Ezagunak dira aretoko argazkietako asko, baina arraro bihurtu dituzte argiztapenak, enkoadraketak eta angeluek. Etxeko mahai oihal brodatu kakorratzez apaindua, kikara eta plater bikote ezin domestikoagoa, eskultura maiztu baten soin arrosa, egongelako butaka. Tania Barrenetxea eta Asuntzi Martinez argazkilari bizkaitarren begiradak dira. Barakaldoko Baffest andre argazkilarien jaialdian parte hartu izan dute biek ala biek. 2016an egin zuten festibala aurrenekoz, eta X. aldia beteko du datorren urtean. Efemeride borobila gertu dagoela aprobetxatuta, egitasmoaren atzera begirakoa antolatu dute Bilboko BBK Kunan: Baffest Bizirik. Besteak beste, Barrenetxearen eta Martinezen obrak batu dituzte, baita aldi guztietako kartelak ere, Sara Betulak onduak. Hilaren 20ra arte bisitatu ahalko da bilduma.
[articles:2132141]
Elementu gutxik osatzen dituzte Barrenetxearen eta Martinezen argazkiak: detaileetan dute interesa, eta ukaezina da gorputzak duen protagonismoa. Eta gaiei dagokienez ere, hari batek lotzen ditu Martinezen Los monstruos proiektua eta Barrenetxearen Apegos feroces, Nagore Legarreta Baffest lehiaketaren koordinatzaile ohiaren irudiko: «Norbere biografiaren, haurtzaroaren eta inkontzientean izan ditzakegun minen eta beldurren inguruko lanketa bat egiten dute, eta, ondorioz, bakoitzak modu oso pertsonalean lantzen du iruditeria».
Antz tematikoa gorabehera, erregistro ezberdinak erabiltzen ditu bakoitzak, Legarretaren arabera. Esate baterako, «ikusizko estrategia errepikakorrak» atzeman ditu Barrenetxearen irudietan: hainbatetan agertzen da azala altxatuta, bai hormetan, bai larruazalean. Eta Martinezen kasuan, edizio lan handia dagoela nabarmendu du koordinatzaile ohiak. «Hasieran oso irudi aleatorioak dirudite, ametsetan agertzen zaizkigunak bezalakoak. Baina badute konexio bat».
Asuntzi Martinezen Los monstruos proiektuko argazkietako batzuk. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Koloreen erabileran ere arakatu du, argazkilari bakoitzaren marka baita garatzen duen plastizitatea, kolorea eta argiaren kalitatea. Zuri-beltzak dira, zehazki, Martinezen argazkiak, baina beltz oso indartsua darabil, argi kontraste oso handiari esker lortua. Leunagoak dira, kontrara, Barrenetxearen tonuak: kolore pastelagoak dira, eta iluminazioak, albokoak eta goxoagoak. «Pintore erromantikoak gogorarazten dizkigute», hausnartu du Legarretak.
Ale horiez gain, baina, helduleku gutxi eskaini ditu bi artisten lana ulertzeko, eta hartzailearen gain utzi du interpretatzeko lana. «Kontakizun irekiak dira, argazki poetikoak. Pista joko bat ematen dute, eta ikusleak interpretazio ireki bat egiten du sortzaileak ematen diona norberak dakarrenarekin lotuta». Horiek horrela, zer dela-eta tematzen da Barrenetxea azala galtzeko prozesuarekin? Eta zer lotura du Martinezen irudi sortak? Bisitariari dagokio mataza hori askatzea.
Atxikimendu gatazkatsuak
Harremanak iradokitzen ditu Barrenetxearen proiektuak, eta ez dio kasualitatez hartu Vivian Gornick idazleari bere obraren titulua: Apegos feroces. Alegia, atxikimendu gupidagabeak. Familia da jopuntuetako bat, eta pisu esanguratsua du proiektuan, egileak azpimarratu duenez. «Osatuko gaituzten atxikimenduetako bat da. Familia nuklearretik ateratzen garenean erlazionatzeko edukiko dugun modua —hala geure buruarekin, nola beste pertsona batzuekin— asko baldintzatuko dute haurtzaroko lehen urteetako bizipenek».
Introspekzio une batean ernatu zen proiektua, Barrenetxeak kontatu duenez. «Maila fotografikoan, batez ere, intuiziotik abiatuta lan egiten dut, nire emozioak eta sentimenduak gidari harturik», esplikatu du, eta, molde horrek eramanda, eremu domestikoko elementuetan jarri zuen arreta, batik bat. Giro ilun batek blaitu zuen proiektu osoa, plano zarratuak gailentzen direlako, eta argiztapena leuna edo partziala delako eszenetako batzuetan. «Nik barruan sentitzen nuenaren kanporatze bat izan zen», aitortu du argazkilariak.
