«Gorbeian aurkitu ditut nire buruhausteen soluzio gehienak»

«Gorbeian aurkitu ditut nire buruhausteen soluzio gehienak»

Geldirik egon ezin diren horietakoa da Pedro Aizarna (Zeanuri, 1952). Iaz utzi zuen Galdakaoko Ganguren mendi taldeko presidente kargua, bizitza «lasai» hartzeko asmoarekin, baina asmoak gutxi iraun dio: barikuan Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente izendatu zuten. Gaur bertan ekin dio lanari, ilusioz beteta.

Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente izendatu zintuzten barikuan. Zer-nolako erantzukizuna dakar halako postu batek?

Egundo ere ez nuen pentsatuko halako leku batera iritsiko nintzenik. Hasieran ezetz esan nuen, baina, azkenean, animatu egin naiz.

Nolatan aurkeztu zenuen hautagaitza?

Euskal Herriko Mendizale Federazioaren mendeurrenean ekitaldi bat izan zen Elgetan [Gipuzkoa]. Jende askogaz egon nintzen han, eta hainbatek galdetu zidaten ea animatuko ote nintzen Bizkaiko federazioko presidente izatera. Ezetz esan nien, deskantsua behar nuela. Baina irailean-edo berriro etorri ziren galdezka, eta, etxekoakaz berba egin ostean, baiezkoa ematea erabaki nuen. 11 laguneko taldea osatu dugu: sei gizonezko eta bost emakumezko gaude. Horietatik hiru galdakoztarrak dira.

Badago kargua hartu eta berehala egin nahi duzun aldaketaren bat?

Ez. Federazioa zertan dagoen ikusi gura dut lehenengo, eta Bizkaian dauden 108 mendi taldeakaz hartu-emanetan egon: zer beharrizan dituzten ikusi, zer falta zaien, federazioak zertan lagundu dezakeen… Elkarren arteko hartu-eman hori sendotzea izango da nire lehentasuna.

Eta, aurrera begira, zer helburu dituzu?

Federazioan ahalik eta euskara gehien sartzea izango da nire erronketako bat. Gaur egun gazte asko dabiltza mendian, baina ez dute mendi taldeetan izenik ematen, eta hori hutsegite bat da. Adineko jendea da nagusi mendi taldeetan, eta euskara gutxi erabiltzen dute. Horretan eragin gura dut, nagusiki. Ikastaroren bat egiten dugunean, adibidez, lehentasuna izango da irakasleak euskaraz jakitea. Era berean, emakumeengan ere jarri nahi dut arreta, gizonezkoak baitira nagusi mendian ere.

Zer harreman duzu mendiarekin? Nondik datorkizu afizioa?

Izatez Zeanurikoa naiz. Gorbeia mendiaren azpian dago Zeanuri, eta, gaztetan, ohitura genuen meza nagusiaren ostean ogitartekoa hartu eta mendira igotzeko. Sarritan joaten ginen Gorbeiara. Esango nuke orduan zaletu nintzela.

Gorbeia zure bigarren etxea dela esan izan duzu.

Hala da. Guztiz maiteminduta nago, oso gustura egoten naiz han. Ia astero joaten naiz. Lanean zerbaitengatik arduratuta egoten nintzenean, hara joaten nintzen lasaitzera. Gorbeian aurkitu ditut nire buruhausteen soluzio gehienak, eta leku berezia da niretzat: eraberrituta itzultzen naiz etxera. Galdakaoko Ganguren mendi taldeak ere aterpetxe bat du han.

(ID_17404743549925) Pedro Aizarna Gorbeian
GORBEIA, BIGARREN ETXEA. Pedro Aizarna ia astero joaten da Gorbeiara. Iaz, esaterako, 44 biderrez igo zen tontorrera. Galdakaoko Ganguren mendi taldeak aterpetxe bat ireki zuen Gorbeian 1952an, eta hango arduradun izan zen Aizarna urte batzuetan. Irudian, Aizarna, Ganguren mendi taldearen aterpetxearen aurrean, 2015ean. PEDRO AIZARNA
Mendian horrenbeste zaletu aurretik, eskubaloian aritu zinen. 

