak beste, musika eta zozketak eskainiko dituzte partidak girotzeko.
Tokiko talentua
Aimar Morgaetxebarria pilotari zornotzarraren parte hartzea aipatu zuen Salterain alkateak: “Harro nabarmendu nahi dut Aimar Morgaetxebarria Zornotzako pilotaria: gure herriak kirol honetan duen talentua eta ahalegina ordezkatzen ditu”. Baikoko pilotaria “jaialdi guztietan ez bada, gehienetan” izango dela bermatu zuen Iglesiasek.
Morgatxebarriak berak adierazi zuenez, “polita” da herrian hainbeste urtetan entrenatu den frontoi batean jokatzea. Txapelketari begira, 21 urteko pilotariak uste du abantaila izango duela etxean lehiatuko delako. “Hemen jokatzea erraztasun moduko bat da, frontoia hobeto ezagutzen dudalako”. Amorebieta IVa. frontoian aritzeko irrikan dela azaldu zuen Morgetxeberriak: “Publikoan egongo diren gehienak herritarrak izango dira, eta horrek asko motibatzen nau”.
Lehen mailako partidak Zornotzan jokatzeko aukera izan du jada Baiko enpresako pilotari hark. Izan ere, debuta Amorebieta IV.a pilotalekuan egin zuen, iazko uztailaren 16an, herriko jaietan antolatutako jaialdian.