Uribe Kostan euskaldunak saretzeko Kulturaldia

Uribe Kostan euskaldunak saretzeko Kulturaldia

Mikel Garcia Martikorena

Udazkenean, zuhaitzetako hostoak legez, eskaintza kulturala ere erori egiten da herrietako karteletatik. Udako jaialdien azken txanpa gaindituta, eta herriko jaiak igaro ostean, herri asko ekintza kultural gutxi batzuekin geratzen dira. Eskaintzari eustearen beharraz jabetuta —batez ere, euskarazkoari—, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Kulturaldia jarri zuen abian 2020an. Bihar hasiko da laugarren jaialdia. Guztira, hamalau ikuskizun antolatu dituzte lau asteburutarako. Jaialdia Uribe Kostako herrietan ibiliko da, bihar Plentzian hasi eta abenduaren 3an Barrikan bukatu arte.

Mankomunitateko Euskara Zerbitzua arduratzen da jaialdia antolatzeaz. Joanes Atxa Euskara Zerbitzuko teknikariak azaldu duenez, eskualdean “euskarazko eskaintza kulturala indartzeko ahalegina” egin behar zutela ikusi zuten pandemia ostean: “Herritarrei aukera eman behar genien euskarazko eskaintza kulturalaz gozatzeko. Horregatik erabaki genuen Kulturaldia sortu behar genuela, eta ordutik ari gara hura antolatzen”.

Jaialdiak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, eskualdean euskararen erabilera sustatzea eremu informalean. Bestetik, Uribe Kostako euskaldunak saretzea. Helburuok kontuan hartuta, jaialdiak hiru ardatz dituela esan du Atxak: euskarazko kultura kontsumitzea, eta “horrek dakarren euskararen erabilera” sustatzea; doakotasuna, hau da, “kulturaren eta euskararen demokratizazioa, mundu guztiak horietaz gozatzeko aukera” izan dezan; eta eskualdeko herrien arteko “elkartasuna eta komunikazioa” sustatzea.

Helburuak bete eta ardatz guztiak mantentzeko, “tresna egokia” iruditzen zaio doako eskaintza Euskara Zerbitzuko teknikariari. “Doakotasuna guretzat oso garrantzitsua da, euskararen inguruko mugimendua demokratizatzen duelako. Gure ustez, euskarak eta euskaldunak kalera irten behar dugu”, ohartarazi du Atxak. Gainera, doan izanda, eskualdeko bizilagunentzat “hain ezagunak ez diren” artista euskaldunak gerturatzeko aukera ere badela iritzi dio.

Eskualdea saretu

Kulturaldia Uribe Kostako herrien arteko harremanak sustatzeko ere sortu zuten. Atxaren iritziz, “nahiko difusoa” da haien eskualdea, ez baitago “nuklearizatuta”: “Herriak sakabanatuta daude. Kulturaldia bezalako ekimenekin, haien arteko harreman sareak josi nahi ditugu. Eskualdeko herrietan bizi diren euskaldunen, euskaltzaleen eta euskararen beraren inguruan mugitzen direnen arteko harremanak eraiki nahi ditugu”. Izan ere, Atxak dioenez, mankomunitatean nabari dute herrietan banaka kultura programazioa egon badagoen arren, ez dagoela eskualde osoa hartzen duen jarduera “nahikorik”. Hortaz, beharrezkotzat daukate eremu osoa hartzen duen jaialdi bat prestatzea.

J_MARTINA

Uribe Kostako udalerri guztiak kontuan hartzen dituzten jardueren gabeziak eragina du eskualdean, herri txikiagoak “alde batera” geratzen baitira kultura programazioari dagokionez. “Gure helburua Barrika eta Lemoiz bezalako herri txikiagoei garrantzia ematea ere bada”, azpimarratu du Atxak. Horregatik jarri dituzte “egun eta ekintza bereziak” herri horietan. Barrikan, esaterako, Kulturaldiaren azken eguna ospatuko da.

Abenduaren 3an emango diote bukaera Kulturaldiari; eguna ez dute ausaz hautatu. Izan ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da abenduaren 3an, eta, “sinbolikoa den arren, garrantzi handiagoa ematea ez dago sobran”, Euskara Zerbitzuko teknikariaren ustetan. Barrikan jendea batzea ez da Sopela edo Plentzia bezalako “herri handiagoetan” bezain erraza; beraz, mankomunitateak uste du Euskararen Eguna baliatuta “jendea biltzeko ahalmen handiagoa” izango dutela.

Uribe Kostaren eskaintza kulturala ez da soilik hauspotzen eskualdeko udalerrietan jarduera gehiago antolatuta: bertako artistei ere aukera eman behar zaie. Hala uste dute Kulturaldiko antolatzaileek, eta horregatik saiatzen dira “eskualdeko sorkuntza kultural euskaldunari” bere lekua ematen. Horren adibide da, besteak beste, abenduaren 2an Sopelako frontoian kontzertua emango duela Xabi Aburruzaga musikari sopeloztarrak. “Aburruzagak ekitaldi berezia antolatu du Kulturaldirako espresuki”, iragarri du Atxak.

Publiko guztiei begira

Abenduaren 2koa ez da izango Kulturaldirako bereziki prestatu den ekitaldi bakarra. Lemoizen, azaroaren 18an, kalejira mitologikoa egingo dute, Armintzan barrena. Lemoizko herri eskolarekin batera ondu dute kalejira Uribe Kostako Mankomunitateko teknikariek. “Eskolan egiten ari diren euskal mitologia lantzeko ikastaro pedagogiko jakin batekin dago estuki lotuta, eta horren bukaera izango da kalejira”, azaldu du Joanes Atxak.

Olaia Inziarte musikaria

Euskara zerbitzuko teknikariak dio Armintzako jarduera txikienentzako eta familientzako dagoela pentsatuta, baina publiko guztia erakartzeko antolatu dute jaialdia: “Saiatzen gara herritarren gehiengoa erakartzen. Horretarako, gustu eta adin guztiei bideratutako ekintzak saiatzen gara antolatzen”. Gazteenek eta ez hain gazte ez direnek Eireren eta J Martinaren kontzertuez gozatzeko aukera izango dute Plentzian, bihar. Gainera, hilaren 18an, Olaia Inziartek kontzertua emango du Gorlizen, pole dance tailerraren ostean. “Publiko helduago bati begira”, abenduaren 1erako bertso saioa antolatu dute Sopelan. Bertan arituko dira Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Imanol Uria eta Sustrai Colina.

Atxak dio aurtengo egitaraua antolatzeko orduan “laguntzaile pribilegiatua” izan dutela. Izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Udagoieneko Ostera programaren barruan sartu dira Gorlizko eta Urdulizko ekitaldiak.