Peru Azpillaga
Gure Esku Dago plataformak abiatutako herri galdeketen azken olatuak igandean hartuko du lur Euskal Herriko zenbait udalerritan. Berezitasun batzuk ere izango ditu olatu horrek; besteak beste, herri galdeketa egingo duen Euskal Herriko lehen hiriburuaren txanda ekarriko duelako berekin: Donostia. Hala ere, beste hainbat tokitan ere izango dira galdeketak azaroaren 18an. Bizkaian, adibidez, Alonsotegin, Zallan eta Balmasedan egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa.
Nafarroan galdeketa prozesuak aurrera jarraituko duen arren, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan amaitutzat emango du Gure Esku Dago plataformak fase hori. Hala, hausnarketa prozesu batean murgilduko da orain erabakitze eskubidearen aldeko plataforma. “Ikusten dugu errealitate aldakor batean bizi garela; bost urte bete ditugu, gauza andana egin ditugu, eta aurrera begirako erronkak definitzeko unea iritsi delakoan gaude”, azaldu du Alex Zenarruzabeitiak, Bizkaiko Gure Esku Dago plataformako arduradunak; “espero dugu bide orri bat definitua izatea otsailerako, aurrera egiteko eman beharreko pausoekin”, zehaztu du.
Galdeketen harira, Bizkaian, oro har, balorazio positiboa egin dutela nabarmendu du: “Ispasterrek eman zuen lehenengo pausoa, eta, geroztik, galdeketen fenomenoak hedapen oso zabala izan du”. Hainbat eskualdetan egin dira galdeketak: Lea Artibai, Busturialdea, Arratia, Durangaldea, Enkarterri… Bizkaiko geografia guztira hedatu da erabakitzeko eskubidea, baita Getxo eta Portugaleteren moduko toki esanguratsuetara ere. Zenarruzabeitiaren esanetan, udalerri horietako biztanleen aktibazioa funtsezkoa izan da galdeketak aurrera eramateko: “Herritarren ekimena erabakigarria izan da, haien artean dagoen erabakitzeko nahia; galdeketa bidez topatu dute hori aurrera eramateko bidea”.
Zenarruzabeitiaren aburuz, ariketak, batik bat, bi ezaugarri positibo ditu: alde batetik, galdeketa egiteak berak dakarren “pedagogia lana”, eta, bestetik, “herritarren aktibazioa”. Argudiatu duenez, kontsulten prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa da herritarren arteko adostasunak lortzea: “Euskal herritar asko lubakietan bizi gara oraindik ere, eta, beraz, adostasunak lortzeko lanketa berezi bat bultzatu behar da. Prozesu hau bururaino eramateko, adostasunez beteriko prozesu bat izan behar da, eta horrek pedagogia handia eskatzen du”.
Aurreko olatuan Enkarterriko eskualdeko Gueñes eta Sodupe herrietan egindako galdeketek “hondar oso positiboa” utzi zutela uste du Zenarruzabeitiak. “Lan ikaragarria” egin zutenez emaitza “onak” lortu zituztela adierazi du, eta horrek ere bultzada eman zuela oraingo olatuko herriak anima zitezen galdeketak egitera. Izan ere, Bizkaiko herriek erakutsitako “anbizioa” nabarmendu du: “Bizitzen ez bada, oso zaila da imajinatzea zer-nolako lana den galdeketa bat egitea”. Horrek anbizioaz gain “perspektiba” ere erakusten duela dio: “Argi utzi dute etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dutela, eta hori egiteko erarik onena erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea da”. Herri horietan eskubide hori gauzatzea lortu dutela dio: “Dena haiek lortu dute, eskura ditugun baliabide urriekin, ilusioa sobran dagoela erakutsiz”. Erantsi du hilabeteetako lanaren ostean “eklosio bat” gertatzen dela galdeketaren egunean: “Argazki eder bat bihurtzen da, eta, hilabeteak lanean eman ostean, bozkatzera joaten den jendea ikusita, sinergia eta afinitate asko sortzen dira, elkarbizitzarako ere balio handikoak”.
Azken herrien txanda
Hala, bigarren giza katearen ostean piztu zen Alonsotegi, Balmaseda eta Zallako herritarren grina, eta, geroztik, buru-belarri ibili dira lanean erabakitzeko eskubidea beren herrietan gauzatzeko. “Hasieran zaila ikusten genuen, baina, jendearekin hitz egiten eta ekintza batzuk antolatzen hasi ginenean, gogoa bazegoela sumatu genuen. Azkenik, batzar batean erabaki zen. Baiezko botoa emanez gero inplikatzeko eskatu genuen, hots, denon artean egin beharko genuela. Eta gehiengoak baietza eman zuen”, azaldu du Jorge Llaguno Balmasedako Gure Esku Dago-ko kideak. Lehenik, hiru herrietako udaletxeetan mozioak aurkeztu zituzten, eta, ondoren, galdera erabakitzeko prozesua abiatu zuten.
