Ibai Maruri Bilbao
“Krisi handia izan zen. Egun larriak izan ziren. Eta hurrengo urteak ere baldintzatu zituen: erretako baso sail itzelak bota behar izan ziren, zuraren merkatua hankaz gora jarri zuen…”. Iñaki Garmendia Bizkaiko Foru Aldundiko basozain izateko oposizioak prestatzen ibili zen duela 30 urte. Bizkaiko Basozainak elkarteko kidea da. Plaza lortuta, 1990eko urte bukaeran hasi zen beharrean, Enkarterri aldean. Baina gertutik ezagutu zituen 1989ko abenduko suteak. Datorren astean beteko dira hiru hamarkada. Gipuzkoarra da, eta bere herrialdean ibili zen sua itzaltzen, boluntario moduan. Sute haiek kalte gehien egin zieten herrialdeak izan ziren Gipuzkoa eta, batez ere, Bizkaia. Izan ere, baso lurzoruen %20 galdu zuen Bizkaiak astebetean: diputazioaren arabera, 28.911 hektarea erre ziren.
Hein handi batean klima egin du Garmendiak suteen erantzule; herrialdea sikate betean egon zen 1989tik 1991ra. Lehorra eta hotza izan zen udazkena. Izotza egin zuen sarri, sasiak eta iratzeak edo garoak erabat lehortuz. Ondorengo egunetan epelera jo zuen, hego haizearekin. Hala, suak landaredia sikatua, tenperatura altuak eta haize zakarra izan zituen lagun. Eta pinua. Pinua Euskal Herrira sartu zen eskualdean, Bizkai ekialdean, ez zen baso sail bakar bat ere salbatu.
Kolore Guztietako Basoak plataformako kide da Keko Alonso: “Hain eremu zabalean espezie bakarra baldin baduzu, sua erraz zabalduko da”. Azaldu du monolaborantzan espezie bakarra eta adin berekoa ustiatzen dela; horrek, ezinbestean, pinudia zaintzea eskatzen du. “Moztu ditzakezu sasiak eta iratzeak, inausketak egin ditzakezu, baina dena bertan pilatuta utzi. Edo gerta daiteke garbiketarik ez egitea. Bi kasuak dira oso arriskutsuak, suarentzako erregai naturala bihurtzen direlako”. Duela 30 urte, pinudiak ez zeuden ondo zainduta. Baserritar askok, izan ere, landa inguruko lana utzi eta fabrikarako bidea egin zuen.
Baso naturaletan edo hosto zabalen basoetan, berriz, hostoak eta adarrak apurka-apurka erortzen dira, modu naturalean, eta lur gainean pilatzen dira. Geruza horrek hezetasuna gordetzeko balio du, eta bere azpian dagoen lurrean buztin-humus konplexu bat sortzen eta mantentzen laguntzen du. “Belaki funtzioa egiten du: euria ari duenean xurgatu egiten du, eta apurka-apurka askatuz joaten da, lurrera eta airera. Suteen aurkako neurri naturalik onena da”. Azken urteetan Portugal eta Galizia aldean izan diren suteak ipini ditu adibide moduan Alonsok, eta gogora ekarri ditu ikusi diren irudiak: erabat kiskalitako eukalipto sailen erdian, hosto zabaleko baso txikiak salbatuta, uharteak balira bezala.
Garmendia ere bat dator azpimarratzean espezie aniztasun hori ezinbestekoa dela. “Suteak saihesteko suebakiak egiten ditugu basozainok. Eta suebakia egiteko moduetako bat alboko sailean beste baso mota bat jartzea izaten da”. Dena den, Garmendiak uste du orduko baldintza klimatikoak errepikatuko balira ezinezkoa izango litzatekeela duela 30 urteko hondamendia saihestea. “Asko hobetu da. Guk asko jarri dugu gure aldetik. Baso garbiketak egiten dira, baliabideak hobetu dira, suaren erabilpena asko murriztu da…”, zehaztu du. Horren erakusle dira datuak. 1990eko hamarkadan, nabarmen jaitsi ziren suteen ondorioz erretako hektareak: bostehundik behera urteko. Eta XXI. mendeko lehen hamarkadan, are gehiago: 213 hektarea, batez beste, urteko. Otsailean eman zituen daturik berrienak Bizkaiko Foru Aldundiak: 2017an, 77,66 hektarea erre ziren Bizkaian; 30,97 hektarea izan ziren iaz. Sute kopurua ere 34tik 24ra jaitsi da azken bi urteotan. “Baina, orduko baldintza klimatikoak errepikatuz gero, ezer gutxi egin daiteke”, ohartarazi du Garmendiak.
