Duela urte eta erdi idatzi nuen nire lehen iritzi zutabea kazeta honetan. Horren aurretik, bestelako piezak eginak nituen bertan, baina inondik ere ez ziren ez horren pertsonal, ez horren beldurgarri. Erronkari eutsi nion gogotsu, zerbait kontatzeko gogoz, Bizkaiari begirako kontuak ekartzeko eta batzuoi eragiten dizkiguten kontuak ikusarazteko asmoz. Ez noa esatera ez dakidanik asmatu dudan edo ez, askotan jakin baitut tiroa oker bota dudala pieza askotan. Baina, hori guztia kontuan hartuta ere, bide oso polita izan da. Eta hauxe da nire azkena orriotan.
Bide polita bezain beldurgarria izan da, esan dizuet. Ez nuen inondik inora espero piezok idazteak (berandu samar beti) eta bidaltzeak (atzerapenagatik barkamen eskez ia beti) horrelako bertigorik sor zezakeenik. Bertigoa, ardura zentzu batean. Bai baitakizu, lau katu izanda ere, estatistikoki norbaitek irakurri behar duela zuk idatzitakoa, eta ez dakit beste jende batek zelan eramango duen, baina kazetarioi, nik ezagutzen ditudanei behintzat, ez zaigu larregi gustatzen lehen pertsonan idaztea. Baina hori ere eginda, esker ona besterik ez dut kazeta honentzat.
Esker ona, uste baitut txikitik gauza oso handiak egiten dituztela. Esaldi oso tipiko bat bota dut, baina ez horregatik faltsua edo hutsala. Izan ere, sarri entzun izan diot inguruotako jende zenbaiti ez duela hedabide nazionalik kontsumitzen, zer eta ez direlako Bizkaiari buruzkoak. Hemen aipamen txiki bat egin nahi nuke gure eskualdea ezagutzen ez duenarentzat: kontu nazionalak ez irakurtze hori ez da Euskal Herriarekiko atxikipen falta, kontrara. Are, hurrengoa ere entzun izan dut, eta horrek azaltzen du aipatutako jarrera: «Gipuzkoari buruz irakurtzeko, zertarako nahi dut, ba?». Eta lerrook horri buruz idazteko ez badira ere, uste dut garrantzitsua dela ikusaraztea, hain zuzen ere, tokian tokiko prentsak gurearen moduko lurralde batean egin dezakeen lana.
Uste dut garrantzitsua dela ikusaraztea tokian tokiko prentsak gurearen moduko lurralde batean egin dezakeen lana
Ze guk badaukagu Hitza, gure eskualdearen eta Busturialdearen berri badaukagu, ederto askoan. Baina Bizkaiko gainontzeko lekuetan zer gertatzen den, batek jakin. Bilbo Handia gauza bat da, eta hori leku guztietan agertuko da; baina zer gertatzen da gurearen moduko eskualde txikiekin? Hemen ez bada, ez dugu horren berri; euskaraz, bederen.
Eta horren atzean dagoen lana ez da txikikeria bat. Gurean zein horren azpiegitura eta aldamio sendoak ez dituzten lurraldeetako Hitzetan, lan galanta daukate lurralde osoaren berri ematen, askotan norbere ezagutza ere ez baita lurralde osoan bera (begira niri, bestela: urte eta erdi daramat Lea-Artibaitik irten barik).
Horixe zen dena. Berriro, eskerrik asko aukera emateagatik; eta astero-astero nire barkamenak entzuten ibili den editoreari, gaur ere gauza bera diotsot: barkatu, berandu nabil entregan. Eta mila-mila esker pazientziagatik. Ondo ibili!