Gu umetan etxetik eskolara joaten ginen, eskolatik frontoira, eta frontoitik etxera. Lehenengo, esku pilotan aritzen ginen, baina, handik urte batzuetara, telebistan eskubaloia ikusten hasi, eta eskubaloi zelai bat marraztu genuen herriko plazan. Kateatu egin ninduen. Ezkondu eta gero, Galdakaora etorri nintzen bizitzera, 25 urte ingururekin, eta bertako lagun bati eta bioi otu zitzaigun eskubaloiari bultzada bat ematea herrian. 27 urtez egon nintzen eskubaloi klubean sartuta, jokalari eta entrenatzaile.

Han ere presidente izan zinen.

Bai. Zazpi urtez aritu nintzen presidente, baina denetarik egiten nuen. Handik Bizkaiko Eskubaloi Federaziora joan nintzen, eta beste lau urtez ibili nintzen han. Oso oroitzapen politak ditut. Herrian indar handia lortu zuen kirol horrek.

Gaur egun ere indartsu dago eskubaloia Galdakaon?

Ez, eta pena  da. Azken urteetan gain behera egon zen, eta, gaur egun, desagertuta dago.

«Ardura handia izango da, baina iruditzen zait federazioko lana errazagoa izango dela herrian egindakoa baino»

Eskubaloia utzi, eta Ganguren mendi taldeko juntan sartu zinen 2012an. 2020tik iaz arte izan zinen hango presidente. Nola oroitzen duzu sasoi hori?

Ez ziren urte errazak izan: kargua hartu eta berehala, pandemia iritsi zen. Mendi taldearen 75. urteurrena zen, eta ilusioz genbiltzan egitarau berezia prestatzen. Hala ere, dena geratu zen bertan behera. Pena izan zen. Geldirik egon ezin diren horietakoa naizenez, buruari bueltaka eta bueltaka aritu nintzen, eta, azkenean, ibilbide batzuk prestatu genituen Ganguren mendiaren inguruan. Denera berrehun kilometrotik gora markatu eta seinaleztatu genituen lau urtean. Gainera, 75. urteurrena modu berezian ospatu genuen, Galdakaoko Torrezabal kultur aretoan. Oso gustura aritu nintzen presidente legez, baina iruditu zitzaidan aldatzeko garaia heldu zela. Nekatuta nengoen.

Uste duzu presidente aritutako urte horiek lagunduko dizutela Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente izateko?

Bai, zalantzarik gabe. Ardura handia izango da, baina iruditzen zait federazioko lana errazagoa izango dela herrian egindakoa baino. Uste dut lurraldeko zabaltasunean aukera izango dudala gauzak errazago kudeatzeko.

Euskarak presentzia handia izan du beti Ganguren mendi taldean. Kasurako, irteerak antolatu izan dituzue Berbalagun ekinaldiaren barruan. Zer garrantzi dute zuretzat halakoek?

Etxean beti jaso izan dut euskara; eskolan ikasi nuen gaztelaniaz. Eskolan debekatu egiten ziguten euskaraz hitz egitea, eta uste dut horrek indar handia eman zigula aurrerantzean euskara maitatzeko eta bultzatzeko.

Gangureneko kide zinela, espedizio batean izan zinen Indian, 2010ean, beste mendizale batzuekin batera. Uholdeen eraginez, harrapatuta geratu zineten. Zer gertatu zen?

Gure ametsetako bidaia zen: Himalaiara joango ginen. Asko prestatu nintzen, eta hamabost kilo galdu. Berrogei pertsona joan ginen, larregi halako bidaia gogor baterako, baina gogotsu geunden. Mendiko gaitza kentzeko, aklimatazioa egiten hasi ginen lehenengo egunetan. Hirugarren egunean edo, ibilaldietako baten ondoren herrira itzultzen ari ginela, ohartu ginen herria desagertu egin zela uholdeen eraginez. 2.000 eta piko hildako egon ziren. Zorionez, guri ez zitzaigun ezer gertatu, baina ezin izan genuen bidaian jarraitu, bideak apurtuta zeuden eta. Ezinezkoa zen. Nire ilusiorik eta desengainurik handiena izan zen hura, aldi berean.

