Ate bat natur erreinuetara

Ate bat natur erreinuetara

Natalia Salazar Orbe

Maitatzen ez dena ezin da defendatu, eta ezin daiteke maitatu ezagutzen ez dena”. Esaldi horrek egiten dio harrera Mañariko Hontza museora sartzen den bisitariari. Mezu argia zabaltzen du. Hala uste du Enrike Huerta Hontza Museoa fundazioko presidenteak: “Zer-nola defendatuko duzu zerbait aurretik ezagutzen ez baduzu, eta horri esker estimatzen eta maitatzen ez baduzu?”.

Naturara gerturatzeko bost natur erreinuetako hiru ezagutzeko aukera eskaintzen du museoak: Fungi —onddoak eta perretxikoak—, Landareak —landareak, zuhaitzak, algak, likenak eta goroldioak— eta Animaliak —ornogabeak eta ornodunak—. Horiez gain, Geologia aretoa ere badute. Bertan, hareak, haitzak, mineralak eta fosilak gordetzen dituzte. Hori guztia zazpi areto eta korridore txiki batean dute erakusgai.

Naturaren unibertsoa jaso du Mañariko museoak, helburu jakin batzuekin. “Natura ezagutarazi behar dugu, kultur arloan zein hezkuntzarenean. Batetik, naturaren biodibertsitatea erakusteko balio du. Horri esker, estimatu, maite eta babestu egingo dugu. Arlo hezitzaileari dagokionez, eskolen osagarria da, baita unibertsitateko ikasleentzat ere”, esan du Huertak. Hain zuzen, Zoologia ikasleak joaten zaizkie, eta museoak in situ lan egiteko aukera ematen die.

1.500 espezie dituzte erakusgai, baina biltegietan gordeak dituztenekin batera, 45.000 espezieren funtsa dauka museoak. Besteak beste, Japoniako karramarro erraldoia, albatros alderraia, ornitorrinkoa, jirafa, lehoiak, armadiloa, putreak edota arranoak aurkitu daitezke horien guztien artean. Erakusgai dituzten espezieak 25 taldetan sailkatuta dituzte, eta “naturaren aniztasunaren eta edertasunaren erakusgarri” gisa deskribatu dituzte.

Zaila da esatea zerk eman diezaiokeen arretarik handiena bisitariari. Hala ere, munduko espezie bitxi eta interesgarrien ale ugari ikus daitezke erakusketako beiren artean. Besteak beste, bertan aurki daitezke, halaber, munduko tximeletarik luzeena, tarantula eta eskorpioirik handienak, ehunzangoak, milazangoak, barraskiloak, itsas izarrak, arrainak, belakiak edota koralak.

Aldi baterako erakusketa

Erakusketa iraunkorraz gain, aldi baterako beste bat inauguratu zuten joan den urriaren 1ean, eta datorren urteko irailera arte bisitatu ahalko da: Itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkartea Ambar. “Plentziako gobernuz kanpoko Ambar erakundearekin elkarlanean osatu dugu”, esan du Huertak. “Erakusgai jarri ditugu, besteak beste, eskeletoak, burezurrak eta beste elementu batzuk”.

Hontza museoa natur zientzien Bizkaiko lehenengo museoa da, eta bakarra, gainera. Huertak azaldu du gizartearen zerbitzura eratutakoa dela, eta hainbat betebehar dituela: “Besteak beste, ondarea kontserbatzea, ikerketa egitea, kultura sustatzea eta, batez ere, funtzio hezigarria du”. Berlingo Naturkunde natur zientzien museoaren ahizpa txiki gisa defini liteke. “Txikiagoa da, baina gureak haren besteko biodibertsitate sorta du; edo hark baino handiagoa”, esan du Huertak.

HONTZA MUSEOA

Hastapenak, 1962an

Huertak abiatu zuen proiektua. 1962an sortu zitzaion era horretako museo bat egiteko ideia, Euskal Herrian halakorik ez zegoela ikusita. Helburua betetze aldera, mota guztietako aleak biltzeari ekin zion, etorkizunean Natura Zientzien Museoa sortzeko asmoz. 1985 eta 1990 urteen artean egon zen zabalik hasieran. Urte batzuk geroago, 2014an, ireki zuten berriro; orduko hartan, gaur egunera arte egoitza duen eraikinean kokatu zuten: Ebaristo Bustinza Kirikiño idazle mañariarraren etxean, Zumelaga eraikinean.

Hastapen haietan 21 taldetako 541 ale aurkeztu zituzten, Botanika, Fungi, Geologia, Paleontologia, Ornogabeak eta Ornodunak ataletan sailkatuta. Orduz geroztik, mundu osoko espezierik adierazgarrienak erakusten dituzte Durangaldeko txoko txiki hartan. Eta denetariko bisitariak gerturatzen zaizkie; baina, batez ere, ikasleak.