Ezinegona, paternalismoa, krisialdi bortitzak. Baina baita elkartasuna ere, eta marrazkilaritzarako pasio sutsua. «Pertsona autista bakoitza mundu bat da, eta garrantzitsua da gu ezagutzea ezer ziurtzat jo baino lehen». Hala dio Oihan Iriarte Eletxigerra marrazkilariak (Bilbo, 2001) bere lehen liburuan: Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025). Irudi eta testu laburren bidez islatu ditu bere bizipenak. Apnabi autisten Bizkaiko elkartearen Bilboko egoitzan aurkeztu zuen lana, martitzenean.
Adierazgarria da nola izendatzen duzun zeure burua: estralurtarra; krisialdia duzunean, zizarea…
Estralurtar hitza erabili dut, hori delako nik eta beste pertsona autistok dugun sentsazioa. Gure komunikatzeko moduak ditugu, baina badirudi besteentzat modu horiek ez direla zuzenak. Guk ez dakigu zergatik, eta denbora guztian arraro sentiarazten gaituzte. Badirudi, liburuan esaten dudan bezala, guztiei bizitzeko gida bat eman dietela, guri izan ezik. Zizarearena nahiko literala da, krisialdietan arrastaka ibili naizelako inoiz: gure gorputzaren kontrola galtzen dugunez, horrelakoak gerta daitezke.
Autista izendatzea mugarria izan zen?
Nik momentu hori ez dut oso ondo gogratzen, oso txikia nintzelako, baina amak ondo gogoratzen du. Duela urte gutxi arte, ez nekien gertatzen zitzaizkidan gauza batzuk autismoaren ondorio zirela, eta nahiko lasaigarria da jakitea ez dela nire akats bat, edo konpondu behar dudan zerbait.
Dena den, Autismoa eta biok liburuan aipatzen duzu arazo batzuen kausa ez dela autismoa, baizik eta jendearen «ezjakintasuna eta gorrotoa». Non igartzen dituzu?
Adibidez, liburuan maskaratzea-ren kontzeptua aipatzen dut. Maskaratu beharra dugu, gizarteak orokorrean ez gaituelako garen bezala onartzen. Batzuetan, maskaratze hori bitarteko bat izan daiteke jende neurotipikoarekin elkar ulertzeko, baina uste dut gizartea ulerkorragoa izango balitz ez genukeela hainbeste arazorik izango. Izan ere, maskaratu dezakegunok luzaroan egin behar dugu, gure ingurura moldatu behar dugulako, eta oso nekagarria da; askotan, maskaratzeak eragiten duen nekeagatik gertatzen zaizkigu krisialdiak. Desgaitasun maila ezartzeko prozesua bera ere nahiko kapazitista da. Asko itxaron behar duzu, eta badirudi izugarri esajeratu behar duzula serio har zaitzaten. Autismoaren kasuan, adibidez, badirudi ia estereotipo guztiak bete behar dituzula eta zure bizitzak infernu hutsa izan behar duela; bestela, hor konpon.
«Desgaitasun maila ezartzeko prozesua bera ere nahiko kapazitista da. Asko itxaron behar duzu, eta badirudi izugarri esajeratu behar duzula serio har zaitzaten»
Egoera paradoxikoa da: batetik, esajeratu beharra duzu laguntza lortzeko; bestetik, komeni da ezkutatzea, arazorik eduki nahi ez bada lanean, sozializatzeko orduan…
Bai, etengabeko dilema da.
Beste egoera hau ere aipatu duzu liburuan: jende batek balentriatzat hartzea, esaterako, erosketak egiteko gai izatea. Halako gauzek zelan eragiten dizute?
Nik ez dut hain egoera esajeraturik bizi izan, baina, agian, bai laguntza gehiago behar duten pertsona autistek, baita bestelako desgaitasunen bat duten pertsonek ere. Sarean, batez ere, halakoak entzun izan ditut: «Gaur pertsona itsu bat ikusi dut paseo bat ematen, eta izugarrizko bizi-irakaspena izan da niretzat». Liburuaren kontura, niri ere esan didate oso ausarta naizela, baina niri betidanik gustatzen zait marraztea eta ez dut uste kostatzen zaidanik. Desgaitua naiz, bai, baina horrek ez du esan nahi horrelako gauzak ezin ditudanik egin.
Krisialdiari liburuaren erdia eskaini diozu, gutxi gorabehera. Zergatik?
Jatorrian, nire gradu amaierako lana zen, eta, hasieran, krisialdiari buruzko atala baino ez nuen egin. Desgaitasun maila ezartzeko moduari kritika egitea zen asmoa, ez zitzaidan-eta bidezkoa iruditzen gu hain modu azalekoan epaitzea, agerikoak ez diren zailtasunak kontuan hartu gabe. Zailtasun horiek zer-nolako ondorioak izan ditzaketen erakutsi nahi nuen. Geroago, tutoreekin batera erabaki genuen ondo legokeela testuinguru pixka bat ematea eta autismoaz modu orokorragoan hitz egitea. Liburua didaktikoagoa bilakatzen hasi zen. Autismo mota bat nolakoa den azaldu nahi nuen.
«Pertsona autista bati, misofoniak izugarrizko ondoeza eragiten dio, negar egiteko gogoa, haserrea…; eta, muturreko kasuetan, baita autolesioak ere»
Zuri, zehazki, zaratak eragiten dizu deserosotasuna; bereziki, soinu jakin batek. Jendeari kostatu egiten zaio hori ulertzea?
Normalean, ez dut aipatzen misofonia dudanik [soinu jakin batzuek haserrea, beldurra edo ondoeza eragiteari deritzo misofonia], soinu konkretu horiek berez ez direlako txarrak eta jendeak ia konturatu gabe egiten dituelako. Pertsona neurotipiko bati zarata batek molestatzen dio, agian. Baina pertsona autista bati, misofoniak izugarrizko ondoeza eragiten dio, negar egiteko gogoa, haserrea…; eta, muturreko kasuetan, baita autolesioak ere. Jendeak azaletik ikusten ditu horrelako gauzak. Autismoarekin lotutako beste hainbat gauzarekin ere gertatzen da, ez soilik misofoniarekin, eta uste dut ezjakintasunaren ondorioa dela.
Komikiaren hasierako partean, kolore alaiak eta atseginak erabili dituzu, eta krisialdearen zatia zuri-beltzean marraztu duzu, trazu oso kaotikoekin eta zikinekin; itogarria egiten da. Zer gogoeta egin duzu alde formalaren inguruan?
Lana unibertsitatean aurkeztu nuenean, epaimahaiak kritikatu egin zuen, alde koloretsuak eta zuri-beltzean dagoenak ez dutelako zerikusirik. Baina hori irudikatu nahi nuen. Niretzat, krisialdia momentu guztiz beltza eta kaotikoa da, bizi dezakedan momenturik gogorrenetarikoa. Krisialdiak horrela sentitzen ditut: oso itogarriak eta biolentoak dira; ia hiltzeko modukoak, batzuetan.
Koloreen kontrasteak are nabarmenago egiten du krisialdiaren gordintasuna. Kontrastea nahita egin duzu?
Bai, nahita egin dut. Nik ez dut arazorik nire autismoarekin, eta gutxi gorabehera bizimodu normala egin dezaket. Alde horretatik, nire bizitza koloretsua da. Baina krisialdiak ere gertatzen dira, eta horiek ja ez dira hain koloretsuak.