Tania Barrenetxearen argazkiak. Gorputzak garrantzi handia du haren obran. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sinbolismoz lepo dago Apegos feroces. «Agerikoa denez, nire kulturak eta nire inguruak baldintzatu egiten du sinbolismo hori, eta ikusle bakoitzak bere ibilbidera eta identitate kulturalera eramango du. Baina iruditzen zait sinbolook asko esan diezaguketela eremu domestikoan dauden harremanen inguruan». Sinbolotzat jo ditu, adibidez, kikara eta mahaia, mahai baten inguruan sortzen baitira familia dinamika ugari; edo hariak eta artaziak, transmisioa irudikatzen dutelako. «Askotan mintzo naiz belaunaldi arteko traumez. Beti uste dugu traumak gertakari oso potenteak direla, baina izan daitezke gauza txikiak, askotan belaunaldiz belaunaldi bidaiatzen dutenak».
Trauma horietako bat izan liteke, adibidez, ilea. «Oso sinbolo indartsua iruditzen zait. Batez ere, emakumeok feminitatearekin izan dugun harremanaren berri ematen du, baita feminitate hori sortzeko moduaren berri ere». Argazkietako batean nabarmena da haren presentzia. Hondo argi batean, bi hanka ageri dira, eta orkatiletarainoko eremua erakusten du enkoadraketa itxiak. Orkatiletako bati lotuta txirikorda ilegorri mardul bat dago, girgilu baten gisara. «Nik bizi izan dudanaren arabera, uste dut hertsatu egin gaituela feminitate hegemonikoaren inguruan eraiki den orok: askatasuna mugatu digu, nortasuna… Ilearen bidezko dominazio kasu asko existitzen dira».
Gorputzean islatuta
Eta agian horregatik, saihetsezina da gorputza Barrenetxearen irudietan. Elementu inportantea da bere lanean, artistak esan duenez, bi arrazoirengatik. Horietako batek errepresentazioarekin du lotura. Izan ere, gorputzak zentraltasuna duen arren, deserosoa suertatzen da hark iradokitzen duena. «Ez dira gorputz osoak ikusten, zatiak baino ez, hain justu apurketa bat irudikatzen dutelako: nola edo ahala helarazi behar nuen sentitzen nuen zatiketa psikologikoa, eta gorputzera jo nuen».
Bestalde, gorputza bada, halaber, zantzuen jagole bat. Izan ere, nortasuna gauza mordo batekin eraikitzen da, baina guztiak ez dira kontzienteki sumatzen, egilearen esanetan; sarritan, markak ez dira oroimenean txertatzen, baizik eta gorputzean. Ez dute zertan lorratz ikusgarriak izan: arrastoa gera daiteke nerbio sisteman, erreakzionatzeko moduan, edo emozioetan… «Askotan ez ditugu identifikatzen gorputzean erregistratuta geratzen zaizkigun memoria batzuk, ez dugulako jakiten nola eraman eremu kognitibora. Baina gorputzak gogoratzen du, nahiz eta guk ez».
«Feminitate hegemonikoaren inguruan eraiki den orok hertsatu egin gaitu; askatasuna mugatu digu, nortasuna…»
TANIA BARRENETXEA Argazkilaria
Aferari heltzeko manera bat da, baina ez bakarra. Eta, hain justu, alde hori nabarmendu du Legarreta Bafesteko koordinatzaile ohiak jaialdiaren balorazioa egin duenean: urte hauetan guztietan argazkilarien eta beste profesional batzuen sare bat sortu dela, eta artista kontsakratuak eta hasiberriak uztartu direla festibalean, Barakaldoko kaleetako paneletan. Legarretaren esanetan, Bafestek eman dio, besteak beste, belaunaldiz belaunaldi izan den bilakaera ikusteko abagunea. «Orain 25-30 urteko argazkilariak, agian, ez dira 1980ko hamarkadan jaio ginenak bezain erromantikoak», esplikatu du, garaian garaiko errealitateak aldatu egiten baitu argazkilaritza lantzeko modua, baita tematika ere. «1990eko urteetan jaio zirenen lanetan asko islatzen da prekaritatea, bizi baldintzak… Zantzu sozial eta politiko hori dute».