Espedizio horren ondoren, egin zenuen besterik? 

Ez. Gurago dut hemen inguruan ibili: Pirinio aldean, Europako mendietan, Andaluzian, Granadan… Leku itzelak daude urrun joan barik ere.

«Jende asko prestatu barik joaten da mendira, baina argi izan behar dugu nora eta nola goazen. Mendi taldeek asko laguntzen dute bide horretan»

Arrisku askori aurre egin behar izan diezu mendian?

Ez. Ondo prestatuta joaten naiz, eta arriskuren bat dagoela antzematen dudan bakoitzean, ez dut aurrera jarraitzen. Mendia hor egongo da gero ere. Erorialdiren bat edo beste izan dut, baina ezer larririk ez.

Zenbaterainoko garrantzia du trebakuntzak mendian?

Itzela. Zu zeu nola zauden jakitea da garrantzitsuena. Jende asko prestatu barik joaten da mendira, baina argi izan behar dugu nora eta nola goazen. Mendi taldeek asko laguntzen dute bide horretan. Apurka-apurka hasi, eta trebatuz joaten zara. Taldeari jarraitu behar diozu, eta bakoitzaren beharretara egokitu.

Zergatik komeni da federatzea?

Egunen batean istripuren bat gertatuz gero, mendiko asegurua duzulako. Gaur egun, helikopteroa eskatuz gero, ez da kobratzen, baina helduko da hori ere, jendeak abusatu egiten du eta. Horrez gainera, beste hainbat abantaila ere baditu federazioak.

Mendira zenbateko maiztasunarekin joaten direnei gomendatzen diezue federatzea?

Denei. Ez duzu mendi garai batera igo beharrik min hartzeko. Edozein mendi txikitara joanda ere, despistatu eta min hartzeko aukera dago, eta, agian, kalte handiagoa egingo duzu.

Zer ematen dizu mendiak?

Dena. Libre eta pozik sentiarazten nau. Zarata egiten dut, irrintziak bota… Mendi barik txarto ibiliko nintzateke.

Mendizaletasuna nola dago osasunez Bizkaian?

Afizioa egon badago, baina arazo bat dugu: mendi taldeetan gero eta jende gutxiago dago. Interneten eraginez, jendea bere kabuz joaten hasi da, eta mendi taldeak hiltzen ari dira pixkanaka. Gazteek askatasunez ibili gura dute: ez dute mendi talde baten menpe egon gura mendira doazenetan.

Zer egin daiteke gazteak erakartzeko?

Irteera erakargarriak egin: Pirinioetarako irteerak antolatu, asteburupasak, ospea duten mendietara joan… Gazteak, normalean, animatzen dira halakoetara. Kontua da apurka-apurka hasi behar dela, prestatu egin behar dela horietara joan ahal izateko.

MOTZEAN

Bizkaiko mendi bat? Gorbeia.

Mendira joaten zarenean, hamaiketakorako zer eramatea gustatzen zaizu? Garai batean, ardoa, txorizoa, gazta eta halakoak eramaten genituen, baina, orain, eguerdirako poteoan egotea gustatzen zaigunez, fruitu lehorrak, platanoa, sagarra eta halakoak eramaten ditugu. Pena da.

Oraindik igo gabea duzun mendi bat? Mendi asko igo ditut dagoeneko. Gogoa dut berriro autokarabanagaz Sierra de Grazalemara [Cadiz, Espainia] joateko, adibidez.

Zer eramaten duzu mendira, falta barik? Motxila, burua estaltzeko zapi bat, betaurrekoak, ura, aldatzeko arropak… Eta umore ona, beti.

Gomendio bat mendira joango diren horientzat? Joan aurretik begiratu eguraldia, eta, ahal dela, ez joan bakarrik. Bakarrik joanez gero, esan beti nora zoazen, zer plan daukazun, zer ordu ingurutan itzuliko zaren… Ondo prestatuta joan: zapatila egokiak jantzi, ur asko edan, burua estali, eguzkitako krema eman, GPSa eta sakelakoa ez ahaztu…