Bridgestoneko langileek gehiengo handiz onartu dute enpresa zuzendaritzak aste honetan aurkeztu dien erregulazio espedientea. Horren inguruan botoa ematera deitu zituzten atzo pneumatiko fabrikako beharginak, eta hamarretik zazpik onartu zuten. Ondorioz, Japoniako multinazionalak Basaurin (Bizkaia) duen plantan 232 langile kaleratuko ditu.
Basauriko lantegian 777 langilek eman zuten atzo botoa (%93), eta horietatik 569k bozkatu zuten zuzendaritzaren azken proposamenaren alde (%73,2). Kontrako botoak 191 izan ziren. Emaitza antzekoa izan zen Bridgestonek Puente San Miguelen (Espainia) duen lantegian. Atzo goizeko 05:00etatik 22:00etara egin zuten galdeketa, eta gauean eman zuten emaitzaren berri.
Bridgestonek apirilaren 1ean iragarri zituen kaleratzeak, argudiatuz pneumatikoen merkatuan «aldaketa sakonak» ari direla izaten, eta konpainiak bere ekoizpen egitura egokitu egin behar duela. Hasiera batean, 335 bota nahi zituen, eta kopuru hori 290era jaitsi zuen gero.
Aste honetan, baina, beste eskaintza bat egin du zuzendaritzak kaleratutakoen kopurua murriztuz, erretiro aurreratua hartzeko baldintzak malgutuz, eta borondatez lana uztea erabakitzen dutenentzat baldintzak hobetuz. Aurrez erretiroa hartzeko adina bi urte aurreratu du azken eskaintza horretan, eta, horren arabera, ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko dute 64 urte bete artean, eta urtero %2 gehiago.
Kaleratze behartuei dagokienez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria ematea eskaini du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero. Halaber, zuzendaritzak hitzeman du hurrengo bi urteetan ez duela enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztuko. Eta bost urtean kaleratzeak egin beharko balitu, baldintza berberei eusteko prest legoke.
CCOO, UGT eta BUP sindikatuek begi onez ikusi zuten azken eskaintza hori, eta langileen artean galdeketa bat egingo zutela iragarri zuten. ELA, berriz, eskaintzaren kontra agertu zen, eta grebekin jarraitzearen alde, baina gehiengo batek akordioari baiezkoa ematen bazion errespetatu egingo zuela aurreratu zuen.