Naroa Torralba Rodriguez
Tradizionalki, liburutegi bat baldintza jakin batzuetan kontsultatzeko edo mailegatzeko ordenatutako eta sailkatutako liburu multzo bat gordetzen duen eraikina edo lokala da. Herri gehienetan dago bat, eta azterketa garaietan bete egiten dira. Durangok badu berea: Bizenta Mogel liburutegia. Esti Albizu arduradunak azaldu duenez, beti erabili izan da asko. “Biblioteka guztiek funtzionatzen zuten moduan aritzen ginen”. Urteak igaro ahala, zerbitzu gehiago eskainiz joan da liburutegia. Hamaika irakurketa talde ditu. Irakurketa errazeko taldea da horietako bat, eta Erraza saria irabazi berri du.
Biltegi soil bat baino gehiago, komunitatea eraikitzeko leku bat da liburutegia, Albizurentzat: “Harrobia beti eduki dugu; jende asko ibiltzen da hemen, eta beste udal zerbitzu baten modukoa da hau. Bilduman oinarritzen da esentzia, baina komunitatea sendotzeko eta batzeko erabili nahi dugu biblioteka”. Herrialde Katalanak hartu dituzte erreferentziatzat, han ohikoak baitira horrelako formatuak.
Bizenta Mogel liburutegian ekintzen programazio bat osatzen dute ikasturtero, beraz. Betiere, irakurzaletasuna mantenduz oinarrian. “Irakurtzea eta ulertzea da behar duguna, hain alfabetatua dagoen mundu honetan garatuz jarraitzeko. Irakurketarik gabe, bestela, oso zaila da funtzionatzea. Ez dakit berba hori den, baina ezagutza partekatzeko bide oso egokia da literatura. Eta liburutegira sartzeko ateak edonori, edonola zabaltzea da gure lana. Hau beste modu bateko toki bat zen ni sartu nintzenean”.
Giza liburutegiak
Liburutegiaren esentzia ezagutza partekatzeko leku bat izatea dela azpimarratu du Albizuk. Hori, gainera, bide askotatik egin daitekeela irizten dio: “Badago bide bat, kontakizunarena, non pertsona fisikoa liburu bihurtzen dugun, eta jendeari asko gustatzen zaizkio modu horiek”. Durangoko Udaleko Immigrazio Sailarekin elkarlanean hasi ziren formatua ehuntzen, Albizuk azaldu duenez: “Zazpi urte daramagu Bideak gurutzatuz deitzen den egitasmoan. Giza biblioteka da ekintza zentrala”. Bertan, pertsona bati eta haren kontakizunari izenburu bat jartzen diote, liburu batean nola, eta jendea biltzen da, esateko duena entzutera.
Eredu hori 2000ko hamarkadan sortu zen, Danimarkan, aurreiritziak apurtzeko, jendearen errealitatea ezagutarazteko sentsibilizazio modura. Albizuren ustez, ezagutzak gauzak beste modu batean begiratzea dakar: “Guk horrela moldatu dugu: euren errealitatea hogei minutuz kontatuko duten sei pertsona izango ditugu azaroan gurean. Ekintzak bi ordu inguru iraungo du, baina hogei minutuak amaituta, jendeak erabakiko du hurrengoa entzun edo liburutegitik alde egin. Beti entzuten dituzte guztiak, dena den”. Elkarrizketa bat sortzen da. Ez da bakarrizketa bat, eta horrek are bereziagoa egiten du istorioa.
Durangon 2004. urtean sortu zuten lehen irakurketa kluba, literatura maisu batek erretiroa hartu eta bere jakintza kontatzeko nahia azaldu duenean. Arrakasta izugarrizkoa izan zen, Albizuren arabera: “Sei-zortzi talde finko ditugu orain, eta denak daude beteta. Itxaron zerrendak ere baditugu, umeenak batu gabe. Irakurketa errazekoak batuta ere gehiago dira”.
Dinamizatzaile bat egoten da denetan. Irakurtzeko esfortzua ez da bera talde denetan, denek ez baitituzte bide berdinak izan horra heltzeko, Albizuk aipatu duenez: “Guk eskaintzen dugu deskodetze horren demokratizazioa, hein batean”.
Hamar urte dira irakurketa errazeko taldeak sortzen hasi zirela Durangon. Liburutegiko erabiltzaile batek zekien proiektua zer zen, eta haren bidez izan zuten haren berri. “Kuriosoa eman lezake, baina dena da horrela hemen”. Irakurketa arazoak dituztenentzat saio batzuk moldatu zituzten: “Beharrizan ezberdinak dituzten pertsonak batzen dira, eta beharrizan berezi horiek haien esangura osoan asetzen saiatzen gara”.
2013an egin zutena behin-behineko kontua izan zela aipatu du Albizuk. Orain, urritik ekainera bitarte eskaintzen dute programazioa. DBH 3ko eta DBH 4ko dibertsifikazio ikasleekin, adibidez, oso harreman polita garatu zutela esan du: “Sartu ziren esanez ez zitzaiela irakurtzea gustatzen, eta gehiago eskatuz amaitu zuten”.
Irakurterraza denentzat
Irakurketa errazeko liburu baten testua formatu aldetik errazagoa dela aipatu du Albizuk, liburuak moldatuta baitaude: “Testua, hasteko, laburragoa da. Esaldiak ere errazagoak dira, eta testu gutxi egoten da normalean orrialde bakoitzean. Esanahi zaila duen berba bat agertzen denean, ondoan dago jarrita esanahia”.
Gakoa moldaketan dagoela nabaritu du: “Esfortzu maila jaisten denean, etekina handiagoa da. Parekatu egiten dira esfortzua eta jasotzen duzuna. Horri material gehigarria gehituta, irakurketara plazeretik hurbiltzen laguntzen ditugu”. Iurretako liburutegiarekin batera jaso du Erraza saria. Irakurketa Errazeko Elkarteak banatzen ditu sari horiek, eta “bultzada” gisa hartu dituzte.
Literaturaren harremana zaintzea berebizikoa da, Albizuren ustez: “Denontzat da esfortzu bat irakurtzea. Kontzentrazio handia eskatzen du. Modu atseginean gerturatu behar dugu irakurketara, jakinda zer zailtasun dauden. Programazioarekin hori egiten dugu, ahalegina egin behintzat, konbentzituta gaudelako irakurketa ezagutzara hurbiltzeak bizitza hobea egiten duela. Udal zerbitzu bat gara, eta helburu hori dugu”.