Herrietan erabakitzen diren galderak desberdinak izaten dira. “Bakoitzak bere soziologia konkretua du, eta prozesu parte hartzaileen bidez erabakitzen da herri bakoitzean zer galdera izan daitekeen egokiena”, azaldu du Zenarruzabeitiak. Horrek terminologiaren inguruan ere eztabaida sortzea dakar berarekin, eta herritarrek egunerokoan erabiltzen ez dituzten kontzeptuen inguruan hausnartzea: zer den estatua, zer nazioa…
Balmasedan eta Zallan batera egin zuten prozesu hori, eta, beraz, galdera bera egingo dute igandean: “Nahi al duzu euskal herritarrok burujabe izatea bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabakitzeko?”. Alonsotegin, berriz, galdera bestelakoa izango da: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritarra?”.
Arkaitz Segura Alonsotegiko Gure Esku Dago-ko kidea da, eta, galdeketa egingo zutela plazaratu zutenean, herrikideek “sorpresa handia” hartu zutela azaldu du. “Hau heziketa prozesu bat da; jendeak parte hartzen ikasi behar du, eta bere gauzak erabakitzeko gai izaten”. Horregatik, galdeketek berebiziko garrantzia dutela dio. Alonsotegin 2.500 pertsona daude erroldatuta, eta Segura baikorra da aurreikuspenak egiteko orduan: “Parte hartzea %30 eta %40 artean ibiltzea espero dut”.
Llagunok, berriz, balioa eman dio hilabete hauetan guztietan egin behar izan duten lanari, eta, jada galdeketarako dena prest duten arren, mota guztietako gestio lanak egin behar izan dituztela azaldu du: “Galdeketak arlo guztietan lan egitea eskatzen dizu. Guk hainbat talde egin genituen: batzuk informazioa biltzeaz eta atal burokratikoa kudeatzeaz arduratu dira batik bat; beste batzuk, elkarteekin eta alderdiekin elkarrizketak mantentzeaz, eta gainontzekoak, eguneroko gauzez: kartelak jarri, batzarrak antolatu, artikuluak idatzi, dirua lortu…”. Ondorioz, Balmasedan “presentzia handia” izan dutela azpimarratu du.
Llagunoren esanetan, Balmasedan urteetan sortutako “mesfidantzak” izan dira zailtasun nagusia: “Hasieran zeuden etiketa politikoak kentzea izan da latzena; tontakeria horretan denbora piloa galdu dugu, eta asko zaildu du gure lana”. Hala ere, adierazi du “poliki-poliki” eta eguneroko lanaren bidez hori aldatzea lortu dutela. “Talde zabala osatu dugu azkenean, pentsaera eta ideologia askotakoa, eta hamaika hitzaldi eta ekintza antolatu ditugu erabakitzeko eskubidearen berri emateko”. Balmasedan 7.000 lagun inguruko errolda dute, eta Llagunok aurreratu du mila botoko langa gainditzea espero dutela. Gainera, Gueñesen eta Gordexolan %20ko parte hartzea lortu zutenez, Balmasedakoei ere ehuneko horren inguruan ibiltzea gustatuko litzaieke.
Antzekoa izan da Zallan bizitakoa. Hibai Baskones ibili da bertako Gure Esku Dago-ko taldean murgilduta, eta berak galdeketa aurrera ateratzeko erabilitako filosofiari eman dio garrantzia. Azaldu duenez, egindako guztia ondo pasatzeko gogoetatik abiatu da, jendeari erakusteko galdeketen dinamika “jarrera positiboan” sortutako dinamika bat dela: “Ez gaude munduarekin haserre; arazo bati aurre egin nahi diogu, baina positibotasunean eta jarrera eraikitzaileetan oinarrituta”. Hortaz, nabarmendu du jendea “eroso sentitzea” izan dela beren asmoa; “beldurra kentzea eta hau aurrera eramanez ondo pasatzeko aukera dagoela erakustea”. Orain, galdeketa gainean duten arren, lasai dago Baskones: “Oso ondo egituratu eta antolatu dugu dena, eta, beraz, landatutakoa batzeko unea heldu zaigu”.
Hala ere, korapilo asko askatu behar izan dituztela gogoratu du: “Zaila da zure mezua helaraztea eta auzokide guztiei ulertaraztea zer aldarrikatzen dugun”. Hala ere, galdeketaren egunean jendea hurbilduko dela uste du Baskonesek. “Jendeak beldurra galdu behar du, eta prest egon behar du edozein gairen inguruan libreki iritzia eman eta bozkatzeko”.
Alde horretatik, ezezko boto asko egotea espero du: “Erabakitzeko eskubidearen mezua ondo landu dugun seinale litzateke hori, eta, beraz, benetan poztuko ginateke”. 6.700 pertsona inguru daude deituta Zallan botoa ematera, eta, aurreikuspen zehatzik egin ez duen arren, erabakitzeko eskubidea herritarrentzat “politika adeitsua” bihurtzeko aukera dela argudiatu du. “Zauriak ixteko funtsezkoa da jendeak ilusioa berreskuratzea eta bizitza publikoan parte hartzea”, ondorioztatu du.