Alonsok uste du orain egoera larriagoa litzatekeela. Izan ere, azken urteetan beste arbola espezie bat hasi da Bizkaian pinuaren lekua hartzen; eta, pinudietako izurritearen ondorioz, beldur da ez ote den nagusituko. Eukaliptoa da espezie hori. “Pinua bera baino dezente okerragoa da sute batean”. Hazi fundazioak otsailean 2018ko EAEko Basoen Inbentarioan jasotako datuak dira hauek: 17.300 eukalipto hektarea zenbatu ziren. 2011ko inbentarioan, 14.600 hektarea izan ziren.
Alonsok azaldu du zergatik den pinua baino arriskutsuagoa. Pinuaren azala trinkoagoa dela azpimarratu du; eukaliptoarena, berriz, papiro zatiak balira bezala askatzen da. Hostoek, fruituek eta azalak dituzten substantziak, gainera, oso errekorrak dira, esan duenez. Pinudiek zaintza eskatzen dute ezinbestean, gero lortuko den zura kalitatezkoa izatea nahi bada; eukaliptoak, berriz, ez du halakorik behar. “Posible da hamabost urtean inor ez sartzea eukalipto sail batera lanera”.
Kezka agertu du, iruditzen baitzaio Bizkaiko baso eredua Portugal eta Galizia aldekora gerturatzen ari dela. “Kontuan izan inguru haietan zer-nolako kalteak egin zituen suak. Jende asko hil zen eremu ez hain zabaletan. Hemen halakorik gertatuko balitz, larriagoa izango litzateke, hemengo dentsitatea askoz handiagoa baita. Eukalipto baso zabalak ditugu, etxeetatik gertu, han bezala. Baina hemen jende gehiago bizi gara toki txikian”.
Garmendiak gogoeta eskatu du. Iruditzen zaio duela 30 urteko agintariek neurri “ausartak” hartu zituztela, baina “azkarregi”, gogoetarik gabe. Adibidez, azpimarratu du herri lurretan landatutako arbolen erdiak hosto zabalekoak izatea erabaki zela. Baina uste du ez zela egoki egin. “Hosto-zabalen aldeko apustua egin zen, baina ez bertoko espezieak. Haritza, gaztainondoa eta gereziondoa ekarri ziren, baina amerikarrak”. Uste du Bizkaiak “zor handia” duela espezie autoktonoekin. Eta orain zor hori kitatzeko abagune aproposa iruditzen zaio. “30 urte igaro direnean, berriro dago basoa krisi larri batean. Pinuen izurritea oso larria da. Aurten hobeto gaudela dirudi, baina geratzeko etorri da”. Kexatu da erakunde publikoen aldetik “duela 30 urteko ausardia” falta delako erabakiak hartzeko.
Baso jabeen artean belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari dela esan du. Batez ere kostaldeko eskualdeetan, basoak jabe txikien eskuetan daude, desamortizazio garaitik. “Pinuen izurriteagatik, adineko jabeek animoa galduta dute, eta lursailak saltzen hasi dira. Belaunaldi berriek ez dute lurrarekiko hainbesteko begirunerik, eta lursail horietako asko esku gutxi batzuetan geratzen ari dira. Aukera paregabea da diputazioak lursail horiek erosi eta berriro ere publiko bihurtzeko. Eta lursail horiek aprobetxatzeko, gainontzeko jabeei kudeaketa eredu zuzena zein den erakusteko. Basoak eskertuko luke espezie autoktonoak sustatzea”.