Doinu tradizionalen topaketa

Doinu tradizionalen topaketa

Amaia Igartua Aristondo

Andra Mari Eusko Dantzari taldea 1955ean sortu zuten Galdakaon; hurrengo hamarkadetan, Euskal Herriko erritmo, musika eta dantza zaharrak ikertzeari eta berreskuratzeari ekin zioten, baita horiek helarazteari ere nazioarteko jaialdietan. Alabaina, taldearen interesa bertoko tradiziotik harago doa, beste mintzaira eta kultura batzuk ere baitituzte jopuntuan. Munduko folklorea herrira ekartzen dute Folklore Bizia jaialdian, esaterako, eta hainbat bazterretako musika, Musika Bizia festibalaren bitartez. Gaur eta bihar, Musika Bizian jaialdiaren bederatzigarren aldia egingo dute, Galdakaoko Iturriondo plazan: kale animazioa, kontzertuak eta azoka antolatu dituzte.

Jaialdiak musika tradizionala du oinarrian, Xabi Ealo komunikazio arduradunaren arabera. Galdakaon badu tokia generoak, jende gazteak sortutako hainbat talde daudelako, Ealoren berbetan. Entzule mugatuak ditu, halere, haren hitzei erreparatuta, bai Galdakaon, bai Euskal Herrian. “Kontsumitzen da eremu jakinetan, tradizioari lotutakoetan eta euskaldunetan. Ez dut uste gazte askok kontsumitzen duenik, ezta ezagutzen duenik ere”. Hori horrela, festibala bada, orobat, musika tradizionala hedatu eta publiko berriarengana hurbiltzeko modu bat, komunikazio arduradunaren esanetan.

Estaturik gabeko herrialdetako taldeak batzen dituzte Musika Bizian-en. Ealok azaldu duenez, aldi bat bukatu eta berehala hasten dira hurrengo aldiko egitaraua prestatzen, beste jaialdi batzuk kontuan hartuta. “Gure antzeko egoeran dauden lekuetako taldeak izan behar dira; hau da, kultur eta hizkuntza gutxiagotukoak”. 2014an egin zuten jaialdia aurrenekoz, eta ordutik berrogei herrialde inguruko musikariek jo dute herrian: Herrialde Katalanetako, Galiziako, Transilvaniako, Groenlandiako, Kurdistango, Siziliako eta Eskoziako doinuak entzun dira, besteak beste.

Aurten, beste bost talde gehituko dira zerrendara: Kornuallesko The Stowes, Bretainiako Startijenn, Kosovoko Gipsy Groove eta Euskal Herriko Gozategi eta McOnak. “Haientzat leiho bat da euren hizkuntza eta kultura erakusteko, Europan ez baita tankera honetako beste jaialdirik egiten”, azpimarratu du.

Luthierrak_Galdakaon

Soinuen nahasketa

Gaur hasiko da festibala, Taberna Ibiltaria taldearen kale animazioarekin. Santi Brouard plazatik aterako dira. Ondoren, pare bat kontzertu egongo dira Iturriondo plazan, 21:30ean. The Stowes ariko dira aurrenik. Folk tradizionalaren nahasketa bat jotzen dute, batik bat kornualleseratik, irlandarretik eta eskoziarretik edaten duena; eta, doinuei dagokienez ere, askotarikoak dira iturriak: pianoko akordeoia, bouzoukia, bost hariko banjoa eta efektuen pedala uztartzen dituzte. Aurretik ere ibili dira sorterritik kanpo, azken sei urteetan mundu osoan jo baitute.

Gozategi igoko da ostean agertokira: Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea —hasieran, Ainhoa Gozategi ere aritzen zen biekin—. 1994an, haiek ekoitzitako maketa batekin arrakasta lortu zuten —2.000 ale saldu zituzten uda bakarrean—, eta, ordutik, zazpi disko atera eta ehundaka kontzertu eman dituzte.

Bihar, luthier azoka egingo dute 12:00etan. Artisautzak toki esanguratsua du jaialdian, Ealok nabarmendu duenez. “Kultura eta musika beste modu batean erakutsi nahi dugu, luthierren musika tresnarik barik ez bailegoke musikarik, azken finean”. Erakustaldi bat egingo dute, baita haurrentzako musika tresna ikastaro bat ere, “umeek sakondu dezaten, eta haiei ere transmititzeko”.

Arratsaldean jarraituko du musikak. 19:00etan, einGO taldeak kale animazioa eskainiko du karpatik abiatuta, eta, 21:00etatik aurrera, hiru taldek biribilduko dute aurtengo aldia; Satrtijenn taldeak, lehenengo. Bretoien tresna tradizionalak erabiltzen dituzte, eta erritmo handikoak izaten dira euren ikuskizunak. Iaz kaleratu zuten beren azken diskoa, Talm ur galom (Bihotzaren taupadak).

Gipsy Groove ariko da ostean. Balkan romani eta balkan folk estiloak nahasten dituzte jazzarekin, reggaearekin, funkarekin, skarekin eta drum & bassarekin, eta giza eskubideez aritzen dira euren abestietan: desberdintasunaz, mugitzeko askatasunaz, arrazakeriaz, emakumeen eskubideez… McOnak Lekeitioko seikoteak itxiko du festibala whistle, banjo, folk eta rock doinuekin.